2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Laburpena, GGKEei garapenerako nazioarteko lankidetza proiektuak egiteko diru-laguntzak eta larrialdiko laguntzak emateko deialdiarena. 2018. urtea
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3b eta 20.8a artikuluetan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (identifikazioa): 400217.
A) Onuradunek bete beharreko baldintzak:
a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak, eta dokumentazioa eguneraturik edukitzea.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraztea berariazko helburu hau duela: garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin zerikusia duten jarduerak egitea.
d) Nafarroan edukitzea egoitza soziala edo delegazio iraunkorra eta aktiboa.
e) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo deialdi honetako xehetasunen inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Horretarako, arlo horretan azken hiru urteetan egindako jarduera agiri bidez frogatu beharko dute.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.
g) Tuterako Udalaren garapenerako lankidetzari buruzko aurreko deialdietan jasotako diru-laguntzak justifikatu izana (horretarako ez du izanen Tuterako Udalaren diru-laguntzarik jasotzeke), salbu eta 2017ko deialdian emandako diru-laguntzak badira edo organo eskudunak luzapena baimendu badu aurreko proiektuen exekuzioan eta justifikazioan; diru-laguntzak itzultzera beharturik, haiek ordainduak izatea, eta ebazpen irmo baten bidez zehatua ez egotea diru-laguntzak lortzeko aukerarik gabe.
Deialdi honetatik berariaz kanpo geratzen dira ondoko hauek:
a) Irabazi-asmoa duten enpresak edo beste entitate batzuk.
b) Azken 3 urteetan Nafarroan jarduera publikorik egin ez duten GGKEak edo elkarteak. Hau da, kanpoan geldituko dira epe horretan Nafarroan sentsibilizazioaren, laguntza humanitarioaren edo lankidetzaren esparruan izandako jardun publikoa agirien bidez frogatzen ez dutenak; ez da jarduntzat hartuko hedabideetan agertze soila edo inoizka artikuluak edo elkarrizketak argitaratzea.
B) Proiektuen betebeharrak:
a) Deialdi honen xederako egokiak izatea.
b) Helburuei, jarduerei eta proiektua gauzatzeko behar diren baliabideei buruz nahikoa informazio ematea.
c) Proiektua gauzatzeko ardura duen erakundearen helburuei eta lan esperientziari buruz behar besteko informazioa ematea.
d) GGKE horrek proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea, eta diruz lagundutako ekintzaren jarraipena egiteko tokian tokiko GGKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea.
e) Aurreikuspenen arabera, diruz lagundutako proiektuak 12 hilabete baino gehiago ez irautea. Diruz lagundu daitezke beste egitasmoen zati diren proiektuak, iraupen luzeagokoak (faseak, zenbait urtetakoak, etab.), baldin eta eduki, exekuzio eta justifikazio independentea badute. Proiektuak nahitaez hasi behar dira deialdiaren urte berean. Ez dira baliozkotzat hartuko deialdi honen aurreko urteetan hasitako proiektuak edo hurrengo urtean hasiko direnak.
f) Proiektua egin nahi den tokian bertako bazkide bat izatea. Bazkide hori GGKE bat izaten ahalko da, edo GGKE eskatzaileak delako herrialdean duen delegazioa.
g) Genero ikuspuntua proiektu osoan sartzea, era koherentean, integralean eta zeharkakoan.
h) Herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programa bat aurkeztea, Tuterako biztanle mota guztiei zuzenduta.
i) Sendagaiak dohaintzan ematearekin edo jendearen eskura jartzearekin zerikusia duten jarduerak dituzten proiektuak Osasunaren Mundu Erakundeak 1996an sendagaiak dohaintzan emateari buruz ezarritako jarraibideei lotuko zaizkio.
Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko eskabide bakarra aurkezten ahalko du, gehienez ere.
C) Xedea: deialdi honen xedea da proiektuak konfinantzatzea diru-laguntzak emanda, pobreziari aurka egiteko eta tokian tokiko giza garapena sustatzeko hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa edo azpiegiturak. Proiektuek onura ekarriko diete herrietako edo hirietako komunitateei, eta komunitate horiek edo haien ordezkariek parte-hartze aktiboa izanen dute proiektuak proposatu, kudeatu eta gauzatzen. Orobat, proiektuek arreta berezia emanen diete ingurumenaren gaineko eraginari eta baliabide naturalen erabilera iraunkorrari.
D) Oinarri arauemaileak: Diru-laguntzen Base Nazionalean eta Tuterako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, hots, Tuterako Díaz Bravo kaleko 27an (31500), edo bienestarsocial@tudela.es helbidean eskatuta. Telefonoa 948826761.
E) Zenbatekoa: 174.800 euro (deialdi orokorra) eta 11.400,00 euro (larrialdiko laguntzak).
F) Eskabideak aurkezteko epea: deialdi orokorrerako eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; larrialdiko laguntzetarako berriz, urte osoan irekia izanen da.
G) Bestelakoak: balorazio irizpideak:
–Proiektuaren kalitate teknikoarekin eta aurkeztutako informazioarekin zerikusia dutenak: 34 puntu.
a) Garatu nahi den proiektuaren inguruko informazioa: testuingurua eta proiektu horrek ukituko duen sektorearen egoera (testuingurua, baliabideak, azpiegiturak...): 7 puntu.
b) Ekintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean: 8 puntu.
c) Ekintzaren bideragarritasun teknikoa (atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan): 8 puntu.
d) Proiektuak iraunkortasuna izanen ote duen, diruz lagundutako ekintza bukatutakoan: 7 puntu.
e) Proiektuaren osagarritasuna, eremu horretan gauzatzen diren bestelako garapen ekintzekin: 4 puntu.
–Egileen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin zerikusia dutenak: 26 puntu.
a) Tokian tokiko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako beste entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duen harremana: 8 puntu.
b) Pertsona onuradunek parte hartzea proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan: 8 puntu.
c) GKE eskatzailearen esperientzia eta haren jarraipen gaitasuna eta, bereziki, aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen kudeaketan erakutsitako gaitasuna: 10 puntu.
–Proiektuaren gizarte helburuekin zerikusia dutenak: 25 puntu.
a) Bizi baldintzak hobetzea eta tokian tokiko sektore bereziki ahulei laguntza ematea: haurrak, emakumeak, indigenak, desgaitasunak dituzten pertsonak, errefuxiatuak etab.: 10 puntu.
b) Genero ikuspuntua proiektuan eranstea, emakumeek gizartean nahiz politikan ordezkaritza handiagoa lortzea helburu duten ekimen positiboak bultzatzea, ekonomia arloan emakumeen aukerak hobetzea eta herritarrak balio horietan sentsibilizatzea: 6 puntu.
c) Proiektua gauzatzen den herrialdeko baldintza sozial eta ekonomikoak, Giza Garapenaren Indizean oinarrituz: 9 puntu (9 puntu emanen zaizkio Giza Garapenaren Indize txikienarekin kokatzen den proiektuari. Gainerakoei hirukotearen erregela erabiliz emanen zaie puntuazioa).
–Herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programarekin zerikusia dutenak: 8 puntu.
–Erakunde eskatzaileak Tuteran jardutea: 7 puntu.
a) Tuteran egoitza izatea: 4 puntu.
b) Diruz lagundutako proiektuarekin inplikazioa eta/edo harremana dutenen artean, Tuteran erroldatutako pertsonak egotea: 3 puntu.
Tuteran, 2018ko maiatzaren 23an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.
Iragarkiaren kodea: L1806969