2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLORITZ
Betearazte subsidiarioen eta aurri-egoeren espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.
Behin betiko onespena
Olorizko Udalak, 2018ko martxoaren 20an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Betearazte subsidiarioen eta aurri-egoeren espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2018ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 20an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Oloritzen, 2018ko ekainaren 6an.–Alkatea, José Francisco Aoiz Aranguren.
ERANSKINA
ORDENANTZA FISKALA, BETEARAZTE SUBSIDIARIOEN
ETA AURRI-EGOEREN ESPEDIENTEAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zerga-egitatea
2. artikulua.1) Honako jarduera hauek egin eta honako zerbitzu hauek ematea da zerga-egitatea:
a) Betearazte subsidiarioen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, betearazte agindu bat bete ez izanak eraginda, edo, baita ere, ordenantzek zein Udalaren erabakiek ezarritako betebeharrak bete ez izanaren ondorio direnean, baldin eta, aurrez, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bati muzin egin bazaio.
b) Aurri-espedientea tramitatzea eta/edo ebaztea, ofizioz zein edozein interesdunek abiarazita.
2) Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki beren mesederako direnek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurantza, osasungarritasuna edo higienea direla medio derrigor eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortuko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.
3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Larrialdiko kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izango dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak, eta gero Alkatetzari edo Udalbatzari horren berri ematea.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Modu solidarioan pagatzera behartuta daude legez erantzun beharra duten pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:
a) Zerbitzua egin beharra eragiten duten ondasunen jabe edo egintzen erantzuleak edo haren onura berezia jasotzen dutenak.
b) Halakorik bada, errentari edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.
c) Espresuki egindako erabaki edo betearazpen agindu baten ondorioz erantzule ateratzen direnak.
Zerga-oinarria
5. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:
b) Betearazte subsidiarioa eta partikularrendako sorospenak: betearazpenaren edo egindako zerbitzuaren guztizko kostua izanen da.
Beste kasuetan: zenbateko finko bat izanen da.
Tasa eta kuota
6. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.
Kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honen eranskinean agertzen den karga-oinarria aplikatzearen ondoriozkoa, edo bestela horretarako adierazten den zenbateko finkoa.
Hori guztia, deusetan ukatu gabe EIOZaren likidazioak, eta obrak egiteagatik eta zerbitzuengatik egon litezkeen gainerako ordainarazpenak.
Tasaren sortzapena
7. artikulua. Tasa kasuaren arabera sorraraziko da: betearazte subsidiarioaren espedientea edo aurri-espedientea abiatzen denean; edo, aurretiazko ebazpenik ez badago, betearazpenaren zerbitzua edo laguntza ematen denean.
Kudeatzeko arauak
8. artikulua. Betearazpen aginduei buruzko kudeaketa arauei dagokienez, ordenantza hau Olorizko Udaleko hirigintzako tramitazioen ordenantza fiskalari jarraikiko zaie.
Arau-hauste eta zehapenak
9. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gora-behera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko araudi indardunean ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENAK
Lehendabizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da, tasa eta prezioei dagokienez.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onetsi ondotik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara eman eta biharamunean.
TARIFEN ERANSKINA
1. epigrafea.–Betearazte subsidiarioak.
–Zerga-oinarriaren zenbatekoaren gainean %140 aplikatuko da kuota ezartzeko.
2. epigrafea.–Aurri-egoeren espedienteak.
–Espedientea tramitatzeko egiten diren txostenen kostua. Udalak egiten badu obra, betearazte subsidiarioei buruz ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: L1807603