112. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

254/2018 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien oinarriak onesten dituena 2018rako.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko Lan Zerbitzuak, Administrazio honetako beste departamentu batzuekin lankidetza eginez, Nafarroako Lan Autonomoaren 2017-2020ko I. Plana ari da garatzen. Aipatu planean, anbizio handiko jarduketak jaso dira, xedetzat dutenak autoenpleguari ahal den babes handiena ematea eta enpresak sortzen laguntzea. Zortzi ildo estrategikotan antolatu dira jarduketa horiek.

“Posizionamendua hobetzea” izeneko 8. ildo estrategikoa honakoan datza: autonomoaren ikusgarritasuna hobetzea, barnekoa eta kanpokoa, eta, zehazki, autonomoen lanaren bikaintasuna aitortzea.

Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako gizartearen aurrean Nafarroako profesional askoren lana eta ardura aitortuko dituen sari bat sortzea eta mantentzea. Zehazki, erreferentziazko urteko ekitaldi bat sortzeko lan egin da Nafarroako autonomoei babesa eta aintzatespena ematea errazteko eta bultzatzeko, eta bide batez, ekintzaileak diren pertsonei pizgarri bat eskaintzeko.

Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sariek, berez, sustapen eta babes ekintza osatzen dute Nafarroako Autonomoen Jardunaldiaren barnean, eta xedetzat dute Nafarroako gizartea kontzientziatzea autonomoaren figurari buruz eta Nafarroako Foru Komunitateko ekonomiaren antolamenduan duen zeregin erabakigarriari buruz.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sariak” izena ematea sari hauei.

2. Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien oinarriak onestea 2018rako. (Eranskina).

3. Ebazpen hau epaimahaikideei igortzea eta ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 29an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko 2018ko sarien xedea da Nafarroako Foru Komunitateko autonomoen lana eta ardura aitortzea.

2. oinarria.–Hartzaileak.

Deialdi honetako sarietarako eta aitorpen edo aipamen berezirako hautagai izaten ahalko dira Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide berezian edo kasuan kasuko lanbide elkargoaren mutualitatean alta egoeran dauden edo egon diren pertsonak eta beren jarduera Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen edo gauzatu dutenak.

3. oinarria.–Sariak.

Hamasei sari emanen dira osotara eta aitorpen edo aipamen berezi bat.

Sari bana emanen da modalitate hauetako bakoitzeko:

–1. modalitatea: enpresa arloko esperientziarik onena.

–2. modalitatea: emakumeen enpresa arloko esperientziarik onena.

–3. modalitatea: gazteen enpresa arloko esperientziarik onena.

–4. modalitatea: desgaitasuna duten pertsonen enpresa arloko esperientziarik onena.

–5. modalitatea: enpresa arloko esperientzia berritzailerik onena.

–6. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien sektorea.

–7. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: iturgintza, elektrizitatea, berokuntza, klimatizazioa, gasa eta suteen prebentzioa eta ingeniaritzak.

–8. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: eraikuntza, zurgintza, ebanisteria, pintura, igeltserotza, beiragintza, arkitektura, barne-diseinua eta paisajismoa.

–9. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: merkataritza, ehungintza eta zapatagintza.

–10. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: ibilgailu motordunen eta motozikleten konponketa, metalaren sektoreko tailerrak.

–11. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: garraioa eta biltegiratze-lana.

–12. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: ostalaritza, gozotegiak eta prestalekuak.

–13. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: informazioa, komunikazioa, marketina eta publizitatea, informatika, robotika, jarduera administratiboak, aholkularitzak, abokatuak, gizarte graduatuak eta zerbitzu osagarriak.

–14. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: hezkuntza eta prestakuntza.

–15. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: osasunarekin (fisikoa eta mentala) lotutako jaduerak, edertasuna eta zainketak, farmazia eta animalien munduarekin lotutako guztia.

–16. modalitatea: gremio hauetakoren bateko profesionalik onena: jarduera artistikoak, aisialdikoak eta entretenimenduzkoak eta zerbitzu soziokulturalak.

Era berean, aitorpen edo aipamen berezia eginen zaio epaimahaiaren aburuz horrela merezi duen pertsonari, aintzat hartuta pertsona horrek urtez urte garatu duen jarduera horretan egindako ibilbide profesionala eta horren eragina edo garrantzia bere inguruan eta Nafarroako gizartean.

4. oinarria.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Hautagaitzak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten ahal dira, edo aurrez aurre Garapen Ekonomikorako Departamentuko Erregistroan (Tomás Caballero parkea, z.g., Iruña). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

Helbide elektronikoaren bidez ere aurkezten ahal dira hautagaitzak (trabajoautonomo@navarra.es).

4.2. Hautagaitzak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Sarirako hautagaiak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

5. oinarria.–Saria emateko irizpideak.

Erabakia hartzearren, epaimahaiak aurkezten diren hautagaien balorazioa eginen du, irizpide hauen arabera, hautagai bakoitzarekin ponderazio berbera erabiliz:

a) Autonomoaren ibilbide profesionala urtez urte garatu duen jardueran.

b) Jardunbide egokiak, proposatutako pertsonak egindako lanaren internazionalizazioa edo eragin soziala.

c) Interesgarritzat jotzen den beste edozein alderdi, behar bezala arrazoiturik.

Hautagaitzak objektibotasun, gardentasun eta berdintasun irizpide zorrotzei jarraikiz baloratuko dira.

6. oinarria.–Dokumentazioa.

Interesdunek zein modalitatetan lehiatu nahi duten, horretan aurkeztuko dute hautagaitza eta/edo aipamen berezian, eta horretarako, ondoko dokumentazio hau erantsi beharko dute:

a) Hautagaitza aurkezteko inprimakia, horretarako prestatu den ereduaren arabera, hautagaitzaren xedeko autonomoen taldeko pertsonaren izena eta harremanetarako datuak azalduko dituena.

b) Azalpen memoria (500 hitz gehienez), delako autonomoa aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartzen diren merezimenduen frogagarri.

c) Nahi izanez gero, hautagaiaren aldeko gutunak aurkezten ahal dira.

d) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

Antolatzaileak, bidezkotzat jotzen duenean, pertsonei proposatzen ahal die lehiatzen duten modalitatea aldatzea.

Ez dira sarituko aurreko edizioetan sarituak izan diren pertsonak.

7. oinarria.–Hautagaitzetan egindako akatsen zuzenketa.

Hautagaitzak goitik behera beteak aurkezten ez badira, edo behar den dokumentazio guztia eransten ez bada, interesdunari errekerimendua eginen dio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak gehitu ditzan, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela, aurretik behar den ebazpena emanik.

8. oinarria.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

8.1. Epaimahai bakarra izanen da modalitate guztietarako. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideek osatuko dute epaimahaia.

8.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek ordezkari bidezko botoa erabiltzen ahalko dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta deialdi honetan saria emateko jasotako irizpideei jarraikiz hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak agertu beharko dira bertan.

8.3. Genero-parekotasuna helburu izanik, epaimahaiak onartu beharko du sarien %40 gutxienez emakumezkoei emanen zaizkiela.

8.4. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da. Gainera, oinarriak interpretatzeko eta funtzionamendu arauak zehazteko ahalmenak ditu.

8.5. Erabakia jendaurrean jakinaraziko da; horren bidez, aditzera emanen da sariak zein pertsonari eman zaizkion, edo, kasua bada, saria eman gabe gelditu dela.

8.6. Hona zertan datzan sari bakoitza: diploma bat eta trofeoa. Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako kontseilariak emanen ditu, 2018ko irailaren 29an horretarako antolatuko den ekitaldi publikoan.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Nafarroako Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien 2018ko deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

2018an Autonomoen Lana Aitortzeko Sarietarako hautagaitza aurkezteko inprimakia.

2018an Autonomoen Lana Aitortzeko Sarien aipamen berezirako hautagaitza aurkezteko inprimakia.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1807166