114. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

110E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Artaxoan Ecofert enpresaren abeltzaintzako hondakinen tratamendurako lantegirako sarbideen proiekturako, Artaxoako udal-mugartean. Sustatzailea Ecofert Sansoain SL da.

2018ko martxoaren 13an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Proiektua bi sarbide berri egitean datza, batetik, lantegiko jarduerari zerbitzua ematen dieten kamioiek lantegia bera zeharkatu beharrik gabe ibilbideak hobetzeko eta, bestetik, lantegirako sarbidea ere hobetzeko, sartzeko beste aukera batzuk emanez eta sarrera nagusia ez diren bestelako sarbideak ezarriz.

Sarbide berri horietako bat hegoaldean eginen da; 150 luze eta 6 m zabal izanen ditu; lantegiko lubeta inguratuko du, eta lantegiko zabaldegiaren hegoaldeko eremua lixibiatuen putzuarekin eta landa bide batekin lotuko du. Bide horretatik, NA-6020 errepidera iristen da. Lubetan eraikitako bide horrek 10 m eginen ditu behera eta ingurumen balioa duten albitzez eta sastrakazko 2.000 m² inguruko eremua hartuko du.

Beste sarbidea iparraldean eginen da; sarbide nagusitik, landa bide bateraino ailegatuko da (Santsoaingo bidea). Bide horretatik, aurrez aipatutako errepidera ailegatuko da beste puntu batean. 180 m luze eta 5 m zabal izanen ditu, arekarik gabe, eta heldutasun gutxiko eta aniztasun urriko belar larrezko lursailean eginen da.

Hegoaldeko sarbideko ezpondak belar nahasketa batekin ereitea edo hidroereitea proposatzen du sustatzaileak, eta lur lantze, garbiketa eta medeatze egokiak ere egitea. Iparraldeko bidearen inguruan artea landatzea proposatu da, ale bat 10 ml-ko.

2018ko martxoaren 15ean, udal txostena eskatu zitzaion Artaxoako Udalari.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ecofert enpresaren abeltzaintzako hondakinen tratamendurako Artaxoako lantegirako sarbideen proiektua legeztatzeko proiektuari, Artaxoako udal-mugartean. Sustatzailea Ecofert Sansoain SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Lursaila garbitu eginen da, hegoaldeko sarbidearen ezpondetan eta haren inguruan dauden mota guztietako hondakinak kenduta. Hondakin horiek baimendutako hondakin kudeatzaileak kudeatuko ditu.

–Neurri egoki eta bideragarriak hartuko dira lantegiaren inguruneko abeltzaintza erabileraren ondoriozko gehiegizko larratzea saihesteko edo murrizteko hegoaldeko sarbideko ezpondaren ereintzetan.

–Iparraldeko sarbidearen ertzetan, artea (Quercus ilex-rotundifolia) eta gurbeondoa (Sorbus domestica) landatuko dira; artzaintzaren kontrako babesgarriak jarriko dira eta honako lan hauek bermatuko dira: ureztatzea, txorkoen kontserbazioa, ongarritzea eta landare berritzeak.

–UTM ETRS89 sisteman, UTM 30N proiekzioan, Espainiako erreferentzia geodesiko ofiziala arautzen duen uztailaren 27ko 1071/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, 599.053, 4.713.187 koordenatuak dituen puntutik Santsoiango bidera doan iparraldeko sarbidearen zatia 599.053, 4.713.187 puntutik Santsoaingo bidera doan sarbidearen zatia egin zenean, ez zen kontuan hartu aurretik bazegoela beste saihesbide bat mendebalderantz bide horretara eramaten zuena. Hori dela eta, sustatzaileak adierazitako puntutik ateratzen diren bi bideetako bat desegin beharko du, baztertutako traza destrinkotuz eta han egikarituz, lantegiko ezpondetarako eta hegoaldeko sarbiderako aurreikusi bezala, egokitze, ereite eta medeatze lanak.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Artaxoako Udalari, 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko martxoaren 11n.–Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1806384