119. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Araua, 2018ko udako eta Eguberrietako ludoteken prezio publikoa erregulatzen duena

Azkoiengo Udalak, 2018ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Hastear dagoenez 2018ko udako eta Eguberrietako ludoteka zerbitzua, zerbitzu horren prezio publikoak erregulatuko dituen araua aurkezten da, onesteko. Arau hori Gizarte-ongizateko Batzordeak prestatu zuen 2018ko maiatzaren 17an. Horrenbestez, bertan diren guztiek aho batez erabaki dute:

1. 2018ko udako eta Eguberrietako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoak erregulatzen dituen araua onestea, erabaki honen eranskinean jasotzen baita.

2. Erabaki hau eta arau erregulatzailea udal honen iragarki-taulan argitaratzea, eta iragarkia jartzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azkoienen, 2018ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

2018ko UDAKO ETA EGUBERRIETAKO LUDOTEKAREN PREZIO PUBLIKOA ERREGULATZEN DUEN ARAUA

Azkoiengo Udalak, Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunen harira, xede nagusitzat izan du baliabideak, proposamenak, ahaleginak eta planteamendu berriak koordinatzea, hemengo ikuspuntutik bizitza pertsonala, lana eta familia bateratzearen aldeko ekimenak abian jar daitezen.

Oporretan haurrei zuzendutako zerbitzu falta izan da antzemandako arazo nagusienetakoa. Behar hori, beste aldetik, herri honi buruzko ikerketa desberdinetan agertu da berriro. Hori dela eta, lehentasuneko erabakia izan zen udarako eta Eguberrietarako “ludoteka” bateratze zerbitzua sortzea, eta, emaitzak baloratu ondoan haiek positiboak izanez gero, hurrengo oporraldietan zerbitzua ematen jarraitzea. Horren ondorioz, Azkoiengo Udalean finkatu egin da ludoteka zerbitzua, Azkoiengo herritarrek bizitza pertsonala, lana eta familia batera ditzaten.

Orain arte eskaini diren ludoteka zerbitzuak (udakoa eta Eguberrietakoa) Gizarte-ongizate Batzordeak antolatu eta arautu ditu, eta zerbitzuaren arauak eta prezio publikoak osoko bilkuran onetsi ohi dira, Berdintasunaren Informazio Batzorde Iraunkorrak irizpena eman ondoren.

Arau erregulatzaile honen xedea da, hortaz, zerbitzuaren alderdi komunak arautzea, nahiz eta ludoteka bakoitzaren alderdiak banan-banan hartu eta zehaztu behar direla jakin.

Zerbitzua

Zerbitzuaren deskribapena.

1. artikulua. Xedea.

1. Xedapen honen xedea da Azkoiengo Udalak antolatzen duen ludoteka zerbitzuaren oinarrizko alderdiak arautzea, haiek ematerakoan kasu guztietan gorde behar diren printzipio sozialak zehaztuz eta haien prezio publikoa ezartzeko arau orokorrak erregulatuz.

2. Arau honek ezarritako esparruaren barruan, ludoteka bakoitzaren ezaugarriak Gizarte-ongizatearen Batzordeak finkatuko ditu eta ondotik Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko.

2. artikulua. Ludoteka zerbitzuaren edukiak.

1. Azkoiengo Udalak ludoteka zerbitzua emanen du eskola oporraldi bakoitzean; hasiera batean, udan eta Eguberrietan ematea aurreikusi da.

2. Zerbitzu bakoitzeko ordutegia honako hau izanen da (astelehenetik ostiralera):

a) Udan: astelehenetik ostiralera, 8:45etik 13:15era.

b) Eguberrietan: abenduaren 27an eta 28an, eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, 8:45etik 13:15era.

Ordutegi hau aldatzen ahalko da ludoteka bakoitzeko, betiere artikulu honetan ezartzen den egiturari eta zerbitzu motei eusten bazaie.

3. Ludoteka bakoitza programatuko da partaideen gutxieneko eta gehieneko ratioak kontuan hartuta, aldez aurretik adin talde bakoitzeko zehaztua.

Ratio horiek parametrotzat hartuko dira emandako zerbitzuen kalitatea eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.

3. artikulua. Zerbitzuaren xedeak.

1. Zerbitzuaren antolakuntzak eta eskaintzak kalitatea bilatu beharko dute, nahiz eta horretarako defizit ekonomikoa sortu. Hala izanez gero, TOFLaren 32. artikuluan xedatuari jarraituz jokatuko da.

2. Hona hemen zerbitzuaren xede orokorrak:

a) Azkoiengo emakumeen eta gizonen laneratzea eta gizarteratzea erraztu eta mantentzea.

b) Bizitza pertsonala, lana eta familia bateratzen laguntzea Azkoiengo gizonei eta emakumeei.

c) Herritarren parte-hartzea bultzatzea.

Ondoko hauek ere badira zerbitzuaren xedeak:

a) Seme-alabei kasu egiteko denbora falta dela-eta emozioen arloan gurasoek daukaten ezegonkortasuna gutxitzea.

b) Seme-alabei kasu egiteak eta haiek zaintzeak familiari dakarkioten gehiegizko esfortzua arintzea, aisialdiaz gozatzea sustatuz.

c) Udal instalazioen erabilpena optimizatzea.

d) Jolasteko eta hezteko zerbitzuen eskaintza handitzea 3 eta 12 urte bitartekoentzat.

e) Zerbitzuaren jarraitutasuna sendotzea.

f) Gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea.

g) Gizonen eta emakumeen arteko ardurakidetza bultzatzea.

h) Esparru bat sortzea, jolas eta formakuntza jardueretan parte hartuz eta jolasaren bidez umeak pertsona moduan haz daitezen.

i) Ingurumena babestearen eta kontsumo arduratsuaren aldeko baloreak eta jarrerak bultzatzea umeen artean.

Zerbitzua kudeatzeko arauak.

4. artikulua. Eremu subjektiboa.

1. Ludoteka zerbitzua haur hezkuntzako 1. mailatik lehen hezkuntzako 6. mailara bitarteko neska-mutilentzako izanen da. Lehenik eta behin, lehentasuna izanen dute Azkoienen erroldaturik dauden neska-mutilek; bigarrenik, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoak dituztenek, eta familia gurasobakarra dutenekin bi guraso (langileak biak) dituztenekin bezala jokatuko da. Gurasoetako batek bakarrik lan egiten badu, lehentasuna izanen du bietako batek ere lan egiten ez duen kasuarekin alderatuta.

2. Inskripzio epea bukatuta egiten diren eskabideak kontuan hartuko dira baldin eta ludotekaren antolakuntzak aldez aurretik finkatutako ratioek ahalbidetzen badute, betiere Gizarte-ongizate batzordearen iritziz.

5. artikulua. Familiak.

10. artikuluan zehazten den bezala, inskripzio bat baino gehiago egiten duten familia unitateei lagunduko zaie ekonomikoki.

6. artikulua. Elkarlana Udalarekin.

1. Zerbitzu bideragarria eta eskuragarria izateko konpromisoa hartzen du Udalak eta horretarako diru-laguntzak emanen ditu, arau honen 3.1 artikuluan eta I. eranskinean aurreikusiari jarraikiz.

2. Orobat, bere instalazioak eta jarduera ahalik eta hobekien eskaintzeko behar diren gainerako bitartekoak antolakuntzari utziz lagunduko du Udalak.

7. artikulua. Kontratazioa.

1. Ludoteka zerbitzuaren kontratazioak Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak beteko ditu.

Prezio publikoa

Ordainarazpenaren kudeaketa.

8. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau TOFLaren lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraituz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

9. artikulua. Zenbatekoa eta ordaintzeko beharra.

1. Udaleko ludoteka zerbitzuaren prezio publikoak honako hauek dira:

–Ekainaren 25etik abuztuaren 31ra: 220 euro/haurra.

–Ekainaren 25etik 29ra: 35 euro/haurra.

–Uztailaren 2tik 31ra: 99 euro/haurra.

–Abuztuaren 1etik 31ra: 110 euro/haurra.

–Abuztuaren 1etik 10era: 50 euro/haurra.

–Abuztuaren 13tik 31ra: 66 euro/haurra.

Eguberrietako ludoteka zerbitzuaren prezio publikoak honako hauek dira: 40 euro.

2. Zaintza zerbitzua 7:45etik 8:45 arte izanen da: prezioa erabiltzaile kopuruaren araberakoa izanen da; hartara:

–1-6 erabiltzaile bitarte: 75 euro/hilabetea, haur bakoitzeko.

–7-15 erabiltzaile bitarte: 50 euro/hilabetea, haur bakoitzeko.

–16 erabiltzailetik gora: 25 euro/hilabetea, haur bakoitzeko.

Zaintza zerbitzua 13:15etik 14:15 arte izanen da: prezioa erabiltzaile kopuruaren araberakoa izanen da; hartara:

–1-6 erabiltzaile bitarte: 75 euro/hilabetea, haur bakoitzeko.

–7-15 erabiltzaile bitarte: 50 euro/hilabetea, haur bakoitzeko.

–16 erabiltzailetik gora: 25 euro/hilabetea, haur bakoitzeko.

Zerbitzu honi ez zaio aplikatuko 10. artikuluan eta I. eranskinean ezarritakoa.

3. Aurreko arauak aplikatzean zerbitzuaren kostu osoa betetzen ez bada, TOFLaren 32. artikuluaren 2. apartatuan xedatuari jarraituko zaio, eta Udalak ordainduko du aldea, bai beraren baliabideen bidez bai horretarako jaso diren diru-laguntzen zenbatekoa gastatuz. Izan ere, badaude arrazoi sozialak, ongintzakoak, kulturalak eta interes publikokoak hori egitera bultzatzen dutenak, goian adierazitakoak erakusten duen bezala.

4. Hala izanez gero, entitatearen aurrekontuetan idatzi beharko dira kasuan kasuko diru-zuzkidurak ateratzen den aldea bete dadin.

10. artikulua. Hobariak.

1. Prezio publikoak murriztu eginen dira familia unitate beraren bigarren inskripziotik aurrera. Murriztapen hori I. eranskinean ezarritakoa izanen da. Beherapen hori ez da metagarria izanen.

11. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra zerbitzua egiten hastetik sortzen da. Hala ere, zerbitzua hasi aurretik zenbateko osoa ordaintzeko eskatuko da, TOFLaren 34. artikuluan xedatuari jarraikiz.

2. Prezio publikoa onuradun guztiek ordaindu beharko dute, edo, bestela, gurasoek edo zerbitzuez baliatu diren adin txikikoen gaineko tutoretza daukatenek edo haien legezko ordezkariek, Udalak zehaztutako finantza entitateen bidez.

3. Prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

4. Izena eman eta onartu ondoren, edozein arrazoi dela-eta erabiltzaileak hura utzi nahi izanez gero, horren eskaera Gizarte-ongizatearen Batzordean tramitatuko da. Dagokion justifikazioa aurkeztuko da, Udaleko langile eskudunek balora dezaten.

5. Aipatutako epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko dira, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan xedatuaren arabera.

12. artikulua. Osoko Bilkuraren eskumenak.

Udalbatzaren Osoko Bilkurak izanen du onesteko eskumena.

I. ERANSKINA

Ludoteka zerbitzua

1. Eskaintzen den plaza kopurua.

120 plaza eskaintzen dira.

2. Zerbitzuak emateko gutxieneko plaza kopurua.

–Ekainean: 20 erabiltzaile.

–Uztailean: 40 erabiltzaile.

–Abuztuan: 20 erabiltzaile.

–Eguberrietan: 20 erabiltzaile.

–Gehieneko ratioak:

  • Haur hezkuntzako 1. maila: 15 ume monitore bakoitzeko.
  • Haur hezkuntzako 2. eta 3. maila: 15 ume monitore bakoitzeko.
  • Lehen hezkuntzako 1. mailatik 6.era: 20 ume monitore bakoitzeko.

Behin betiko taldeak zehaztuko dira inskripzio epea bukatu ondotik, inskripzio kopuruaren arabera. Adinaren araberako umeen kopuruak ez badu zehazki bat egiten ezarritako ratioekin, talde mistoak egin ahalko dira, umeen kopuru osoak ez baditu ezarritako ratioak gainditzen, zuzkitu beharreko unitateak kalkulatzeko.

3. Izena ematen duen bigarren eta hurrengo umeengatik prezioaren %20ko hobaria izanen da.

4. Udalaren ekarpenak.

–Lekuak:

  • Udalak eskura dauden instalazioen erabilpena lagako du kanpalekuak gara daitezen.

–Ekarpen ekonomikoa:

  • Udalak behar den zenbatekoa emanen du, izan daitezkeen defizitei aurre egiteko.
  • Udalak ordainduko du I. eranskinean ezarritako hobaria aplikatu ondoko zenbatekoa.
  • Udalak ordainduko du ludotekan erabiltzen diren instalazioak garbitzeko zerbitzua (langileak eta produktuak).

5. Izen-emateak.

Erroldatuek lehentasuna izanen dute erroldatu gabeen aurrean.

Lehentasuna izanen dute guraso biek etxetik kanpo lan egiten dutenean. Biek kanpoan lan egiten ez duten kasuetan, lehentasuna izanen du batek lan egiteak biek ere lan ez egitearen aurrean.

Familia gurasobakarren kasuan, aita edo ama horrek kanpoan lan egiten badu, bi gurasoek lan egiten duten familiekin bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1807518