117. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Kontribuzio berezien ordenantza fiskal orokorra.
Behin betiko onespena

Udalak, 2018ko martxoaren 7an egin osoko bilkuran eta legezko gehiengoa zuela, erabakia hartu zuen aho batez honako honi buruz:

Tebas-Muru Artederretako Kontribuzio bereziei buruzko ordenantza fiskal orokorraren hasierako onespena.

Erabaki hori argitara ematea, Udalaren iragarki-taulan, eta 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 16koan; eta jendaurrean egoteko epea alegaziorik, kexarik edo oharrik gabe iragan denez, behin betikoa bilakatu da erabakiaren hasiera bateko onespena.

Horren berri ematen da, ordenantzaren behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Behin betiko onespen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu daiteke, Udal honen Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako alor horretako epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita, eta, hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpen honen ondoko hilabetean.

Tebasen, 2018ko maiatzaren 30ean.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluaren 8. atalak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-egitatea hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate honek toki mailako herri lanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. Honako hauek hartuko dira toki mailako herri lan eta zerbitzu publikotzat:

a) Toki entitate honek bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.

b) Toki entitate honek beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak, eta beste obra eta zerbitzu batzuk, legeari jarraikiz horien titulartasuna hartu badu.

c) Toki entitate honek diru-laguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien emakidadunek egiten dituztenak.

4. artikulua. 1. Aurreko artikuluko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko herri lan edo zerbitzutzat joko dira, nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak diru-laguntza emandako emakidadunak edo zergadunen elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horien gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

5. artikulua. 1. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Kale eta plazak irekitzea, lehendik irekitako kale eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, hustubide eta ur harguneak paratzea edo zaharrak aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Su itzaltze zerbitzuak ezarri eta hobetzea.

e) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-ibilguak erregulatu eta desbideratzekoak ere.

f) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bestelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak jartzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

g) Toki entitatearen bestelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.Salbuespenak

6. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian erabakitakoaren arabera, kontribuzio berezietatik salbu daude mankomunitateak eta batasunak, baita horien xedeak garatzeko sortzen dituzten entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere.

Subjektu pasiboak

7. artikulua. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: pertsona fisiko zein juridikoak, baita unitate ekonomiko edo ondare berezia osatzen duten nortasun juridikok gabeko entitateak ere, baldin eta ordaindu beharra eragiten duten toki mailako obra edo zerbitzuak egin, ezarri edo zabaltzeagatik onura berezia eskuratzen badute.

2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Ondasun higiezinen jabeak, kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obra edo zerbitzuak egin, ezarri edo handitzeagatik.

b) Kontribuzio berezia delarik enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo entitateak.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua ezartzetik edo handitzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo horretan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

Zerga-oinarria

8. artikulua. 1. Ordainarazpen honen xedeko obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren %80ak, gehienez, osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta programa teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.

c) Obra edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitate honi dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak aipatu toki entitateari emandako eraikinak.

d) Eraikinak eraitsi eta landaketak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita eraitsi edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren interesa, toki entitateak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

9. artikulua. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izango da. Benetako kostua aurreikusitakoa baino handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

10. artikulua. Obra edo zerbitzua direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa edo toki entitateak diru-laguntza emanda emakidadunek egindakoa –ordenantza honetako 4. artikuluko 1. zenbakian aipatzen den gisara–, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, diru-laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du ukatzen beste administrazio publikoek obra edo zerbitzu berarentzat beste zerga bat ezartzea. Betiere, ordenantza honen 8. artikuluko 1. zenbakian jasotzen den muga begiratuko da, ehuneko 80 alegia.

11. artikulua. 1. Zerga-oinarria finkatzeko, hona zer ulertuko den toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zenbatekoari toki entitateak edozein pertsona publiko edo pribaturengandik erdiesten dituen diru-laguntza edo sorospenak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izango du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

12. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikuluan bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko kopurua da kontribuzio berezien kuota.

13. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, banaketa modulu gisa aplikatuko dira, batera edo bereizita, besteak beste lurzatia, lurzatiaren metro koadroak, metro koadro eraikiak eta eremu publikora jotzen duen frontearen metro linealak.

b) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada eta, jabeekin batean, udalerriko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuotaren zatia beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean. Subjektu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota baldin bada berak bildutako aseguru-sarien %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2.d) apartatuan jasotzen diren obren kasuetan, obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren guztirakoa, bakoitzarentzat gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

14. artikulua. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, toki entitateak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez ere bost urtetarako.

Sortzapena

15. artikulua. 1. Obrak gauzatzen diren unean berean edo zerbitzua ematen hasten denean gertatzen da kontribuzio berezien sortzapena.

Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoren gertatuko da sortzapena subjektu pasibo bakoitzarentzat.

2. Aurreko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako kostuaren zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

3. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izango beste urte batekoa aurreratzeko eskatzea.

Diru-bilketa

16. artikulua. 1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da ordenantza honen aplikaziotik ateratzen diren tributu zorrak ordaintzeari dagokionez.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horien gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

Kudeatzeko arauak

17. artikulua. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da lehenik.

18. artikulua. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aurretik, beharrezkoa izango da kontribuzio horien ordenazio zehatza onestea.

19. artikulua. 1. Obrak osoki nahiz partez bukatutakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko likidazioak igorriko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, konturako entregatzat hartuz berdinduko dira.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.

20. artikulua. Behin kontribuzio bereziak antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari jakinaraziko zaizkio kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezagunak badira; bestela, ediktu bidez.

Interesdunek zilegi izango dute errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluan ezarritako moduan.

21. artikulua. 1. Toki entitateak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egiteko beste toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezartzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek ordenatzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da, eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

22. artikulua. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek Zergadunen Administrazio Elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak obrak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakotasunaren arabera dagokienaz gain.

2. Era berean, toki entitateak sustatutako obrak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek

Zergadunen Administrazio Elkarteak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak antolatzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, toki entitateak aurretik erabakita egingo den obran edo zerbitzuan parte hartzeko.

23. artikulua. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari egingo zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1807235