113. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABAURREPEA

Hermendiko produktu naturalen aprobetxamendua arautzen
duen ordenantza. Behin betiko onespena

Abaurrepeko Udalak, 2016ko martxoaren 26an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Abaurrepeko udal-mugarteko hermendiko onddo, ziza eta gainerako natur produktuen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2016ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abaurrepean, 2018ko maiatzaren 6an.–Alkatea, M.ª Rosario Salón Arozarena.

PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDUARI
BURUZKO ARAUDIA

1.–Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Abaurrepeko Udaleko hermendiko produktu naturalen bilketa arautzea.

2.–Baimena izan beharra.

Abaurrepeko hermendiko produktu naturalen aprobetxamendua eginen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Mendien Erregelamenduari buruzko 59/1992 Foru Dekretuan (87-90 artikuluak), Mendiei buruzko Estatuko 43/2003 Legean (36. artikulua) eta Abaurrepeko Udalaren arlo horren gaineko ordenantzetan xedatuari jarraikiz.

3.–Baimenak ematea.

Arau orokorra da debekatuta dagoela produktu naturalak biltzea, Abaurrepeko Udalaren baimenik gabe. Bilketa egiteko baimenak txartel sistema baten bidez luzatuko dira; sistema horrek kategoria bakoitzaren arabera halako kupo batzuk biltzeko baimena ematen du.

Urteko txartelak eta bizilagunenak Abaurrepeko Udalaren bulegoetan bil daitezke, eta egunekoak, toki baimenduetan, erabakitzen den zenbatekoa ordaindu ondoan. Haietan titularraren datu pertsonalak, kupo baimenduak eta horien indarraldia agertuko dira.

Urteko txartelak titularrek eskaturik berrituko dira, urte bakoitzeko urtarriletik aurrera.

Bilketa egiten denean txartela aldean eduki beharko da, baita identifikazio agiriren bat ere, eta bai agintari eskudunei bai Abaurrepeko Udalak xede horretarako jartzen dituen pertsonei erakutsi beharko zaie, eskatuz gero. Hamalau urtetik beheitiko biltzaileek ez dute bilketa baimenik hartu beharrik izanen; hala ere, produktu naturalak biltzeko baimena duen heldu batekin joan beharko dute, hura izanen baita erantzulea.

Txartelak izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izanen dira.

Baimenekin batera, ordenantza honen eduki laburtua biltzen duen orrialde bat emanen die titularrei Udalak.

Abaurrepeko Udalaren herri-lurretan ikuskapena eginez gero, ulertuko da biltzailearen eskuetan dauden produktu natural guztiak Abaurrepeko hermendian bildu direla.

Udalak mugatzen ahalko du egunero eman beharreko txartelen kopurua, baita horien salmenta ukatu ere, biltzaile sobera etortzeak arriskuan jartzen badu aprobetxamenduaren iraunkortasuna.

4.–Baimen motak eta tarifak.

4.1. Baimen arruntak:

–Eguneko baimena.

10 kg produktu natural biltzen ahalko dira, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak. Egun baterako baimenaren zenbatekoa: 10 euro.

–Urteko baimena.

10 kg produktu natural biltzen ahalko dira eguneko, aprobetxamenduaren xede diren espezietakoak:

–Urteko egun guztietarako balio duena: 90 euro.

4.2. Baimen bereziak:

–Bizilagunendako baimenak.

Urteko egun guztietarako balio dute, egunero 10 kiloko mugarekin.

Abaurrepeko Udalean erroldaturik egon arren, ohiko bizilagun ez direnendako urteko baimena: egunero 10 kiloko mugarekin, 10 euro.

Abaurrepeko Udalean erroldaturik ez egon arren, lotura dutenendako urteko baimena: eguneko 10 kiloko mugarekin, 25 euro.

5.–Ibilgailuen sarrera.

Bilketa guneetara joateko ibilgailuetan baimenaren agiriak aginte-panelean egon beharko du, kontrola eta jarraipena egin ahal izateko.

Produktu naturalak biltzeko ahalmena ematen duten txartelek haiekin bat dute ibilgailua pista nagusietan sartzeko baimena.

Pistetan produktuak biltzeko datetan soilik sartzeko ahalmena ematen dute baimenek (data horiek Udalak ezarriko ditu eta argitara emanen dira) eta, nolanahi ere, errespetatu egin beharko da pista horietan sartzea aldi baterako mugatzen duen edozein seinale.

6.–Bilketarako berariazko arauak.

1. Debeku da bilketa gauez egitea, eguzkia ezkutatu baino ordubete lehenagotik eguzkia irten ondoren ordubete pasatu arte.

2. Ehiza denboraldian, Udalak herriko Ehiza Elkartearekin adostu egun eta tokietan egin daiteke bilketa, besteetan ez, arau hau betetzen ez duenaren erantzukizunpean.

3. Debeku da lurraren estratu humiferoa hondatu dezaketen arrasteluak eta bestelako tresnak erabiltzea.

4. Saskiak erabiliko dira eta ez plastikozko poltsak.

5. Errespetatu eginen dira zahartuta, hautsita edo bestelakotuta dauden aleak eta biltzekoak ez direnak.

6. Dauden pasabideak errespetatu beharko dira (erabili ondoren itxiko dira), baita alanbre hesiak ere (ezin izanen dira ukitu).

7. Debeku da arras adarrak moztea edo sasiak erauztea baiak, basaranak, etab. eskuratzeko.

8. Orobat, erabat debekatua dago mendian edozein motatako zaborra edo hondakina botatzea. Zaborra edo hondakinak poltsetan bildu eta herri hurbilenean botako dira, dagokion zaborrontzian.

7.–Funtsen xedea.

Txartelen salmentatik lortzen den diru guztia Abaurrepeko Udalaren herri-lurren kudeaketarako erabiliko da.

8.–Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 eurokoa izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Ordenantza honetan ezarritako zehapenek ez dute baztertzen beste zehapen batzuk ezarri ahal izatea indarra duen legeria ez betetzeagatik.

ERANSKINA

Aprobetxamenduaren xede diren produktu naturalen espezieak:

1.–Espezie mikologikoak: onddoak eta zizak.

2.–Basa baiak: basaranak, marrubiak, ahabiak.

3.–Sendabelarrak: kamamila, menda, ezkaia...

4.–Beste produktu natural batzuk: patxaka, gaztainak...

Iragarkiaren kodea: L1806643