117. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Kontzejuetarako diru-laguntzak arautzen dituen
42. udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2018ko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzejuetarako diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa (2018ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 16an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2018ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.

BERRIOBEITIKO UDALEKO KONTZEJUEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1.–Xedea eta helburua.

Araudi honen xedea da Berriobeitiko Udalak bera osatzen duten 10 kontzejuek sustatutako obrak bulkatzeko ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea, indarra duen legediak kontzejuei ezarri dizkien eskumenen barneko jarduketetan oinarritzen direnak.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira kontzejuek beren eskumen eremutik at egiten dituzten jarduerak.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak finantzatuko dituzten aurrekontuko partidak “Kontzejuetarako diru-laguntzak” izena izango dute.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza horien onuradunak izaten ahalko dira Berriobeitiko Udala osatzen duten hamar kontzejuak, proiektatu den obra diruz laguntzen ahal direnen artean sartu beharrez eskabidea behar bezala aurkezten dutenak.

4.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurkezten diren eskaerak alderatuz emango zaizkie laguntzak eskatzaileei, horrela ezartzen baita haien arteko lehentasuna, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza adjudikatuko zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

5.–Egin beharreko obrek bete beharreko baldintzak.

Eskatzaileek garatu beharko dituzte diru-laguntzen xedeko obra proiektuak, eta proiektuek jarraian adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Obra Kontzejuaren eskumenekoa izatea.

b) Diru-laguntza eskatzen den urte berean egitea eta bukatzea obra.

c) Obra dagokion deialdiaren arlo edo ondasun batean egitea.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarria da deialdian ezarritakoari lotzen zaion edozein proiektu, azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat, eta azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

Laguntzak Berriobeitiko Udalak diruz laguntzeko moduko obratzat jo dituenak finantzatzeko baizik ez dira erabiliko.

7.–Eskaerak aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Diru-laguntzetarako eskabideak Berriobeitiko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdian ezarritako epean.

7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Kontzejuko buruak sinatu duen eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Diru-laguntzen onuraduna izateko ezarritako debekuetan ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, entitateko buruak sinatua.

b) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, banku kontuko zenbakia jarrita.

c) Obrak exekuzio proiekturik behar ez badu, egin beharreko obra deskribatzeko txostena edo proposamena aurkeztuko da. Obrak proiektu teknikoa behar badu, horren kopia aurkeztuko da.

d) Obraren aurrekontu osoa eta xehatua.

e) Obrarekin lortu nahi diren helburuak.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko dira eskabideak eta, haiek osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izango dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

8.–Eskaera zuzentzea.

Eskaerak behar diren baldintzak betetzen ez baditu edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta hori jakinaraziko da.

9.–Tramitazio eta balorazio organoak.

Deialdian azaldutako batzordeak balioetsiko ditu eskaerak, eta ondoren osoko bilkurari proposatuko dio laguntzak onets ditzan.

10.–Balorazio irizpideak.

Balorazioa deialdian ezarritako irizpideei jarraikiz egingo da. Nolanahi ere, irizpide hauek bete beharko dira:

–Egin beharreko proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna.

–Programaturiko obraren interesa, kuantitatiboa zein kualitatiboa.

Irizpide guztien batuketa 100 puntu izango da, eta proposaturiko obrek, diru-laguntza jasotzeko, 55 puntu eduki beharko dituzte gutxienez.

11.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Aurrekontuan zenbat diru dagoen, horren araberakoa izango da diru-laguntzaren zenbatekoa; eta deialdian ezarritako baremo eta irizpideei jarraikiz finkatuko da.

Deialdian zehaztu egingo da diru-laguntzaren zenbatekoa obraren kostuaren ehuneko finko bat den edo ehuneko aldagarria den, obrak erdietsitako balorazioaren edo zehazturiko beste arrazoiren baten arabera.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du, inolaz ere, bere kabuz edo beste erakunde edo instituzio batzuetatik –publiko zein pribatu– etorritako diru-laguntza edo laguntzekin batera, egindako obraren aurrekontuaren %80ko kostua gainditu.

12.–Ebazpena.

Eskabideak baloratu ondoren, Informazio Batzordeak ebazteko proposamena egingo dio Udalaren osoko bilkurari, hark onets dezan hilabeteko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Nolanahi ere, eskabidearen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

13.–Diru-laguntzaren ordainketa. Justifikazioa eta ordainketa.

Aurrekontua betearazteko oinarriekin bat, eta osoko bilkurak diru-laguntza emateko erabakia hartzen duenetik hilabete bateko epean, ematen den kopuruaren %50eko diru-sarrera egingo da Kontzejuaren kontu korronte zenbakian.

Diru-laguntzari dagokionez, gastu justifikatutzat joko da diru-laguntzaren xede den obrarako erabiltzen dena, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartean (biak barne) egin eta ordaindu bada.

Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Berriobeitiko Udalari, eta horretarako azkeneko eguna abenduaren 15a da:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako obrak azaltzen dituen txosten laburra. Obrak proiektua behar bazuen, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztuko da, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Proiekturik behar ez bazuen, egindako obraren memoria eta horren aurrekontuaren laburpena aurkeztuko dira.

b) Diru-laguntzaren xede den proiekturako beste laguntza eta diru-sarrera batzuk eskuratu badira, haien aitorpena aurkeztuko da, justifikatuta funts horien zenbatekoa, jatorria eta nola erabili den diru-laguntza obran.

c) Obra proiekturik gabe egin bada, adierazitako gastuak justifikatzen dituzten faktura edo balio bera duten bestelako frogagiri jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Dokumentazioa behar bezala aurkezturik, eta Esku-hartzailetza alorraren aldeko txostenarekin batera, diru-laguntzan ematen den kopuruaren gainerako %50eko diru-sarrera egingo da.

Dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, Udalak hamabost egun naturaleko epea emango du zuzentzeko, eta aldi hori iragan ondoren ez bada zuzendu, behar den administrazio prozedura abiatuko da emandako diru-laguntza erreklamatu eta itzultzeko.

Onuradunak ezin badu behar bezala justifikatu diru-laguntzaren zenbateko osoa, ardura duen zerbitzuak diru-laguntzaren zenbatekoaren murrizketa tramitatuko du, ofizioz; hain zuzen ere, emandako zenbatekotik justifikatutako zenbatekora dagoen tartea murriztuko da, proportzionaltasun irizpideei jarraituz. Halaber, proiektuaren gastu osoa eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontukoa baino gutxiago bada, horren heinean egingo da murrizketa.

Berriobeitiko Udalak edozein unetan eta egoki iruditzen zaizkion prozedurez baliaturik, egiaztatzen ahalko du eskatutako helburu horiek lortzeko egokiro erabili direla diru-laguntzak.

Jarduera baterako jasotako diru-laguntzen eta norberaren diru-sarreren batura jardueraren kostua baino handiagoa bada, Udalak emandako diru-laguntzaren zenbatekoa horren heinean murriztuko da eta gainerako entitateei horren berri emango zaie, eman dituzten diru-laguntzak berrikus ditzaten; hori guztia, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.3 artikuluan 19.3 artikuluari dagokionez, ezarritakoa betetzeko.

Betetzen ez bada, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli beharko da jasotako dirua, baita eskatu ere legezko interesa gehi %5, itzulketa ordaindu edo kontura eman zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den eguna arte.

Itzulketa eskatzeko, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

14.–Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Berriobeitiko Udalaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, aurrekontuan jarritako kostuaren %80 baino handiagoa. Kasu horietan deialdi honi dagokion laguntza murriztuko da.

15.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Diru-laguntza ematea ekarri duten obrak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Berriobeitiko Udalari.

–Zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea arautegian aipatzen diren kasuak gertatzen badira.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastua 15.000 eurotik gorakoa bada, aipatu obren kasuan, Kontzejuak frogatu beharko du kontratista efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Kontratazioak irizpide horiek betetzen dituela ulertuko da, kontratistak hautatzeko prozedurak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren baldintzak betetzen baditu.

16.–Arau-haustea zer den.

Diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta ordenantza honetan tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta zehatzen ahalko dira, baita utzikeria hutsagatik ere.

17.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.

18.–Indarra hartzea.

Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra arautegi honek.

Iragarkiaren kodea: L1807554