109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

82E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, zeinaren bidez onesten baitira deialdia eta oinarri arautzaileak diru-laguntzak emateko lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko Nafarroako ETEetan, bai eta enpresa sentsibilizazioko ekintzak egiteko ere, 2018an Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzea da, egun dagoena mantentzearekin batera, Nafarroako Gobernuaren eta gizarte osoaren kezka handienetako bat. Horregatik, funtsezkoa da lanbide kualifikazioa sustatzea, eta horretarako, prestakuntza ekintzetan parte hartzea garrantzitsua da, langileen gaikuntza eta lan merkatuan dituzten aukerak hobetzeko.

Kontuan harturik enpresek duten garrantzia enplegua sortzeko orduan eta Nafarroan enpresen ehuneko 90etik gora enpresa txiki eta ertainak direla, beharrezkoa da honako lanbide profil hauek garatzea: enpresaburu txikia, zuzendaritza taldea eta erdi mailako arduradunak. Helburua da langile horiek beren garapen profesionala nahiz enpresarena lortzeko tresnak eskuratzea.

Gainera, ikusirik enpresa sarearen bilakaera azkarra eta konstantea eta lan merkatuaren behar berriak, enpresa askok zailtasunak dituzte zenbait lanbide profil txertatzeko, eta, beraz, profil horiek bete gabe gelditu daitezke.

Deialdi honen helburua da bi errealitate horietan esku hartzea. Batetik, ETEen jabeen, zuzendaritza taldearen eta erdi mailako arduradunen lanbide profilak garatu nahi dira, eta, aldi berean, enpresak kontsolidatzea eta garatzea bultzatu nahi da, sentsibilazio jarduketak eginez enpresa kudeaketan eragin handia duten gaiei buruz. Bestetik, erantzun nahi zaio Nafarroako Foru Komunitateko enpresek eskaintzen dituzten lanpostu kualifikatuen eskaintzari, gerta baitaiteke lanpostu horiek bete gabe gelditzea langile egokirik ez dagoelako.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea diru-laguntzak emateko lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko Nafarroako ETEetan, bai eta enpresa sentsibilizazioko ekintzak egiteko ere, 2018an Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Enpresetan lanbide profil estrategikoak garatzeko eta txertatzeko programetarako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242112 partidaren kargura, honela banatuta:

• 250.000 euro enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programetarako.

• 250.000 euro enpresan lanbide profil estrategikoak txertatzeko programetarako.

4. 100.000 euroko gastua baimentzea enpresa sentsibilizazio programetarako, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Enpresa sentsibilizaziorako eta zabalkunderako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242111 partidaren kargura. DDBN: 399591.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta helburua.

1.1. Oinarri hauen helburua da diru-laguntza hauek emateko prozedura arautzea: Nafarroako ETEetan lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko programak finantzatzeko eta enpresa sentsibilizazioko ekintzak egiteko diru-laguntzak.

1.2. Deialdi honen aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Oinarri hauetan araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak modu independentean. Halaber, onuradun izan daitezke enpresa erakundeak edo elkarteak, unibertsitate fundazioak, profesionalen elkargoak, klusterrak edo zentro teknologikoak. Azken entitate onuradun horiek prestakuntza entitate batekin batera parte hartu beharko dute deialdian, eta parte hartzeko agiri pribatua hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera aurkeztuko dute.

Deialdian parte hartu dezakete, halaber, nortasun juridikorik ez izan arren diru-laguntzaren xedeko jarduerak egiteko gai diren arestiko entitateen batasunek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen izan beharko duena. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Entitate onuradunek, prestakuntza entitateak izan ezik, helbide soziala eta fiskala Nafarroan izan beharko dute.

2.2. Prestakuntza entitateek, izan publikoak izan pribatuak, Nafarroako Foru Komunitatean enplegurako lanbide prestakuntza emateko baimendurik eta/edo behar den erregistroan inskribaturik egon behar dute eskaera aurkezten den egunean.

Nafarroan akreditatutako edo inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren prestakuntza beste toki batzuetan eman nahi duten entitateek eskabidean zehaztu beharko dute zer instalazio edo lokaletan emanen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eman beharreko prestakuntzarako akreditaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek entitate eskatzaileen data beretan.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

3.–Diru-laguntzaren xedeko jarduketak.

3.1. Deialdi honen babesean, programa hauek gauzatzeko diru-laguntzak ematen ahalko dira:

A) Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programa.

A.1. Programa honetan aurreikusitako ekintzen helburua da Nafarroako ETEak gaitzea enpresa kontsolidatzen eta hazten laguntzen duten gaietan. Horretarako, aurreikusten da lanbide profil estrategikoak garatzeko ekintzak egitea ETEen jabeentzat, zuzendaritza taldearentzat eta erdi mailako arduradunentzat, aholkulari espezializatu batek lagundurik.

Parte-hartzaileek gaikuntza eskuratuko dute arlo hauetan: lehiakortasuna, enpresa lankidetza, networking-a, jardunbide onen trukea, dibertsifikazioa, nazioartekotzea, aliantzak, estrategia digitala, industria 4.0, S3 estrategia, berrikuntza, enpresa kudeaketa, sektore eta lurralde garapena, bai eta enpresa kontsolidazioa eta garapena bultzatzen duen beste edozein gai ere.

A.2. Entitate onuradunak:

–Zabalkunde ekintzak eta enpresak erakartzeko ekintzak eginen dituzte: Nafarroako enpresen artean zabalduko da programan parte hartzeko aukera dagoela, eta parte hartuko duten enpresak eta haien jabeak, zuzendaritza taldea eta erdi mailako arduradunak aukeratuko dira. Gehienez ere 10 enpresa hautatuko dira, eta haietako bakoitzak gutxienez bi parte-hartzaile izanen ditu, eta gehienez 10.

–Entitatearen diagnostiko bat eginen dute eta soluzioak aplikatuko dituzte enpresan. Banaka lan eginen da enpresa parte-hartzaile bakoitzarekin. Horretarako, landuko diren gaietan espezializatutako aholkularitza bat izendatuko da. Enpresaren analisi bat eginen du hark, hobekuntza esparruak identifikatuko ditu, lortu beharreko helburuak zehaztuko ditu eta ekintza plan bat eginen du.

–Ekintza planean jasotako prestakuntza edo gaikuntza antolatzeaz eta emateaz ardurako dira.

–Programaren akonpainamendua eta jarraipena eginen dute. Jabeei, zuzendaritza taldeari eta erdi mailako arduradunei laguntza emanen zaie ekintza planean jasotako neurriak abian jartzeko orduan eta hautatutako arloak hobetzeko orduan.

–Egindako jardueraren kalitatea eta eragina ebaluatuko dute. Planteatutako ibilbide orria zer mailatan bete den aztertuko dute, eta ondorioak atera dira abiatutako neurriek edo abiatzeko bidean direnek enpresaren kontsolidazioan eta hazkundean izandako eraginaren gainean.

B) Enpresan lanbide profilak txertatzeko programa.

B.1. Programa honetan aurreikusitako ekintzen helburua da Nafarroako ETEetan betetzen zailak diren lanbide profilak txertatzea. Horrez gain, programan parte hartzen duten pertsonen laneratzea kudeatzea eta bultzatzea aurreikusten da.

B.2. Entitate onuradunak:

–Identifikatuko dute zer lanpostu diren zailak betetzeko enpresetan, horien eskumen profila deskribatuko dute eta dena delako lanposturako beharrezkoa den prestakuntza programa zehaztuko dute.

–Hautatuko dute zer pertsonak parte hartuko duten aurreikusitako prestakuntza ekintzetan. Horretarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enplegu agentzien sarea erabiliko da.

–Prestakuntza antolatzeaz eta emateaz arduratuko dira.

–Parte-hartzaileen laneratzea bultzatuko eta kudeatuko dute eta horren jarraipena eginen dute, dauden kontratu edo praktika modalitateetako edozein baliatuz.

–Egindako jardueraren kalitatea eta eragina ebaluatuko dute. Adierazleak zehaztuko dira, neurtzeko, batetik, jasotako arretaren kalitatea, eta, bestetik, parte-hartzaileen enplegagarritasun emaitzak, satisfazio maila eta enpresentzat duen erabilgarritasuna.

C) Enpresa sentsibilizazioko programak.

C.1. Programa honen xedea da sentsibilizazio eta gaikuntza ekintzak egitea batez ere Nafarroako enpresetako langileentzat eta arlo hauei dagokienez: lehiakortasuna, enpresa lankidetza, networking-a, jardunbide onen trukea, dibertsifikazioa, nazioartekotzea, aliantzak, estrategia digitala, industria 4.0, S3 estrategia, berrikuntza, enpresa kudeaketa, sektore eta lurralde garapena, bai eta enpresa kontsolidazioa eta garapena bultzatzen duen beste edozein gai ere.

Ekintzak izanen dira bai Nafarroako enpresentzat oro har, bai sektore zehatz batzuentzat edo lurralde jakin batzuetako enpresentzat.

C.2. Diruz lagunduko dira jardunaldiak, mintegiak, mahai teknikoak, lan jardunaldiak, sektore edo lurralde topaketak eta antzeko jarduketak, betiere baliagarriak badira esperientzia trukerako, enpresen arko lankidetzarako eta oinarri honen C.1 atalean adierazitako gaiei buruzko informazioa emateko.

3.2. A eta B programetan jasotako prestakuntza ekintzak garatzeko eta emateko, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Prestakuntza ekintzak jasoa egon beharko du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen katalogoan (https://bit.ly/1ui0Ycx) edo Enplegu Prestakuntzarako Estatuko Fundazioaren prestakuntza espezialitateen barruan (https://bit.ly/2v0lJ3u).

Baldin eta prestakuntza ekintza ez badago jasoa arestiko iturrietan, aipatu espezialitateen katalogoan inskribatzeko tramitea abiatuko beharko dute entitate onuradunek, eta ezin izanen dute prestakuntza eman inskripzioa eginda ez badago.

3.3. Prestakuntza ekintzak egiteko modalitateak hiru dira: presentziala, teleprestakuntza eta mistoa (presentziala eta teleprestakuntza). Ekintzek, gutxienez, 6 ordu iraunen dute, eta gehienez, 270 ordu. Akreditazio ofizial bat edo unibertsitate-titulu bereki bat lortzera bideratzen denean ekintza, edo arau edo hitzarmen baten bidez luzeagoa izatea eskatzen denean, 270 ordutik gorakoa izan daiteke.

Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta egunean 8 ordukoak gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 pertsonako taldeetan egiteko programatuko dira, edo 25 ikasleko taldeetan, baldin profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideraturik badago.

Teleprestakuntzaren modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 pertsonako, gehienez. Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.4. 3.1 oinarrian adierazitako A eta B programetan jasotako prestakuntza jarduera emateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala akreditatutako eta/edo inskribatutako prestakuntza entitatea izatea 2.2 oinarrian adierazitakoaren arabera. Entitate horiek ezin izanen dituzte hirugarrenak kontratatu esleitu zaien prestakuntza jarduera emateko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko esleipendun entitateak irakasleak kontratatzea prestakuntza emateko. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena.

3.5. Hiru programetan jasotako jarduketak eta ekintzak, bai eta lehen bietan aurreikusitako prestakuntza ekintzak ere, diru-laguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke, eta ematen diren urtearen azaroaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

3.6. Proposatutako jarduketak ez gauzatzeak berekin ekarriko du zigorrak izatea hurrengo deialdietan, ehuneko hauek aplikatuta:

–%10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–%10etik gorako ez-gauzatzeak: %40ra arteko zigorra, baremoan lortutako puntu guztien gainean. Zigorra proportzionalki kalkulatuko da.

4.–Diru-laguntzen zenbatekoak.

4.1. Emanen den diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, programa bakoitzean jasotzen den jarduketa mota hartuko da kontuan, honela:

–3.1 oinarrian adierazitako A eta B programetako prestakuntza ekintzak: modalitate presentzialean prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko berariazko modulua, lanbide arloen eta kualifikazio mailen arabera zehaztua:

LANBIDE ARLOA

1-2 MAILAK
(euroak orduko)

3-4 MAILAK
(euroak orduko)

ADG

6,31

6,34

AFD

6,64

6,60

AGA

6,52

6,52

ARG

6,67

6,00

COM

6,19

6,22

ELE

6,37

6,13

EOC

6,15

6,15

FME

6,83

6,81

HOT

6,54

6,65

IFC

6,54

8,97

IMA

6,55

6,62

IMP

6,42

6,42

IMS

6,62

6,56

AIM

7,20

7,11

MAM

5,60

5,60

SEA

6,36

6,29

SSC

6,40

6,00

TMV

7,67

7,67

Modalitate presentzialean, aurreko taulan agertzen ez diren lanbide arloetako prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu modulu ekonomikoa: 6,54 euro, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

Teleprestakuntza modalitatean, prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu modalitate presentzialerako ezarritako parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko berariazko modulu ekonomikoaren %75. Teleprestakuntzako modalitatea izanen da baldin prestakuntzako zati presentziala iraupen osoaren %20 edo gutxiago bada.

–Antolakuntza, aholkularitza, akonpainamendu eta ebaluazio jarduerak 3.1 oinarriko A eta B programetan: diruz lagunduko den zenbatekoa 60 euro/ordu izanen da. Kontzeptu horregatik ematen den zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programaren aurrekontu osoaren %50a, eta enpresan lanbide profilak txertatzeko programaren kasuan, aurrekontu osoaren %30a.

–3.1 oinarriko C programaren barruan egindako jardunaldiak, mintegiak, topaketak eta antzekoak: 1.500 euro emanen dira jardunaldiak, mintegiak eta mahai teknikoak egiteko, eta 1.000 euro sektore eta lurralde topaketak egiteko.

4.2. Entitate bakoitzari gehienez ere 125.000 euroko diru-laguntza emanen zaio enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko eta enpresan lanbide profilak txertatzeko programetarako, eta 50.000 eurokoa enpresa sentsibilizazioko programetarako. Finkatutako mugak entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin) aurkezten den.

5.–Parte-hartzaileak.

5.1. Deialdi honetan aurreikusitako ekintzetan honako hauek parte hartzen ahalko dute, deialdian ezarrita dauden baldintzetan:

–ETEen jabeak, zuzendaritza taldeak eta erdi mailako arduradunak, enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programan.

–Langabeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan-eskatzaile gisa inskribatuta badaude, enpresan lanbide profilak txertatzeko programan. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

–Lehentasunez, Nafarroako enpresetako langileak, enpresa sentsibilizazioko programan.

5.2. Dagokion enplegu agentziak eginen du enpresan lanbide profilak txertatzeko programan parte hartzen duten langabeen aurretiko hautapena, esleipendun entitate onuradunak aurrez eskatuta, eta aipatu programaren esparruan zehazten den profilarekin bat datozen hautagaien artean aukeratuta. Entitate onuradunak behin betiko hautaketa egiten ahalko du, objektibotasunaren eta berdintasunaren irizpideei jarraikiz. Halakoetan, entitateak enplegu agentziari esanen dio zein diren irizpide horiek eta zer prozedura erabiliko duen hautaketa egiteko.

Ezin izanen dute programa honen prestakuntza ekintzetan parte hartu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako edo finantzatutako ikastaro bat egiten ari direnek.

5.3. 3.1 oinarriko A eta B programetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenak aseguratuta egon beharko dute deialdi honen 12.1.b) oinarrian zehazten den moduan.

5.4. Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiria emanen dio prestakuntza ekintza bat bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, eta egiaztapen diploma bat, berriz, prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari. Norbaiten prestakuntza bukatutzat emateko, ikastaroko ikastorduen %75en, gutxienez ere, parte hartu behar du prestakuntza presentziala denean, edo, teleprestakuntzaren kasuan, ikaskuntzaren aldizkako jarraipen kontrolen %75 egin behar du. Jardunaldien, konferentzien, mintegien eta antzekoen kasuan, entitate onuradunak bertaratze diploma bat emanen dio parte-hartzaile bakoitzari.

Diploma eta ziurtagiri horietan, honako hauek agertu beharko dira, gutxienez: ekintzaren izena, prestakuntza eman duen zentroa, prestakuntzaren edukiak, zein egunetan egin den eta zenbat prestakuntza ordu jaso diren.

Agiri horietan Nafarroako Gobernuaren ikurra eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren ikurra agertuko da, deialdi honen 21.2 oinarrian ezarritakoarekin bat.

Ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea bi hilabetekoa da, parte hartu duteneko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik aurrera. Aipatu ziurtagiriak edo diplomak eman ziren daten erregistro bat gorde beharko du entitateak.

6.–Lanekoak ez diren praktikak.

6.1. Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeek lanetik kanpoko praktika profesionalak egiten ahalko dituzte. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan. Diru-laguntzaren justifikazio ekonomikoari dagokionez, praktika horiek ez dira inolako ondorioetarako kontuan hartuko.

6.2. Entitate onuradunak kudeatuko du praktiken antolaketa enpresekin eta parte-hartzaileekin.

6.3. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu ezinezkoa bada. Hori behar bezala justifikatuko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimena eman beharko du.

6.4. Lanekoak ez diren praktikak hasi baino lehen, sinatzen diren akordio edo hitzarmenen berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte-hartzaileen zerrenda igorriko zaie.

Era berean, horiek hasi baino lehen, idazki bat aurkeztu beharko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, honako datu hauekin: parte-hartzaileen izen-abizenak, enpresaren izena eta praktikak eginen diren helbidea, iraupena, ordutegia eta praktikak lanez kanpokoak direla dioen ohartarazpena. Praktikaldi horiek izan ditzaketen gastuak enpresaren kargura izanen dira. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak informazio hau igorriko dio Probintziako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

7.–Eskaera egiteko epea eta modua eta aurkeztu beharreko agiriak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

Entitate, enpresa edo elkarte eskatzaileek eskaera bat eskatuko dute diru-laguntza eskaeraren xedeko programa bakoitzeko.

7.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek sinatu beharko ditu:

a) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatu egoeretakoren batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko diru-laguntzen adierazpena.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

Eskabidea aurkeztuta frogatzen dira adierazpen horiek.

7.4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da.

b) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako diru-laguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren” inprimakia aurkeztu beharko da.

c) Programa bakoitzaren justifikazio memoria, gutxienez informazio hau jasotzen duena:

1.–Garatu beharreko proiektu mota.

2.–Justifikazioa: inguruaren ezaugarriak, abiapuntua, lan merkatuaren beharrak, etab.

3.–Helburuak.

4.–Aurreikusitako jarduketak eta onuradunak.

5.–Tokia.

6.–Egutegia.

7.–Aurreikusitako giza taldea eta baliabide materialak.

8.–Jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko mekanismoak.

d) Prestakuntza ekintza bakoitzerako berariazko agiriak, behar bezala beteak.

e) Programaren laburpena eta aurrekontua, eskatutako ekintza bakoitza adierazita. Horretarako, profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeari lotutako prestakuntza ekintzen kasuan, ekintza horiek profesionaltasun ziurtagiri osoekin edo prestakuntza modulu osoekin bat etorri beharko dute, salbu eta 1. mailako profesionaltasun ziurtagirien kasuan, horrelakoetan profesionaltasun ziurtagiri osoekin soilik bat etorri beharko baitute.

f) Aipatu dokumentazioaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten diren eskaeren gainean ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

b), c), d), e) eta f) apartatuetan aipatutako eskaera eta agiriak Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira (www.nafarroa.eus).

7.5. Eskabidea aurkeztearekin batera Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematen zaio zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzko ziurtagiriak edo informazioa eskatzeko, bai eta eskatzailearen eta ordezkariaren IFZ eta NANa kontsultatzeko ere. Halaber, baimena ematen zaio Administrazioari jada aurkeztu zaizkion agiriak eskatzeko. Hala bada, entitate eskatzaileak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen aipatu agiriak.

Entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen horiek emateari, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskaera egiten duen unean.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1. Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Hori hala izanik ere, errekerimenduak programako prestakuntza ekintzaren bat edo batzuk ukituz gero, ekintza horiek baztertu eginen dira programatik, eta programako gainerakoa tramitatuko da baldin horretarako behar diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badira.

8.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1. Aurkeztutako eskaeren baloraziorako, irizpide amankomun hauek hartuko dira kontuan:

a) Entitateen arteko lankidetza: 10 puntu arte. Indarrak batzeko asmoz, beste entitate batzuekin elkarlanerako harremanak ezartzeko gaitasuna baloratuko da, programan sar daitezen onuradun gisa.

–Entitate onuradun bakoitzeko, 2 puntu emanen dira.

b) Emakumeen ehunekoa: 15 puntu arte. Baloratuko da zein den emakume parte-hartzaileen ehunekoa.

–Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da emakume parte-hartzaileen ehunekoa %100 denean.

c) Efizientzia ekonomikoa: 5 puntu arte.

–0,5 puntu emanen dira hau gertatzen bada: prezioa merkatzen bada, programen eskaeren batezbestekoa kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, dagokion zati proportzionala emanen da.

9.2. Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programen berariazko irizpideak.

a) Programari lotutako enpresak: 10 puntu arte.

–Puntu 1 emanen da programari lotutako enpresa bakoitzeko, onuradun gisa aurkeztu ez bada eta programan parte hartzen badu. Idatziz frogatu beharko da parte-hartze hori eta haren konpromisoak.

b) Parte-hartzaileak: 10 puntu arte. Baloratuko zein den programan parte hartzen duten pertsonen ehunekoa enpresako guztizko langile kopuruaren aldean.

–Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da ehuneko hori %100 denean.

c) Zonifikazioa: 20 puntu arte.

–Jarduketak enplegu agentzien zenbat eragin gunetan egiten diren kontuan hartuta, 2,5 puntu emanen dira eragin gune bakoitzeko (kasuko enplegu agentziari esleitutako udalerriei dagokien eremua: Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa, Iruña, Tutera eta Tafalla).

9.3. Enpresan lanbide profilak txertatzeko programaren berariazko irizpideak.

a) Programari lotutako enpresak: 10 puntu arte.

Puntu 1 emanen da programari lotutako enpresa bakoitzeko, onuradun gisa aurkeztu ez bada eta programan parte hartzen badu. Idatziz frogatu beharko da parte-hartze hori eta haren konpromisoak.

b) Laneratzea: 20 puntu arte.

–2 puntu emanen dira pertsona hauekin formalizatzen den lan kontratu bakoitzagatik: gizarteratze-errenta edo errenta bermatua jasotzen duten pertsonak, gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen duten pertsonak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabeak diren 30 urtetik gorakoak (gutxienez 12 hilabetez langabezian azken 18 hilabetean).

–3 puntu emanen dira formalizatzen den lan kontratu mugagabe bakoitzagatik.

–2 puntu emanen dira formalizatu behar den lan kontratua sei hilabetetik gorakoa denean edo bederatzi hilabetetik gorakoa lanaldi partzialean, eguneko gutxieneko %50eko lanaldia duela.

–Puntu 1 emanen da formalizatu behar den lan kontratua sei hilabetetik beherakoa denean edo bederatzi hilabetetik beherakoa lanaldi partzialean, eguneko gutxieneko %50eko lanaldia duela.

c) Lanekoak ez diren praktikak: 10 puntu arte.

–Puntu 1 emanen da lanekoa ez den praktikaldi bakoitzeko.

9.4. Enpresa sentsibilizazioko programaren berariazko irizpideak:

a) Parte-hartzaile kopurua: 10 puntura arte. Programan aurreikusitako parte-hartzaile kopurua baloratuko da.

–Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileak 1.000 direnean.

b) Zonifikazioa: 20 puntu arte.

–Jarduketak enplegu agentzien zenbat eragin gunetan egiten diren kontuan hartuta, 2,5 puntu emanen dira eragin gune bakoitzeko.

10.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

10.1. Diru-laguntzak programa bakoitzeko emanen dira, balorazioaren puntuazio hurrenkeraren arabera, programa bakoitzerako kreditu erabilgarria agortu arte.

Gertatzen bada programa bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua ez dela nahikoa finantzatzeko, gutxienez, dagoen krediturako egindako azken eskaeraren %30, aipatu aurrekontuan handitu eginen da, lehenik, 3.1.B) oinarrian adierazitako programetarako aurreikusitako zenbatekoa eta, bigarrenik, 3.1.A) oinarrian adierazitako programetarako aurreikusitakoa. Ez da inolaz ere handituko 3.1.C) oinarrian adierazitako programetarako aurreikusitako zenbatekoa.

Baldin eta diru-laguntza emateko prozesu hau bukatutakoan kreditua gelditzen bada programaren batean, zilegi izanen da sobera dauden zenbatekoak erabiltzea A eta B programetan emandako zenbatekoa handitzeko. Kasu horretan, ez da aplikatuko 4.2 oinarrian jasotako muga, eta diru-laguntzaren zenbatekoa 250.000 eurora arte handitzen ahalko da.

10.2. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile emakumezkoen kopuru handiena zeinek duen.

11.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

11.1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honetako eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio.

11.5. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori dagokion ebazpena eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honen beste oinarri batzuetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetan jasotako ekintzetan parte hartzen dutenentzako nahitaezko doakotasuna errespetatzea.

b) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzat, entitate onuradunak asegurua izanen du jardueren ondoriozko arriskua estaltzeko, lanetik kanpoko praktikenak barne, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatzen den edozein istriputarako; horren barnean sartuko dira bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (garraiobide zein den ere); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

c) Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita programa baloratzeko eta diru-laguntza emateko oinarri hartutako baldintzekin bat ere.

d) Prozedura instruitzeko eta ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

e) Diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea, baita diru-laguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla frogatzen dutenak ere.

f) Ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.

Horretarako, ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko argibideak eta agiriak entitate onuradunean gorde beharko dira, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak diru-laguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

g) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

h) Ekintzak edo proiektuak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2. Gardentasunari buruzko betebeharra:

12.2.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Ondorio horietarako, bi baldintza horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, entitatearen legezko ordezkariak sinatua eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta horretarako hilabeteko epea izanen dute diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

12.2.2. Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

12.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus) adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri.

Gardentasunari buruzko betebeharrak bete ezean, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.3. Betebeharrak 3.1.B) oinarriko programan aurreikusitako kontratazio konpromisoari dagokienez:

12.3.1. Kontratatzeko konpromisoa bete dutela frogatu beharko dute entitate onuradunek, konpromisoa hartu eta diru-laguntza emateko prozeduran baloratu zen uneko baldintzen arabera.

12.3.2. Laneratzea baldintza hauetan eginen da:

a) Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden zentroetan eginen dira kontratazioak.

b) Lan kontratuek lan araudia bete beharko dute.

c) Laneratzeko konpromisoa betetzearen ondorioetarako, kontratazio mugagabetzat hartuko da parte-hartzaileak bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean. Halakoetan, laneratze horren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

d) Kontratazioa gehienez ere 30 egun naturaleko epean eginen da, programa bukatu eta biharamunetik hasita. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzeko baimena ematen ahal du, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

Deialdi honetan hartutako laneratzeko konpromisoa betetzen ez bada, hurrengo deialdietako baremoan zigorrak jar daitezke.

13.–Ekintzak gauzatzea eta haien hasiera jakinaraztea.

13.1. Deialdi honetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko dira ekintzak.

13.2. Entitate onuradunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio, gutxienez 2 egun natural lehenago, noiz hasten diren jarduerak, jardunaldiak eta antzeko beste jarduketak, bai eta ekintza bat dela-eta erabiltzaileak biltzen dituzten jarduketak ere. Ekintzaren izena, hasi eta bukatzeko egunak, jarduketa egunak, ordutegia eta tokia aipatu beharko dira.

Prestakuntza ekintzen kasuan, jakinarazpen hori IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, ekintza hasi baino bi egun natural lehenago, gutxienez.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, jarduera “ez egintzat” joko da, diru-laguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Halaber, prestakuntza ekintzen kasuan, prestakuntza ekintza hasten denetik hirugarren eskola eguna arte, ikastaroa hasten duten parte-hartzaileen zerrenda bidali beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Horretarako, IRIS aplikazio informatikoa erabiliko da.

Hirugarren eskola egunera bitarte (hori barne) emandako orduak prestakuntza ekintzaren orduen %25 baino gehiago badira, dokumentazio hori bidali beharko da prestakuntzaren %25 hori bete baino lehen. Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta ehuneko hori gainditzen den eskola egunera arteko epearen barrenean bidaltzen bada, egun hori barne.

14.–Diru-laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

14.1. Onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak justifikatzeko eta diru-laguntzen likidazio ekonomikoa egiteko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoa beteko da, salbu eta prestakuntza jardueren kostuen kasuan, moduluen bidezko egiaztapen modalitatea erabiliko baita horretarako, 2.1 oinarrian ezarritakoarekin bat.

14.2. Diru-laguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Diru-laguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren %25etik gorakoa.

b) Konturako ordainketa. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta konturako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40 diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

14.3. Diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

b) Justifikazio memoria ekonomikoa, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

–Prestakuntza ekintzen kasuan: onuradunaren adierazpena modulutzat hartutako unitate kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

–Gainerako jardueren kasuan: egindako jardueren xehetasuna, exekuzio arduradunak, emandako orduak, kostua eta tokia. Xehetasun hori justifikatzeko, aurkeztu beharko dira egindako gastuaren fakturak eta dagokion ordainagiria (fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak, laneko parteak edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-laguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

14.4. Diru-laguntza justifikatzeko epea hilabete batekoa izanen da, programa bukatu eta hurrengo biharamunetik. Edonola ere, justifikazioa abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio diru-laguntza zati horri.

14.5. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo diru-laguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnenak. Kasu horretan, berandutza interesa ordaintzeko eskatuko da, egindako azken ordainketatik hasi eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldiari dagokiona.

14.6. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

15.–Ekintzen ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

15.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da jarduerak iraun bitartean haren jarraipena egitea, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, enpresako arduradunei, parte-hartzaileei eta prestatzaileei/koordinatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz jarduketak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunetako eta enpresetako arduradunei eta parte-hartzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Ekintzen exekuzioa.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren ikurra eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren ikurra agertzen direla.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartuko dira etorkizuneko deialdietako balorazioetan, II. eranskinean, “Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea” izenekoan, ezarritakoaren arabera.

15.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Prestakuntza ekintzen ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote prestakuntza ekintzetan parte hartu dutenen galde-sorta guztien grabazioa eta tabulazioa biltzen dituen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko.

15.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aldaketak baimentzen ahalko ditu jarduketetan, betiere horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada eta hasieran emandako diru-laguntza handitzen ez bada. Horretarako, entitate onuradunak eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokor Elektronikoan, aldaketa justifikatuz eta, hala bada, dagokion ekintzaren fitxa erantsiz. Jarraipen batzorde bat eratzen ahalko da, entitate onuraduneko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko ordezkariek osatua, proposatutako aldaketak aztertzeko.

16.–Diru-laguntzak itzultzea.

16.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta kontzesio ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren egoerak gertatzeak, diru-laguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako diru-laguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

16.2. Ondoren aipatzen diren ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

–Ez-betetzea programa bakoitzean aurreikusitako ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da, baldin eta aurreikusitako jardueraren %35era ez bada ailegatzen (hasiera batean aurreikusitako jarduera kopuruaren aldean benetan egindako jarduera kopuruaren adierazlearekin neurtuta). Horrek diru-laguntza deuseztatzea ekarriko du. Partez gauzatzen bada, gauzatu ez den zatian gutxituko da, betiere hori %35 baino gehiago bada.

–9.2, 9.3 eta 9.4 oinarrietan adierazitako baldintzak betetzen ez badira, eskaeran jasoak eta diru-laguntza emateko baloratuak, likidatu beharreko zenbatekoa gutxituko da. Horretarako, kalkulatuko da lortutako puntuetan gauzatu ez direnek eskaeraren azken balorazioan duten portzentajea, eta portzentaje hori azken likidaziotik kenduko da.

16.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da aurreko ataletan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat tramitatuko da.

16.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

16.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo emandako diru-laguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke kontzesio berriak emateko hasiera batean ezetsitako prestakuntza programei.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunak zilegi du azpikontratazioa baliatzea deialdi honetan jasotako jarduerak egiteko, betiere gainditzen ez bada diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50a. Entitateak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleren bat kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

Behin ere ez da azpikontraturik eginen jardueraren kostua handitu eta jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten entitateekin.

17.2. Edonola ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

18.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira programak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide bereki batzuekin. Dena dela, haien zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, egin gogo den jardueraren kostua.

Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

19.–Datuak babestea.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek eskaeretan eta jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, pertsona interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua.

21.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, entitate bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

22.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

22.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

22.2. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzabidearen berri eman beharko dute informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

23.–Errekurtsoak.

Interesa duten pertsona edo entitateek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Aurkaraturiko ekintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan (deialdi honen oinarri arautzaileetan zehaztu dira):

1) Ez-betetzeengatiko zigorra deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30era bitartekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko zigorra.

–Ez-betetze larri bakoitzagatik: %5eko zigorra.

–Ez-betetze oso larri bakoitzagatik: %10eko zigorra.

2) Aipatutako ez-betetzeak metatu egiten dira, eta denak batera duten zigorra ezin da sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30etik gorakoa.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako zigorra %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaro osoaren planifikazio osoari dagokionez (CP-3):

  • Dokumentuan ageri diren prestakuntza moduluko eta/edo prestakuntza unitateko orduen kopurua bat ez etortzea ziurtagirian jarritakoekin.
  • Ikastaroak prestakuntza unitate sekuentziaturik baldin badu, haiek ez egotea programaturik bata bestearen ondotik emateko.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzaren planifikazio didaktikoari dagokionez (CP-4):

  • Bildurik ez egotea ziurtagiriko eduki eta ebaluazio-irizpide guztiak.
  • Ebaluazio irizpideak (1. zutabea) ez dira agertzen ezagutzen eta trebetasunen arabera sailkaturik, egoki den gaitasunaren barnean.
  • Edukien multzoek (2. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.
  • Estrategia metodologikoek (3. zutabea) ez dituzte esleiturik gaitasunak eta/edo ebaluazio-irizpideak.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren ikastaroko prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazio probari dagokionez (CP-8):

  • Proba egoki egiteko jarraibideak ez egotea zehazturik.
  • Proba kalifikatzeko sistema zehazturik ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, amaierako ebaluazioko probak biderik ez ematea unitate bakoitzaren puntuazioa identifikatzeko.

–Banakako ebaluazioan (CP-6) lortutako emaitzak ez egotea adierazita 0tik 10era bitarteko puntuazioekin.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik.
  • Praktiketatik salbuetsirik ez egotea.
  • Salbuetsirik egoteko eskaera egiteko dokumentuak ez izatea zuzenak.
  • Bidezkoa denean, praktikei uko egiteko adierazpenak bildurik ez egotea.

5) Hauek izanen dira ez-betetze larriak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero.

–Profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan:

  • Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %75era ez bertaratu.
  • Plangintza didaktikoan (CP5) modulu bakoitzaren amaierako ebaluazioa ez egotea.
  • Moduluak prestakuntza unitaterik baldin badu, ikaskuntza prozesuan ez proposatzea gutxienez ebaluazio jarduera bat prestakuntza unitate bakoitzeko.
  • Prestakuntza modulu bakoitzeko amaierako ebaluazioaren probak (CP-8) ez izatea teoria eta praktika.
  • Prestakuntza moduluko amaierako kalifikazioa lortzeko sistema ez etortzea bat araudiarekin (CP-6).
  • Moduluan amaierako probaren bigarren deialdirik ez egitea lehenago gainditu ez dutenentzat.
  • CP-6an jasotako amaierako puntuazioa bat ez etortzea ikastaroaren aktan (CP-7) jasotako amaierako kalifikazioarekin.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

–Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzek 30 ikasleko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 ikaslekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6) Hona hemen ez-betetze oso larriak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailukoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

Iragarkiaren kodea: F1806684