113. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Aldaketa, Herri-larreen aprobetxamendua arautzen
duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2018ko martxoaren 15eko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Oteitzako herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren 14. eta 16. artikuluetan.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2018ko martxoaren 14an.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.

OTEITZAKO UDALAREN HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Aurkibidea

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

II. TITULUA.–Administrazioa eta xedapen egintzak.

III. TITULUA.–Herri-ondasunen aprobetxamendua.

I. kapitulua.–Xedapen orokorrak.

II. kapitulua.–Herri-larreen aprobetxamendua.

IV. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ematea du xede Oteitzako Udalaren mugapeko herri-lurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua antolatzearren.

2. artikulua. Herri-ondasunen izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

3. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta erabilera

4. artikulua. Oteitzako Udalari dagokio herri-larreen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurren aprobetxamenduen inguruan Oteitzako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

III. TITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Oteitzako Udala herri-larreen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

6.1 artikulua. Orokorrean, Oteitzako herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

6.2 artikulua. Familia unitateko kideak izango dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

7. artikulua. Oteitzako Udaleko herri-larreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da bertze finka partikular batzuekin, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkalekuen lote hauetan banatzen da:

a) Zamaka eta Lauzola, 9.932 erregukoa.

b) Balsaberria eta Florin, 9.640 erregukoa.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri, 7.425 erregukoa.

8. artikulua. Adjudikazio hartzaileek ondoko artegiak erabil ditzakete abereak biltzeko, nork bere lotean:

a) Zamaka eta Lauzola: Garosko artegia.

b) Balsaberria eta Florin: Ingarisungo artegia.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: Villa edo Maureteko artegia eta Garcíako artegia.

Artegi horietan egin beharreko konponketa txikiak adjudikazio hartzaileen kontura izanen dira. Kontratua bukatutakoan, adjudikazio hartzaileek txukun-txukun utzi beharko dituzte, eta haien kontura izanen dira horretarako egin beharreko konponketak.

9. artikulua. Bazkalekuen adjudikazio hartzaileek ezin izanen diote Udalari inolako kalte-ordainik eskatu, egungo idoi, iturri edo askak agortzen badira, haien bizkar izanen baita beren aziendak urez hornitzea. Hala ere, bazkalekuren batek urik badu, Udalak harako bidea emanen die urik ez duten bazkalekuen onuradunei, inolako erreklamaziorik egiteko aukerarik gabe.

10. artikulua. Bazkalekuetan sute batek larreak suntsitzen baditu, osotara nahiz partez, ukituriko abeltzainak ez du eskubiderik izanen Udalari dirurik batere erreklamatzeko. Udalak ez du inolako erantzunbeharrik izanen haren galeretan eta, beraz, osorik ordaindu beharko dute errenta eta orobat bete kontratuaren beharkizun guztiak. Bide irekia geldituko da, nolanahi, erantzukizunak eskatzeko kalteen eragileari edo eragileei.

11. artikulua. Oteitzako Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

12. artikulua. Ordenantza honen 6.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izango dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

13. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

14. artikulua. Adjudikazioak zortzi urte iraunen du, 2018tik 2026ra arte, eta gero horren segidan.

Ereindako eta basoberritutako lurrak errespetatu behar dira, eta debeku da haietan larratzea.

Herri-larreak lurzatiak berrantolatzeko prozesu batean sartzen badira, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, eta Udalak aprobetxamendu horiek adjudikatzeko epea iraungi dezake adjudikazio hartzaileak kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izan gabe. Berriz adjudikatzen ahal dira, herri-larreak arautzen dituen ordenantza berria onetsi ondoren.

15. artikulua. Oteitzako Udalak zehazten ahalko du herri-larre bakoitzak jasan dezakeen abelburu karga:

a) Zamaka eta Lauzola: ardi-aziendako 1.000 buru.

b) Balsaberria eta Florin: ardi-aziendako 1.000 buru.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: ardi-aziendako 800 buru.

16. artikulua. Zenbat azienda hartzen ahal duten eta larreen kalitatea kontuan harturik, Oteitzako Udalak, bazkaleku loteak aprobetxatzeko, honelako kanonak finkatu ditu:

a) Zamaka eta Lauzola: 700 euro.

b) Balsaberria eta Florin: 700 euro.

c) Kortaberrieta eta Kabañatxuri: 700 euro.

17. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen goitibeheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (gizentzeko ardien KPIa) kontuan hartuz.

18. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona otsailaren 28rako ordaindu beharko da, errentamenduak irauten duen bitartean.

19. artikulua. Fidantza. Adjudikazio hartzaileek behar adinako bermea utziko dute Udalaren alde hogei eguneko epean, adjudikazioa behin betiko ematen den egunetik aurrera.

20. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

21. artikulua. Prozedura. Oteitzako Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Herriko Etxeko iragarki oholean ediktua agertuta, 15 eguneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

22. artikulua. Udalak edo Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emango zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuaren abere karga baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudikatzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

23. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

24. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

25. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

d) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

e) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

f) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

g) Azienda Oteitzako herrigunean barna ibiltzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

26. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izango dituzte:

–a), b) eta d) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

–c) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1806963