107. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1012/2018 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira bi izangai-zerrenda egiteko, hautaproben bidez, B mailako Zerbitzu Kudeatzailearen lanpostua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuan sortzen diren beharrak betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du langileen aldi baterako aukeraketa deialdi baten bidez egingo dela, eta deialdi horretan bermatuko direla berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, xedatzen du ezen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak egingo baitira aldi baterako kontratazioak egiteko hautagai-zerrenda osatzeko hautaprobekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuaren langile-beharrak kontuan harturik, eta sortzen diren langile-beharrak estaltzeko xedearekin, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, B mailako Zerbitzu Kudeatzailearen lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko buruak egin duen txosten-proposamena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.–Hautaprobetarako deialdiak onestea bi izangai-zerrenda egiteko, hautaproben bidez, B mailako Zerbitzu Kudeatzailearen lanpostua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuan sortzen diren beharrak betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Bigarrena.–Deialdiak arautuko dituzten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, I. Eranskin moduan, onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitateko web-orrialdean argitara dadin agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako arlo bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 23an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Honako hauek zuzenduko dituzte deialdiak: 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), deialdi honetako oinarriek eta aplikagarriak diren gainerako araudi guztiek.

I.–Deialdia, zerbitzu kudeatzaile aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat egiteko.

Lehena.–Deialdi honen xedea da izangai zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, B mailako Zerbitzu Kudeatzailearen lanpostua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuan sortzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Bigarrena.–Izangaien betekizunak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, edo, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hauetako titulu bat edukitzeko moduan egotea, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar izateaz gain, hautapen prozedurak edota kontratazio-epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketarako prozesuaren garapena eta balioespena.

Hautaketarako prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera burutuko da.

Laugarrena.–Behin-behineko kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Izangaien deia, eta hala badagokio, kontratazioa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenarekin eta deialdi honetako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen araberako kontratatzea arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, eta aplikagarriak diren gainerako araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz egingo da.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonen enplegurako sarrera Nafarroako Administrazio Publikoetan. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.–Deialdia, zerbitzu kudeatzailearen lanpostuan prestakuntzan eta zerbitzu berezietako egoeran aritzeko, izangaien zerrenda bat egiteko.

Lehena.–Deialdi honen xedea da izangai zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, B mailako Zerbitzu Kudeatzailearen lanpostua betetzeko, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuan sortzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Bigarrena.–Izangaien betekizunak.

2.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako funtzionario izatea, eta C, D edo E mailakoa izatea.

b) Lanpostuan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea, gutxienez.

c) Ez egotea eszedentzian, ez bada eszedentziak lanpostua erreserbatzeko eskubidea ezartzen duela.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hauetako titulu bat edukitzeko moduan egotea, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko gutxieneko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, eta hautapen prozedurak edota prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

2.3. Aurretik aipatu baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta, halaber, zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako izangaien zerrenda osatzeko deialdian.

Hirugarrena.–Hautaketarako prozesuaren garapena eta balioespena.

Hautaketarako prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera burutuko da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaien deia.

Izangaien deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran daudelako aitorpena egingo da 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, deialdi honetako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz eta aplikagarriak diren gainerako araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

III.–Bi deialdietako arau komunak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, deialdietako 1. oinarri komunak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeari dagokiona izan ezik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean egingo dira (http://www.unavarra.es/servicioRRHH/enplegu-publikoa/azl?languageId=100001), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan egindakoak.

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea).

2.2. Eskabide-ereduak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko helbide hauetan agertzen direnak izango dira:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak)

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran)

Eskabidean, parte-hartzaileak adierazi beharko du eskaerak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Aldi baterako kontrataziorako deialdian parte hartzen dutenek Iruñeko campusean, Tuterakoan edo bietan kontratuak onartzeko daukaten prestasuna agerrarazi beharko dute.

2.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu beharko dute Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta hala badagokio, behin-behineko deialdiko 2.1.a) oinarriak eskatzen dituen naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena, baita deialdian ezarritako titulazio baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

2.4. Desgaitasun aitortua daukaten izangaiek, eskabidearekin batera, desgaitasuna egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandakoa. Halaber, modua izango dute ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, eta hala adierazi beharko dute eskabidean. Adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, horretarako diseinatutako orri bereizi batean:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak

2.5. Hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetara aurkeztu nahi dutenek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den titulu baten kopia. Nolanahi ere, titulazio hori geroago lortu zutenek Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkezteko aukera izango dute, eta horrela une horretatik aurrera betetzeko eskaintzen diren eta hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetara aurkezteko aukera izango dute.

Hirugarrena.–Izangaiak onartzea.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko dena, eta onetsi diren deialdi hauetako onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu.

Baztertutako edo azaldu gabeko izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa egin eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan agertzen ez direla aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dituzte probetatik.

Baztertutako izangairik ez badago, onartutako izangaien zerrendak behin betikotzat hartuko eta onetsiko dira.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko dena. Horretan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda ontzat emango da. Ebazpen honetan jakinaraziko da noiz eta non egingo den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela joko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesuak bi parte edukiko dituen proba baten bidez egingo da:

–Lehen partea: erantzuteko zenbait aukera dituzten galderen zerrenda bat izango da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izango da balioduna. Galderak ebazpen honen II. Eranskinean ezarririko gaitegiari buruzkoak izango dira. Huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsiko dira.

–Bigarren partea: ariketa teoriko/praktiko bat izango da, idatziz erantzun beharrekoa, ebazpen honen II. Eranskineko gaitegiari buruz.

Bi parteak baztertzaileak izango dira, eta baztertuta geratuko dira parte bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Bi zatien probak egun berean egingo dira, elkarren segidan. Epaimahaiak soilik zuzenduko du lehen zatia gainditu duten izangaien bigarren zatia.

4.2. 2018ko abuztuaren 12a baino lehen egingo da proba. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probaren gehienezko iraupena, eta hasi baino lehen jakinaraziko du. Halaber, parte bakoitza nola balioetsiko den eta lehen parteko erantzun okerren penalizazioa ere jakinaraziko du.

Zerrendetan egoteko, izangaiek probaren bi atalak gainditu behar dituzte.

4.3. Hautaprobarako deialdia deitze bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek bertaratu beharko dute epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Probatik kanpo geldituko dira beren nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak, edo agertzen ez direnak.

4.4. Desgaitasun aitortua izanik, eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Honako hauek izango dira Epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Santiago Álvarez Folgueras, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura, Lan Osasun eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Susana Pérez Leza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lan Osasuneko eta Ingurumenaren Kudeaketako Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Miguel Berazaluce Gómez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Azpiegitura Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: José Vicente Aguinaga Zabalza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Kudeatzailea (Mantentze-lanak)

–Epaimahaikidea: David Pascal Artázcoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Kudeatzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Francisco Bello Fernández, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Kudeatzailea.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: José Antonio Marañón Oricáin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Langileen Kudeaketa Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Pedro Ardaiz Labairu jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuaren zuzendaria.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hau jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Deialdi honetako arauak interpretatzeak eta aplikatzeak sorrarazitako zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta hautaprobak aurrera egin ahala deialdian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko neurriak hartuko.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du aholkulari adituak sartzeko hautaprobarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoen esparrura mugatuko dute beren lankidetza.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaproba bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko web-orrialdean, honako zerrenda hauek, bereizirik:

a) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko langilean administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, bere 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, hautaprobaren bigarren partean puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, zozketa egingo da berdinduta dauden izangaien artean. Zozketan atera den pertsonaren izena eta deituretatik abiatuz, gainerako berdinketa guztiak deituren alfabeto hurrenkeraren arabera ebatziko dira. Zozketaren emaitzak jendaurrean jakinaraziko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdeko deialdian.

B) Prestakuntza zerbitzu berezietako egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsi duten puntuazio osoaren hurrenkeran.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, hautaprobaren bigarren partean puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautatze-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautaprobaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, bi izangai zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek -Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duten erabakiek- ezarritakoarekin bat etorriz egingo da, eta, bermatu egingo da, betiere, lehentasuna izango dutela prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran egongo diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, aldi jakin baterako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen librearen edo behin-behineko izendapenaren bidez izendatutako lanpostu batetik badatoz, egoera hau amaitutzat joko da.

8.3. Hainbat prestakuntza zerrendatan daudenak gehienez ere eta guztira sei urte egongo dira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, aldi horren amaieran, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, Epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Etxeko ur beroaren instalazioak: Tipologiak. Diseinua eta mantentze-lanak. Eraginkortasun energetikoa. Aplikatzekoak diren arauak.

2.–Berokuntza instalazioak: Tipologiak. Galdarak, ponpak, banaketa hodiak eta igorgailuak. Diseinua eta mantentze-lanak. Eraginkortasun energetikoa. Aplikatzekoak diren arauak.

3.–Hozte instalazioak: Tipologiak. Hozkailuak, klimatizagailuak, banaketa hodiak eta tutuak. Diseinua eta mantentze-lanak. Eraginkortasun energetikoa. Aplikatzekoak diren arauak.

4.–Suteen kontrako babes instalazioak: Suteak itzaltzea: agente itzaltzaileak, suteak itzaltzeko instalazio finko motak. Diseinua eta mantentze-lanak. Aplikatzekoak diren arauak.

5.–Suteen kontrako babes instalazioak: Suteak detektatzea: instalazio motak. Diseinua eta mantentze-lanak. Aplikatzekoak diren arauak.

6.–Eraikinetan ura hornitzeko eta husteko sareak: Diseinua eta mantentze-lanak. Aplikatzekoak diren arauak.

7.–Behe tentsioko instalazio elektrikoak: Barne argiteria. Tipologiak. Diseinua eta mantentze-lanak. Eraginkortasun energetikoa. Aplikatzekoak diren arauak.

8.–Behe tentsioko instalazio elektrikoak: Kanpo argiteria. Tipologiak. Diseinua eta mantentze-lanak. Eraginkortasun energetikoa. Aplikatzekoak diren arauak.

9.–Behe tentsioko instalazio elektrikoak: Eraikinetan elektrizitatea hornitzeko instalazioak, kaxa elektrikoak. Babes elementuak. Etenik gabeko elikadura sistemak. Ekipo elektrogenoak. Aplikatzekoak diren arauak. Eskema elektrikoak.

10.–Ordenagailuaren bidezko mantentze-lanen kudeaketa. Ezarpena eta zuzentzeko eta prebenitzeko mantentze-lanak. Informazioaren kudeaketa eta erabilgarritasuna.

11.–Eraikinetako instalazioen kudeaketari aplikatutako kontrol sistema zentralizatuak. Osagaiak. Funtzionatzeko modua. Abantailak. Eraginkortasun energetikoa.

12.–Estalkiak. Tipologiak eta osagaiak: estalki lauak eta inklinatuak. Kontrola eta ikuskapena.

13.–Lan arriskuen prebentzioa: prebentziozko jardueraren printzipioak. Lan arriskuen prebentzioa enpresa jardueren koordinazioan. Eraikuntza lanetako gutxieneko segurtasun eta osasun neurriak. Aplikatzekoak diren arauak.

14.–Legionelosiaren prebentzioa hozte dorreetan eta etxeko ur beroaren instalazioetan. Aplikatzekoak diren arauak.

15.–Erregai gaseosoak hartzen dituzten instalazioak: Erregai gaseosoak banatzeko eta erabiltzeko araudi teknikoaren ITC-ICG 07.

Oharra: Deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duten arauei jarraituz eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: F1807002