113. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, Udaleko Obra Zerbitzuko arduraduna izateko
lanpostua merezimendu lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Atarrabiako Udaleko Obra Zerbitzuko arduraduna izateko lanpostua (C mailakoa) merezimendu lehiaketa bidez betetzea, hain zuzen ere plantillan 03 02 01 / 01 identifikazio kodea duena.

1.2. Merezimendu lehiaketa honako hauetan xedatuari jarraikiz ebatziko da: Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren 3. atala, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaiak C mailako ordainsariak jasoko ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarriari jarraikiz, baita Atarrabiako Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzari ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Lanpostuaren eginkizun edo ardura nagusiak: obra, lorategi, bide garbiketa eta hilerri zerbitzuak antolatu eta kontrolatzea, baita zerbitzu horiek atxikitako langileak ere, eta bere alorreko lanpostuetan aplikatzen diren laneko segurtasun eta osasun arloko arauak betetzea.

2.–Merezimendu lehiaketa bidez lortzen den lanpostua betetzeko baldintzak.

2.1. Arau aplikagarrietan ezarritakoarekin bat, merezimendu lehiaketaren bidez lortutako lanpostuan aritzeko epea sei urte natural artekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du lanpostu horretan, harik eta deialdi berria ebatzi arte.

2.2. Lanpostu baten titulartasuna merezimendu lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen beste burutza bat betetzeko inolako merezimendu lehiaketatara, hiru urte naturaleko epearen amaiera arte.

2.3. Muga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek izendatu zuteneko epea bete baino lehen burutza bati uko egiten badio.

2.4. Merezimendu lehiaketaren bidez lortutako lanpostu baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:

a) Sei urte naturaleko epea bukatzen denean.

b) Lanpostua kentzea, dagokion alorreko egitura organikoa aldatzearen ondorioz.

c) Norberak eskatuta.

d) Lanpostua hartu eta gero, haren eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko gauza ez izateagatik behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen bada, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzutea eman eta Langile Batzordeak bere txostena egin ondoan.

e) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.

f) Diziplina-espediente baten barnean, falta larri edo oso larriaren ondorioz, zehapena paratzen zaionean, edo prozesu penal batean desgaikuntza zigorra paratzen zaionean.

g) Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen dutenean.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen dutenean, dela Atarrabiako Udalean eta haren erakunde autonomoetan, dela beste edozein administrazio publikotan.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdian lehiatu nahi direnek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta izendatzeko unean ere, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Atarrabiako Udalaren plantillako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, C mailakoa, zerbitzu anitzetako ofizial lanpostu baten titular gisa, Udaleko Obren Zerbitzuan.

b) Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

c) C motako gidabaimena izatea.

4. Eskaerak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, hamabost egun naturalean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotuko zaizkio; haietan adieraziko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla.

4.2. Eskabideari izangaiak lehiaketaldian baliatu gogo dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia kautotuak gehituko zaizkio.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

5.–Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek bost egun naturaleko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akats formalik bada, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan zehaztuko da 7.a) oinarrian aipatzen den lan-memoria aurkezteko epea.

5.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.5. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkatea. Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikide-idazkaria: Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaikidea: Hirigintza Batzordeko burua. Ordezkoa: Hirigintza Batzordeko kide bat.

Epaimahaikidea: Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria. Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Langileen Batzordeak izendatu beharreko mahaikidea.

6.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta Alkatetzari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeraren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

6.4. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketako elementuen kalifikazioa.

Epaimahaiak honako baremo honen arabera baloratuko ditu lehiaketa honetan kontuan hartuko diren elementuak:

a) Lehiaketaren xede den lanpostuari buruzko lan-memoria: 25 puntu gehienez.

Deialdiko lanpostua eskuratu nahi dutenek lan-memoria aurkeztu beharko dute, lehiaketako izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendan zehazten den epean. Hartan, azterketa bat eginen da lanpostuaren egitekoei eta hartan aritzeko behar diren betekizun, baldintza eta baliabideei buruz, baita Udaleko Obra Zerbitzuaren antolaketa tekniko-administratiboari buruz ere.

Izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du bere lan-memoria, epaimahaiaren aitzinean. Ekitaldi horretan, epaimahaiak, egoki iruditzen bazaio, izangaiak aurkeztutako merezimenduei buruzko galderak egin ditzake, bai, halaber, lehiaketaren xedeko lanpostuaren ezaugarrietara nola moldatzen den ikusteko galderak.

Izangairen bat lan-memoriaren ahozko azalpen eta defentsara ez aurkezteak berarekin ekarriko du lehiaketatik besterik gabe baztertzea.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba egin ondoren, Udalaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak.

Proba honen emaitzen kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz. Erreklamazioak ebatzi ondotik, proba psikoteknikoa egiteko eguna eta tokia zehaztuko dira.

b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

c) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

e) Balorazioa euskara jakiteagatik: 15 puntu gehienez.

Izangai bakoitzak aurreko hiru atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimenduen balorazioaren kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

Merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Merezimenduen emaitzak baloratu eta argitaratuko dira lan-memoriari buruzko proba egin ondotik. c), d) eta e) letretan adierazitako merezimenduak baloratuko zaizkie soilik oinarri honetako a) letrako proba gainditu duten izangaiei.

a) letrako memoriaren balorazioa izangai bakar batek gainditzen badu, b), c), d) eta e) letretako merezimenduak ez dira baloratuko, baztergarriak ez direlako.

8.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.

Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, Atarrabiako Udaleko iragarki oholean eta www.villava.es web-orrian argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak, eta deialdiaren 7.a) oinarrian agertzen den proba gainditu duten lehiatzaileen zerrenda, lehiaketako ataletan guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igorriko dio Alkatetzari.

Alkateak puntuaziorik handiena lortu duenaren aldeko izendapena eginen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izangai izendatuak izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

Behar bezala frogatutako ezinbestekoetan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu esleitu zaion lanpostuan aritzeko. Halakoetan, gainditu dutenen zerrendako hurrengo lehiatzaileak beteko du hutsunea; oinarri honetako lehen paragrafoak aipatzen da zerrenda.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Oposizioaldia bururatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udaleko iragarki oholean, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizioaldian eta lehiaketaldian izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak batuta.

9.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean, baita beste agiri gehigarri batzuk ere, Udalak eskatzen badizkio.

9.4. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua formalizatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ukatu gabe ere eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Atarrabian, 2018ko apirilaren 12an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

–Deialdi honetako lanpostuan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 2 puntu.

–Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,5 puntu.

Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak administrazio kontratatzailearen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira; hartan hauek agertuko dira: lanpostua, maila profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero adierazi beharko da portzentajea edo ordu kopurua) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera datak.

Oharrak:

1. Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

2. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

3. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

4. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emango zaie izangaiei.

5. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

2.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

Lanpostuaren eginkizunekin zuzenean lotura duen edukiaren gaineko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: puntu bat kreditu akademiko bakoitzagatik edo, haren baliokide dena, 10 orduko.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 10 ikastorduko balorazioa emango zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 120 ikastorduko balorazioa emango zaie.

4. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

3.–Balorazioa euskararen ezagutzagatik: 15 puntu gehienez.

Euskararen ezagutzagatik gehieneko puntuazioa jasoko dute B2 maila ahoz eta B1 maila idatziz daukatela egiaztatzen dutenek.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezartzen dira maila horiek. Ezagutza maila apalagoa dutela egiaztatzen dutenei proportzioan baloratuko zaie.

Ezagutza maila frogatu ahalko da izangaiak hizkuntza mailaren proba bat gaindituta, eta interesdunek hautaketa prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean eskatu beharko dute proba hori egitea. Euskararen ezagutza proba egitea eskatzen duten izangaiei, epaimahaiak hizkuntza maila zehazteko proba egiteko deituko die, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Ofizialki onartutako titulu eta ziurtagiriak dituzten izangaiak salbuetsirik daude proba horiek egitetik; horretarako tituluaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute hautaketa prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean. Ez dira onartuko azterketa-txartelak ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak.

Iragarkiaren kodea: L1807197