119. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

322E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Cadreitako udal-mugartean kokatutako zerriak gizentzeko instalazio baterako. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra SAT Larenal 712 NA da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 0797/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 51E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, gizentzeko toki-kopurua 3.120tik 6.240ra handitzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak funtsezko aldaketatzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da beste Ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1.c) epigrafean dago jasota, “Zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 20 kg-tik gorako hezteko zerrientzat 2.500 toki baino gehiago dituztenak” izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago eta nahitaezkoa du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen I. eranskineko 9.3 b) epigrafean dago sartua, “Hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 2000 toki baino gehiago dauzkatenak 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat” izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) (testu bategina) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6. b) epigrafean ere, “Hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 2.000 toki baino gehiago dauzkatenak 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat” izenekoan.

Instalazioa, orobat, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1.a) multzoko 3. atalean dago sartuta.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsatzen ahal duten jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea zerriak gizentzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra SAT Larenal 712 NA da eta Cadreitako udal-mugartean dago. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Ingurumen eraginaren azterketaren aldeko adierazpena egitea instalazio hori handitzeko proiekturako, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako baldintzetan.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horri, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen honek babesten duen jardueraren exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori bukatuta, automatikoki agortuko dira baimenaren ondorioak, eta eraginik gabe geldituko da.

Laugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02064008082008 zenbakiarekin. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Abeltegiko Simaurrak Sortu eta Kudeatzeko Plana onestea, 0640050090/1/3 zenbakiduna. Ebazpen honen X. eranskinean dago.

Seigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko Legearen (azaroaren 15eko 34/2007 Legea) 13. artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen Baimen Integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko Foru Legea (martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea) garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hamaikagarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera martxan jartzeko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, Ingurumen baimena integratua iraungitzat emanen da eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren instalazioaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Hamabigarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiriak aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat zer neurri hartuko diren deskribatzeko, ingurumenean eragina izaten ahal duten ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Ebazpen honen VIII. eranskinean ezarritako hirigintza baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

Hamairugarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean edo, betiere, aldaketa abian jartzen den egunean. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaseigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamazazpigarrena.–Ebazpen hau helaraztea Javier Perez Valenciari, Cadreitako Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 21ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1806782