107. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

98E/2018 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “SM287014a: Labiano-Zolina kolektorea” proiekturako, Aranguren udalerrian. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

2017ko abenduaren 28an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Labiano herriak bi hobi septiko ditu, baina, oso gaizki zainduta daudenez, ez dituzte hondakin urak behar bezala arazten. Hiri mugetatik kanpo kolektore berri bat eraikitzea da proiektuaren helburua, bi hobietako isuriak grabitatearen bitartez bildu eta Arazuriko hondakin uren araztegira eramateko.

Lanetan, honako jarduketa hauek eginen dira:

–Hustubidea:

Hustubidearen ibilbidea alderantzikatutako “Y” baten gisara diseinatu da. Lehendik dauden hobi septikoetatik abiatzen diren bi adar izanen ditu. Adar horiek bat eginen dute ibaian behera eta adar bakarra eratuko dute; Gongorako zabortegiko errepidea gurutzatu eta Zelaia parajean Sadar ibaiaren ondoan dagoen lotunera ailegatuko da.

Kolektorea gris koloreko eta 315 mm-ko diametroko PVCzko hodi batekin eginen da, UNE-EN 1459:2002 arauari jarraikiz. Hustubidearen luzera 820 m-koa izanen da, guztira, ardatz nagusian, eta 500 m-koa, ipar-mendebaldeko adarrean. Malda- eta noranzko-aldaketei erantzuteko beharrezkoak diren ahalik eta erregistro putzu gutxien jarriko dira.

Zangaren gutxieneko ezponda 1H/5V-koa izanen da arrokan, eta 1H/3V-koa, lurrean. Hartxintxarrezko ohearen gainean jarriko da hodia eta material horrekin berarekin estaliko da. Zanga nekazaritza zonatik igarotzen denean, indusketatik bertatik hartutako materialarekin beteko da.

20 m zabal izanen dituen aldi baterako lan kalea irekiko da; hodi ardatzaren alde bakoitzean, 10 m izanen ditu.

–Lehendik dauden bi hobiak eraistea eta hartzen duten lursaila egokitzea.

Proiektuarekin batera, ingurumen ukipenen azterlana aurkeztu da. Hartan, ingurunea deskribatzen da eta ingurumen ukipenak identifikatu eta baloratzen dira, eta horietarako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintzarako programa bat ere.

Obra Arangurengo udal-mugartean eginen da, Labiano herrian. Ibilbidearen zatirik handiena Sadar ibaiarekiko eta haren erreka adar batekiko paraleloan igaroko da, 200 m eta 500 m hurrenez hurren, eta lehorreko laborantza lurrak ukituko ditu. Hoditeriak bitan gurutzatuko du erreka.

Ukitutako landaredia naturala hobi inguruetako eta bide ertzetako belarkien eta zuhaixken gainazal txikiak dira, nagusiki landare nitrofilo erruderalenak eta laharrenak. Gainera, hoditeriak bitan gurutzatuko du erreka. Lehen aldiz gurutzatzean (PK 0+100), soilgune batetik igaroko da. Bigarren aldiz gurutzatzean (PK 0+358), tamaina txikiko bi lizar (Fraxinus excelsior) eta Rubus ulmifolius eta Prunus spinosa zuhaixkak ukituko ditu. Errepidea gurutzatzean, soilgune bat bilatuko da ertzeetan dauden tamaina handiko makalen (Populus nigra) artean.

Obrek ukitutako hobi inguruetako eta gainerako gainazaletako landaredia naturala zuzentzeko neurri gisa, honako hauek landatu nahi dira: 25 zuhaixka (Prunus spinosa, Rosa micrantha, Lonicera etrusca, Viburnum lantana edo Spiraea hypericifolia), 7 lizar (Fraxinus excelsior) eta 2 makal (Populus nigra).

Proiektuak ez du eragiten Natura 2000 sarean, babestutako naturaguneen sarean, hegaztiak babesteko guneetan, abelbideetan ezta bide historikoetan ere.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ingurumen ukipenen azterketan eta ebazpen honen ebazpenen zatian jasotako babes neurriak eta neurri zuzentzaileak bete beharko ditu.

Lurraldearen Antolamendu eta Estrategiaren Atalak 2018ko martxoaren 2an zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena sartu da espedientean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “SM287014a: Labiano-Zolina kolektorea” proiekturako, Arangurengo udal-mugartean. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Indusketako makinak sartu aurretik obrako zintarekin balizatuko da Sadar ibaiaren eta erreka adarraren ertzeko landarediarekin mugakide den lanetako kalearen aldea. Ondoren, kaleko eta kale ertzetako sastrakak kenduko dira, lehentasuna emanez adarrak mozteari eta ez zuhaitzak ipurditik mozteari Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.

–Zuhaitzak moztu aurretik, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) jakinarazi behar zaio (telefonoa: 948 186707 edo 608 062 649; e-maila: ogfopamp7@cfnavarra.es).

–Hain zuzen ere, honako hauek babestu eta kontserbatu beharrekoak izanen dira: mendebaldeko adarraren hasieran hobiaren inguruan dauden makalak eta zabortegiko errepidearen ertzeko makalak.

–Hoditeriaren ibilbidearen eta ibai ibilguaren artean, gutxienez, 5 m-ko tartea utziko da.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan.

–Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, profilatu eginen da, inguruko lurrekiko doikuntza fisiografiko egokia lortu arte. Ondoren, proiektuan aurreikusitako landaketak eginen dira.

–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu eginen dira.

–Hoditeriak ibaia gurutzatzeagatik ukitutako guneak lehengoratzeko, ibilguaren morfologia eta ibilgu naturalaren granulometria jatorrizko egoerara itzuli beharko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, lanak egitean sortutako hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Indusketetatik sortzen diren lur garbiak eta eraikuntzako eta eraispeneko gainerako hondakinak baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak hasi aurretik Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak saneamendu sarera lotzea.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Arangurengo Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 30ean.–Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1806128