109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25/2018 FORU AGINDUA, maiatzaren 31koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluan Nafarroako emakume elkarteak ordezkatzen dituzten kideak izendatzeko prozedura ezartzen duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumena da, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horren bidez erakunde autonomo honen estatutuak onetsi ziren).

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikitako kide anitzeko aholku organoa da. Haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arau hauetan ezarrita daude: maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua (apirilaren 11ko 15/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsitako testuaren arabera), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta, osagarri gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

22/2012 Foru Dekretuaren 4. artikuluak adierazten du Nafarroako emakume elkarteak ordezkatzen dituzten bederatzi emakume izanen direla Kontseiluko kide, “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako zazpi eskualdeetako bakoitzetik ordezkari bat, hain zuzen, Iruñerrian izan ezik, Iruñerriak hiru ordezkari izanen baititu.

Eskualde bakoitzeko elkarteek, zeinak inskribatuak egon beharko baitira Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikita dagoen Nafarroako Foru Komunitateko emakume elkarteen zentsuan, kontseilukide titularra eta ordezkoa hautatuko dituzte aurkezten diren hautagaien artetik, izan ere, kontseilukideak proposatzeko ahalmena duten entitateek haien ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluan Nafarroako emakume elkarteak ordezkatzen dituzten kideak eta haien ordezkoak hautatzeko prozesuaren deialdia onestea.

2. Prozesua arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutura igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek eta dagokion eranskinak ez dute administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke haien aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 31n.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluan Nafarroako emakume elkarteak ordezkatzen dituzten kideak eta haien ordezkoak hautatzeko prozedura ezartzea.

Helburua da Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikita dagoen Nafarroako Foru Komunitateko emakume elkarteen zentsuan inskribatuak dauden elkarteek bederatzi emakume kontseilukide hautatzea: “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako zazpi eskualde bakoitzetik bat, salbu eta Iruñerrian, eskualde horrek hiru kide izanen baititu. Horien guztien ordezkoak ere hautatu beharko dira.

2.–Hautapen prozedurara deitutako elkarteak.

Dei egiten zaie foru agindu hau argitaratzen den egunean Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zentsuan inskribatuta dauden Nafarroako emakume elkarteei.

“Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako eskualde bakoitzeko elkarteek kontseilukide titular bat eta haren ordezkoa hautatuko dituzte eskualde bakoitzeko, Iruñerrikoek izan ezik, non hiru kontseilukide eta hiru ordezko hautatuko baitira.

Hautapen prozesu guztia, baita hura errazteko prestatutako agirien ereduak ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratuko dira.

3.–Hautagaitzak proposatzea.

a) “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako zer eskualde ordezkatzen den, hango emakume elkarteetako kide diren bi emakumek osatuko dituzte hautagaitzak. Hautagaitza horiek nor bere izenean aurkeztuko dira; agertzen den lehenengo emakumea titular gisa arituko da, eta bestea ordezko gisa.

b) Hautagaitzak aurkezteko, 15 egun naturaleko epea egonen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Hautagaitzak Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari zuzenduak.

Hautagaitzak eredu normalizatuan aurkeztuko dira. Bertan, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide izateko aurkezten den emakumearen izen-deiturak jaso beharko dira berariaz, baita ordezkoaren izen-deiturak ere, eta adieraziko da zer elkarte eta zer eskualde ordezkatuko dituen, hautatua izanez gero. Halaber, telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat zehaztu beharko ditu, interesa duten elkarteak harremanetan jar daitezen hautagaiekin. Aurkeztutako hautagaitzak eta harremanetarako datuak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratuko dira.

d) Horretarako emandako epean hautagaitza bakarra aurkezten bada eskualderen batean, edo hiru hautagaitza baino ez Iruñerrirako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak zuzenean izendatuko ditu Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide.

e) Epearen barruan hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak libreki izendatuko ditu bederatzi kidera iristeko behar diren ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

f) Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagaitzak aurkeztu ez direlako edo beharrezkoak diren bederatzi hautagaitzak baino ez direlako aurkeztu, horren berri eman beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunearen bidez.

g) Eskualde bakoitzeko hautagaitza bat baino gehiago aurkezten badira, edo 3 baino gehiago Iruñerrian, bozketa eginen da aurkezten diren hautagaitzen artean, eranskin honen 4. atalean ezarritako prozedurari jarraikiz. Kasu horretan ere, hautagaitzak eta hautatzeko prozedura Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean iragarriko dira.

4.–Hautagaitzak bozkatzea.

Bozkatzeko prozedura honelakoa izanen da:

a) Bozketa telematikoki eginen da Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez; horrez gain, botoa NBIren bulegoetan ere ematen ahalko da zuzenean, hautagaitzak NBIren webgunean argitaratzen direnetik hamar egun naturaleko epearen barruan. Bozketa baliozkoa izateko, ez da inolako gehiengorik eskatuko.

Elkarte bakoitzak boto bakar bat eman dezake bere eskualdea ordezkatzen duten hautagaitzetarako. Boto-paperean, titular gisa hautatzen den hautagaiaren izen osoa jasoko da, baita haren ordezkoarena ere.

Botoa elkarte bakoitzeko lehendakariak emanen du, behar bezala identifikatuta.

b) Botoen kontaketa publikoa Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren egoitzan eginen da; ekitaldi hori zein egunetan eta zein ordutan eginen den gutxienez 24 ordu lehenagotik iragarri beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean.

c) Eskualde bakoitzean, boto gehien eskuratzen duen hautagaitza aukeratuko da. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

5. Kontseilukideak izendatzea, titularrak nahiz ordezkoak.

Kontseilukideak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren foru agindu bidez izendatuko dira.

EMAKUME ELKARTEEK NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO KONTSEILUAN IZANEN DITUZTEN ORDEZKARIAK
HAUTATZEKO HAUTESKUNDEAK

Hautagaitzak aurkezteko eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1807363