1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
102E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Lodosako TEAren “Cárcar” lineako 455. zenbakidun euskarri berria eta Salobre 2. transformazio zentroa lotzen dituen 13,2 kV-eko linearen proiektua, Sesmako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
13,2 kV-eko lurpeko linea eraikitzea jasotzen du proiektuak, Lodosako TEAren “Cárcar” 13,2 kV-eko aireko linearen 455. zenbakidun euskarri berria eta Sesmako Salobre 2. transformazio zentroa lotzeko. Lehendik dauden 277. eta 278. euskarrien artean, beste euskarri bat jarriko da, 455. zenbakiarekin, eta hortik abiatuko da lurpeko linea berria, Salobre 2. transformazio zentroan bukatu arte. Euskarri berri hori lurpeko lineak igaroko duen bidetik ahalik eta gertuen jartzea planteatu da eta 195 metro luze izanen ditu, guztira.
Proiektua Estellerriko Erriberako igeltsuak Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan. Hasiera batean, proiektuak aireko irtenbidea planteatzen zuen, baina euskarriek bertako landare halofiloak ukitzen zituzten; horiek EBren intereseko habitat natural gisa sailkatuta daude eta kontserbazio egoera bikaina dute. Horrez gain, gune horrekin lotutako hegazti fauna ere ukitzen ahal zuen. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak horri dagokion errekerimendua egin ondoren eta kontuan izanda Estellerriko Erriberako igeltsuak Kontserbazio Bereziko Eremuaren Kudeaketa Plana, abuztuaren 30eko 76/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia (184. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2017ko irailaren 22koa), sustatzaileak proiektua egokitu zuen eremuko ingurumen balioen arabera, eta, horretarako, inguruan zegoen bidean lurperatzearen aukera planteatu zuen.
Neurri osagarri gisa, lehendik dagoen 277. euskarria egokitu eginen da isolatzaileak ordezkatuz eta ebakigailuaren zubi lasaiak forratuz, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua betetzeko, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostena jaso da espedientean.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Lodosako TEAren “Cárcar” lineako 455. zenbakidun euskarri berria eta Salobre 2. transformazio zentroa lotzen dituen 13,2 kV-eko linearen proiektua, Sesmako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Elektrokuzio arriskua murrizteko, 455. euskarri berrian, linea nagusiko zubi lasaiak eta adar guztietako zubi lasaiak isolatu eginen dira, eta amarratze grapak grapa estalgarri aurreformatuekin jarriko dira. Lotura zubiak erabat isolatuko dira lineako eroaleen eta autobalbula tximistorratzen artean, eta horien eta loturako botilen artean. Isolamenduan erabilitako materialak egokia izan beharko du goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC ("Bushing Connection Animal Cover") aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
–Lehendik dagoen 277. euskarria egokitu eginen da, isolatzaileak ordezkatuz eta ebakigailuaren zubi lasaiak forratuz, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko (zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak), aurkeztutako dokumentazioarekin bat eginez.
–Lanek irauten duten bitartean, 455. euskarri berriaren ondoan dagoen landaredi halofiloa ahalik eta gutxien ukituko da, eta, horretarako, lanak hasi aurretik, balizatu eginen da.
–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
Hirigintza arlokoak:
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak linea elektrikora lotzea.
–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 8.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Sesmako Udalari, Basozaintzari (Lizarra aldea) eta interesdunari.
Iruñean, 2018ko maiatzaren 10ean.–Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1806303