118. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 6an hartua, presako deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko, honako proiektu hau egiteak ukituko dituen ondasun eta eskubideen okupazioa: “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea”.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko bokalen batzordeak, 2017ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zuen “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea” izeneko proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta hasiera eman zion desjabetze espedienteari.

Jendaurreko aldia iragan zen inork alegaziorik aurkeztu gabe, eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko bokalen batzordeak, 2018ko martxoaren 26ko erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zituen “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Gorrontz eta Olanoko edateko uraren hornidura abian jartzea da proiektu horren xedea. Egun arazo larriak daude, gizakiek kontsumitzeko uraren kantitateari, kalitateari eta osasungarritasunari dagozkienak, eta aipatu proiektua egin behar da horiek konpontzeko. Beraz, obrak lehenbailehen egin behar direnez, presakoa da proiektua gauzatzeak ukituko dituen ondasun eta eskubideen okupazioa.

Nafarroako Gobernuak, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Presako deklaratzea “Soluzio bateratuaren obrak, 5. fasea. Gorrontz-Olano lotunea” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko ekainaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1807627