1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
151/2018 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda, kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.
2018ko apirilean eurite ugari izan dira Ebroko eta Kantauriko arroetan. Zehazki, metro koadroko 200 litro baino gehiago eman dute Nafarroako Kantauriko eta Pirinioetako goi-ibarretan, eta metro koadroko 120 litro baino gehiago Erriberan. Horiek direla-eta uhaldiak izan dira, ia aldi berean, Ebroko ezkerraldeko ibaiadar nagusietan, mendebaldetik ekialdera, Zadorratik Gallego ibaira, Ega, Arga eta Aragoi Nafarroako ibaiak ere harturik. Horren ondorioz, aparteko uraldia gertatu da Ebroko ardatzean.
Euriteen erregistroen eta Nafarroako Gobernuaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren ur-emaria neurtzeko estazioetako sareen denbora errealeko datuen arabera, ohiko uraldiak baino handiagoak eta gainezkatzeak izan dira Ega, Arga, Aragoi, Arakil eta Ebro ibaien arroetan.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udalerri eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo/eta konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.
Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.
Gaia dela-eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak du aipatutako eskumena, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioz, horren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuenak ere.
Ondorio horretarako, foru legea garatuko duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei eskatu dagozkien laguntzak.
2018ko apirilean aparteko uholdeak gertatu dira Foru Komunitatean, izandako euri bortitzen ondorioz.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak txosten bat egin du, eta bertan adierazi du, bere eskumenaren eremuan duen informazioari jarraikiz, zer udalerrik sufritu dituzten aparteko uholdeen kalteak.
Era berean, Babes Zibilerako Zerbitzuak egindako txostenean aparteko uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda agertzen da, ibai-arroen arabera ordenatuta.
Txosten horiek oinarri hartuta, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak atariko kontsulta argitaratu zuen Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian, halaxe argitaratu ere: “Atariko kontsulta, euriak eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrendari buruzkoa, horiei dagozkien salbuespenak eta konpentsazioak zehazten dituena”. Kontsulta horretarako emandako epean, hamalau udalerrik eskatu dute udalerri ukituen zerrendan sartzeko. Eskaerak ikusirik, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak eta Babes Zibilerako Zerbitzuak txosten bana eman dute, hamalau udalerri horiek zerrendan sartzearen aldekoak biak.
Ondorioz, bidezko da 2018ko apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatu aparteko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onestea, aipatu datetan deskribatutako fenomenoek eragindako kalteen ondorioak arintzearren, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak aplika daitezen.
Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da Nafarroako Foru Komunitatean 2018ko apirilean gertatu eurite handiek eta uholdeek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta konpentsazioak ezartzea.
11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak ekitaldi honetan emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2018ko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Foru aginduaren proiektuak aldeko txostena jaso du Toki Araubideko Foru Batzordearen eskutik 2018ko maiatzaren 10ean egindako bilkuran.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak emandako eskudantziak aplikatuz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuari (horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuari loturik,
AGINDU DUT:
1. Foru Komunitatean 2018ko apirilean izandako aparteko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onestea:
Zare, Ibargoiti, Orbaizeta, Orbara, Lerga, Irunberri, Auritz, Abaurregaina, Itzagaondoa, Ledea, Lizoain-Arriasgoiti, Elo, Untziti, Urrotz-Hiria, Galipentzu, Alesbes, Caparroso, Kaseda, Martzilla, Mélida, Santakara, Altsasu, Arakil, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Ziordia, Etxarri Aranatz, Uharte Arakil, Irañeta, Iturmendi, Lakuntza, Olazti, Urdiain, Itza, Ollo, Artazu, Beraskoain, Berbintzana, Burlata, Ziritza, Etxarri, Etxauri, Ezkabarte, Faltzes, Girgillao, Uharte, Larraga, Mañeru, Mendigorria, Miranda Arga, Oltza Zendea, Iruña, Azkoien, Gares, Bidaurreta, Atarrabia, Zabaltza, Cortes, Buñuel, Ribaforada, Fustiñana, Cabanillas, Fontellas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Castejón, Milagro, Cadreita, Funes, Azagra, Lodosa, Lizarra, Cárcar, Andosilla, San Adrián, Lerin eta Ameskoabarrena, Burgi, Galar, Aribe, Orotz-Betelu, Tafalla, Erriberri, Beire, Pitillas eta Murillo el Cuende.
2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 123/2018 Foru Aginduaren 17.1.f oinarriaren arabera jokatuko da, foru agindu honetan aipatzen diren udalerrietan ukitutako eremuak atenditzeko. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.
3. Foru agindu honen 1. apartatuan aipatutako herrietako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, lur ondasunen gaineko kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako higiezin horiei dagokienez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.
4. Foru agindu honen 1. apartatuan aipatutako herrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.
5. Foru agindu honen 1. apartatuan aipatutako herrietan eraikuntzak, instalazioak eta obrak dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira gertaera horiek izan diren ekitaldian, zergaren xedeko instalazio, eraikuntza eta obra kaltetu den portzentaje berean, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.
6. Foru agindu honen 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatu eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten zergako diru-sarrerak konpentsatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2018ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateendako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik” izeneko 780001 78100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2019ko, 2020ko, 2021eko eta 2022ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.
7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan aplika daitezkeen beste laguntza batzuenak ere.
Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.
8. Foru agindu honetan ezarritako zerga-salbuespenak eskuratu nahi dituzten pertsona fisiko eta juridikoek eskaera egin beharko dute, zeinek bere udalean, 2018ko urriaren 31 baino lehen.
Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako aitorpena erantsi beharko zaio eskaerari:
–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.
–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.
–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:
–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.
–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
- Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.
–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteengatik jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:
–Baimen espresa, Agrosegurok udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.
–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
- Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.
–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan (dekretu horren bidez toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatu dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen). Honako hauek jasoko dira eskaeran:
a) Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.
b) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena. Hauek agertu behar dira bertan: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurek aplikatzegatik sortzen den zenbatekoa ere.
c) Teknikari eskudun batek egindako tostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.
d) Ziurtagiriak, honako hauek frogatzen dituztenak: eskaera foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu dela, eta egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.
10. Foru agindu hau Gobernu Kontseiluak egiten duen lehen bilkuran aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak berrets dezan.
11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela administrazio publikoek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2018ko maiatzaren 29an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1807196