118. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 6an hartua, “Irtenbide bateratua, 4. fasea. Burutain-Ostitz lotura” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Ultzanuetako Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak emandako 2017ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Irtenbide bateratua, 4. fasea. Burutain-Ostitz lotura” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Halaber, desjabetze espedienteari hasiera eman zitzaion.

Jendaurreko epea iragan denez alegaziorik aurkeztu gabe, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak, 2018ko martxoaren 26ko erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen “Irtenbide bateratua, 4. fasea. Burutain-Ostitz lotura” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da, obrak lehenbailehen egin behar baitira. Helburua da Etulain, Burutain eta Ostitz herrietan martxan jartzea edateko uraren hornidura zerbitzua, eta obra horiek eginez bakarrik konponduko dira gaur egun dauden arazo larriak, giza kontsumorako uraren kantitate, kalitate eta osasungarritasun baldintzei dagokienez.

Nafarroako Gobernuak, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Irtenbide bateratua, 4. fasea. Burutain-Ostitz lotura” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presako dela adieraztea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2018ko ekainaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1807626