112. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

313/2018 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Funesko eta Alesbesko udal mugarteak aldatzeko espedientea hasi, jendaurrean jarri eta udal horiei entzunaldia ematea xedatzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako udalak sortu eta ezabatzeko prozesuak, baita beren mugarteak aldatzekoak ere, foru lege horretan eta berau garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

Arau horren 2. apartatuak adierazten du aipatutako prozesuetako xedeak hauek izanen direla:

a) Udal eskumeneko zerbitzuen eskaintza hobetzea.

b) Kasuan kasuko toki entitateen kudeaketa ahalmena handitzea.

c) Udal mugarteak errealitate fisiko, demografiko, urbanistiko eta kulturaletara egokitzea.

d) Tokiko arazoetan herritarren partaidetza erraztea eta zerbitzuak benetan ematen direla bermatzea.

Era berean, arauaren hirugarren apartatuak xedatzen duenez, udalak sortu eta ezabatzeko prozesuek, baita mugarteen aldaketek ere, inoiz ezin izanen dute hirigune jarrai bat udal mugarte batean baino gehiagotan zatitzea ekarri.

Arauaren 15. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du, halaber, udal mugarteak alda daitezkeela, besteak beste, udal baten edo batzuen lurraldearen zati bat banatu eta beste bati edo batzuei gehitzeko, eta 2. apartatuak, berriz, gisa horretako aldaketak egiteko beharrezkoa dela mugarteak mugakide izatea.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du udal mugarteak aldatzeko ekimena, 15.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartarako interesa duten herritarrena eta udalarena edo udalena ez ezik Nafarroako Gobernuarena ere izan daitekeela. Ekimena gauzatu ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak bete beharreko prozeduran hauek egin behar dira: espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean izatea, ukitutako udal eta kontzejuei entzunaldia ematea epe horretan berean, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpena, Estatuko Administrazioak horren berri duela. Aldaketaren gaineko ebazpena ematea Nafarroako Gobernuari dagokio.

Kasu honetan, proposatu den aldaketaren jatorria Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 408/2017 Ebazpena da, zenbait udalerritako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta hobekuntza geometrikoa egiteko lanei hasiera ematea xedatzen duena. Udalerri horien artean daude, besteak beste, Funeskoa eta Alesbeskoa. Testuinguru honetan, 2018ko martxoaren 12an Toki Administrazioaren Antolamenduaren Atalak egindako txostenean ondorioztatu zenez, lerroaren tarte batean udalek adostutako muga “udal mugarteen aldaketa” da, eta udal batzordeek ere tramite hau egin behar dela onartu zuten, beti ere Nafarroako Gobernuaren ekimenez. Arestian aipatutako txostena, martxoaren 12koa, espedientean dago, eta bertan aldaketaren arrazoia azaltzen da, bai eta adierazi ere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13. c) artikuluan jasotako kasua dela.

Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduan (uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia), 14.1 artikuluan, ezarritakoarekin bat, espedientean honako hauek biltzen dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta, eta espedientean eskatzen den gainerako dokumentazioa; eta proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6/1990 Foru Legearen 13., 14. eta 15. artikuluetan banaketarako aurreikusitako oztopoetatik bat ere ez dagoenez, bidezkoa da espedienteari hasiera ematea eta jendaurreko tramitea eta ukitutako udalei entzunaldia ematekoa betetzea Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Funesko eta Alesbesko udal mugarteak aldatzeko espedienteari hasiera ematea.

2. Espediente hori jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea udalei eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Lur-ondasunen Zerbitzuari.

3. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu entitateei entzunaldia emateko epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Hortaz, espedientea Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Arrieta kalea, 12-3.a) egonen da aztergai.

4. Ebazpen hau Funesko eta Alesbesko udalei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Irekiaren Atarian emanen da argitara.

5. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Antolamendurako Zerbitzuari agintzea espedientearen hurrengo tramiteak egin ditzala.

Iruñean, 2018ko ekainaren 4an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1807484