109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZAGAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen
dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Itzagako Mankomunitatearen Batzarrak, 2017ko abenduaren 21ean eta 2018ko otsailaren 8an egin bilkuretan, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantzan (eranskina eta 8. artikulua, hurrenez hurren). Hura 2015eko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 5ean.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

UR HORNIDURAREN ETA HUSTUKETAREN TASAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituen ordenantza ezarri da Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluan eta Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legearen IV. kapituluko 7. atalean (100. artikulua eta haren ondokoak) eta lege horren 12. artikuluan xedatutakoaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua nahiz hondakin edo saneamendu uren hustuketakoa eskura izan edo benetan erabiltzea eta kontagailuak ezartzea, horra zerga-egitatea.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta ordenantza honetan arautzen diren tasak ordaintzera beharturik daude ur hornidura eta hustuketako sareetarako loturen titularrak. Kontrakorik frogatzen ez den bitartean, loturen titulartzat hartuko dira higiezinen jabeak.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Karga-oinarriak honako hauek dira:

a) Hornidura eta saneamendu zerbitzua eskura izatea eta mantentze-lanak egitea, zerbitzuaren atalen arabera.

b) Hornidura eta saneamenduko harguneak egitea, hargunearen diametroaren arabera.

c) Ur kontsumoa.

d) Neurgailuak erabiltzea.

Tarifak

5. artikulua. Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak (hemendik aurrera Mankomunitatea) urtero onesten dituenak izango dira tarifak. 2018ko ekitaldirako, tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Tributu-kuota

6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

Tasen sortzapena

7. artikulua. Zerbitzua eskura izateko eta hartan mantentze-lanak egiteko tasak eta hornidurakoak sei hilean behin kobratuko dira.

Hargune eskubideak hargunerako lizentzia ematen den unean kobratu eta sortuko dira.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Eraikin edo industria batean eta halakoetan hargunea egin nahi duen sustatzaile, eraikitzaile, pertsona fisiko edo juridiko orok prozedura honi jarraitu beharko dio, dela hiri-lurzoruan, urbanizaezinean edo landa-lurrean:

1. Dagokion udalaren aginduzko obra lizentzia eskuratzea.

2. Mankomunitateari zuzendutako eskabide orria egin nahi den hargunea eskatzeko, datu hauek zehaztuta:

a) Eskatzailearen izen-deiturak eta posta helbidea, hargunearen xede den eraikinaren titularra edo sustatzailea den zehaztuta.

b) Hargunearen poligonoa, lurzatia eta posta helbidea.

c) Eskatutako hargunearen diametroa edo sekzioa. Etxebizitza kopurua, hala izanez gero.

d) Obra lizentziaren kopia.

Oro har, Mankomunitateak ez du ur hornidurako harguneetarako lizentziarik emango ureztaketarako eta aisia jardueretarako, ezta lurzoru urbanizaezinean eraikuntzak egiteko ere, baldin eta udalerrietako hirigintza planeamenduekin bat ez badatoz.

Mankomunitateak, obra lizentzia izan arren, zilegi izango du hornidurarako eskatutako hargunea ukatzea, uste badu eskatutako harguneak kalte egin diezaiokeela hiriguneetako hornidurari.

Hargunea egiteko lizentzia ematen bada, Mankomunitateak zehaztuko du sareari lotzeko puntua, baita neurgailuen kokalekua eta lotunearen ezaugarriak ere.

9. artikulua. Eraikitzen diren igerilekuen edo ur kontsumoa duten aisialdirako beste instalazio batzuen kasuan, kontsumo horretarako berariazko neurgailu bat jarriko da. Tarifa erabilera orokorrerako ezartzen den bera izango da, baina kontagailu hori Mankomunitateak aldi baterako itxi ahalko du, ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako erabileren hierarkia aplikatzea beharrezkoa izanez gero.

10. artikulua. Mankomunitateak, egokia iruditzen bazaio, bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak eska ditzake, hornidurarako eskaera ebatzi aurretik.

11. artikulua. Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aurretik, hargune eskubideak ordaindu beharko dira, ordenantza honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Loturarako baimen, kontzesio edo lizentziek ez dute eraginik izango behar den tasa ordaindu dela frogatzen duen agiria aurkezten ez bada.

Hornidurako baldintza orokorrak
eta gisako zerbitzuak ematea.

12. artikulua. 1. Eskatzaileak ordainduko ditu harguneen gastu guztiak, kaxarenak eta kontagailuarenak izan ezik, horiek Mankomunitateak emango baititu.

Kontagailuak eremu publikoan jarriko dira eta giltza izango dute aurrealdean eta atzealdean. Mankomunitateak giltza horien ezaugarriak zehazten ahalko ditu. Instalazio horren salbuespenak arrazoitu egin beharko ditu erabiltzaileak, Mankomunitateak, egoki bada, onar ditzan.

2. Kontagailu horiek “eteteko puntua” izango dira. Horietatik aurrera erabakiko da erantzukizuna hornitzailearena edo abonatuarena den, sortutako matxurak konpontzeko eta horien ondorioz gertatzen diren ur-ihesak ordaintzeko.

Zentzu horretan, hornitzailearen kontura izango dira lur publikoan eteteko punturaino edo kontagailuraino gertatutako matxurak. Abonatuen kargura, berriz, eteteko puntutik etxebizitza partikularreraino gertatzen direnak.

13. artikulua. Mankomunitatea une oroz saiatuko da ur horniduraren zerbitzua ardura handiz eta bermez ematen; hala ere, ez da erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeren erantzule izango presio gutxiegi izatearen, ur hornidura etetearen edo zerbitzuan beste gorabehera aurreikusiezinen bat izatearen ondorioz.

Mankomunitateak hornidura zerbitzua moztu behar badu edo haren zenbait erabilera debekatu behar baditu hornidura arazo larriak direla medio, erabileren hierarkia hau ezarriko da: 1. Etxeko erabilera; 2. Merkataritza eta zerbitzuak; 3. Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera. 4. Ureztaketa eta aisia; 5. Gainerako jarduerak.

14. artikulua. Hargune baten edozein titularri kentzen ahalko zaio ur hornidura, baldin eta kontagailuaren ondoren galerak baditu eta konpontzeko eskatu arren konpontzen ez baditu. Horrenbestez, Mankomunitatea ez da izango eraikineko banaketa sarearen anomaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalteen erantzule.

15. artikulua. Hargune baten titularrak ezin izango dio hirugarren bati hornidurako hargunerik eman Mankomunitateak berariaz baimentzen ez badu; une oroz saihestu beharko da bere axolagabekeriagatik edo zainketa ezagatik gertatzen ahal den iruzurra.

16. artikulua. Erabiltzaile zergadunek berehala jakinaraziko diote Mankomunitateko behar den zerbitzuari ura banatzeko sare orokorrean atzematen den edozein matxura.

17. artikulua. Kontsumoa neurtzeko gailuak lurzati pribatu baten barnean daudenean, erabiltzaile zergadunari dagokio kontagailuaren eta ixteko giltzaren tokia behar bezala zaintzea eta Mankomunitateak horren gainean adierazten dituen jarraibideak betetzea.

18. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren tasetakoren bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude Mankomunitateko langile kreditatuei kontagailua dagoen tokira sartzen uztera, kontagailuen irakurketa egiteko edo ongi funtzionatzen duten ikusteko.

19. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 86.3 artikuluan jasotakoari jarraikiz, ordenantza honetan ezarritako tasen aplikaziotik ateratzen diren tributu-zorrak, “jakinarazpen gabekoak” izango dira.

20. artikulua. Aipatutako tasak sei hilabetetik behin ordainaraziko dira, eta haien jakinarazpena egintzat hartuko da behar den bandoa edo ediktua argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta egun horretatik hasiko da kontatzen 30 egun balioduneko epea, ordainketa borondatezko aldian egiteko. Hargune eskubideak, bai orokorrak bai partikularrak, hargunea gauzatu aurretik ordainduko dira.

21. artikulua. Tasak borondatezko aldietan ordaintzen ez dituztenei errekarguak ezarriko zaizkie; azken bidea premiamendu bidea izango da.

22. artikulua. Bi ordainagiri edo gehiago ordaintzeko dituzten zergadunei zerbitzua kentzen ahalko die Mankomunitateak.

Zerbitzua kenduta, zergadun horiek, ordaintzeko zituzten tasak ordaindu ondoren, berriz ere zerbitzuan alta izatea eskatzen badute, ezarritako hargune tasak ordaindu beharko dituzte, alta berri bat balitz bezala.

Orobat, Mankomunitateak ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak eteten ahalko dizkie abonatuei, honako kasu hauetan:

a) Iruzurragatiko likidazio irmotik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean.

b) Abonatuak kontratuan ezarritako tarifa kontratatua oker erabiltzen duenean.

c) Abonatuak bere instalazioetatik adarrak paratzen dituenean edo paratzea uzten duenean, kontratupekoak ez diren eraikinak hornitzeko eta hustuketa egiteko.

d) Abonatuak Mankomunitateko langileei lokalean sartzen uzten ez dienean instalazioak aztertzeko edo kontsumoa zein erabilera egiaztatzeko. Halakoetan, bi lekukoren bidez edo agintaritzako agenteren bat bertan dagoela jasoko da ezetza.

e) Abonatuak larriki hausten dituenean ordenantza honetan aipatzen diren aginduak edo ordainketako polizan finkatzen diren baldintzak.

Etenak eta lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izango dira.

23. artikulua. Nekazaritzan erabiltzeko berariazko harguneak gaituko dira eskatzen duten herrietan. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Harguneak herritik kanpora paratuko dira; kontagailua eta itzulerarik gabeko balbula izango dituzte.

b) Titular baten izenean alta emana egon beharko du kontagailuak eta Mankomunitateak baimendutako langileek baloratuko dute instalazioa.

c) Hargunea gaitzearen kostua eskatzaileak ordainduko du.

Arau-hausteak.

24. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustetzat hartuko dira ondoko hauek:

a) Hornidura sareko edozein ataletatik ura hartzea, modu irregularrean eta baimenik gabe.

Modu irregularrean hartu dela kontsideratuko da hornidura sare publikotik egindakoa, norberak erabiltzeko edo nezaritzan edo abeltzaintzan, aurreko artikuluan ezarritako beharkizunak bete gabe.

b) Mankomunitatearen berariazko baimenik gabe ura hartzea (iruzurra) eta hornidura sarean kutsadura eragiteko prozedurak erabiliz ura hartzea.

c) Behar bezala kreditaturik joaten diren Mankomunitateko langileei sarrera oztopatzea.

d) Mankomunitateak emandako aginduak ez betetzea edo kontagailuak irakurtzen ez uztea.

e) Mankomunitateak jarritako zigiluak, sarrailak eta neurgailuak bestelakotzea.

Zehapenak

25. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak 50 eta 3.000 euro bitarteko isunekin zehatuko dira, eginiko arau-haustearen eta arau-hausleen ardura handiagotu dezaketen inguruabarren arabera, esaterako:

–Arau-haustea egitea ur-eskasia edo behar publiko larria dagoenean.

–Pertsonak behartzea edo haien edo gauzen kontra indarkeria erabiltzea, ura ekartzeko eta hornitzeko instalazioetan kalteak sortuz.

–Arau-haustea berriz egitea, ordenantza honetan ezarritakoengatik zehatua izanik arau-haustearen aurreko lau urteetan.

Aurreko artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako iruzur kasuetan eta ura modu irregularrean hartutakoetan, uraren kopurua zehazteko, neurgailutik pasa daitekeen ur bolumen handiena izango da kontuan, Mankomunitateko langileek egindako azken irakurketatik zenbatuta.

AZKEN XEDAPENA

26. artikulua. Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, Udalei buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako tramiteak bete ondoren, eta Mendinueta Soluzioko goi horniduraren sare berria abian jartzen denean.

ERANSKINA

Ur horniduraren eta hustuketaren ordenantza. Tarifak

Hornidura:

–Kuota finkoa, kontagailu bakoitzeko: 15,00 euro urtean.

–Kontsumitutako metro kubikoaren prezioa: 0,43 euro.

–Kontagailuaren alokairua: 8,00 euro urtean.

–Hornidura sareko hargunea: 250,00 euro.

Saneamendua:

–Kuota finkoa, saneamenduagatik: 15,00 euro urtean.

–Saneamendu sareko hargunea: 250,00 euro.

Urrotz Hirian, 2018ko maiatzaren 9an.–Mankomunitateko burua, José Javier Eslava Armendáriz.

Iragarkiaren kodea: L1806191