117. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

158/2018 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira laguntzak emateko oinarri arautzaileak, modu jasangarrian kudea daitezen Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren 7.6.1 neurrian jasotako naturaguneak, eta, orobat, 2018. urterako laguntzen deialdia onesten da.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan jaso dira naturagune babestuak edo natura aldetik balio handikoak direnak modu jasangarrian kudeatzeko laguntzak. Laguntza horien xedea da sare hori osatzen duten guneak kontserbatzea, eta, horretarako, gune horiek zer udalerritan dauden, bertako biztanleek eta bisitariek parte hartzea (7.06.01 neurria).

Aurreko programazio aldian, hitzarmen bidez aplikatu ziren laguntza hauek. Baina hitzarmen horiek ez zituzten beren baitan hartzen balio naturalak dituzten eta bisitari franko hartzen dituzten gune guztiak. Beharrezkoa da aisialdiko erabilera ordenatua izan dadila sustatzea, bateragarria izan dadin naturaguneen sareko balio naturalak kontserbatzearekin, eta erabilera horretan segurtasuna ere sustatzea.

Horregatik, gastu diruz lagungarri gisa jaso dira honako hauek: naturaguneko balio naturalei buruzko informazioa hobetzeko jarduketak, baita naturaguneko seinalizazioa hobetzeko ere; azpiegituren mantentze-lanak, esaterako aparkalekuena eta bidexkena; erabilera soziala errazteko instalazioen garbiketa eta mantentze-lanak, eta altzariak jartzea, batez ere erabiltzaileen segurtasuna handitzeko elementuak, eta, horretarako, baso-kudeaketa jasangarriko zur ziurtatua erabiliko da batez ere.

Norgehiagokako prozeduraren bidez tramitatuko dira espedienteak, eta Europako Batzordearen 2018ko otsailaren 27ko lehentasun ordena aplikatuko da.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, modu jasangarrian kudea daitezen Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren 7.6.1 neurrian jasotako naturaguneak, ebazpen honen I. eranskinean jaso den moduan.

2. Deialdiaren onespena.

Naturaguneak modu jasangarrian kudeatzeko laguntzen deialdia onestea, 2018rako, eta ebazpen honen II., III., IV., V. eta VI. eranskinak onestea.

3. Aurrekontuko kreditua.

80.000 euroko gastua baimentzea, laguntza hauek ekarritako konpromisoei aurre egiteko, 2018ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura: 740002 74200 4609 456310 - “Naturagune babestuen erabilera publikoaren kudeaketa”.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Baseari (NGDDB) komunikatzea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

7. Ebazpenaren jakinarazpena.

Ebazpen hau jakinaraztea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 31n.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Laguntzak emateko oinarri arauemaileak, naturagune babestuen edo balio natural handikoen erabilera publikoa kudeatzeko,
2018ko kanpainan

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da naturagune baten jabe diren toki entitateei zuzendutako laguntzak arautzea, baldin naturagune horiek ingurumeneko babes kategoriaren bat badute, edo balio natural handia, eta toki entitateek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte gune horiek hobetzeko eta kontserbatzeko. Neurri hau jasorik dago Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenarako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. Oinarri hauek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 7. neurrian kokatzen dira, oinarrizko zerbitzuak eta landa eremuetako populazioak berritzeari dagokionez.

2. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko baldintza orokorrak.

Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren toki entitateek ezin izango dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta toki entitate horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

3. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, laguntza hauen xedea da toki entitateen artean bultzatzea erabilera publikoko kudeaketarako jarduketak eta programak, naturagune babestuetarako edo balio natural handikoetarako, halako moduz non ahalbidetuko baita gune horiek kontserbatzea eta hobetzea.

2. Lortu nahi den helburua estrategikotzat hartzen da, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunen alde egiten baitu argi eta garbi, batez ere biodibertsitatea lehengoratzeari, zaintzeari eta hobetzeari dagokienez.

4. oinarria.–Onuradunak.

Naturagune baten titularrak diren toki entitateak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak, baldin gune horrek ingurumeneko babesen bat badauka, edo balio natural handia, eta toki entitate horiek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte jendearentzako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko, hurrengo oinarriko irizpideak beteta, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko konpromisoa hartzen badute. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira parke natural, natura-erreserba edo lekune natural gisa katalogaturiko guneak, horien kudeaketa (inbertsioak) Nafarroako Gobernuari baitagozkio, Nafarroako legeek gai horri dagokionez ezarri bezala.

5. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke 6. oinarrian agertzen diren jarduerak egiten dituzten toki entitateak, aurreko oinarrian ezarritakoa betez gero.

2. Espedienteek diru-laguntza jasotzeko, gainera, onartze irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Naturagune baten jabea izatea, baldin naturagune babestua bada edo balio natural handikoa, eta erabilera sozial aitortua badu (4. oinarrian jasotako salbuespenak izan ezik).

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

d) Eskatutakoaren ingurumen eta oihan arloko baimena. Laguntzak emateko jarduketek ingurumen baimena izan behar dute.

6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Publikoarentzako arretarekin eta aisialdiko erabilerekin loturik, honako obra lan hauek izango dira gastu diruz lagungarriak:

–Naturagunearen barnean, harrera egiteko, argibideak emateko edo erabilera publikoko jarduerak egiteko erabiltzen diren instalazioen eta ekipamenduen garbiketa eta mantentze-lanak. Instalazio horietarako ekipamendu berriak edo azpiegituretarako inbertsioak ez dira diruz lagungarriak.

–Eremuaren barnean edateko ureko iturriak, bidexkak eta aparkalekuak hobetzea (kanpo gelditzen da bidexka berriak edo beste aparkaleku batzuk egitea). Bidexken mantentze-lanen eta hobekuntzen barnean hauek daude: zorua hobetzea, bazterretako sasiak garbitzea eta landaredia inaustea, eta arekak eta ura husteko sistemak hobetzea.

–Eremuaren barnean erabilera publikorako azpiegitura berriak sortzea, kategoria hauetako batean: naturagunearen erabiltzailearen segurtasuna hobetzeko elementuak, esaterako pasarelak, balizak edo disuasiorako hesi fisikoak, eskalinatak, hesiak, etab.; kanpoko altzariak, argibideetarako panelen euskarriak, naturagunearen barneko seinalizazio-elementuak, baldin seinalizaziorako eskuliburu homogeneorik badago gune horretan, toki entitateak onartua. Nolanahi ere, horretarako, baso-kudeaketa jasangarriko zur ziurtatua erabiliko da batez ere.

2. Ez dira diruz lagungarriak auzolanak, hots, herriko auzotarrek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe, aldiz, diruz lagungarriak izango dira lan horietarako erabiltzen diren materialen kostuak. Ezta norberaren bitartekoekin egin direla justifikatzen diren lanak ere, erabilitako materialen kostua izan ezik (kostu horrek diru-laguntza jaso baitezake).

3. BEZa ez da diruz lagungarria.

4. Gastu mota bakoitzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa ondokoa izango da:

–Baimendutako gastuen %40 (BEZa kanpo).

2.1. Kostuak aurrekontuekin neurrikoak izateko printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

Aurkeztutako memorian edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horien araberakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onartu edo ukatu egingo du, hori guztia oinarri honetako 2. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz.

2.2. Inbertsio diruz lagungarriak gutxieneko eta gehieneko muga hauek izango ditu:

–Gehieneko muga 15.000 (hamabost mila) eurokoa da, eta gutxieneko muga, 5.000 (bost mila) eurokoa.

Inbertsioaren gehieneko eta gutxieneko mugatzat hartuko da kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onesten duena, hala laguntza onartzean nola ordaintzean.

7. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako araubidean emango dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta aurrekontuetan behar den adinako kreditua izatea.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordeak 2018ko otsailaren 27an onetsitako hautapen irizpideen arabera, eskaerak lehenesteko hurrenkera egingo da honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuta.

DESKRIBAPENA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

Naturagunea honela sailkatuko da: aisiarako natura-eremua edo paisaia babestua

20

Toki entitatearen mugartean badira Kontserbazio Bereziko Eremuak

25

Bisitariak urteko (1)

30

Plangintzarako dauden tresnen egokitasuna

15

Naturagunean egindako jarduerak

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

 –300 bisitaritik behera = 0 puntu.

 –300 eta 6.000 bisitari artean = 5 puntu.

 –6.001 eta 20.000 bisitari artean = 15 puntu.

 –20.001 eta 50.000 bisitari artean = 20 puntu.

 –50.000 bisitaritik gora = 30 puntu.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, aurreko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emango zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Jarraipen Batzordeak 2018ko otsailaren 27an onetsitako gutxieneko puntuazioa lortzen bada.

2. Berdinketa gertatuz gero, hirugarren irizpidean urteko bisitari gehien dituen espedientea hautatuko da, eta, berdinketa hausten ez bada, berdin jokatuko da lehenbiziko, bigarren, laugarren eta bosgarren hautaketa-irizpideekin.

3. Laguntza eskatua duten ekintzak gauzatzen ez diren kasuan, onuradunak hurrengo oinarri arautzailean ezarritako moduan haren berri emanik, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuko diru-izendapen eskasagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

4. 30 puntura iristen ez diren proposamenak besterik gabe ezetsiko dira.

5. Oinarri honen 3. puntua aplikatzearen ondorioz, deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi egingo dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan sarturik ez egotea, eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3. Kontratu publikoei buruzko apirilaren 14ko 2/2018 Foru Legean ezarritako kontratazio arauak betetzea, eta, hala, (EB) 809/2014 Erregelamenduaren 48. artikuluko 2. puntuan ezarritakoa ere betetzea.

4. Eskaera zehazten, justifikatzen eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da.

5. Eskaerako jarduketak bateragarriak izango dira naturagunearekin eta naturagune eta mendiei buruzko Nafarroako legeekin.

6. Sustatzen dituzten jarduketetan landa eremuko ondarea errespetatu beharko dute.

7. Toki entitateak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emango duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz egingo ditu inbertsioak, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran eskatutakoaren gainean, betiere Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onesten baditu.

8. Ordainketa onetsi arte, 5. oinarrian ezarritako betebeharrei eustea, baita 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

9. Inbertsioen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

10. Laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartu behar dira.

11. Diru-laguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri eman beharko zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emango da horren berri, eta, nola nahi dela ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kargura ematen direnekin edo Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ematen dituenekin.

12. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

13. Ordainketan 50.000 eurotik gorako laguntza jasotzen duten inbertsioetarako, onuradunak informazio panel bat (gutxienez ere A3 tamainakoa) edo plaka bat ezarri beharko du gutxienez, proiektuari buruzkoa, non nabarmenduko baita Europar Batasunetik jasotako finantza laguntza, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen araberakoa:

https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es

Harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

14. Toki entitatearen betebeharra da behar bezala mantentzea laguntzari esker hobetutako azpiegiturak, instalazioak, ekipamenduak edo lurrak. Laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteko epean gauzatu behar dira inbertsioak.

Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, Zerbitzuak inbertsioei eusteko konpromisoari buruz behar diren neurriak har ditzan.

15. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaerak, II. eranskineko ereduaren araberakoak, www.navarra.es atariko zerbitzuen katalogoan lortzen ahal dira, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko González Tablas kalea, 9, 31005), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

2. Eskaerek ingurumen baimena ere eskatzeko balioko dute, eta haiekin batera honako dokumentazio hau erantsiko da:

–Eskaera orria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

–Memoria baloratua, teknikari eskudun batek sinatua, eskaerako jarduketa guztiak jaso, justifikatu eta horien aurrekontua egiten duena.

–Seinalizazio-elementurik eskatuz gero, ziurtatu behar da ezen modelo guztiak bat datozela toki entitateak gune horretarako onetsitako seinalizazio-eskuliburu batekin. Eskaerari eskuliburu hori erantsiko zaio.

3. Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

4. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak diruz lagungarriak izango dira, baldin 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko urriaren 15era egin badira, eragiketa honek eragin pizgarria izan nahi duelako, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Eskaerako jarduketak ez baldin badaude Nafarroako Oihan Jardueraren Prezioen Tarifetan, hornitzailearen aukeraketa justifikatu egin beharko da, gutxienez ere proformako hiru fakturen bidez, hirurak alderatu ahal izateko.

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuak instruituko ditu neurri honetan jasotako laguntzak emateko prozedurak, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren eskualdeko hiru atalen bidez, eskaera bakoitza haietako bati esleituz, espediente bakoitzak ukitutako eremuaren arabera. Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari dagokio laguntza emateko eta urteko ordainketa egiteko proposamena egitea.

12. oinarria.–Balorazio Batzordea eta diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako balorazioaren emaitza zehazteko. Txostena gehienez ere bi hilabeteko epean egingo da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta laguntzak txosten horretan oinarrituz emango dira.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izango da. Kide hauek izango ditu:

Epaimahaiburua: Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Pirinioaldea Kudeatzeko Ataleko burua.

Hirugarren batzordekidea: Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko burua.

Laugarren batzordekidea: Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Ataleko burua.

Idazkaria: Plan eta Programen Bulegoko burua.

3. Batzordeko kide bakoitzak Ingurune Naturalaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Ingurune Naturalaren Zerbitzuko langileek landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa egingo dituzte Balorazio Batzordearen txostena eman aurretik, batzordeak eskabideen ebaluazio osoa eduki dezan eskura.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik beharrezkoak ez diren ekintzetarako diru-laguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere, eta behin betiko baloratuko du aurkeztutako proiektu edo memoriaren egokitasunari dagokion irizpidea.

13. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emango du.

2. Ebazpena arrazoitua izango da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egongo dira beti.

3. Hartan diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak. Balorazio irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da. Horrela, onuradunen batek diru-laguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izango du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen eskatzaileari ematea, betiere onuradunaren ukoarekin batera kreditu aski liberatu baldin bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aukera horren berri emango die interesdunei, komunikazioa jaso eta biharamunetik hamar egun balioduneko epe luzaezinean adieraz dezaten diru-laguntza jasotzeko proposamena onartzen duten. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak emateko behar den ebazpena emango du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, diru-laguntza kanpainaren prozesuko emaitzarekin batera.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, diru-laguntzen foru legean ezarritako epea bukatu baino lehen, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz daiteke, laguntzak eskatzeko inprimakian emandako eskatzailearen helbide elektronikoen bitartez.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

6. Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da laguntzen esleipena, baita Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzei buruzko datu basean ere.

7. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

14. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Aurkeztutako eskaeren aldaketak onartuko dira, ezarrita dagoen epearen barnean egiten badira. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da laguntza eskaeran aldaketak onestea. Horiez gain:

–Eskaeretan funtsezko aldaketarik egitea ez da onartuko, hala nola ekintzen testuinguru geografikoa aldatzea horretarako arrazoirik gabe, ekintzak aldatzea edo aurrekontua handitzea eskaeran akats materialik izan gabe edo hasieran eskatu gabeko neurriak.

–Hautatzeko irizpideen aplikazioa aldatzea eragiten duten aldaketak ez dira onartuko.

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako basoa kudeatzeko planaren helburuari eta izaerari kalte egiten ez dietenak.

2. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio eta, edozein kasutan, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.

15. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2018ko urriaren 15a izango da, deialdi honetako laguntza eskaeretarako.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2018ko urriaren 18a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (III. eranskina): toki entitateko idazkariak bete beharko du, eta gastuen frogagirien (fakturen) eta ordainagirien (bankuko transferentzien) jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak erantsiko zaizkio.

b) Inprimakiak, behar bezala justifikaturik, erakusten dutenak toki entitateak zer kontratazio prozedura erabili dituen onartutako ekintzetarako (IV. eranskina).

c) Ordainagiriak. Bankuko karguak izango dira, datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan edo norberaren baliabideak erabiliz egindako ordainketak ez dira onartuko.

Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta 2018ko urriaren 18a baino lehenagokoak izango dira.

d) Azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko kasurako: obra-liburu osoa, ziurtapen guztiak jasoko dituena, obraren exekuzioan parte hartzen duen kontratista bakoitzeko ziurtapen bat, hain zuzen. Ingurune Naturalaren Zerbitzuari aurkeztutako ziurtapen bakoitza proiektuko obra unitateei lotua egongo da (edo zein den kasua, dagozkien aldaketei, betiere horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin bada). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egongo da.

e) Azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko kasurako, lanak bukatutakoan aurkeztu beharreko inprimakia (V. eranskina), obraren zuzendariak behar bezala betea, toki entitatearen adostasuna duena (zigilatua eta sinatua), “Lanak bukatutakoan obraren zuzendariak aurkeztu beharreko inprimakia” ereduari jarraikiz.

f) Instalazioen mantentze-lanen edo garbiketaren kasuan: gastuak justifikatzen dituzten kontratuak edo fakturak.

3. Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, kanpaina batean baimendutako lanak egiteko luzapenak eskatzen ahalko dira. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak espresuki baimendu beharko ditu luzapen horiek ofizio bidez; horrela, lanak egiteko beste epe bat emango da, hilabetekoa gehienez ere. Agiri horiek luzapenean emandako epean aurkezten ez badira, diru-laguntza galduko da.

16. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Instrukzio organoak behar adina kontrol egingo ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin edo memoria teknikoarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal dira lanak egin diren tokietara eta onuradunentzako laguntzei buruzko dokumentazioa gordetzen den tokietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

3. Diru-laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

4. Laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz dakieke interesdunei, laguntzak eskatzeko inprimakian emandako eskatzailearen helbide elektronikoen bitartez.

17. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa lehenbiziko puntuarekin bat bukatzeko konpromisoa ez betetzeak berarekin ekarriko du diru-laguntzari %1 kentzea justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, diru-laguntza galdutzat emango da.

2. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua onetsitako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, betiere, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko teknikarien iritziz, inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie eta laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu.

3. Inbertsioa bukaturik, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (6. oinarrian adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izango dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari ezin egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari horren berri ematen bazaio garaiz eta behar bezala.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko aitorpen bat egin duela nahita, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

7. Diruz lagundutako inbertsioen iraupenerako konpromisoa indarrean izango da laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteko aldian. Aldi horretan ikusten baldin bada ez dutela beren helburua betetzen, jarduketa horretarako jasotako diru-laguntza osoa itzuliko da, baldin lehenbiziko bi urteetan gertatzen bada erabileraren galera, eta, hirugarrenean edo bosgarrenean gertatzen bada, erdia. Aparkalekuak dira salbuspena; kasu horretan, ordaindu eta bost urteko aldian izango dira funtzionalak, eta, bestela, hura sortzeko emandako diru-laguntza osorik itzuli beharko da.

8. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, aplikatuko dira Batzordearen abenduaren 19ko 9527 C Erabakiaren (2013) Eranskinean ezarritako portzentajeak. Horren bidez ezartzen eta onesten dira zer jarraibide bete behar diren Batzordeak, kudeaketa partekatuaren markoan, Batasunak finantzatutako gastuei zuzenketa finantzarioak aplikatu behar izanez gero, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan (ikus XIV. eranskina).

18. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berbererako beste edozein laguntzarekin.

19. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

2. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabili ahal izango dituzte, administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako zein jarraipen eta ebaluazioko betebeharrekin zerikusia izanez gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren (EB) 117. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ondorio horietarako, onuradunek balia ditzakete datuen tratamenduari buruzko arauetan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduan ezartzen diren eskubideak. Aipatu erregelamenduaren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra). Era berean, balia dezakete Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa.

II. ERANSKINA

Naturaguneak modu jasangarrian kudeatzeko laguntza eskaera, 2018. urtekoa.

III. ERANSKINA

Ordainketaren eskaera.

IV. ERANSKINA

Kontratazio prozesua.

Adjudikazio prozesuaren balidazioa.

V. ERANSKINA

Obraren zuzendaritzaren ziurtagiria.

VI. ERANSKINA

Ziurtagiria, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1807502