11. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, indarreko plantilla organikoko burutza teknikoko lanpostu bat aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruak urriaren 9an eman 124/2017 Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi du toki entitate horretako indarreko plantilla organikoko burutza teknikoko lanpostu bat aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruak 169. Ebazpena eman du 2017ko abenduaren 15ean, deialdiaren 5. oinarria aldatzeko eta eskabideak aurkezteko epe berria ezartzeko, indarrean den deialdiko oinarrietan ezarritako gainerako epeak mantenduz, deusetan ukatu gabe ebazpen hau eman den egunean Mankomunitateko erregistroan jadanik aurkeztuak diren eskabideen baliozkotasuna.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdia iragartzen da izangaien zerrenda bat osatzeko, hautaproben bidez eta oposizio-lehiaketaren sistema erabiliz, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean burutza teknikoko lanpostu bat aldi baterako betetzeko.

1.2. Hautaketa-prozesua honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituena, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak arloari buruz dioena, aipatu estatutua garatu eta betetzeko sarrera prozeduraren gainean emandako Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen iragarki-oholean argitaratuko da, eta oinarriak interesdunen eskura egonen dira Mankomunitatearen erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 9-11, Zangoza).

1.4. Kontratazioen ezaugarriak, hau da, araubide juridikoa (administratiboa; lanekoa), jardunaldia (osoa; partziala) eta iraupena, horiek justifikatzen dituen kausalitatea eta bidezkoak diren bestelakoak kasu bakoitzean plantilla organikoan ezarritako zehaztapenen eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lanpostuen zerrendaren araberakoak izanen dira.

1.5. Lan-ordutegia Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen lan egutegian ezarritakoa izanen da; edonola ere, lanaldia luzatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, indarreko legediarekin bat.

1.6. Deialdi honen bidez aldi baterako bete nahi den lanpostua Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoaren behin betiko onespenean sartu zen; onespena 2017ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 4an. Honela dago identifikatuta: 20 zk. Burutza teknikoa: Maila: B. Lanpostuko osagarria: %34,73. Lanaldia: osoa. Betetzeko modua: oposizio-lehiaketa. Funtzionarioa.

Hortaz, lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan B mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, baita plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritako osagarriak ere.

1.7. Burutza teknikoko lanpostua lehentasunezkoa da, funtsezko eta lehentasunezko gisa zehaztutako zerbitzu publikoen kudeaketa ukitzen duelako, 2018ko ekitaldian aldi baterako betetzeko ondorioetarako.

1.8. Deialdi honi jarraikiz kontratatzen den pertsonak izanen dituen eginkizunak eta egin beharko dituen lanak bere mailaren eta kategoriaren eta deialdian eskatutako titulazioaren eta ikasketen araberakoak izanen dira; honako hauek, besteak beste:

–Edateko ur hornidurako eta Zangozako Eskualdeko hondakinak kudeatu eta biltzeko zerbitzuen koordinazio orokorra eta, bereziki, zerbitzu horien garapena zuzenean kudeatzen duten enpresek ematen duten zerbitzuarena.

Horretaz gainera, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean Nafarroako Tokiko Maparekin eta horrek zerbitzu horietan (ur hornidura, eta hondakinen bilketa eta kudeaketa) izanen duen eraginarekin lotuta eginen diren jardueren definizioa eta koordinazioa.

–Erantzukizun berezia Nafarroako Gobernuak sustatutako hondakinen eta/edo uraren gaineko plan integralen kudeaketan eta koordinazioan, bai kanpo-erakunde eta -instituzio ofizialekin bai Mankomunitateko barne-ikuspuntutik (Burutza, Batzorde Iraunkorra eta plantilla), bai eta horiek Zangozako Eskualdean ezartzeari dagokionean ere.

–Giza kontsumorako uraren kudeaketa: zerbitzuen kudeaketa eta koordinazioa, eta analitiken eta emaitzen kontrola. Jarduteko protokoloak prestatzea.

–Prestatzea eta abian jartzea ur eta hondakin zerbitzuak jasangarritasunez kudeatzeko planak, bai eta Mankomunitateak gerora garatzen edo erabakitzen ahal dituenak ere. Aholkularitza, hondakinen eta hondakin-uren kudeaketa integralerako planak prestatzean.

–Prestatzea hondakinen bilketari eta edateko uraren hornidura eta saneamendu sareei buruz eskatzen zaizkion txosten teknikoak, parte hartzen duten toki entitateen hirigintzako planen ondorioetarako.

–Diseinatzea eta abian jartzea ingurumen sentsibilizazioko eta herritarren partaidetzarako kanpainak (betiere biztanleen profila eta inguruko ingurumen ezaugarriak aintzat hartuta, eta ingurumen hezkuntzaren printzipio metodologikoei jarraituz).

–Zangozako Eskualdeko ingurumen jarduketak koordinatzea beste erakunde, entitate eta administrazioekin (udalerri elkartuak, beste udalerri batzuk, partzuergoak, Nafarroako Gobernua, Ingurumen Ministerioa, ingurumenaren arloko fundazio eta sareak, etab.).

–Lurraldearen antolamendurako planetan parte hartzea, ingurumen irizpideen ekarpena eginez. Ingurumenaren gaineko ordenantzak prestatzea, ingurumenaren arloko txostenak idaztea, eta ingurumen lizentziak eta komunikazioak tramitatzea.

–Baldintza teknikoen agiriak prestatzea, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak deitu ditzakeen lehiaketetarako, eskaintzen ebaluazioan parte hartzea eta Kontratazio Mahaira dagokion txosten teknikoa igortzea.

–Bere kargu dauden langileen antolaketa eta plangintza.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

17/1993 Legean ezarritakoari jarraikiz, honako hauek ere bai:

–Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak.

–Espainiako edo Europar Batasuneko beste estatu kideetako herritarren edozein nazionalitatetako ahaide hauek:

  • Ezkontidea, zuzenbidez bereizita ez badaude.
  • Bere ondorengoak, eta bere ezkontidearenak –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtez azpikoak badira, edo hortik gorakoak eta beren bizkar bizi badira.

–Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonak, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusia izatea eta, kasua bada, erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Gutxienez ere, goi-mailako ingeniari edo ingeniari tekniko titulua izatea, edo akademikoki baliokidetzat aitortutako titulua, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabide ofiziala aurkeztu beharko dute, gehienez ere hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi honen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean bertan (Kale Nagusia, 9-11, Zangoza) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduetako edozein erabiliz.

3.2. Eskabideari gehitu beharko zaizkio deialdi honen 2. oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira; bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.

Halaber, eskabideari honako egiaztagiri hauen fotokopiak gehitu beharko zaizkio, behar bezala konpultsatuak:

–Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea, indarrean.

–Europar Batasuneko kide diren estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna edo pasaportea, indarrean dagoena eta titularraren nazionalitatea adierazten duena.

–Espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide direnek, ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela, ez badira Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak; bestela, aurreko atalean aipatu dokumentazioa aurkeztuko dute.

–Eskatutako titulazio akademikoa; horretarako, lizentziaren edo graduaren titulua aurkeztuko da. Titulazioa atzerrian lortu bada, behar den homologazioa frogatuko da, otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

–Izangaiak deialdi honen lehiaketaldian baliatu gogo dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia konpultsatuak.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikulua betetzearen ondorioetarako, eskabidearen bidez lortutako datuak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak tratatuko ditu, hautapen-prozesua garatzeko, eta horiek ematea nahitaezkoa izanen da oposizio-lehiaketan onartua izateko.

3.3. Eskabideak deialdian (III. eranskina) argitaratzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta haiek eskuragarri egonen dira Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 9-11, Zangoza). Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.

Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 35/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoaren babesean aurkezten badira, hots, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean ez, beste batean, eskatzaileek eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, mancomunidad@mscs.es helbide elektronikora igorri beharko dituzte, betiere eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Nahitaezkoa eta saihestezina izanen da aipatu agiriak posta elektronikoz igortzea, hautapen-prozeduraren tramitazioak aurrera egin dezan, baina ez du erabateko baliorik izanen Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean jatorrizko ereduaren araberako eskabidea sartzen ez den bitartean.

Igorpen-prozedura hori bete ezean, izangaia hautapen-prozeduratik kanporatua izanen da, baldin eta erregistratutako eskabidea izangai onartu eta baztertuen hasierako zerrendaren argitalpenaren ondotik iristen bada.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen dituzten.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Mankomunitateko iragarki-oholean eta web-orrian (www.mscs.es) argitaratuko da.

4.2. Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Mankomunitateko iragarki-oholean eta web-orrian (www.mscs.es) jarriko da jendaurrean, deialdi honen 6. oinarrian aipatzen den hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangaien behin betiko zerrenda eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-oholean eta web-orrian (www.mscs.es) argitaratuko da, deialdi honetako hautaproba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko.

Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat denbora edo formari dagokionez betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Hautapen-prozesuaren bitartean, epaimahaiak jakiten badu izangairen batek ez dituela parte hartzeko baldintzak betetzen, interesdunari entzun ondoren, Mankomunitateko buruari jakinaraziko dio, izangaia bazter dadin proposatuko dio eta aditzera emanen dizkio, orobat, izangaiak eskabidean egindako faltsukeriak edo zehaztugabetasunak, behar diren ondorioetarako. Kasu horretan, behar den ebazpena eman arte, izangaiak hautapen-prozesuan parte hartzen jarraitzen ahalko du, baldintzapean.

Zerrendan akats materialik edo egitatezkorik dagoela ikusiz gero, edozein unetan zuzentzen ahalko da, ofizioz edo interesdunak eskaturik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan xedatuari jarraituz.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Lucía Echegoyen Ojer, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Ángel Navallas, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.

–Lehen mahaikidea: Jesús Esparza Iriarte, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

Ordezkoa: Alberto Goñi, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.

–Bigarren mahaikidea: Luis Santesteban Arana, Mairagako Mankomunitatekoa.

Ordezkoa: Laura Irigoyen Azpilicueta, Mairagako Mankomunitatekoa.

–Hirugarren mahaikidea: Iruñerriko Mankomunitateak izendatu beharreko ordezkari bat.

Ordezkoa: Iruñeko Mankomunitateak eskuordetzen duena.

–Epaimahaiko idazkaria: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Oibarko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Organo kolegiatu horren osaerak balio dezan, bertan mahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

5.4. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaia izanen da deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak gehiengoz ebazteko organo eskuduna, eta hura ongi bideratzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan.

5.6. Kalifikazio-epaimahaiak egiten dituen bilkuren akta eginen du idazkariak, eta han jasoko dira izangai bakoitzaren ebaluazioa, gainditu dutenen kalifikazioak eta gertatzen diren gorabehera eta eztabaida guztiak. Aipatu aktei izangaien balorazioaren emaitzak eta egindako azterketa edo ariketen orriak gehituko zaizkie. Akta edo aktak, zerrendatuak eta sinatuak, izanen dira hautaproben espedientea.

5.7. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek laguntza emanen diete epaimahaikoei, nork bere espezialitatean.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Hautaketa oposizio-lehiaketa bidez eginen da, deitzen den lanpostuaren ezaugarriak eta bete beharreko eginkizunak direla eta. Ildo horretan, burutza teknikoko lanpostua denez, hobeki aplikatzen ahalko dira izangaien merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, ez baitira soilik kontuan hartuko haien ezagutza teorikoak, honako hauek ere baloratuko baitira: lan esperientzia, bete beharreko eginkizunekin lotutako berariazko prestakuntza, eta edukiari buruzko eta lanpostuari lotutako erantzukizun nagusiei buruzko berariazko ezagutzak.

6.2. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia ondoren.

6.3. Probak egiteko eguna eta ordua, aurreikuspenen arabera, eskabideak aurkezteko azken egunetik gehienez ere bi hilabetean eginen baitira, jakinarazi eta argitara emanen dira Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko informazio-oholetan eta web-orrian (www.mscs.es).

6.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen zaie izangaiei. Izangaiari deitzen zaion unean edozein ariketatara aurkezten ez bada, besterik gabe galduko du ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea eta, beraz, hautapen-prozeduratik behin betiko baztertuko da.

Ariketa guztiz bukatzen denetik hurrengoa hasi arte gutxienez ere 72 ordu iraganen dira, eta gehienez ere hogeita hamar egun natural.

–Lehiaketaldia.

a) Deialdian parte hartzeko eskaera aurkezten dutenean agertuko dituzte izangaiek jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatuak, epaimahaiak haien merezimenduak balora ditzan. Orduan aurkezten ez diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko, ondorio guztiekin.

b) Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira izangaiek alegatu eta dokumentu bidez frogatzen dituzten merezimenduak.

c) Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

d) Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-oholean eta web-orrian jarriko dira ikusgai.

e) Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

–Oposizioaldia.

Lehen ariketa.–II. eranskineko gaiei buruzko erantzun anitzeko galdetegia. Baztertzailea izanen da eta 40 puntu lortu ahalko dira gehienez; ariketa gainditzeko, 20 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Bigarren ariketa.–Epaimahaiak erabaki eta definitutako proba praktiko idatzia izanen da, II. eranskineko gaiei eta deialdiaren 1. oinarrian aipatu lanpostuaren berezko eginkizunei buruzkoa. Baztertzailea izanen da eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Ariketa gainditzeko 18 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Oposizioaldian 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Epaimahaiak, bi probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du.

Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak. Guztiz debekatuta dago edozein motatako gailu elektroniko erabiltzea, fase honetako ariketetan.

Epaimahaiak erabakiko du fase honi dagozkion ariketak egiteko ordena, bai eta egun bakarrean edo gehiagotan egin behar ote diren ere.

Oposizioaldiko lehen ariketa bururatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du Mankomunitateko iragarki-oholean eta web-orrian gainditu duten izangaien zerrenda, haien kalifikazioak eta hurrengo ariketa noiz eta non eginen den adierazita.

7. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Proba bukatuta, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrendaren proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari. Deitutako lanpostua aldi batez betetzeko aukeratuak izan diren izangaien azken zerrenda probak gainditu dituztenek osatuko dute, puntuazio-hurrenkera zorrotzean (puntuazio handienetik txikienera), oposizio-lehiaketako fase bakoitzean ateratako puntuak batuta.

Izangaien artean berdinketarik egonez gero, epaimahaiak horretarako prestatu eta baloratuko duen elkarrizketa pertsonal bidez ebatziko da. Puntuazio berdina lortu duten izangaiei deituko zaie azken elkarrizketa hori egiteko. Proposamen hori loteslea izanen da deialdia egin duen organoarentzat.

7.2. Zerrenda horren arabera, epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dizkio azkeneko bilkurako akta eta kalifikaziorik altuenarekin gainditu duen izangaiaren izendapen proposamena.

7.3. Buruaren ebazpenaren bidez, hautatutako pertsonen zerrenda onetsiko da, puntuazio-ordenari jarraikiz, bai eta kalifikaziorik altuena lortu duen izangaiaren izendapena ere, eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-oholean eta web-orrian emanen dira argitara.

8. oinarria.–Izangaiei deitzeko arauak.

8.1. Gainditu dutenen zerrenda Mankomunitateko iragarki-oholean eta web-orrian argitaratzen denetik bost egun naturaleko epean, kalifikazio-epaimahaiak proposatu izangaiak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean aurkeztuko ditu honako dokumentu hauek, 2. oinarrian aipatu beharkizunen frogagiriak baitira:

A) Ziurtagiri medikoa, frogatzen duena ez duela lanpostuaren eginkizunak betetzeko bateraezina den edo horiek betetzea galarazten dion eritasunik edo muga fisikorik.

B) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazten duena inongo administrazio edo erakunde publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez berezia ez dagoela, ezta eginkizun publikoak betetzeko ezgaituta ere, epai irmo bidez, eta ez duela bateraezintasunerako arrazoirik.

Eskatutako dokumentazioa lehen aipatutako epean aurkezten ez bada, salbu ezinbesteko kasuetan, edo agiriak aurkeztuta ondorioztatzen bada deialdiko beharkizunak ez direla betetzen edo aitorpenean gezurra esan dela, hautatutako izangaiaren egintzak baliorik gabe geldituko dira, eta, hortaz, hari buruz epaimahaiak gauzatutako egintzak ere baliorik gabe geldituko dira, eta ezin izanen da izendatu, galarazi gabe bestelako erantzukizunak ere eskatu ahal izatea.

8.2. Dena dela, lanpostua betetzeko hautatutako izangaiak, benetako kontratua sinatu baino lehen, gaitasun-azterketa gainditu beharko du, Mankomunitateko buruak izendatutako kalifikazio-epaimahaiko kideekin elkarrizketa pertsonala eginez. Elkarrizketa gainditzen ez duen pertsona izangai gaindituen zerrendako azken tokira pasako da.

8.3. Kalifikaziorik altuena lortu duen izangaiak eskaintzen den lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

–Indarrean dagoen kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua badago.

–Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek zazpi egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, delako egoera agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute. Halakoetan, izangaiek idatziz jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.4. Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten duten izangaiak:

–Eskainitako lanpostuari uko egiten diotenak, inolako justifikaziorik gabe.

–Sinatutako kontratuari uko egiten diotenak.

–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, dagokion kontratua sinatzen ez dutenak.

8.5. Aurreko egoeraren batean bigarrenez dauden izangaiak, egoera bera izan edo ez, zerrendatik baztertuko dira.

8.6. Langile batek legez ezarritako probaldia gainditzen ez badu, edo diziplina-espediente bat dela-eta kontratua iraungitzen bazaio, dagoen zerrenda guztietatik behin betiko baztertuko da.

9. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako zerrenda osatzea.

9.1. Probak gainditu dituzten gainerako izangaiekin deialdiko lanpostuaren kontratazioetarako erreserba zerrenda bat eginen da. Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, izangaien zerrenda hori (gainditu bai, baina lanposturik lortu ez) onesteko, puntuazio-ordenari jarraikiz, kalifikazio-epaimahaiko proposamen loteslea aintzat hartuta.

9.2. Erreserba zerrendaren funtzionamenduak honako arau hauei jarraituko die:

A) Zerrendak bi urteko balioa izanen du, eta haren eraginkortasuna iraungitzen ahalko da, baldin beste hautapen-prozesu bat deitzen bada lanpostu horretarako zerrenda eguneratzeko. Edo, kasua bada, hautapen-prozesu bat deitzen bada, plantilla organikoko lanpostua behin betiko betetzeko, karrerako funtzionario batek bete dezan.

Baldin, zerrendaren iraupena bukatzerakoan, komenigarritzat jotzen bada zerrendak indarrean segitzea, Mankomunitateko buruak ebazpena ematen ahalko du, hasierako iraupenaren eperako luzatzeko, baldin hasierako epea iraungi aurretik ebazten bada luzapena. Luzapena bi urteko beste bi alditarako baimentzen ahalko da gehienez.

B) Kontrataziorako zerrendan dauden datuak baliozkotzat hartuko dira deia egiteko eta jakinarazteko, eta interesdunaren erantzukizuna izanen da datuak gaizki eman izana, eta, datuetan aldaketak badira, Mankomunitateari jakinarazi beharko dizkio.

C) Deitu, eta topatu ez diren izangaiak erreserbarako zerrendan zuten tokian geldituko dira, dei berri baten zain.

D) Hona hemen zerrendan behin betiko baja izateko arrazoiak:

–Eskaintza bati ezetz esatea edo ez erantzutea arrazoi justifikaturik gabe, ondoz ondoko bi deitan.

–Izendatu eta jabetza hartu ondoren, lanpostuan ez hastea, arrazoi justifikaturik gabe.

–Erreserba zerrendan jarraitzeari espresuki uko egitea.

–Diziplina-zehapen irmo bidez, administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia egotea.

–Desgaikuntza absolutua edo berezia izatea kargu publikorako, epai irmoaren bidezkoa.

E) Ulertuko da badela justifikazioa erreserba zerrendatik kanporatua ez izateko, frogatzen bada, Zuzenbidean balioa duen edozein frogabide erabiliz, eta kontratatzeko eskaintza egiten denetik hiru egun balioduneko epean, honako egoera hauetakoren bat:

–Eritasuna, ziurtagiri mediko bidez behar bezala frogatua.

–Ezkontidearen gaitz oso larria, edo odol nahiz ezkontza bidezko bigarren gradu arteko familiako batena, ziurtagiri mediko bidez eta familia-liburuaren fotokopia konpultsatu bitartez frogatuta.

–Atsedenaldian egotea amatasun biologikoarengatik, adopzioagatik edo harreragatik, bai adopzio aurretik bai iraunkorki; azkeneko kasu horretan sei urtetik beherako haurrekin. Frogagiri gisa erabiliko dira jaiotza ziurtagiria, edo familia-liburua, edo harreraren edo adopzioaren ebazpen administratiboa edo judiziala.

–Aldi baterako enplegu harremana izatea. Hura bukatutakoan, kontratua iraungitzearen berri ematen duen komunikazioaren kopia aurkeztu beharko da.

–Ezinbesteko arrazoia, Mankomunitateak halakotzat aintzat hartua.

Arestian aipatu egoeren arrazoiak desagertuta edo aipatu aldi baterako enplegu harremana iraungita, Mankomunitateari egoera horren berri eman beharko zaio gehienez ere bost eguneko epean. Aipatutako epean izangaiak jakinarazpen hori egiten ez badu, zerrendatik behin betiko kanporatuko da.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintza administratiboen aurka egiten ahalko du interesdun orok, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarrean den Legean ezarritako kasu, modu eta epeei jarraituz.

Errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu edo erabakia hartu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta handik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Zangozan, 2017ko abenduaren 18an.–Mankomunitateko burua, Lucia Echegoyen Ojer.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa (30 puntu gehienez)

A.–Egindako zerbitzuak:

–Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiaren xedeko lanpostuarekin loturik, baldin maila/talde berean eta eskatutako titulazio berarekin bada: puntu bat, urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.

–Enpresa pribatuetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuarekin loturik: 0,50 puntu urte oso bakoitzeko; urtea baino txikiagoko denbora-tarteak hainbanatu eginen dira.

Atal honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

B.–Prestakuntza:

Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak baloratuko dira, eta 10 puntu emanen dira gehienez.

–Zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kredituko (10 irakastordu), eta 5 puntu gehienez.

–Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: puntu bat gehienez.

–Ingurumen arloko master, graduondoko eta espezializazioak: 2 puntu.

Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. kapitulua.–Kontratazio publikoari buruzko ezagutza orokorrak.

1.1.–Kontratazio publikoari buruzko legeria.

1.2.–Administrazio publikoarekiko kontratuen kudeaketa.

1.2.1.–Kontratazio prozedura.

1.2.2.–Proiektuen kudeaketa.

1.2.3.–Zerbitzu-kontratuen kudeaketa.

1.3.–Enpresen kudeaketa.

1.3.1.–Kostuak eta finantzaketa iturriak.

II. kapitulua.–Edateko ur horniduraren ziklo integralaren kudeaketa.

2.1.–Hornidurari eta saneamenduari buruzko araudia.

2.2.–Ingeniaritza Hidraulikoari buruzko ezagutza orokorrak.

2.2.1.–Ponpaketak, ur-biltegiak, hornidura-sareak, saneamendu-sareak. Tratamendu-instalazioak.

2.3.–Sareen ustiapenari buruzko ezagutzak.

2.3.1.–Kontrol-ratioak. GIS sistema. Lankidetza publiko-pribatua ustiapenean. Akordioak udalekin. Automatizazioa. Sektorizazioa.

2.3.2.–Kontsumo beharrak. Saneamendu beharrak.

2.3.3.–Sareetako erantzukizunak.

III. kapitulua.–Hondakinen kudeaketa integrala.

3.1.–Udal-hondakinen kudeaketari buruzko araudia eta ezagutza.

3.1.1.–Hiri-hondakinen lege- eta instituzio-esparrua (legedia, plangintza...).

3.1.2.–Hiri-hondakinak tratatzeko erak.

3.1.3.–Hiri-hondakinen kudeaketa operatiboa.

IV. kapitulua.–Ingurumenari buruzko ezagutza orokorrak:

4.1.–Natur ingurunea Zangozako eskualdean: geografia fisikoa, geologia, hidrologia, edafologia, klimatologia, biogeografia eta fitosoziologia. Landaredi-serieak.

4.2.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.

II. ERANSKINA

Eskabidea, burutza teknikorako deialdian parte hartzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1714683