109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ESTERIBAR

Deialdia, administrari-ofizial izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Esteribarko Udalak, 2018ko apirilaren 26an egin bilkuran, administrari-ofizial izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko oinarriak onetsi zituen. Hona hemen:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Esteribarko Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen dituztenekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan ezarri moduan. Lanpostu horiek udal honen 2018ko plantilla organikoan 10, 11 eta 12 zenbakiekin identifikatu dira.

1.2. Hautaprobak gainditurik, administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko izendatua gertatzen den hautagaia C maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarritako kasuan kasuko ordainsari eta osagarriak hartuko ditu. Ordura arte zuen lanpostua besterik gabe amortizatuko da.

1.3. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko hautagaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Halaber, gizarte segurantzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanaldia izan daiteke osoa nahiz partziala. Horiek guztiak zerbitzuaren beharretara egokituko dira eta noiznahi aldatzen ahalko dituzte administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

1.5. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Honako oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartua izan dadin, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko ditu izangaiak:

a) Esteribarko Udalaren zerbitzuko langile finko izatea.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) D mailakoa izatea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin dituela frogatzea.

e) Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako bigarren gradukoa edo horien baliokidea izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkezterakoan eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta hautapen prozesu osoan horien jabe beharko dute izan, izendatzeko unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Esteribarko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 09:00etatik 14:30ak arte, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batean, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, baita honako hauek ere:

3.2.1. NANaren fotokopia konpultsatua.

3.2.2. Beharrezkoa bada, Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo baliokide denaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

3.2.3. Deialdiko 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Esteribarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Esteribarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horiek zein zuzenketak ebatzi ondoan, Esteribarko Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du; hura Esteribarko Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

4.4. Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

4.5. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauexek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Mikel Gastesi Zabaleta, Esteribarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Ander Magallon Lusarreta, Esteribarko Udaleko alkateordea.

–2. epaimahaikidea: Aitziber Juaniz Moriones. Uharteko Udaleko Idazkaritzari atxikitako administrari-ofiziala.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

–3. epaimahaikidea: Idazkaria: Esther Salazar Cameros.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emango diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

Halaber, oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak emateko ahalmena izanen du, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia: Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7. oinarria.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

3.2.3 oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

a) a-1. Nafarroako administrazio publikoetako C mailako lanetan benetan egindako zerbitzuengatik: urte bakoitzeko 3 puntu –konpututik kanpo geldituko dira deialdian parte hartzeko baldintza gisa aurkeztu eta zenbatu diren urteak–. Esperientziagatik, gehienez: 15 puntu.

Laneko eskarmentua egiaztatzeko, izangaiek lan bizitza aurkeztu beharko dute, bai eta administrazioaren egiaztagiria ere (edo lan bizitza, eta kontratua, kasua bada).

a-2. Enpresa pribatuan administrari-ofizial gisa benetan egindako zerbitzuengatik: 1,5 puntu urte bakoitzeko. Esperientziagatik, gehienez: 15 puntu.

Laneko eskarmentua egiaztatzeko, izangaiek lan bizitza aurkeztu beharko dute, bai eta kontratua ere.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Merezimenduak baloratuko dira, harik eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

b) Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetara joateagatik lortutako titulu edo ziurtagiri bakoitzagatik, oposizio-lehiaketako lanpostuarekin zerikusia badute. Ez da hamar ordutik beherako prestakuntza eta trebakuntza ikastarorik onartuko.

Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak: 10 ordutik 30 ordu bitartekoak: puntu 1; 30-50 ordu bitarteko ikastaroak: 2 puntu; 50-100 ordu bitarteko ikastaroak: 3 puntu; 100-150 ordu bitartekoak: 4 puntu; 150-300 ordu bitartekoak: 5 puntu.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira osotara ikastaroengatik.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Esteribarko Udalaren iragarki-taulan, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

8. oinarria.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ondoko ariketa hauek eginen dira. Bigarren ariketa (praktikoa) eginen dute lehenengo ariketa (teorikoa) gainditzen dutenek.

a) Lehenengo ariketa: teorikoa. 20 galdera (test motakoak edo galdera laburrak) erantzunen dira, idatziz, II. eranskineko programako gaiei buruz.

Ariketa honengatik gehienez ere 40 puntu bil daitezke, eta gutxienez ere 20 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Ariketa hau egiteko 60 minutu izanen dira, gehienez ere.

b) Bigarren ariketa: praktikoa. Lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzko bi agiri prestatu beharko dituzte, epaimahaiak zer erabakitzen duen, horiexek.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz egin ahal izanen du epaimahaiak. Halaber, dokumentua eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak eta agiriaren aurkezpena, baita epaimahaiak ematen dituen datuak behar bezala jasotzea ere, proba ahoz egiten bada.

Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke. Ariketa horiek egiteko 60 minutu izanen dituzte, gehienez ere.

Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (15 puntu).

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, Esteribarko Udalaren iragarki-taulan. Delako zerrenda internet bidez ere aztertzen ahalko da, www.esteribar.org helbidean. Hartara, gainditu dutenak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, zehazturik ea administrari-ofizialaren 10, 11 eta 12 zenbakia duten lanpostuak eskuratzeko titulazio aski duten. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko atalean puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gainditu dutenen zerrenda xedatzen duen ediktuan dei eginen zaie jendaurreko ekitaldi batera, eskaintzen diren lanpostu hutsen hautaketa egiteko.

9.3. Jendaurreko ekitaldiaren akta idatziko da eta hura Osoko Bilkurara eramanen, hautapen prozesu osoaren espedientearekin batera, eta espresuki xedatuko da proposamena, puntu gehien lorturik deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Delako zerrenda internet bidez ere aztertzen ahalko da, www.esteribar.org helbidean.

9.4. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiriok aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.5. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.6. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsunea beteko da gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Osoko Bilkurak erabakita, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko dira.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudunak bilakatuko dituzte izendatuak, indarra duten xedapenek Esteribarko Udaleko lan-kontratudunen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Esteribarko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 9.6 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Izangai bat lan-kontratudun bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 9.6 atalak agintzen duen moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, lan-kontratudun berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie. Lanpostuaz jabetu edo bere lan kontratuaren eranskina formalizatzen ez duen bitartean, ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo,

b) Aldez aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetza honi zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Esteribarren, 2018ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

II. ERANSKINA

Oposizio egiten den egunean indarrean dagoena izanen da eta Esteribarko Udalarekin erlazionatua:

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa:

a. I. titulua. Prozeduretako interesdunak (3.-12. bitarteko artikuluak): Jarduteko gaitasuna, Interesduna, Ordezkatua, Ahalordetzeen erregistro elektronikoa, Interesdun anitz dagoenean, Prozeduretako interesdun berriak, Prozedurako interesdunak identifikatzeko sistemak, Administrazio publikoetan onartutako sinadura sistemak, Identifikaziorako bitartekoen eta sinaduraren erabilera prozedura administratiboan, Interesdunei laguntzea bitarteko elektronikoak erabiltzen.

b. II. titulua. Administrazio publikoen jarduna (13.-33. bitarteko artikuluak).

Herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak. Administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra. Prozeduretako hizkuntza. Erregistroak. Dokumentuak artxibatzea. Pertsonen parte-hartzea. Pertsonen agertzea. Tramitazioaren erantzukizuna. Ebatzi beharra. Erantzuteko gehieneko epea etetea. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea. Administrazioaren isiltasuna interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan. Ebazpen espresurik ez izatea ofizioz abiatutako prozeduretan. Administrazio publikoek egindako dokumentuak. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako dokumentuak. Epe-muga eta epeen betebeharra. Epeen kontaketa. Epeen zenbaketa erregistroetan. Epeak luzatzea. Presako tramitazioa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa:

a. IV. titulua, Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna (32.-37. bitarteko artikuluak).

Erantzukizunaren printzipioak. Administrazio publikoen erantzukizun konkurrentea. Kalte-ordaina. Zuzenbide pribatuko erantzukizuna. Administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen ondare erantzukizunaren eskakizuna. Erantzukizun penala.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena:

a. II. titulua, Udalerria, I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolaketa. II. kapitulua, Eskumenak (11.-28. bitarteko artikuluak).

Udalerria. Lurraldea eta biztanleria. Udalerrien sorrera eta ezabaketa. Aldaketak udalerrien izendapenean. Udal errolda. Herritarren eskubide eta betebeharrak. Udal antolaketa. Alkateak. Osoko Bilkura. Tokiko Gobernu Batzarra. Kudeaketa deszentralizatuko lurralde organoak. Udalerria baino maila apalagoko lurralde enteak. Eskumenak.

b. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.

I.–Lehen kapitulua: Funtzionamendu araubidea (46.-54. bitarteko artikuluak).

Organo kolegiatuen funtzionamendu araubidea. Toki entitateen erabakiak. Estatuko Kontseiluaren irizpena. Tokiko ordenantzen onespena. Eskudantzien auziak. Administrazio egintzak. Bide administratiboari amaiera ematen dioten egintzak. Ofiziozko berrikuspena. Toki entitateen erantzukizuna.

II.–IV. kapitulua: Herritarren parte-hartzea eta informazioa (69.-72. bitarteko artikuluak).

Udalbatzen informazioa. Osoko bilkurak. Prozedura eta organo egokiak herritarren partaidetza eraginkorra izan dadin, lurralde eta hirigintza antolamendurako tresnen kopiak. Herri-galdeketa. Herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatzeko elkarteen garapena.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

a. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea (73.-87. bitarteko artikuluak).

Nafarroako toki entitateetako organo kolegiatuak. Organo kolegiatuen funtzionamendua: asistentzia, eskubideak. Udalen funtzionamendua: bilkurak, bilkuretako gaiak, bilkura arruntak, bereziak, erabakiak hartzea, bozketak, erabakiak hartzea.

b. IX. titulua. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola (317.-351. bitarteko artikuluak).

Xedapen orokorrak. Baimenak eta lizentziak. Administrazioaren isiltasuna. Erabakiak eta ebazpenak. Erregelamenduak. Ordenantzak eta bandoak. Eskudantzia gatazkak eta eskumen arazoak. Nafarroako toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola: xedapen orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian. Toki entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren kontrola eta inpugnazioa Foru Komunitateko Administrazioaren aldetik: toki entitateen jarduketen inpugnazioa Foru Komunitateko Administrazioaren aldetik. Toki entitateen jarduketen interes orokorraren kontrola Foru Komunitateko Administrazioaren aldetik. Xedapen komunak. Nafarroako toki entitateen jarduketen kanpo kontrola.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena:

a. III. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeetan behar diren organoen funtzionamendua (77.-110. bitarteko artikuluak).

Osoko Bilkuraren funtzionamendua. Bilkurak egiteko baldintzak. Osoko Bilkurak. Bozketak. Aktak.

b. IV. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria (119. artikulutik 138.era).

Organo osagarriak: osaera eta eskudantziak. Zinegotzi ordezkariak eta diputatu ordezkariak. Alkatearen ordezkariak. Informazio batzordeak. Kontuen Batzorde Berezia. Barrutiko Udal Batzarrak. Kontseilu sektorialak. Zerbitzuak kudeatzeko organo deskontzentratuen, deszentralizatuen, organo osagarrien funtzionamendua. Informazio Batzordeen funtzionamendurako arau bereziak.

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

a. II. titulua: Udal zergak (132.-191. bitarteko artikuluak).

Xedapen orokorrak. Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa: Izaera, Zerga-egitatea, Ondasun higiezinak, Salbuespenak, Subjektu pasiboa, Zerga-oinarria, Hobariak, Sortzapena eta zergaldia, Afektazioa ordainketari, Zergaren kudeaketa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskala eta katastroak, Aldaketen, akatsen eta omisioen aitorpena. Ekonomia-jardueren gaineko zerga: Izaera eta zerga-egitatea, Salbuespenak, Subjektu pasiboa, Tributu-kuota, Zergaldia eta sortzapena, Kudeaketa. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga: Izaera eta zerga-egitatea, Salbuespenak, Subjektu pasiboak, Kuota, Zergaldia eta sortzapena, Kudeaketa. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga. Izaera eta zerga-egitatea, Salbuespenak, Subjektu pasiboak, Zerga-oinarria, kuota eta sortzapena, Kudeaketa. Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga. Izaera eta zerga-egitatea. Subjektu pasiboak. Zerga-oinarria eta kuota. Sortzapena. Kudeaketa. VII. KAPITULUA. Luxuzko gastuen gaineko zerga. Izaera eta zerga-egitatea. Subjektu pasiboak. Zerga-oinarria. Tasa. Sortzapena Etxebizitza Hutsen gaineko Zerga.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Aurrekontuei eta gastu publikoari buruzkoa.

a. II. kapitulua: 1. atala. Aurrekontua prestatzea eta onestea (17.-19. bitarteko artikuluak).

Prestaketa: organo eskudunak eta epeak. Hasierako onespena eta behin betikoa. Argitalpena eta komunikazioak. Errekurtsoak behin betiko onespenari.

b. III. kapitulua: Gastuetako aurrekontuko kredituak. 3. atala: Aurrekontuko aldaketak. 1. azpiatala: Arau orokorrak (32.-34. bitarteko artikuluak).

Aurrekontuko aldaketa motak. Aurrekontuko aldaketen onespena eta indarra hartzea. Kontu-hartzailetzaren txostena.

8.–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea:

a. Prozedura erraztua (80. artikulua).

b. Zenbateko txikiagoen araubide berezia (81. artikulua).

c. Zazpigarren atala.–Adjudikazioa (96.-103. bitarteko artikuluak).

Parte-hartzaileen onarpena. Eskaintzak baloratzea eta jendaurrean irekitzea. Eskaintza baxuegiak. Eskaintzen balorazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko irizpideak. Kontratuen adjudikazioa. Kontratuak burutzea. Adjudikazioen publizitatea. Erakunde kontratatzaileak kontratuaren adjudikazioari uko egitea eta adjudikazio prozeduran atzera egitea.

9.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, LAHFLaren testu bategina onesten duena.

a. V. titulua: Administrazioaren esku hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintzako diziplina (190.-199. bitarteko artikuluak).

Lizentzia behar duten egintzak. Udal administrazioak sustatutako obra arruntak. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak. Lizentzia eskatzeko epeak. Lizentzia emateko eskumena eta prozedura. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzetarako prozedura orokorra. Lizentzia eskatzeko prozeduraren ebazpena. Lizentzien eraginkortasuna. Exekuzio aginduak. Aurri-adierazpena.

10.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

a. VIII. kapitulua: Eskubide eta betebeharrak (36.-59. bitarteko artikuluak). Ordainsariak.

Iragarkiaren kodea: L1806082