Iragarkia
11. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
629/2017 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein izanen den, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozeduraren baitan, hurbiltasun linealaren irizpidea, haren balorazioa eta aplikatuko den gehieneko distantzia, zer herritan aplikatuko den eta zein izanen den ikasleen batez besteko gehieneko erlazioa eskola unitate bakoitzeko, bai eta, horrez gain, zein diren prozeduraren jarraibideak, egutegia eta ereduak ere, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiteko 2018-2019 ikasturtean.
Bat etorriz 8/2015 Foru Aginduaren 2. oinarriaren 7. atalean eta 3. oinarriaren 3. atalean ezarritakoarekin, zehaztu behar da, ikasturte akademiko bakoitzerako, zer herritan aplikatuko den hurbiltasun linealaren irizpidea, zein den irizpide hori erabiltzeko kontuan hartuko den gehieneko distantzia, eta zer ikasketetan eta zer ikasmailatan hartuko den kontuan irizpidea. Foru agindu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak, eta abenduaren 29ko 141/2016 Foru Aginduak aldatu zuen. Bestalde, beharrezkoa da, halaber, prozesuaren jarraibideak eta datak zehaztea ikasturte bakoitzerako.
Orobat, eta bat etorriz apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin, bidezkoa da zehaztea Hezkuntza Departamenduak ezarritako plangintzarekin bat ikastetxe bakoitzari esleitutako plazak, betiere hezkuntza hitzarmenetarako ezarritako berariazko arauak betez ikastetxe itunduen kasuan. Foru dekretu horren bidez ezartzen dira unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak.
Hori guztia ebazpen batean zehaztuko da urtero, zeina eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza orokorrak emanen baitu.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Gehieneko distantzia linealaren irizpidea aplikatzea, 2018/2019 ikasturterako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketetan, honako herri hauetan ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeetan: Iruña, Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur Zendea, Egues, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Atarrabia eta Zizur Nagusia.
2. Hurbiltasun linealaren irizpideari dagokionez, zeina zehaztuta baitago Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 17ko 28/2015 Foru Aginduaren 5. oinarriaren 5. paragrafoan, honako hau ezartzen da: Hurbiltasun linealaren irizpidea erabiltzeko gehieneko distantzia lineala 1.500 metrokoa izanen da 2018/2019 ikasturteko. Distantzia hori kalkulatzeko, eskatzaileak bi hauen artean aukeratu dezake: hots, kontuan har daitezke, alde batetik, edo eskatzailearen bizilekuaren UTM koordenatuak edo, bestela, gurasoetako baten edo legezko tutoreetako baten lantokiaren UTM koordenatuak, eta, bestetik, lehenengo aukera bezala eskatutako ikastetxearen UTM koordenatuak. Kalkulu hori egiteko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman dagoen geolokalizazio tresna erabiliko da, zeina Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sisteman oinarritzen baita.
3. Hurbiltasun linealaren irizpidea 0,5 punturekin baloratzea.
4. Irizpide honen aplikazioan kontuan hartuko da martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa, bai eta ondorengo lege garapenak ere. Aipatu foru dekretuak arauak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko, eta martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak aldatu zuen.
5. Gehienez ere talde bakoitzeko 25 ikasleko ratioa ezartzea Haur eta Lehen Hezkuntzako maila guztietarako, bat etorriz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2206 Lege Organikoarekin 157.1.a) artikuluan ezarritakoarekin eta Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin. Gertatuz gero ebazpen hau onesten den unean ikastetxeren batek ratio handiagoa izatea, ezin izanen dira bajak ordeztu baldin eta horrek arestiko ratioa gainditzea badakar.
6. Ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedurarako jarraibideak, egutegia eta eskaera ereduak onestea, 2018/2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditzaten; ebazpen honen I., II. eta III.A eta III.B eranskinetan jaso dira jarraibideak, egutegia eta eskaera ereduak.
7. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzura eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.
8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
9. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2017ko abenduaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Lehen Hezkuntzarako jarraibideak |
PLAZA ESKAERA | 1. Ikastetxeek zigilua daraman fotokopia emanen diote eskatzaileari, eskabidea zein egunetan sartu den adierazita duela. 2. Aurreinskripzioa egiteko eskaerarekin batera, erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurkeztu behar da. Bertan, gutxienez ere, ikaslearen izena eta aitaren edo/eta amaren edo legezko tutorearen izena agertuko dira. Etxebizitza berean bizi beharko dute dagokion puntuazioa lortzeko. 3. Lantokia egiaztatzeko, enpresaren titularrak luzatutako dokumentua aurkeztu behar da, zeinean zehaztuko baita non dagoen lantokia eta zer lan zerbitzu eskaini ohi duen bertan. Dokumentu hori 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa izanen da. 4. Eskatzaileek zalantza badute ikaslearen promozioaren gainean, inprimaki berean egin daiteke onartzeko eskaera bai ikasmailaz igarotzeko bai errepikatzeko. 5. Ikastetxeek EDUCA bidez sartuko dituzte eskaera guztiak aurreinskripzioa egiteko epean, puntu guztiak beteta dituztela. 6. Nahitaez igorri eta jakinarazi behar da matrikularako aurreikuspena horretarako ezarritako epean, EDUCA programako “Ikastetxearen eskaintza (VII. eranskina)” delakoaren bitartez. |
ESKAERAK AURKEZTEA ETA BANANTZE ETA DIBORTZIO KASUAK | Eskaera baliozkotzat eta eraginkortzat joko da kasu hauetakoren batean baldin badago: * bi gurasoen sinadurarekin egina bada. * haietako batek egina bada, baldin eta laukitxo hau markatu badu: zin egiten dut gurasoak/tutoreak bat gatozela eskaera honekin. * haietako batek egina bada, baldin eta laukitxo hau markatu badu: gurasoak/tutoreak banantze, dibortzio edo desadostasun egoeran gaudela deklaratzen dut, eta ebazpen judiziala edo indarra duen dokumentazioa aurkezten dut, ahalmena ematen didana niri bakarrik dagokidala semearen edo alabaren ikastetxea aukeratzea. Horretaz gain, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko du eta hartatik aterako da erabakia berari bakarrik dagokiola. Dokumentaziotik ez bada ateratzen bati bakarrari dagokiola erabakia hartzea, eskaera tramitatuko da baldin ulertzen bada bi gurasoek onartzen dutela, banantze eta dibortzio kasuetan ikastetxeetarako jarraibideen ezarritako irizpideekin bat (eskolatzea aipatzen duen horretan, 1. atalean) eta egiaztatua gelditu bada aurkeztu den dokumentazioarekin. * Gainerako kasuetan eskatzaileari errekerituko zaio eskaera osa dezan, ohartaraziz eskaera bertan behera geldituko dela baldin eta adierazitako epean osatzen ez badu. |
JAIEGUNAK | 1. Ebazpen honen II. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. “Bukaera eguna” jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen zaio. |
IRIZPIDE OSAGARRIA (hurbiltasun lineala) | 1. Bat etorriz 8/2015 Foru Aginduak, zeina abenduaren 29ko 141/2016 Foru Aginduak aldatu baitzuen, bere 2. oinarriaren 8. atalean ezarritakoarekin, eta aintzat hartuz Arartekoaren gomendioa, ikastetxe bakoitzeko organo eskumendunak 0,5 puntu emanen dizkio eskatzaileari baldin eta berorren helbidetik edo gurasoetako baten edo legezko tutoreetako baten lantokitik lehenbizi eskatutako ikastetxera dagoen distantzia ebazpenean hurbiltasun lineal gisa ezarritako distantzia bera edo hortik beherakoa bada, kontuan izanik eskatzaileak puntuazioa kalkulatzeko aukeratutako helbidea, bizitokia den kasuetan, 2018ko urtarrilaren 1a baino lehenago egon behar duela altan emanda, eta lantokia den kasuetan, bertan zerbitzu ematen ari behar duela 2017ko abenduaren 31n. |
ONARTZEKO BAREMOA | 1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak. 2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako. 3. 2016. urteko lanbidearteko gutxieneko soldata 9.172,80 eurokoa da. Errenta aitorpena aurkeztuz gero, baliozkotze mekanikoaren kodea daraman ale bat izan beharko du. Per capita errenta kalkulatzeko, ondoan heldu diren jarraibideak hartuko dira kontuan, dagokion atalean. Per capita errenta kalkulaturik, EDUCA aplikazioaren dagokion laukitxoan sartuko da balio hori. 4. Errenta tarteak eta EDUCAk bakoitzari emandako puntuazioa ondoko hau da: Lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo hori baino txikiagoa bada per capita errenta (4.586,40 euro): 1,5 puntu. Lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta soldata horren hiru laurdenak edo txikiagoa bada per capita errenta (6.879,60 euro): 1,0 puntu. Lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada per capita errenta (9.172,80 euro): 0,5 puntu. Lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada per capita errenta: 0 puntu. 5. Minusbaliotasun maila, %33koa edo handiagoa, dokumentu hauetako baten bidez frogatuko da: a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena, ziurtagiria edo txartela. (Nafarroan, gaur egun, Gizarte Politiketako Departamentua da). b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena (GSIN), ezintasun iraunkor osoagatik, ezintasun iraunkor absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik pentsioduna dela adierazten duena. c) Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren edo Defentsa Ministerioaren ebazpena, lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako desgaitasunagatik erretiro pentsioa aitortzen duena. |
6. Legez familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren bidez egiaztatuko da. 7. Eskaerak hartzeko epea bukaturik, ez da baremoan eragin dezakeen dokumentazio gehiago onartuko. 8. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak EDUCAtik ateratako eredua erabiliz emanen dira aditzera, eta ikastetxean, toki ageri batean, erakutsiko dira. 9. Zerrendak argitaratu aurretik, ikastetxeek EDUCAren bidez jakinarazi beharko dute onartu izana. 10. Anai-arreba edo guraso edo tutore izaera ikastetxeak luzatutako ziurtagiri bidez egiaztatuko da. | |
PER CAPITA ERRENTAREN KALKULUA, ONARTZEKO BAREMOAREN ONDORIOETARAKO | 1. Ondorio horietarako, familia unitatearen errentatzat hartuko da Likidazio Oinarri Osoa(k) (NFKko errenta aitorpenaren 525. laukia). 2. Ondorio horietarako, familia unitatetzat hartuko da aitorpenaren lehen orrialdean ageri den familia kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Ondorio horietarako, familia unitatearen per capita errenta kalkulatuko da likidazio oinarri osoa (atal honetako 1. puntua) zati familia kideen kopurua eginik (atal honetako 2. puntua). |
GIZARTE ETA KULTURA ALDETIK BAZTERTUTAKO IKASLEENTZAKO ERRESERBA | 1. Erreserbatutako plaza horiek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena aurkeztea. |
BESTELAKO ERRESERBAK | 1. Ikasleak beste ikastetxe batera joan daitezke atzerriko hizkuntza bat ikastera. Hori errazteko, ikastetxeek matrikulatuta utziko dituzte ikasle horiek haien plazetan, gehienez ere ikasturte batez. Epe hori igarota, eta ikaslea ikastetxera itzuli ez bada, zegokion ikaspostua galduko du. 2. Behin matrikulatuta egonda, aurreko puntuan aipatutako ikasleak ikastetxeari eman beharko dio horren berri, eta esan zer herrialde eta herritan dagoen ikastetxea eta zein izen duen. |
JENDAURREKO ZOZKETA | Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituenak, 15. artikuluan ezartzen du ezen, berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen dela organo eskumendunaren aurrean. Zozketa hori jendaurrekoa izanen da eta Hezkuntza Departamenduan eginen da (San Domingo kalea, z.g.), ebazpen honen II. eranskinean ezarritako egun eta orduan. 1. Jendaurreko zozketarako prozedura: a) Zerrenda bat eginen da Nafarroan inskribatutako eta matrikulatutako ikasle guztiekin, eta bakoitzari zenbaki bat emanen zaio. b) Gero, zenbaki bat aterako da, ikasle batena izanen dena. c) Zenbaki hori nori dagokion, pertsona horretatik hasita zehaztuko da plazak esleitzeko lehentasuna. d) Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 4ko 8/2015 Foru Aginduaren 2. oinarriko 10. atalean ezarritakoari jarraituko zaio. e) Zozketa bukatuta, haren emaitzaren arabera eratuko da onartu direnen zerrenda. f) Plaza huts guztiak esleituta direla, prozedura berari jarraituko zaio itxaron zerrenda osatzeko, zozketan parte hartzen dutenen zerrenda bukatu arte. g) Esleitutako plazei inork uko eginez gero, zerrenda hori erabiliko da. h) Aurreko prozedura horri guztiari buruzko akta eginen da, eta bertan jasoko da zozketaren emaitza. |
ERREKLAMAZIOAK BEHIN-BEHINEKO ZERRENDARI | 1. Zer ikastetxetan egin den aurreinskripzioa, hango zuzendari titularrari zuzenduko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako epeko azken eguneko 14:00ak baino lehen. |
DOKUMENTAZIOA | 1. Epe arruntean eta berezian nahiz ikasturtea hasita dagoela ikastetxe batean sartzen diren ikasle berriek matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: a) Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak. b) Txerto karneta edo zein txerto dosi hartu diren adierazten duen beste agiri mediko bat. c) Osasun Txartelaren fotokopia. d) Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak minusbaliorik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar). e) Erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurreinskripzioaren orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan. 2. Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira Familia Liburuan agertzen direnekin. |
HIRU URTEKO IKASLEAK: MATRIKULA ETA AUKERA HOBETZEA | 1. Ikasle batek lortzen badu inskribatzeko inprimakian lehen aukeran hautatukoa ez den beste plaza bat, “aukera hobetzea” deritzon laukitxoa aukeratu dezake matrikula formalizatzen duenean. 2. Aukera hori hautatzen bada, horrek ekarriko du plaza lortu ahal izatea hobetsitako aukeretako batean. Aukera hobekuntza egin eta gero onartutako 3 urteko ikasleen behin betiko zerrenda (3. zerrenda) ebazpen honen II. eranskinean zehaztutako datan argitaratuko da. 3. Aukera hobekuntza baliatuz gero, nahitaez aldatu beharko da ikastetxez, eta, hori dela eta, epe bat ezarri da aukera hobekuntza horri uko egiteko, irailaren 3an 14:00etan amaituko dena. |
EPE BEREZIA | 1. Epe arruntean herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako eskaera egin ez duten ikasleek bakarrik izanen dute eskaera epe berezian aurkezteko aukera. Ondorio horietarako, helbide aldaketa justifikatzeko, posta kodearen aldaketa egon behar du. 2. Bizilekuz aldatu izana frogatzeko, erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurkeztuko da, aurreinskripzioaren epe arrunta itxi ondoren bizileku berrian alta hartu izana erakusteko. |
EPETIK KANPO ESKOLATZEA | 1. Epe bereziaren ondotik bizilekuz aldatzeagatik ikastetxez aldatu beharra justifikatua duten ikasleek bakarrik eskatzen ahalko dute plaza. Ondorio horietarako, helbide aldaketa justifikatzeko, posta kodearen aldaketa egon behar du. Egoera hori dokumentu bidez frogatuko da. 2. Ikastetxe guztiek eman eta jasoko dituzte eskaerak, plaza hutsak izan edo ez, eta tramitatu eginen dituzte behar diren oharrekin, Hezkuntza Departamentuari ikasle horiek eskolatzen laguntzearren. |
KOMUNIKAZIO BIDEAK | –Helbide elektronikoa: nescolar@navarra.es –Gurasoei eta ikasleei aholkuak eta orientazioa ematea: Tel. 848 42 66 17. –Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat: Tel. 848 42 69 77. –Eskolatze Arloko koordinatzailea: Tel. 848 42 65 57. –Faxa 848 426987. |
II. ERANSKINA 2018-2019 ikasturtea |
PROZESUA | HASIERA DATA | BUKAERA DATA | |
EPE ARRUNTA | |||
Ikastetxean inskribatzeko epea | Otsailaren 1a | Otsailaren 7a | 14:00ak arte |
Azken eguna aurreinskribatutako ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko. | Otsailaren 9a | ||
Jendaurreko zozketa Hezkuntza Departamentuan | Otsailaren 13a | 13:00etan | |
Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea. (EDUCA) | Gehienez ere | Martxoaren 5a | |
Ikastetxean erreklamazioa jartzea onartuen behin-behineko zerrendari | Martxoaren 6a | Martxoaren 7a | 14:00ak arte |
Ikastetxeak ebaztea behin-behineko zerrendari jarritako erreklamazioak | Martxoaren 9a | ||
Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean.(3 urtekoena 1. zerrenda izanen da) | Martxoaren 12a | ||
VII. eranskina (Aurreikusitako matrikulazio datuak) EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea | Martxoaren 12a | ||
Baztertutako ikasleak: Departamenduak plazak esleitzea | Martxoaren 13a | Martxoaren 23a | |
Departamenduak plaza esleitu dien hiru urteko ikasleen zerrenda (2. zerrenda) | Martxoaren 26a | ||
3 URTEKO IKASLEEN MATRIKULA | Martxoaren 26a | Martxoaren 28a | 14:00ak arte |
Bigarren Hezkuntzako ikastetxera berari atxikitako ikasleen zerrenda igortzea | Martxoaren 27a | Martxoaren 28a | |
HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEEN MATRIKULA (3 URTEKOENA IZAN EZIK) | Ekainaren 25a | Ekainaren 28a | 14:00ak arte |
VII. eranskina (Matrikulatutako ikasleen datuak) EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea | Ekainaren 28ra arte | ||
Azken eguna 3 urteko ikasleek aukera hobekuntzari uko egiteko | Irailaren 3a | 14:00ak arte | |
Aukera hobekuntza eta gero onartutako 3 urteko ikasleen behin betiko zerrenda (3. zerrenda) | Irailaren 5a | ||
EPE BEREZIA | |||
Ikastetxean inskribatzeko epea | Abuztuaren 30a | Abuztuaren 31 | 14:00ak arte |
Azken eguna aurreinskribatutako ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko | Abuztuaren 31 | ||
Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea. (EDUCA) | Irailaren 5a | ||
Erreklamazioak onartuen behin-behineko zerrendari | Irailaren 5a | Irailaren 6a | 14:00ak arte |
Ikastetxeak ebaztea behin-behineko zerrendari jarritako erreklamazioak | Irailaren 7a | ||
Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. | Irailaren 7a | ||
Epe arrunteko (aukera hobetzea) eta epe bereziko ikasleak matrikulatzea | Irailaren 10a | Irailaren 11 | 14:00ak arte |
Baztertutako ikasleak: Departamenduak plazak esleitzea | Irailaren 12a | ||
III.A ERANSKINA
3 urteko ikasleen inskripzio eskaera.
3 urteko ikasleak inskribatzeko jarraibideak.
III.B ERANSKINA
Inskripzio eskaera, 3 urtekoena izan ezik.
Inskribatzeko jarraibideak, 3 urtekoak izan ezik.
Deskargatu beharreko artxiboak ele bitan daude, eta PDF formatuan.
Iragarkiaren kodea: F1715150
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
