109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAKAIKU

Udal hilerria arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Bakaikuko Udalak, 2018ko otsailaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bakaikuko udal hilerria arautzen duen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, aldez aurretik iragarkia argitaratuta 2018ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganda, Osoko Bilkurak erabaki du behin betiko onestea ordenantza, eta agindu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko.

Bakaikun, 2018ko apirilaren 26an.–Alkatea, Egoitz Urritza Lazkoz.

BAKAIKUKO UDAL HILERRIA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Bakaikuko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua. Ondoko ahalmen hauek dakartzate berekin administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua, edo nitxoaren aurrealdea, mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

c) Tarifei, hilotzak eramateari eta barne araubideari dagokien guztia.

d) Nitxo, hilobi, lur eta hezurtegien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Eskubideak eta tasak ezartzea eta kobratzea.

f) Hilotzak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimenak ematea.

g) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta, bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Bakaikuko udal hilerrian leku aldetik dauden eskasiak direla-eta, Bakaikun erroldaturik dauden guztiek izanen dute nitxo batean ehortziak izateko eskubidea baldin eta erroldaturik daudenetik heriotzaren eguna arte urtebete baino gehiago iragan bada.

Aldiz, Bakaikun erroldaturik ez daudenendako edo hiltzen diren egunean erroldan urtebetekoa baino antzinatasun gutxiago dutenendako, Udalari eskatu beharko zaio ehorzketa eta berak erabakiko du nitxoa ematen ahal zaion ala ez, kontuan harturik beharrak zein diren eta zenbat nitxo dauden eskura.

5. artikulua. Une oro lau nitxo eta lau kolunbario egonen dira hutsik hilerrian.

6. artikulua. Hamar urterako emanen da ehorzketarako nitxo edo kolunbarioen kontzesioa, lehen ehorzketaren egunetik hasita. Nitxo berean hainbat lagun ehorzten direnean, azken ehorzketaren data hartuko da kontuan, denboraren kontatzeaz den bezainbatean.

7. artikulua. Hilerrian nitxo baten kontzesioa eskatzen dutenek beren eskabidea aurkeztu beharko dute Udaletxean, eta hartan adierazi zein hilendako eskatzen den eta haren datuak.

Udalak erabakiko du nitxoaren kontzesioa bidezkoa den ala ez, eta baiezkoa erabakiz gero, baita zer baldintzatan ematen den ere.

8. artikulua. Nitxoetan behar diren hilarriak paratuko dira; horiek Bakaikuko Udalak onesten duen eredura egokitu beharko dira.

9. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki hilotzen gaineko osasun arauen gainekoari jarraituko zaio.

10. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

11. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea ahitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen, araudian ezarritakoa betetakoan.

12. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Nitxoetan ehortzitako hilotzak hobiratu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Lurperatutako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

c) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi badira, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal dira, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Hala ere, hilabete horietan hildakoaren ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

13. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

14. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai hobitik ateratzen denean, lekuz aldatzen denean eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko liburu ofizialean.

15. artikulua. Lurzatiak kontzesioan dituztenek nitxoak eraiki ahal izanen dituzte lurzatien barnean, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Udaletxean eraikitzeko eskabidea aurkeztea.

b) Harekin batera, Udalak lurzati bat nitxoekin okupatzeko proposatzen dituen ereduetariko baten planoa aurkeztea.

c) Egin beharreko obraren aurrekontua, sailez sail xehatua.

Udalak baimena emanen dio eraikitzeko eskaerari, baldin eta lotzen bazaie Bakaikuko Udalak onartu dituen nitxo ereduei. Udaleko alkateak du baimena emateko ardura.

Obrak burutu direla jakinarazi beharko zaio Udalari, eta horrek, egiaztatu ondoan, erregistroko liburuan idatziko du haren oharra. Hartan adieraziko da nork duen kontzesioa eta, hala behar badu, titularrarekin zer ahaidetasun maila duen, oinordetzak badira. Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira erregistro liburuan.

16. artikulua. Hobiak, nitxoak, panteoiak edo hilobiak, segur, xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia, nitxoa edo hezurtegia udalerriari itzuliko zaio.

Hezetasunak saihesteko, paratzen diren lore eta landareek ezin dute nitxoa ukitu.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

1. ATALA

Gai orokorrak

17. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien ariora.

18. artikulua. Gauaz espresuki debeku da hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, non ez diren salbuespenekoak eta behar bezala arrazoituak.

19. artikulua. Ehorzketak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek ehorzketaren orduaren berri eman beharko diote aldez aurretik arduradunari.

20. artikulua. Debeku da guztiz, baimen berezirik ez bada, autoak, motozikletak, bizikletak, zamariek tiratutako gurdiak eta edozein animalia mota sartzea.

21. artikulua. Definizioak, ezaugarriak eta luze-zabalak.

Ohiko panteoia: eraikuntza honen barnean familia bateko zenbait kide ehortzirik daude; haien gorpuzkiak banakoendako apaletan paratzen dira.

Nitxoak: ilaraz osatutako eraikuntzak dira, bata bestearen gainean ezarriak, banakako ehorzketak ilaran direlarik.

Nitxoek elkarren hurreneko ordenari jarraikiz ezarritako zenbakia dute; hari men eginen zaio ehorzteko tenorean.

Hilobia: banakoendako ehorzketak, lurrean.

Kolunbarioa: apalen gisara kokatutako nitxo txikiak, bertan errauts-kutxatilak edo hilobietako gorpuzkien hezurrak uzteko; lagapen epea beteta ehorzketa berriak egiteko erabiliko dira hilobiak, edo Udalaren jarduketaren batek eraginen die, hala nola, nitxoak paratzea, sarbideak berrantolatzea edo bestelako obra, konponketa edo birmoldaketa egitea.

22. artikulua. Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzak, oroigarriak eta ikurrak begirunetsuak izan beharko dira, eta lekuarekin bat egin.

2. ATALA

Obrak eta berrikuntzak

23. artikulua. Udalak, hilerria berritzeagatik edo ixteko erabakia ez den beste arrazoi batengatik, hilobiren bat kendu behar badu, beste bat esleituko dio kontzesio hartzaileari. Posible ez bada, nitxo bat esleituko zaio.

III. TITULUA

Ehorzketa eskubideak

24. artikulua. Ehorzketa eskubidearen lagapenak ez du salmentarik sortzen. Familiak uzten duen hilobi oro Udalaren jabari osora itzuliko da.

25. artikulua. 1. Hilobi eta panteoien gaineko ehorzketa eskubidea, horrela ezarrita dagoenean, 10 urtera iraungiko da ehorzketaren egunetik hasita.

2. Kontzesio hartzailea izan nahi ez badu, kontzesioa besterik gabe iraungiko da, eta horrek esan nahi du hilobia libre eta beste ehorzketa baterako prest gelditzen dela. Gorpuzkiak hezurtegi komun batera eramanen dira.

26. artikulua. Ez da inoiz inola epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen.

27. artikulua. Lurreko hilobiaren edo panteoiaren kontzesio epea (10 urte) iraganik, ahaideek gorpuzki horiek hezurtegi orokorrera eramaten ahalko dituzte; horretarako, Udalari aditzera eman beharko diote.

28. artikulua. Egungo panteoien titulartasuna ez da inola ere inter vivos lagako, eta bakarrik ondorengo zuzenei transmititzen ahalko zaie herentziaz edo oinordetzaz.

29. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen eta/edo amaitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik eta/edo berritu beharragatik.

IV. TITULUA

Zerbitzuak egiteko tasak

30. artikulua. Hona hemen tasen gaineko ordenantza honen zerga egitatea:

a) Ehorzketa zerbitzuak.

b) Hilarriak paratzea.

31. artikulua. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak, ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuetariko baten onuradun badira.

Tasa ordainarazten bada ehorzketa zerbitzuak egiteagatik, hilotza eraman eta ehorzteko behar den baimena aurkezten duen ehorzketa enpresa izanen da zergadunaren ordezkoa.

32. artikulua. Zerga-oinarria finkatuko da ordenantza honen I. eranskinean jasotako kopuruei jarraikiz, ondotik zehaztuko diren kontzeptuei dagozkien zerbitzu moten arabera:

a) Lurperatzeko edo ehorzteko eskubideak: zenbateko finkoa ehorzketagatik, segun eta nitxoan, hilobian edo kolunbarioan egiten den.

Erroldatu gabeak: 300 euro.

b) Gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskubideak.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

33. artikulua. Ordenantza honen 36. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen denean gertatuko da tasen sortzapena.

34. artikulua. Kuoten ordainketa 30 egun naturaleko epearen barrenean egin beharko da, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aitzina kontatzen hasita.

35. artikulua. Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian adierazten diren errekarguak izanen dituzte.

Nitxoa ixtea: doan, Bakaikun erroldaturik badaude eta erroldaturik daudenetik hiltzen diren eguna arte urtebete baino gehiago iragan bada, eta paratzen den hilarriaren egiazko kostua, erroldaturik ez badaude edo erroldaturik daudenetik hiltzen diren eguna arte urtebete iragan ez bada.

V. TITULUA

Erregelamendu honen arauak ez betetzea

36. artikulua. Udalak zehatzen ahalko du Ehorzketa zerbitzuak arautzen dituen ordenantza edo erregelamendu honen edozein artikulu betetzen ez duena.

37. artikulua. Hilarriak eta gurutzeak egitean, ezarritako neurriei jarraituko zaie. Hala ez bada, ahaideek aldatu beharko dituzte, indarra duen araudira egokitzeko. Hala egiten ez bada, lana Udalak eginen du eta kostua ahaideei pasatuko die.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Zerbait aldatu, obraren bat egin edo norbait ehorzten den aldiro, araudi honi jarraituko zaio. Beraz, ehorzketa bat egiten den hurrengoan, familiaren hilobian eginda ere, araudi hau bete beharko da (harlauzak kentzea, gurutzeak aldatzea...).

Bigarrena.–Antolakuntza.

Nitxo eta kolunbarioei dagokienez, elkarren hurreneko ordena ezarriko da. Bakarrik 4 nitxo eta 4 kolunbario gelditzen direnean hutsik, hilerrian okupaturik denbora gehien daraman nitxo edo kolunbarioa erabiliko da hurrengo ehorzketarako, baldin eta 10 urte iragan bada ehorzketatik. Okupazio hurrenkera: iparraldeko goiko ilara, ezkerretik, beherantz.

Udalak garaiz abisatuko die interesdunei nitxo edo kolunbario bat hustu behar denean. Nitxoen kasuan, hobitik ateratako gorpuzkiak kolunbarioetan ehorzten ahalko dira, baldin eta toki erabilgarririk bada. Interesdunen ardura izanen da gorpuzkiak ateratzea eta lekualdatzea, eta nitxoa edo kolunbarioa beste ehorzketa bat egiteko prest uztea. Interesdunek ardura hartzen ez badute eta nitxo edo kolunbarioa husten ez badute, Udalak kobratuko die gorpuzkiak hobitik ateratzeak eta hezurtegira eramateak eragindako kostua.

Hirugarrena.–Lurreko hilobiak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, diren hilobi guztiek, panteoi maila ez badute, nitxoetarako ezarri den araubide berari lotuko zaizkio. Hartara, haien kontzesioa 10 urterako baizik ez da mantenduko ehorzketa egunaz geroztik.

Denbora iragan eta hilobietarako laga den lurra erabilpen horretatik libre gelditzen denean, Udalak erabakiko du zer egin horrekin, une horretan antzematen dituen beharren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten xedapen guztiak, eta bereziki Hilerria arautzen duen ordenantza, 2007ko azaroaren 16an onetsia (2008ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 14koa).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen onespenaz geroztik, espresuki debeku da hilobietan ehorzterik, 21. artikuluko definizioarekin bat, haietan beste ahaide batzuk lurperaturik badaude ere. Horren salbuespen izanen dira diren panteoietan integraturiko hilobiak.

Bigarrena.–Ehorzketaleku baten kontzesio epea (10 urte) iraganagatik eta Udalak erabiltzen hasteko moduan egonagatik ere, bertan dagoenaren ahaide bat hiltzen bada, posible izanen da nitxo horretan ehorztea, familiak eskatuz gero, bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den ordenaren arabera tokatzen dena ez bada ere.

Hirugarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzean.

Bakaikun, 2018ko apirilaren 26an.–Alkatea, Egoitz Urritza Lazkoz.

Iragarkiaren kodea: L1806206