107. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

94E/2018 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Baztango udal-mugarteko Urrasun-Azpilkueta auzoan (Baztan) ur hornidurarako instalazioa zati batean berritzea” proiekturako. Sustatzailea Arraztoko Ur Erabiltzaileen Komunitatea da.

2017ko azaroaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi-hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduerak honako hau izanen du helburu: egungo hornidura azpiegitura bat hobetzea ur depositu eta eroanbide berri bat eraikita. Jarduera hori Baztango 20. poligonoko 206A lurzatian eginen da.

Hortik hurbil dagoen iturburuko biltze kutxetan ez da jarduerarik eginen (koordenatuak: ETRS89 UTM 30N x = 622.894, y = 4.783.911). Egungo depositua nahiko narriatua dago; hortaz, berri bat egitea aurreikusi da, kota handiagoan eta lurzati berean (koordenatuak: ETRS89 UTM 30N x = 623.000, y= 4.783.874), hornidura puntuetan uraren presioa hobetzeko. Depositutik abiatuta, 1”-ko diametroa eta 10 atm-ko presioa dituen polietilenozko hodi bat jarriko da. Hodia lurpean joanen da, 40 cm sakoneko zanga batean. Eroanbide berri horrek 240 m-ko luzera izanen du eta egungo instalaziora konektatuko da, Kateko baserriaren ondoan.

Depositua lurpean jartzeko diseinatu da. Kanpoan, 6 x 4 m-ko tamaina izanen du eta 1,50 m-ko altuera, hormigoi armatuzko hormak eta hartxintxarrezko enkatxo gaineko hormigoizko zolata. Sabaia habexkez eta hormigoizko gangatilaz eginen da, konpresio geruza batekin. Sabaiaren gainean, 15 cm-ko lur geruza fin bat jarriko da, eta zelaiko gainerako hazien antzekoak ereinez landareztatuko da. Depositura sartzeko bi tapak soil-soilik geratuko dira agerian.

Proiektuaren jarduera eremuak zelai bat ukituko du. Ez da intereseko zuhaitzik eta landaredirik ukituko. Ez da espero paisaia ukitzea azpiegitura ustiatzeko fasean; izan ere, lurpean diseinatu da oso-osorik. Era berean, ez da ukipenik izanen Natura 2000 sarean (babestutako naturguneen sarea), hegaztiak babesteko eremuetan, sare hidrografikoan, hezeguneetan, erabilera publikoko mendietan, abelbideetan eta bide historikoetan.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren zuzenketa neurri guztiak bete beharko dira.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proiektuaren alde emandako txostena jaso da, 2018ko martxoaren 1ekoa, bai eta Baztango Udalaren hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena ere.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Baztango udal-mugarteko Urrasun-Azpilkueta auzoan (Baztan) ur hornidurarako instalazioa zati batean berritzea” proiekturako. Sustatzailea Arraztoko Ur Erabiltzaileen Komunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Deposituaren zuloa hondeatzean, landare lurra kendu eta bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren gainaldeko bete lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzean.
  • Obrak egikaritu ondoren, ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira landare lurra zabalduz eta ondoren birprofilatuz, inguruko lurrekin fisiografikoki ongi bat egin arte. Ondoren, eremuko bertako belardiko espeziekin ereinen da.
  • Hondeatze lanetatik soberan gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

  • Baimenaren babesean, depositu berri bat eta eroanbide bat eraikiko dira, Baztango 20. poligonoko 206. lurzatian, egungo hornidura azpiegitura bat hobetzeko.
  • Baimena emateko, aurretik zegoen azpiegiturak, haren erabilerek eta zerbitzu ematen dien eraikinek hirigintza legezkotasuna izan beharko dute. Udalaren eskumenekoa izanen da legezkotasuna duten ala ez erabakitzea.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.
  • Beharrezko lanak bukaturik, ukitutako eremua lehengoratu eginen da, eta, behar denean, ingurumenaren arloko tramitazioaren ardura duen erakundeak egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko dira.
  • Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, errepidea ukituz gero, Herri Lan Zuzendaritza Nagusitik, eta, biltzeari dagokionez, arroko erakundetik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Baztango Udalari, Basozaintzari (Bidasoko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1805478