113. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Laburpena, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 22E/2018 Foru Aginduarena. Foru agindu horren bidez, “Zinema bultzatzeko laguntzen 2018ko deialdia. Generazinema” izeneko diru-laguntzen deialdia onetsi da.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa aldizkari honen “Diru-laguntzak, laguntzak eta bekak” izeneko atalean kontsulta daiteke, bai eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean ere (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index): DDBN (identifikazioa): 399878.

Lehena.–Onuradunak.

Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

–A modalitatea: pertsona juridiko pribatu independenteek nahiz ekonomia intereseko taldeek.

–B eta C modalitateak: pertsona fisiko independenteek nahiz pertsona juridiko pribatu independenteek.

Bigarrena.–Xedea.

Deialdi honen helburua zinemagintzarako laguntzak ematea da. Deialdi honetan hiru laguntza modalitate ditu:

–A modalitatea: film luzeen ekoizpenerako laguntzak.

Deialdi honen ondorioetarako, “film luzea” izanen da 60 minututik gorako ikus-entzunezko obra oro (fikzioa, dokumentala nahiz animazioa), zinema aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman merkataritzako ustiapenerako erakustea xedea duena.

–B modalitatea: Film laburren ekoizpenerako laguntzak.

Deialdi honen ondorioetarako, “film laburra” izanen da 60 minututik beherako ikus-entzunezko obra oro (fikzioa, dokumentala, animazioa edo telebistarako ekoizpenak), zinema aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman jendaurreko emanaldi komertzialetan erakusteko helburua duena.

–C modalitatea: Film luzeak ekoizteko proiektuetarako laguntzak.

Film luzearen proiektua garatzeko fasearen berezko operazioak izanen dira ekoizpen fasea baino lehenago egiten direnak, eta, batik bat, ondoko hauek: gidoia behin betiko idaztea, aktoreen hautaketa prestatzea, ekoizpen plana prestatzeko lanak, dokumentazio lanak eta filmatzeko tokiak bilatzekoak, Espainiako edo nazioarteko laguntzak jasotzeko proiektua prestatzea, baliabide ekonomikoak eta salmentarako hasierako planak kudeatzea, aurrekontua eta finantzaketa plana prestatzea, proiektuaren alderdi teknologikoei buruzko lanak eta film luzea gauzatzeko fasean funtsezkotzat jotzen diren beste kontzeptu batzuk. Proiektu zinematografiko bat garatzeko laguntza emateak ez dakar berarekin hurrengo urteetan proiektu hori ekoizteko laguntza eman beharra.

Laguntza jasotzen duten A eta B modalitateko proiektuek 2018ko urriaren 31 baino lehen hasi beharko dituzte filmaketa-lanak, egun hori barne, eta filma 2019ko urriaren 31rako bukatu beharko da, egun hori barne.

C modalitatean parte hartzen duten eskatzaileek 2018ko urriaren 31ra arte, egun hori barne, aurkeztu ahal izanen dute Administrazioaren aurrean proiektu onuraduna egiteko beharrezko gastuaren justifikazioa, bai eta eskaeran adierazitako lanak egin direla erakusten duten materialak eta/edo agiriak ere.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

22E/2018 Foru Agindua.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

Diru-laguntza hauek finantzatzeko, 520.000 euro bideratuko dira gehienez. Aurrekontua honela banatuko da:

–A modalitatea: film luzeen ekoizpenerako laguntzak: 390.000 euro.

–B modalitatea: film laburren ekoizpenerako laguntzak: 90.000 euro.

–C modalitatea: film luzeak ekoizteko proiektuetarako laguntzak: 40.000 euro.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 21ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1806931