117. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALIPENTZU

Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Galipentzuko Udalak, 2018ko martxoaren 1ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2018ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Galipentzun, 2018ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Juan Manuel Ferrer Moisés.

HERRI-LARREEN ORDENANTZA 2018

Xedapen komunak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Galipentzuko herri-larreetako bazkalekuen aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

Bazkalekuak osatzen dituzte herri-lurretako larreek eta jabetza partikularreko lursailetakoek, haien jabeek helburu horretarako utzi dituztenek.

2. artikulua. Jabetza partikularretatik egindako larreen lagapenek, ohiturari jarraikiz, adjudikazioak dirauen bitarterako eginak direla ulertuko da. Udalak, epe hori bukatzen den bakoitzean, ulertuko du jabeekin egin den hitzarmena luzatu edo berritu egiten dela. Hala ere, isilbidezko luzapena jakinaraziko du ordenantza argitaratuz, nahi duenak hitzarmena bukatutzat jo dezan.

3. artikulua. Bazkalekuak errentan ematetik heldu diren onurak Udalak jasoko ditu. Dena dela, jabe lagatzaileek eskubidea izanen dute urtero jasotzeko bazkalekuen erremateko prezioaren %25, adjudikazioak dirauen bitartean. %25 hori jabeen artean banatuko da, lagatako lurra zenbatekoa den, horren arabera.

4. artikulua. Udal-mugartea bazkaleku hauei jarraikiz dago zatitua:

1.–Larreta eta Saso: mugakideak ditu Zareko eta Kasedako mugak, altxonbidetik Melenasko zubiraino eta errekatik ibairaino.

2.–Zabaleta eta Aurino: mugakideak ditu Uxueko muga, Ondalluko erroitza eta Aragoi ibaia.

3.–Valescura, Ekarra eta Pila: mugakideak ditu Ondalluko erroitza, Uxueko muga, Beraguko harrobia, Aragoi ibaia, erreka Melenasko zubiraino, altxonbidea Melenasko zubiraino, harrobia Pasalobosko idoiraino eta idoia Beraguko harrobiraino.

4.–Elka, San Juan eta Rozandia: mugakideak ditu Eslabako eta Agezako mugak, altxonbidea Melenasko zubiraino eta harrobiraino, harrobia Pasalobosko idoiraino eta idoia Beraguko harrobiraino.

5.–Bardena Baja: mugakideak ditu Kasedako eta Zarrakazteluko mugak, Portillo de los lobos, Gudillako harrobia Cruzetaraino eta Aragoi ibairaino.

6.–Plandeoliva eta Sierra: mugakideak ditu Kasedako muga, Gudilla eta Aragoi ibaia.

Larreak eta azienda kudeatzeko, gisa honetara berrantolatu dira:

1. Elka-San Juan-Rozandia, Larreta eta Saso, Ekarra eta Pila.

2. Valescura.

3. Aurino behekoa, Aurino goikoa eta Zabaleta: mugakideak ditu Uxueko muga, Ondalluko erroitza eta Aragoi ibaia.

4. Bardenica.

5. Plandeoliva eta Sierra: mugakideak ditu Kasedako muga, Gudilla eta Aragoi ibaia.

6. Bardena Baja eta Antoñanzas.

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

5. artikulua. Lehentasuna izanen du herritarren arteko zuzeneko adjudikazioak eta hark ezarritako prozedura agortzen denean, ez badira bazkaleku guztiak adjudikatu, enkante publikoan adjudikatuko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legeak edo hura aldatzen duten xedapenek ezarritako moduan.

Horretarako, herri-lurretako aprobetxamendua osatzen duten bazkalekuak tasatu ondoren, hamar eguneko epea emanen da, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagunek, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa eska dezaten. Aukera hori erabili gabe aipatu epea iraganik, eman gabe gelditu diren bazkalekuak adjudikatuko dira enkante publikoaren bidez. Baldintzak betetzen dituzten bizilagunek zein bazkaleku nahiago duten adieraz dezakete, adjudikatu gabe badaude.

6. artikulua. Herri-larreak herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidez ematea eska dezakete hurrengo baldintza hauek betetzen dituzten bizilagunek:

a) Adinez nagusiak edo adingabeko emantzipatuak izatea.

b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Herrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea, Udalaren iritziz.

d) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

7. artikulua. Larreen zuzeneko adjudikaziorako zenbait aukera badago, honela jokatuko da:

1.–Onuradun bakoitzari eskatutako bazkalekua edo bazkalekuak emanen zaizkio, baldin eta beste inork eskatu ez badu.

2.–Bizilagun batek baino gehiagok eskatzen badute bazkaleku bera, adjudikazioa eginen da kontuan harturik ea eskatzaileek larre gehiago duten edo ez, eta beste inguruabar batzuk. Adjudikazioa zozketa bidez egin daiteke.

Enkantearen bidezko adjudikazioa

8. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko prozedura agorturik, enkantearen bidez adjudikatuko dira. Enkantea eginen da Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legean diren xedapenen arabera.

9. artikulua. Enkanteak erregelamenduzko sesteoa izanen du, eta ahozko posturen bidez eginen da. Udalak bazkaleku guzti-guztiak zenbatetan tasatu dituen, horiexek izanen dira hasierako prezioak.

Bazkaleku bakoitza baloratzeko eta adjudikatzeko prezioa Galipentzuko Udalaren osoko bilkurak ezarri eta onetsiko du. Urtero berrikusiko du, kontsumoko prezioek dituzten aldaketei jarraikiz.

10. artikulua. Udalarekin edo Nafarroako Gobernuarekin zorrak dituztenek ezin dute enkantean parte hartu.

11. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. kapituluan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

Adjudikaziodun guztiendako xedapenak

12. artikulua. Kontratuaren arriskua eta mentura kontratu-egileen gain egonen da.

13. artikulua. Errentamenduaren ordainketa bi epe berdinetan eginen da. Lehenbiziko epea, urtarrilaren bian eta bigarrena, ekainaren batean. Abeltzainak behartuta daude ordainketak edozein banku bulegotan helbideratzera, halako moduz non, aldez aurretik abisatu gabe, Udalak bazkalekuei dagokien zenbatekoa kobratuko baitu erremategileek adierazitako kontuetan.

Edozein arrazoi dela-eta kontuan ez bada funts aski, Udalak %10eko gainkargua ezarriko du, ordainketa egunaren biharamunetik 10 egun baliodun iraganik.

14. artikulua. Erretamenduaren prezioak, herritarrei zuzenean adjudikatzeko sistema nahiz enkante publikokoa erabili, errentamenduaren lehen urteari dagozkiola ulertuko da. Hurrengo urteetarako eguneratu eginen da urtero, bizitzaren kostuaren gorakadaren edo beherakadaren arabera eguneratu ere, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeetan oinarriturik.

15. artikulua. Errentamenduak zortzi urte iraunen du, erabileraren lehen egunetik kontatzen hasita, herritarrei zuzenean adjudikatzeko sistema nahiz enkante publikokoa baliatu.

16. artikulua. Adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Adjudikatutako larreak errentan ez ematea, ezta lagatzea ere. Bere jabetzakoa ez den aziendari sartzen ez uztea, inola ere.

b) Aprobetxamendua ez bazaio interesatzen, adjudikazioari uko egitea eta lurrak Udalaren esku uztea, hark egokia iruditzen zaion maneran eman ditzan, urtebete lehenago adierazita. Aldez aurretik ez adierazteak, artikulu hauetan finkatu fidantza galtzea ekarriko du.

c) Adjudikazioaren uneko baldintza beretan mantentzea artegiak, itxiturak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta jarritako fidantzaren bitartez erantzutea egiten diren kalteengatik.

17. artikulua. Adjudikaziodunak aurkeztu beharko du, behin betiko adjudikazioaren biharamunetik hamar eguneko epean, errematea zenbakoa izan zen, haren %50 adinako fidantza.

18. artikulua. Fidantza eskudirutan edo banku-abalaren bidez egiten ahalko da.

Aprobetxamendua eta haren mugak

19. artikulua. Labore lur guztiak, lehorrekoak zein ureztatzekoak izan, landu eta laboratu daitezke, nahiz eta ezin izanen den goldatu zereal alorrik abuztuaren 30a baino lehen, baratzeko ereintza edo aldatzeak ez badira.

20. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 222/2016 Foru Aginduak ezarritako arauen arabera erreko dira uztondoak.

21. artikulua. Lagatzetik salbuetsita daude fruta-arbolen sailak, belardiak, belardi artifizialak, mahastiak, luzernak eta zainzuriak.

22. artikulua. Urtarrilaren hamabostetik aurrera ardiek Udalaren idoietan edanen dute ura. Idoien garbiketa erremategilearen kontura izanen da.

Belardiren edo larreren batean ez bada urik, erremategile mugakideak urik badu, bidea emanen du hurbilen den tokitik, kalteordainik gabe.

23. artikulua. Erremategilea ezin izanen da inola ere sartu aziendarekin euria egin eta berrogeita zortzi ordu iragan arte. Euritzat hartzen da teilatuko itaxuretatik bi orduz ura isurtzea. Kaltetuek kalteordainak eskatzen ahal dizkiote abeltzainari.

24. artikulua. Erremategilearen iritzira uzten da bazkaleku bakoitzak mantendu dezakeen azienda karga. Udalak bere egiten du eskumen hori zuzeneko adjudikazioari dagokionez.

25. artikulua. Erremategilearen kontura izanen dira hark eragindako kalteak jabetza partikularretan zein herri-lurretan. Dena dela, kalteak izan dituenak Udalera jo dezake erremategilearekin bakezko akordio bat lortzen saiatzeko.

Arau-hauste eta zehapenak

26. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Foru Legean eta aziendaren osasuna zaintzeari buruzko araudian xedatutakoa ez betetzea eta azienda hilak uztea lurperatu gabe.

b) Adjudikatu ez zaion bazkalekuan aziendekin sartzea.

c) Artegi, idoi, zerrakura, belardi eta gainerako instalazioetan kalteak eragitea.

d) Belarren adjudikazio epeak ez errespetatzea.

e) Adjudikatu zaizkion bazkalekuetako larreak azpierrentamenduan eman edo lagatzea.

27. artikulua. Aipatutako arau-hauste horiek ondoko zehapen hauek izanen dituzte:

26. artikuluko a) eta e) letretan, adjudikazioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek abiarazten dituzten zehapenak.

Gainerako arau-hausteak zehatuko dira egindako kaltea zenbat, halako bost eta hamar arteko zenbatekoarekin. Kaltea ezin bada neurtu, ehun euro eta mila euro arteko isunarekin, arau-haustearen larritasunaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1805845