109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Gizarte-larrialdian dauden pertsona edo familientzako Tuterako Udalaren banakako diru-laguntza sozialak emateko oinarri arautzaileetan

Udalak, 2018ko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

1.–Aldaketa onestea Gizarte-larrialdian dauden pertsona edo familientzako Tuterako Udalaren banakako diru-laguntza sozialak emateko oinarri arautzaileetan.

2.–Oinarri arautzaile berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.–Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Tuteran, 2018ko maiatzaren 7an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

ERANSKINA

Gizarte-larrialdian dauden pertsona edo familiei banakako
diru-laguntza sozialak emateko oinarri arautzaileak

Tuterako Udalak badu bere bizilagunetako batzuek pairatzen dituzten egoeren berri; hain juxtu ere, haien oinarrizko premietan oinarriturik arautu dira diru-laguntza hauek; haien izaera puntuala eta subsidiarioa da, ez dira aldizkakoak, bestelako prestazio edo zerbitzuetatik moldaturik ez dauden premiak asetzeko xedea dute, eta osagarriak izaten ahalko dira gutxieneko errentak direla-eta eskuratzen direnekin, premia larriko egoerei kasu egiteko baitira.

Oinarriak onetsi dira arau hauek mugaturiko esparruan: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta gainerako lege aplikagarriak, baita aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa. Bestalde, araubidea ez da norgehiagokakoa, diru-laguntza hauek bereziak baitira, Diru-laguntzei buruzko Lege orokorrari buruzko 22.2.c) artikuluan ezarritakoarekin bat, aipatu diren arrazoi sozial, ekonomiko, humanitario eta interes publikokoengatik, edo haien deialdi publikoa trabatzen duten bestelako arrazoi behar bezala justifikatuengatik. Oinarriek zehaztasun hauek dituzte:

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Xedea da diru-laguntzak ematea norbanakoei edo familiei, larrialdiko edo urgentziazko egoerak zuzentzeko, banan-banan ebaluatzeko araubidean, betiere komunitatean dauden beste laguntza-bideak agortu badituzte eta gizarte-larrialdian daudela frogatzen badute.

Prestazioa da, gabezia ekonomikoak nahiz sozio-sanitarioak izan eta oinarrizko beharrak (ostatua, elikadura, energia, osasuna, formakuntzako ekintzak, etab.) presaka eta berehala asetzeko zailtasun handiak dituzten pertsonentzat; ez dira biztanleria guztiarentzat, sostengurako tresnak baitira, oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileen eta gizarte-hezitzaileen ekintza profesionalaren osagarriak.

Erantzukizun sozialetik abiatuta, laguntza hauekin Udalak esku artean izan nahi du tresna berariazko bat, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotu ahal dituzten egoerak arintzeko, eta ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna bat izateko Udalaren gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.

2.–Finantzaketa.

Diru-laguntzak finantzatzeko dirua urtero sartuko da aurrekontuan, dagokion partidaren kargura.

Diru-laguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan kreditu erabilgarririk badago.

3.–Baldintzak eta betebeharrak. Bateragarritasuna.

3.1. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezten diren unean, eta egoera hori mantendu beharko da diru-laguntza jasotzen den bitartean.

Laguntza hauek biltzeko, hauek dira nahitaezko baldintzak:

a) 18 urte baino gehiago izatea edo emantzipatua egotea.

b) Eskatzailea, behintzat, Tuteran egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea gutxienez ere 6 hilabete aitzin eta laguntza jasotzen den bitartean. Oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzailearen erroldatze eta bizikidetze egoera.

c) Esku-hartze sozialeko prozesu batean inplikatuta egotea, Tuterako Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuen bitartez; hortaz, dagokion laguntza tramitatzeko, Tuterako Udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuaren arreta jaso behar du aldez aurretik.

d) Bizikidetzako familia unitateko kide guztien diru-sarrerak, kontzeptua edozein delarik ere, ezarritako baremoa baino apalagoak izatea.

e) Eskabidea eta bere egoera ebaluatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioa aurkeztu izana.

f) Diru-laguntza egindako zorrak ordaintzeko baldin bada, ez dira 6 hilabete baino lehenagokoak izan beharko, egin zirenetik eskaera aurkezten den arte.

g) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak kenduta.

Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) letran eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikulua aldatzen duen apirilaren 14ko 7/2014 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, onuradunak salbuetsirik geldituko dira betebehar hauek eguneraturik izateko baldintzatik: tributu arlokoak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak; horrek Ur Batzordea izeneko erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz enpresa entitate publikoarekikoak ere barnean hartzen dituela esan nahi du.

Salbuespenez, laguntza ukatzen ahalko da onuradunari argi eta garbi antzematen bazaio gizalegerik gabe jokatzen duela behin eta berriz, ez dituelako betetzen, justifikaziorik izan gabe, Tuterako Udalarekiko tributu arloko betebeharrak, barnean direla Ur Batzordea erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz enpresa erakunde publikoarekikoak ere.

Betebehar horiek oinarri hauetan xedatzen denaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

3.2. Eginbehar hauek dituzte onuradunek:

a) Organo emaileari frogatzea baldintzak betetzen direla eta emandako diru-laguntza eskatu zen xederako erabiltzen dela.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta ematea jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

c) Hartutako dirua itzultzea, jasotako laguntza justifikatu ezik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.

d) Onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak ezarrita daude Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 15. artikuluetan. Tuterako Udalak, legezko prozedura bidezkoen bidez, behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu emandako laguntzen xedeari eta aplikazioari buruz.

3.3. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta osagarritasuna:

a) Bateragarriak dira laguntza hauek eta kontzeptu beragatik beste erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen diren beste laguntza batzuk, baldin eta aldi berari ez badagozkio.

b) Egoerak iraunez gero, interesdunek xede berdintsuko beste laguntza batzuk eskatu beharko dituzte, beste administrazio publiko edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuetan, baldintzak betetzen badituzte. Haien artean aipatu behar dira Nafarroako Gobernuaren laguntza berezietan jasotzen direnak (etxebizitza eta beste).

c) Ezin izanen dute etxebizitzarako laguntza eskatu udal-kudeaketako etxebizitza batean bizi diren familia unitateek, laguntza bateraezina izateagatik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Ezin izanen dute elikadura eta higienerako laguntza eskatu Nafarroako Gobernuaren Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonek edo familia unitateek.

4.–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

Kasu guztietan aintzat hartuko da kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko muga; 12 hilabeteko epean eman daitekeen gehieneko zenbatekoa, 4.1, 4.2, 4.3 b), 4.3. c), 4.3. d), 4.4, 4.5 eta 4.6 ataletako kontzeptu guztiengatik, 1.200 eurokoa da.

4.3.a) ataleko eskaerak (Elikadura eta higienea) modu berean ebatziko dira, kontuan harturik kontzeptu horretarako gehieneko muga 1.400 eurokoa dela. Mantenua eta higienea aplikatzen badira, gehieneko zenbatekoa 2.600 eurokoa izanen da kontzeptu guztietarako, bakoitzerako ezarritako mugez gain.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

4.1. Ostatua.

Kontzeptu hauek sartzen dira:

a) Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-maileguren kuota ordaintzea edo etxebizitza partekatuan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada.

b) Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitegia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta baliabide ekonomiko aski badu etxebizitzaren alokairuari aurre egiteko.

c) Bestelako bizitokiak: bestelako bizitokiak (ostatu-etxeak, hotelak, etab.) ordainduko dira, betiere horrekin egoera larri bat (etxebizitza galtzea, bizitoki partikular batean berehala sartzeko ezintasuna) arintzen bada.

Kontzeptu honengatik, gehieneko muga hiru hilabetekoa izanen da (alokairua eta fidantza ere sartzen ahal dira), oinarri hauen 5.2 atalean jasotako epean.

4.2. Etxebizitza mantentzea.

Prestazio ekonomikoa, faktura hauek ordaintzeko (unean uneko gastuak eta ordaindu gabeak):

a) Argindarraren eta gasaren hornidurak (3 hilabetekoak gehienez).

b) Argindarraren eta/edo gasaren hornidurei berriz lotzea.

c) Bestelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa, etab.).

d) Altak etxebizitzetako hornidura energetikoetako kontratuetan (argindarra eta gasa).

e) Auzokideen elkarteko gastuak (3 hilabetekoak gehienez).

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

Kontzeptu hauen guztien baturak ezin izanen du 800 euroko zenbatekoa gainditu.

4.3. Elikadura, higienea eta osasuna.

Prestazio ekonomiko puntuala, honako hauetarako:

a) Egunero zuzen elikatzeko beharra estaltzea, bai eta higiene pertsonalerako eta etxeko higienerako elementuak ere. Ondoko taulan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; gehienez ere, lau hilabetekoak dira, segidan edo ez, eta ezin du gainditu gehieneko laguntza ekonomikoa, familia unitateko kide kopuruaren arabera. Zenbateko honek oro har ezarritako gehieneko zenbatekoa (1.200 euro) osatuko du. Beraz, elikadura eta higienerako laguntzak jasotzen dituzten familia unitateek 2.600 euroko diru-laguntza har dezakete gehienez ere.

Atal honetako ordainketak Udalak ezarritako moduan eginen dira (banku transferentziak, diruzaintzako ordainketa, erosketa txartelak, etab.).

Pertsona bat

200 euro (800 gehienez)

Bi pertsona

250 euro (1.000 gehienez)

Hiru pertsona

300 euro (1.200 gehienez)

Lau pertsona edo gehiago

350 euro (1.400 gehienez)

b) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua, fakultatiboek agindutakoa bada. Kontzeptu horrengatik 500,00 euro emanen dira gehienez.

c) Funtzionamendu pertsonal integraturako laguntzak. Prestazio ekonomiko puntuala, funtzionamendu pertsonal integraturako beharrezko elementuak erosteko, barnean direla zentzumenei lotutakoak (fakultatiboek agindutakoak badira), beste diru-laguntza batzuek estaltzen ez badituzte. Kontzeptu horrengatik 1.000 euro emanen dira gehienez.

d) Beste jarduketa sozio-sanitario batzuk, gizarte-bazterketa saihesteko eta gizarteratzea errazteko, barnean direla laguntza teknikoak, eta etxebizitzen eraberritze puntualak, pertsonen autonomiarako beharrezkoak, beste diru-laguntza batzuek estaltzen ez badituzte. Gastu odontologikorik bada, haiek justifikatu beharko dira, pertsonaren osasunean, elikaduran edo estetikan kalte larria dagoela egiaztatzen duen medikuaren txostenaren bidez. Ortodontzia ez da diruz lagunduko. Kontzeptu honengatik 1.000 euro emanen dira gehienez.

b), c) eta d) ataletako gastuak beharrezkoak izanen dira autonomiaren, osasunaren eta gizarteratzeko gaitasunaren galera dakarten egoera bereziei irtenbidea emateko.

4.4. Formakuntzarako eta/edo gizarteratzeko eta/edo laneratzeko sostengua.

Gizarteratzen eta/edo laneratzen laguntzen duten laguntza ekonomiko puntualak aurreikusten dira; bereziki, hezkuntza jarduera arautu gabeetan parte hartzen laguntzen dutenak, prestakuntzan hasteko modu bakarra direnean eta Udalaren gizarte zerbitzuek gizarteratzeko eta/edo laneratzeko adostutako banakako ibilbideen zati direnean. Kontzeptu horrengatik 400,00 euro emanen dira gehienez.

4.5. Prebentzioa, haurtzaroan eta nerabezaroan arrisku- edo babesgabetasun-egoeretan.

Prestazio ekonomikoak ematen ahalko dira adingabeei laguntzeko haurrentzako zerbitzuak erabiltzen eta zenbait jardueratan parte hartzen (kirolari, arteari, olgetari, aisialdi osasungarriari eta abarri lotuak), baldin eta beren familiek guztiz edo zati batean ordaintzerik ez badituzte, eta baloratzen bada Udalaren gizarte zerbitzuetako programen barruan egiten ari den esku-hartze sozialean prebentziorako eta gizarte-babeserako neurri gisa erabil daitezkeela. Kontzeptu horrengatik 150,00 euro emanen dira gehienez, adingabe bakoitzeko.

Lehentasuna emanen zaio beti Udaleko alorrek programatutako jardueretan parte hartzeari.

4.6. Oinarrizko beste premia batzuk.

Prestazio ekonomiko puntuala, aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuei erantzuteko, haien apartekotasunaren arabera eta familia unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.

5.–Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.

5.1. Eskaerak egiteko bideak.

Eskabidea inprimaki ofizialeko ereduaren arabera formalizatuko da, eskatzaileak sinatu beharko du eta oinarri hauen eranskin gisa argitaratzen den ereduari lotuko zaio; eredua eguneratuko da, laguntzak tramitatzen dituen administrazio unitateari beharrezkoa iruditzen zaionean.

Familia bakoitzak inprimaki bakarra aurkeztuko du, behar bezala betea eta sinatua. Horrekin batera, oinarri hauetako baldintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

5.2. Epeak.

a) Laguntzak eskatzen ahalko dira oinarri hauetan aipatzen diren aparteko inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Ezin izanen dute bestelako diru-laguntzarik eskatu, aurreko ordainketa egin eta 12 hilabete igaro arte, baldin eta onartutako gehieneko mugara iritsi badira, salbu eta 4.5 atalean (Prebentzioa, haurtzaroan eta nerabezaroan arrisku- edo babesgabetasun-egoeretan) aipatzen diren laguntzen salbuespenezko kasuetan, erreferentziako profesionalak iritzi oinarritua emanda.

5.3. Dokumentazioa.

Eskatzaileek, oinarri hauetan biltzen diren baldintzak betetzen badituzte, dagokion inprimakia bete beharko dute eredu ofizialaren arabera. Eskabidearekin batera, agirien fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte Tuterako Udaleko sarrera-erregistroan, jatorrizkoekin alderatzeko.

5.3.1. Eskabidea. Betea eta honekin batera doan ereduaren araberakoa.

5.3.2. Eskatzailea nor den frogatzen duten agiriak eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena eta, hala balegokio, familia unitatea osatzen duten gainontzeko kideena.

a) Eskatzailearen eta familia unitatea osatzen duten gainerako kideen NANaren/bizileku- edo lan-baimenaren/pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko dute, bai eta familia liburuarena/jaiotza-agiriarena ere (bere kargura adingaberik badu).

b) Bizikidetzaren erantzukizunpeko adierazpena, erantsitako ereduaren araberakoa.

c) Banantzea edo dibortzioa honela egiaztatuko da:

1) Izatezko banantzean, aurkeztuko da banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua, edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri batzuk.

2) Banantzea edo dibortzioa legezkoa bada, hura xedatzen duten epai judizialen fotokopiak, jatorrizkoarekin alderatuak, aurkeztu beharko dira.

d) Ezkontzaz kanpoko seme-alaba aitorturik bada, zaintza eta jagoletzari eta mantenu-pentsioari buruzko neurrien fotokopia, jatorrizkoekin alderatua, aurkeztu beharko da. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri batzuk.

5.3.3. Familiaren diru-sarrera guztien eta eskaerarekin batera zerrendatutako gastuen frogagiriak (jatorrizkoa eta fotokopia):

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko aurreko ekitaldiko zergaren aitorpen osoa, bizikidetzako familia unitateko kideena, datu fiskalei buruzko informazioarekin batera (eranskin informatiboak barne). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak luzatua.

b) Eskatzailearen eta bizikidetzako familia unitateko kide guztien azken 3 nominak (finkoak ez badira), eta/edo prestazio, pentsio, sorospen eta abarrengatik dituzten diru-sarreren egiaztagiriak.

Diru-sarrerak etxeko enplegatu gisa kontratatutako langileenak badira, behar bezala formalizatutako lan-kontratuaz gainera, kontratatzaileek diru-sarreren gainean egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

Diru-sarrerak beren konturako langileenak badira, BEZaren azken hiruhilekoaren aitorpenaz gainera, eskatzaileak berak diru-sarreren gainean egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

c) Egungo diru-sarreren gaineko erantzukizunpeko adierazpena (erantsitako ereduaren araberakoa).

d) Eskatzailearen eta/edo bere familia unitatearen egoera ekonomikoa egiaztatzeko intereseko agiriak, laguntza esleitzeko beharrezko direnak: aurrekontuak, fakturak, zorren frogagiriak, alokairu-kontratua, etab.

5.3.4. Lan egoera: lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua.

Aurreko ataletan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak ekartzen ahalko dituzte ekonomia, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Betiere, aurretik ebazpena emanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68. artikuluak ezarritakoarekin bat.

5.4. Udaleko HLZk egin beharreko tramiteak.

a) Udaleko HLZk bilduko ditu eskaerak eta aurkeztutako dokumentazioa.

b) Eskaerak jasotzeko unean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, hura aurkeztu izana frogatzeko balioko duena.

6.–Eskaerak baloratzeko irizpide ekonomiko/objektiboak.

6.1. Oinarriotan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzeko eskaerak baloratzeko, bizikidetza unitateak ez du baliabide ekonomiko aski izan beharko (8.1 atalean adierazitako taularen arabera).

6.2. Irizpideak betiere lotuko zaizkie Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.3.c) artikuluan eta Tuterako Udalaren urte bakoitzeko aurrekontu orokorrak betearazteko oinarrietan jasotzen diren printzipioei.

6.3. Gai honetan eskumena duten teknikariek eginen dute deialdiaren kudeaketa, jarraipena eta balorazioa, haren fase guztietan, baita aginduzko txostenak ere erreklamaziorik edo errekurtsorik izanez gero.

7.–Organo eskuduna; ebazteko eta jakinarazteko epea.

7.1. Organo eskuduna.

Araudian ezartzen den eskumen banaketaren eta Alkatetzaren eskuordetzearen arabera, dagokion zinegotzitzak emanen du behar den ebazpena.

7.2. Ebazpena emateko epea.

Kasu guztietan, lehentasuna emanen zaio espedientearen tramitazioari; ebazteko gehieneko epea hilabete bat da eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe iragan ondoan, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jo ahalko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Justifikatutako zergatiak medio, epe horretan ebazterik ez bada, arrazoiak eman beharko dira.

7.3. Jakinarazpena.

Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio bideari, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 40. eta 42. artikuluek ezarritakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

8.–Eskaeraren urteko gehieneko zenbatekoa. Diru-sarreren kalkulua.

8.1. Gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko.

Eskaera bakoitzari aplikatu ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

a) Familia unitatearen baliabide ekonomikoak. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, familia unitatetzat ulertuko da honako hauek osatzen dutena: eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi den/diren pertsona bat edo gehiago, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta edo bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa duten pertsonak.

b) Kontzeptu bakoitzean ezarritako gehieneko zenbatekoa, baita guztira onartutako gehieneko muga, 1.200 euro izanen da oinarri hauek indarra duten lehen urtean (elikadura eta higienerako laguntzaren onuradunak izan ezik); zenbateko horrek xedapen gehigarri bakarrean bildutako gorakadak izanen ditu.

Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu guztiez baliatu ahalko dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean, eta ezin izanen dute kontzeptu beragatik bestelako laguntzarik eskatu, harik eta 12 hilabete iragan arte aurreko diru-laguntza ordaindu zitzaienetik, salbu eta diru-laguntzaren gehieneko mugara ailegatu ez badira (ikus 5.2 eta 8.1.b atalak).

Laguntza jaso ahal izateko, familia unitatearen hilabeteko baliabide ekonomikoek ezin izanen dituzte gainditu honako koadro honetan ezarritako zenbatekoak:

1. ZUTABEA
Kide kopurua

2. ZUTABEA
Hilabeteko diru-sarrerak, gehienez

Kide bat (LGSaren %100)

858,55 euro

2 kide (LGSaren %120)

1.030,26 euro

3 kide (LGSaren %130)

1.116,12 euro

4 kide (LGSaren %140)

1.201,97 euro

5 kide edo gehiago (LGSaren %150)

1.287,33 euro

8.2. Familiako baliabide ekonomikoak kalkulatzeko prozedura. Familia unitatearen baliabide ekonomikoak ezartzeari dagokionez, halakotzat hartuko da hilabeteko diru-sarrera guztien batura eta haren ondarea. Diru-sarreren balorazioa:

8.2.1. Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekintzat ulertuko da kide guztien diru-sarrerek, enplegutik zein prestazioetatik etorriek, egiten dutena.

Kontatuko dira:

a) Aldizkakoak ez diren sarreren kasuan, diru-sarreren zenbatekoa jakiteko, azken hiru nominetatik, pentsioaren ziurtagiritik eta beste edozein prestazio edo sarrera-iturritatik ateratako batezbestekoa kalkulatuko da.

b) Enplegu egonkorra izanez gero, lanaren aldetik urtebeteko edo gehiagorako egonkortasuna duena, azken errenta aitorpena hartuko da kontuan. Dagokionean, familia unitateko edozein kideren pentsio, prestazio edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak ere hartuko dira aintzat, azken errenta aitorpenean sartu ez badira.

8.2.2. Ondareko etekinen bidezko diru-sarrerak. Ondareko etekintzat joko dira kapital higigarri nahiz higiezinetatik heldu direnak, hurrengo atalean jasotzen diren salbuespenekin.

8.2.3. Baliabide ekonomikoen kontaketatik diru-sarrera hauek salbuetsiko dira:

–Ardurapeko seme-alabak izateagatik eta seme edo alaben jaiotzagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioen diru-sarrerak.

–Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak edo alokairu sozialekoak, jantokirako laguntzak, mendekotasuna dutenei laguntzekoak (zaintza, familia ingurunean) eta beste edozein, familia unitateko edozein kideren premia zehatz bati aurre egiteko emandakoak.

9.–Diru-laguntza ukatzeko arrazoia.

Diru-laguntzak ukatu ahalko dira, ezarritako baldintzak beteagatik ere, inguruabar hauetarikoren bat gertatzen delarik:

a) Eskatutako laguntza egokia ez izatea mahai gainean jarritako arazoa konpontzeko.

b) Datuak faltsutzea edo ezkutatzea, eta horren ondoriozko zehapen espedientea.

c) Ez egiaztatzea eskaera baloratzea ahalbidetzen duen urgentzia edo larrialdi egoera.

d) Ez da diru sorospenik emanen, zuzenean nahiz zeharka legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekin egindako zor murrizketak badira.

e) Kontzeptu beragatik eta aldi bererako, beste erakunde edo entitate publiko nahiz pribatuen finantzaketa jaso izana.

f) Halako kontzeptu baten gaineko diru-laguntza kronifikatzea; alde horretatik, diru-laguntza hiru aldiz eman ahalko da gehienez kontzeptu beragatik 5 urteko epean, 2018ko urtarrilaren 1etik hasita.

10.–Eskaeren ebazpena.

Eskabideen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie organo eskudunak onetsi edo ukatu ondoan.

Diru-laguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.

11.–Ordainketa.

Ordainketa diru-laguntzen eskatzaile eta onuradunei berei eginen zaie, eta aitzinatuko da emandako diru-laguntzaren %100. Hala ere, salbuespenez, ordainketa egiten ahalko zaie hura hartzeko izendaturiko entitate edo pertsonei, eskaeran adierazten den kontu zenbakiaren bitartez; baina, halakoetan, onuradunak edo haren legezko ordezkariak ordainketa idatziz baimendu beharko du. Laguntza onuradunaren izenean kontatuko da, ordainketa zer kontutan egiten den aintzat hartu gabe.

Laguntza ekonomikoek ondorioak izanen dituzte ebazpenean adierazten den datatik aurrera; hartan espresuki zehaztuko da laguntza zer epetarako ematen den eta zer epe dagoen haren erabileraren frogagiriak aurkezteko Tuterako Udaleko sarrera-erregistroaren bidez.

12.–Laguntzen kontrola eta aplikazioa.

12.1. Kontrolaren araubidea.

Diru-laguntzak baliogabetu ahalko dira baldin eta frogatzen bada:

a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.

b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituztenei edo haiek behar bezala egiaztatu ez dituztenei eman zaiela.

Hala behar badu, dirua itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin bat.

Tuterako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek berentzat gordetzen dituzte eskaera espedienteak ikuskatzeko eginkizunak, ukatu gabe legeria aplikagarrian ezarritako neurri egokiak hartzen ahalko dituztela, laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu okerrean gauzatu den zantzuak daudenean.

Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako finantza kontrolerako prozedura aplikatuko da.

12.2. Justifikazioa.

Laguntzak justifikatuko dira egindako gastuen fakturak edo frogatzeko balio duen pareko beste edozein agiri aurkeztuta, merkataritzako trafiko juridikoan balio badu edo eraginkortasun administratiboa badu diru-laguntzaren aplikazioa justifikatzeko. Aurrekontua betearazteko oinarrietan eta aplikagarri diren gainerako arauetan adierazi bezala tramitatuko dira, eta ordainduko, kasuan kasu ematen den kopuruan.

Ontzat hartzen diren beste agiri batzuk tiketak dira, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesteko maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak edo hura ordezten duenak onartzen dituen kasuetan. Orobat, agiri hauek aurkeztu ahalko dira, besteak beste (zerrenda hau ez baita itxia): administrazio publiko batek igorritako ordainketa gutuna; ordainagiriak, tributuak ordaintzeagatik edo tributuz kanpoko beste kontzeptu batzuengatik; konturako karguak; bankuen gordekinak; eta, faktura luzatzea bidezkoa ez denean, kontabilitateko agiriak, kontabilitateko idazpenak errealitatearen irudi zehatza ematen duela frogatzen dutenak.

Frogagiriak aurkezteko 10 egun balioduneko epea izanen da diruz lagundutako kontzeptuei dagokien azken ordainketaz geroztik, Tuterako Udaleko erregistro orokorrean eskabidea sartuta eta hari erantsita emandako laguntzaren egiaztagiriak.

13.–Dirua itzultzea eta laguntza baliogabetzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluarekin eta hurrengoekin bat, itzuli beharko da eta dagokion berandutze-interesa ordaindu:

a) Diru-laguntza emateko oinarria izan zen gastua egin izana frogatzen ez denean.

b) Diru-laguntza lortzen delarik horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

c) Laguntza zertarako eman zen, beste baterako erabiltzen delarik.

d) Onuradunek betetzen ez dutelarik oinarri hauetan ezarritako betebehar edo baldintzetariko bat, orduan ulertuko baita diru-laguntzari uko egin diotela eta diru-laguntza ofizioz baliogabetu ahal izanen baita.

Ukatu gabe Tuterako Udaleko diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzen ahalko duela.

14.–Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Oinarri hauek arautuko dute organo eskudunak aldatzen edo indargabetzen ez dituen bitartean, ezarritako legezko prozedurarekin bat; horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta horren ondotik hartuko dute indarra.

15.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen kontra, baita hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina. Aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Edo bestela, beste edozein, interesdunei bidezko iruditzen bazaie hura jartzea.

16.–Onarpena eta interpretazioa.

a) Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar haien oinarriak onartzea.

b) Udalari dagokio oinarriak interpretatzea.

17.–Publizitatea.

Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Oinarri hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, izan litezkeen onuradunek haren berri izateko biderik egokiena erabiliz. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web-orria, baita oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Tuterako Udalaren iragarki-oholak ere.

18.–Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren (DBLO) 5. artikuluaren arabera, eskatzaileak jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Tuterako Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira diru-laguntza eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Tuterako Udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bestalde, Tuterako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

19.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, alkateak honako zehapen hauek ezartzea erabakitzen ahalko du:

a) Laguntza eman duen Administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen Administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

Zehapenak ezartzeko, administrazio espedientea irekiko da, eta bertan, nolanahi ere, interesdunari entzunen zaio, behar den erabakia hartu aurretik; espedientea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuarekin bat tramitatuko da.

Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean (VI. titulua) diru-laguntzen arloan tipifikaturiko akzioei eta ez-egiteei jarraituko zaie, eta zehatu ahalko dira, utzikeria hutsagatik.

20.–Xedapen gehigarri bakarra.

Oinarri hauetan aipatzen diren zenbatekoak, beste erakunde publiko batzuek finkatzen ez dituztenak, urtero eguneratuko dira Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako argitaratzen duen iragan urteko KPIaren arabera (KPIaren aurreko 12 hilabeteetako aldaketa, urtebeteari dagokiona); halaber, 8.1 ataleko taulan LGSaz bildu diren aipamenek behar diren aldaketak izanen dituzte LGSa aldatzen delarik.

ERANSKINA

Norbanakoarendako diru-laguntza eskaera–Gizarte-larrialdiko egoera(PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1806104