113. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

265/2018 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez diru-laguntza deialdi bat onesten baita desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten oporraldian, hau da, 2018ko ekainaren 25etik irailaren 7ra arte, biak barne, hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Udako eskolara joateko bekak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42190 4809 322402 partida dago.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du diru-laguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten oporraldian, hau da, 2018ko ekainaren 25etik irailaren 7ra arte, biak barne, hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten oporraldian, hau da, 2018ko ekainaren 25etik irailaren 7ra arte, biak barne, hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 30.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko aurrekontuko “Udako eskolara joateko bekak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42190 4809 322402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agirira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 31n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da eskola-adinean dauden seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzea, laguntza izan dezaten oporraldian, hau da, 2018ko ekainaren 25etik irailaren 7ra arte, biak barne, hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Hiru eta hogeita bat urte bitarteko ikasleak, urteak 2018ko abenduaren 31rako beteak izanik, eta eskolaturik daudenak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua izatea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea, betiere sintomak bateragarriak badira eta ikasleak ez baditu 7 urte bete 2018ko abenduaren 31n.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

–Udako hezkuntza jarduerara joatearen komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

Hirugarren oinarria.–Betebeharrak frogatzeko modua.

–Eskaera-orria, eredu normalizatuaren arabera.

–Eskatzailearen (aitaren/amaren/legezko tutorearen) NANaren fotokopia. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

–Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.

–Izen oneko profesional baten txostena, hezkuntza jarduera komenigarria dela eta haren helburuak adierazten dituena.

–Ikaslea hezkuntza jardueran parte hartu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (erroldatzea).

–Eskatzailearen familia unitateko kideek 2016an aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik ez baldin badu egin 2016. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2016. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2016. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

–Hezkuntza jarduera antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, jardueraren ezaugarriak azaltzen dituena (iraupen egunak, jardueren programa edo esku-orria), baita izena ematearen ziurtagiria ere.

–Transferentzia bidez kobratzeko eskaera (kontuaren titularra bat etorriko da eskatzailearen izenarekin eta bi deiturekin).

–Hezkuntza jarduera ordaindu izanaren erreziboa (2018ko irailaren 10a baino lehen aurkeztuko da), kuota oso-osorik ordaindu dela agertzen duena, eta, horrez gainera, baita datu hauek ere:

  • Semearen edo alabaren izena.
  • Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatea edo pertsona.
  • Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

–Hezkuntza jarduerara bertaratzearen ziurtagiria (2018ko irailaren 10a baino lehen aurkeztu).

–Agiri bidezko ziurtapen ofiziala, fotokopien bidez, deialdi honen 5.3 puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.

–Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera (II. eranskina).

Eskatzaileak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko ditu.

Dokumentazioa aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Hezkuntza Departamentuari Ogasun Publikoan informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bere zerga betebeharrak bete dituen.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Udako hezkuntza jardueraren inskripzioaren kostua ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo ikaslearen legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Laguntza eskaerak, ahal dela, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (San Domingo aldapa, z.g. 31001 Iruña), Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren hirugarren oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Balorazio Batzordeak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Bosgarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.

5.1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:

a) Familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (zerga aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa) eta hortik ateratzen dena familia unitateko kideen artean zatituko da.

b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2016ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik ez baldin badu egin 2016. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, eskabidearekin batera deialdi honen hirugarren oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, justifikatzen den ordainketari taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio, familia bakoitzaren errenta per capitaren arabera (EPC), honako baremo ekonomikoari segituz:

–EPCa<5.000 euro: %90.

–5.001 eurotik 8.000 eurora bitarteko EPCa: %80.

–8.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko EPCa: %70.

–10.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko EPCa: %60.

–15.001 eurotik 20.000 eurora bitarteko EPCa: %55.

–EPCa>20.000 euro: %50.

5.3. Diru-laguntza jasotzeko orduan berdintasuna bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:

–Familia ugaria. Familia ugaria izatea fotokopiaren bidez frogatuko da.

–Parte-hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme-alabaren bat izatea. Minusbaliotasuna izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da.

–Familiak gizarteratze errenta bat jasotzea. Gizarte errentaren emakidaren ebazpen bidez frogatuko da.

–Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izatea. Genero-indarkeriaren biktima izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emanen dute ziurtagiri hori.

5.4. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

5.5. Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatu eginen da, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jaso dezan.

Seigarren oinarria.–Prozedura.

6.1. Eskaerak baloratu ondoren, emanen eta ukatuko diren laguntzen behin-behineko proposamena prestatuko du batzordeak. Proposamen hori Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, eta horren berri emanen zaie eskatzaileei, jakinaren gainean egon daitezen, eskaeran emandako helbide elektronikoaren bidez. Gainera, emandako laguntzen zerrenda hori Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitaterako Zerbitzuetako irakasle bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

6.2. Behin-behineko proposamenarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari. Horretarako,10 egun naturaleko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko ditu onartutako eta baztertutako laguntzak, bai eta aurkeztutako eta erreklamazioen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan.

Zazpigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko tratamenduaren guztirako kostua.

Zortzigarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin eta 15 egun naturaleko epean komunikatu beharko da.

Halaber, eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

Bederatzigarren oinarria.–Justifikazioa.

Laguntzak kobratzeko, onuradunek justifikatu beharko dute, alde batetik, hezkuntza jarduerara joan izana, eta bestetik, egindako ordainketa, behar diren egiaztagiriak aurkeztuz 2018ko irailaren 10a baino lehen.

Hamargarren oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren eta ordainketaren ebazpena eman ondoan.

Hamaikagarren oinarria.–Diru-itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

Hamabigarren oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzen dituztenak, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.

Hamahirugarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarri gabekoetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamalaugarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1807408