107. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

85E/2018 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita Alesbesko udal-mugartean tomatetik eratorritako produktuak eta plater prestatuak egiteko instalazio baten Ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Industrias Alimentarias de Navarra SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren ekainaren 19ko 325/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 153E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 376E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua.

Ebroko Ur Konfederazioak, 2017ko abenduaren 22an, hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat eman zuen. Bertan baldintza berri batzuk ezarri ziren, Ingurumen baimen integratuari erantsi beharrekoak.

Txosten berriak industriako hondakin uren tratamendu biologikorako sisteman eginiko aldaketak jasotzen zituen, bai eta beste efluente bat sartzea ere, tomate lurrungailuaren hozte ura berriz zirkulazioan jartzeko ezarritako bi hozte dorre berriren purgei dagokiena.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ofizioz aldatzea Alesbesko udal-mugartean tomatetik eratorritako produktuak eta plater prestatuak egiteko instalazio baten Ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko, eguneratzeko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Industrias Alimentarias de Navarra SL da.

Bigarrena.–Hondakin urak ur jabari publikora isurtzeko baimena eguneratzea, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek une bakoitzean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe handiagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Ur Konfederazioak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Industrias Alimentarias de Navarra SAri, Alesbesko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria. Cesar Pérez Martín

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1805324