Iragarkia
114. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
24E/2018 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Sorkuntza lantegietan egiten den sorkuntza garaikideko lantegi proiektuetarako laguntzak –GEROKO PRO” izeneko diru-laguntzen deialdia.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du “Sorkuntza lantegietan egiten den sorkuntza garaikideko lantegi proiektuetarako laguntzak –GEROKO PRO-2018” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 74.990 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko, bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna duela.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. “Sorkuntza lantegietan egiten den sorkuntza garaikideko lantegi proiektuetarako laguntzak –GEROKO PRO” izeneko diru-laguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G/A20000/4709/334102: (E) Profesionalentzako sorkuntza lantegietarako laguntzak | 2018 | 74.990,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko ekainaren 1ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
OINARRI ARAUTZAILEAK
Sorkuntza lantegietan egiten den sorkuntza garaikideko lantegi proiektuetarako laguntzak –GEROKO PRO-2018
1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdi honen xedea da enpresa eta profesionalei ekonomikoki laguntzea sorkuntza eta/edo ekoizpen artistikoko proiektuak egiteko, betiere edukia berritzailea eta garaikidea bada, aldez aurreko ikerketa bati erantzuten badio eta sormen-talentua sustatzea bultzatzen badu.
1.2. Deialdiaren helburua da honako hauek sustatuko dituzten ekimenak laguntzea: sormen artistikoa eta pentsamendu garaikidea, adierazpen askatasuna eta dibertsitatea, hedapena eta herritarrengana iristea, eta proiekzio lokala, nazionala eta nazioartekoa.
1.3. Proiektu artistikotzat hartuko dira honako hauekin lotutako edukiak dituztenak: ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, bertsolaritza, moda, diseinua, eduki digitalak eta bideo-jokoak.
1.4. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.
1.5. Proiektuak 2018ko urtarrilaren 2tik azaroaren 23ra bitartean egin behar dira.
1.6. Proiektuak kanpoan geldituko dira baldin:
–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan aurkeztu badira.
–Uharteko Arte Garaikideko Zentroak Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutako Arte plastikoen eta ikusizkoen programan aurkeztu badira.
1.7. Enpresa edo profesional eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.
2. Entitate onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.
2.1. Profesional eta enpresa hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:
a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez ere 2017ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.
b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.
Enpresek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta egon behar dute eta helbide fiskala bertan izan. Gainera, helburu sozial gisa, edo estatutuen arabera, xede edo helburu sozial izanen dute sorkuntza eta ekoizpen artistikoa.
2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisikoek eta enpresek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, jarduera kultural, artistiko edo sorkuntzako batekin lotutako edozein epigrafetan.
2.3. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden enpresa edo profesionalei.
3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta banaketa.
3.1. Laguntza hauek (74.990 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.
3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.
Onartutako aurrekontua enpresak edo profesionalak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.
3.3. Enpresa edo profesional bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa ez da 8.000 eurotik gorakoa izanen.
3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.
4. Eskabideak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.
4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.
Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.
Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.
Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).
4.3. Laguntza eskabidea eskabide ereduaren (I. eranskina) arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:
a) II. eranskina, datu eta kostuekin, BEZa banakatuta.
b) Proiektuaren memoria osoa, honako hauek dituena: proiektu mota, funtsean azpimarratuz Nafarroako Foru Komunitaterako duen izaera berritzailea, esku hartzen duten pertsonak, informazio xehatua, proiektuaren bidez bilatutako helburuak eta emaitzak, metodologia, ikerketa ildoak eta proiektua gauzatzeko epeak, barnean direla hasiera eta bukaera datak. Gainera, izan ditzake berriki egindako obra edo jardueraren material grafikoa (estekak bideoetara, argazkiak) eta, kasua bada, enpresa edo profesional eskatzailearen web orrirako esteka, eta interesekotzat jotzen den beste edozein informazio.
c) Curriculum vitaea. Gehienez, 2 orri izanen dira, alde bakarretik.
–Pertsona fisikoak: adierazita egindako ikasketak, jarduera profesionalak, erakusketak, sariak, bekak, etab.
–Enpresak: proiektuko parte-hartzaile bakoitzaren curriculuma, eta taldeak edo enpresak edo profesionalak batera egindako jarduerak. Bakoitzeko, gehienez, 2 orri izanen dira, alde bakarretik.
d) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana).
e) Enpresak:
–Enpresaren eskriturak.
–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.
f) Profesionalak:
–Nafarroan 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenenagotik erroldaturik egotearen ziurtagiria.
4.4. Proiektua 2018ko urtarrilaren 2tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte egiten bada, nahitaezkoa izanen da memoria aurkeztea.
4.5. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola enpresa edo profesional eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie enpresa edo profesional eskatzaileei.
5. Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta deialdiak ezarritako epean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Argitalpena garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:
a) Zuzeneko kostuak.
–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta profesionala bera ez diren edo entitatekoak ez diren langile eta artista kontratatuen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak.
–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla enpresa edo profesional onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak, eta ezin izanen da gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren araberako zati proportzionalak egotziko zaizkio proiektuari.
–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.
–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.
–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen ostatu, dieta eta joan-etorrien kostuak, barnean direla enpresa edo profesional onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak, gehieneko hauekin:
–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatutako gastuak (erabaki hori eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratu zen).
–Garraioa: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, berrogei (0,40) euro-zentimo km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.
–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.
–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
–Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).
–Enpresa edo profesional eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake proiektua partez edo osoki gauzatzeko, eta kontratazio horrek ez du gaindituko gehieneko laguntzaren zenbatekoaren %15, eta baldintza hauek bete behar ditu:
–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.
–Kontratazioak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.
b) Zeharkako kostuak.
–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.
–Proiektu bakoitzean zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.
5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 puntuan ezarri dena diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.
b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
c) Balio erantsiaren gaineko zerga, enpresak edo profesionalak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
d) Enpresa edo profesionalaren langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.
6. Tramitazioa eta ebaluazioa.
6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:
–Burua: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, eta, hura izan ezean, Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria.
–Kideak: Nafarroako Kultura Kontseiluko kide bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat eta kanpoko aditu bat.
–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin eta botoarekin.
6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.
1. Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte, baloratzeko.
2. Enpresa edo profesional eskatzaileek, hala nahi badute, ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez.
3. Orobat, batzordeak, edozein unetan, enpresa edo profesional eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.
4. Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.
5. Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du 7. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga.
Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.
6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
7. Proiektuen balorazioa.
7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:
a) Proiektuaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu.
Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:
–Sormen proiektuaren originaltasuna, kalitatea eta berritzailea izateko gaitasuna. Kontuan hartuko dira eduki bereziak sortzea, jatorria dutenak esperimentazioan eta esku hartzeko bide berriak irekitzeko aukeran (30 puntu gehienez).
–Espezifikotasuna, eta ideia kontzeptualaren eta hura garatzeko proposamen plastikoaren arteko koherentzia (10 puntu gehienez).
–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (10 gehienez).
–Publikoarekin erlazionatzeko eta bitartekaritza izateko bide berriak erabiltzea. Proiektuak duen gaitasuna sorkuntza garaikidearekiko sentsibilizazioa lortzeko, hainbat estrategia eta jardueren bitartez, zeinek erraztuko baitituzte elkarrizketa, topaketa, ikuslea subjektu aktibotzat hartzea eta ikaskuntza elkarbanatua. (10 puntu gehienez).
–Honako hauek hartuko dira kontuan: inplikatutako eragileen dibertsitatea eta kopurua, bai diseinuan eta kudeaketan bai gauzatzean, proiektuaren dibertsitatea eta hartzaileen kopurua, eta kulturartekotasunaren sustapena. (5 puntu gehienez).
–Proiektuan euskara erabiltzea. (5 puntu gehienez).
b) Proiektuaren bideragarritasun eta azalpenean izandako zehaztasuna (10 puntu gehienez).
–Proiektuaren aurrekontuaren eta xedearen arteko proportzionaltasuna, bai eta argitasuna eta egokitasuna ere aurrekontuko partidetan (5 puntu gehienez).
–Argitasuna, laburtasuna eta zehaztasuna proiektua formulatzean, aurkeztean eta egituratzean (5 puntu gehienez).
c) Nafarroarekiko lotura. Gehienez ere 10 puntu.
–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.
d) Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu gehienez.
–Enpresak edo profesionalak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).
10 urte baino gehiago: 5 puntu.
7tik 9 urte bitarte: 3 puntu.
4tik 6 urte bitarte: 2 puntu.
Urte 1etik 3 urte bitarte: puntu bat.
–Enpresa edo profesionalaren lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (5 puntu gehienez).
7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita enpresa edo profesional eskatzailea bera agertzeko ere.
Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.
7.3. “Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” atalean 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.
7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
8. Diru-laguntza emateko ebazpena.
8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Horretaz gainera, enpresa edo profesional eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.
8.3. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean, zenbatekoarekin ados dagoela. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.
8.4. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: plancultura@navarra.es
9. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1. b) artikuluarekin bat. Deialdi honetan diru-laguntza lortzen duten proiektuak interes sozialekotzat joko dira foru lege horretan aurreikusitako pizgarri fiskalak aplikatzearen ondorioetarako. Pertsona fisikoek egiten dituztenean, alta emanik egon behar dute epigrafe hauetan: bigarren sekzioa (jarduera profesionalak), 86. multzoa, 861., 862. eta 863. taldeak; hirugarren sekzioa (arte jarduerak), 01., 02. eta 03. multzoak.
9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.
10. oinarria. Enpresa edo profesional onuradunen betebeharrak.
10.1. Onuradunek, salbu pertsona fisikoek, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.
Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez eta oinarri hauen III. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko dute.
10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
10.3. Laguntzen diren proiektuak 2018ko urtarrilaren 2tik azaroaren 23a bitarte egin beharko dira, bi data horiek barne.
10.4. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.
10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.
Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.
10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...).
Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke:http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.
Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).
Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.
10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.
Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.
10.8. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.
10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
11. Ordaintzeko moduak.
Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:
11.1. Oro har:
Oro har, behin enpresa edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.
Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.
Enpresa edo profesionalak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:
a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.
c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.
d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
e) Egindako jarduerei eta emaitzei buruzko azalpen memoria.
f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.
Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.2. Konturako ordainketa:
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, enpresa edo profesional onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.
Enpresa edo profesionalak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:
a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.
c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
12. Justifikatzeko epeak eta modua.
12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2018ko abenduaren 4a baino lehen, egun hori barne:
a) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.
b) Proiektuaren bukaerako memoria.
c) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.
d) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.
Konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek abenduaren 28a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.
Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.
12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.
12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.
13. Dirua itzultzea.
Enpresa edo profesional onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
Enpresa edo profesional onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publikoenak izan eta beste entitate pribatu edo publiko batzuenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.
14.2. Beste enpresa edo profesional batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.
14.3. Diru-laguntza hauek, norgehiagokako araubidean, bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
16. Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Obraren datuak eta kostuak, BEZa xehatuta (Excela).
III. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1807476
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
