106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ABARTZUZA

Deialdia, mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako arduraduna izateko lanpostu bat, C mailakoa, Abartzuzako Udaleko D mailako funtzionarioen arteko lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, plantillako lanpostu kopurua handitu gabe

Alkatetzaren 2018ko apirilaren 25eko ebazpenaren bidez, Abartzuzako alkateak deialdi honen oinarriak onetsi ditu.

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako arduraduna izateko lanpostu bat betetzea Abartzuzako Udaleko D mailako funtzionarioen arteko oposizio murriztuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluaren babesean. Abartzuzako Udalaren plantilla organikoan agertzen da.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera, C mailakoa izango da, eta ordura arte zuen lanpostua besterik gabe ezabatuko da.

1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izango ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du bere arrazoiengatik.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Izendatua gertatzen denak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

Zerbitzu anitzetako alorreko lanei, orotariko mantentze-lanetako obrei, INEMekiko lankidetzan egindako deialdiak barne, enplegu sozial babestuari, gizarteratzeari eta abarrei atxikitako langileen erantzule zuzena izango da, haiek finkoak nahiz aldi baterakoak edo azpikontratatuak izan.

Bere esku dituen langile guztien artean lan eta egiteko guztiak antolatu, banatu eta kontrolatuko ditu, ordutegien eta lan egutegiaren kontrola barne.

Udalaren instalazioetako langileen lanak eta funtzionamendua kontrolatuko ditu, eta Udalaren zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua gainbegiratuko du.

Eratzen ahal diren lantalde guztiak koordinatuko ditu, zerbitzua hobeki kudeatu eta eraginkorrago izan dadin.

Hirigintza eta Obren arduradunarekin bat etorrita, egin beharreko lanen hurrenkera ezarriko du.

Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak, etab. zaindu eta kontrolatuko ditu.

Materialak, lan egiteko arropa, etab. erosteko txartelak sinatu eta kontrolatzeko ardura izango du.

Zerbitzu anitzetako langileei dagozkien lanak gainbegiratu, antolatu eta kontrolatuko ditu, eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion eginkizun guztiak.

Langile aski ote dagoen kontrolatzea, eta kontratazioak proposatzea oporretarako, erialdietarako eta iraupen jakineko lan berariazkoetarako.

Bandoak zabaltzeko eta herritarrei jakinarazpenak banatzeko lanak egingo ditu.

Herriko kaleen eta Udaleko eraikin eta instalazioen garbiketa lanak egingo ditu.

Lorategien eta kaleko zuhaitzen, pasealekuen eta eraikin publikoen mantentze lanak egingo ditu.

Igeltserotzako, zurgintzako eta zailtasun tekniko handia edo bitarteko handiak behar ez dituzten bestelako lanak egingo ditu.

Udalerriaren zaintza, trafikoaren antolamenduari, aparkatzeari, obra lizentziei, kale argiteriari, eremu publikoaren okupazioari, landazaintzari eta abarri dagokienez.

Hornidura publikoaren zerbitzuaren gaineko mantentze eta zaintza lanak.

Begiratzea laneko arriskuak prebenitzeko udal plana betetzen eta aplikatzen dela, bere kargura dauden mantentze-lanetako langileei dagokienez.

Laneko segurtasun eta garbitasun arauak betetzen direla begiratuko du.

Bere kargurako langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du, eta ikusitako hutsen berri emango dio arduradunari.

Bere mailaren eta kategoriaren barrenean agintzen zaizkion guztiak.

3. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

3.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Abartzuzako Udalaren zerbitzuko D mailako funtzionarioa izatea.

b) Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu baterako izendatua edo esleitua izatea.

c) Eskola Graduatuaren titulua, lehen mailako lanbide heziketakoa edo baliokideren bat izatea eta bost urteko antzinatasuna, administrazio publikoetan onartua izatea. Bestela, Abartzuzako Udalean zortzi urtez aritu izana frogatuko da.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena izatea.

g) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

3.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko ditu gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean betetzen direla ulertuko da, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Abartzuzako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean.

Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izango dira.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emango du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitara eman eta ondoko 10 egun naturalean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hauexek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Miguel Ros Ros, Abartzuzako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Blas Esteban Astarriaga Corres, Abartzuzako Udaleko lehen alkateordea.

–1. mahaikidea: Pedro Jesus Torrano Urabayen, Abartzuzako Udaleko zinegotzia.

1. mahaikidearen ordezkoa: José María Ros Antona, Abartzuzako Udaleko zinegotzia.

–2. mahaikidea: Carmen Izcue San Martín, Abartzuzako Udaleko zinegotzia.

2. mahaikidearen ordezkoa: Javier Santamaría López, Abartzuzako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikide-idazkaria: María Concepción López Azanza, Abartzuzako Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikide-idazkariaren ordezkoa: Alejandro Elso Fábregas, Deierriko Udaleko idazkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

6.2. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz argituko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko sor daitezkeen arazo guztiak.

7. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

7.1. Oposizioaldian ariketa hauek izango dira:

a) Lehen ariketa.–Epaimahaiak zehaztuko dituen ariketa praktikoak izango dira, gai hauei buruzkoak: igeltserotza, elektrizitatea, iturgintza, lorezaintza eta eraikin eta instalazioen mantentze lanak. Gehienez ere 15 puntu lortzen ahal dira.

Ariketa hau egiteko 120 minutu emango dira gehienez.

b) Bigarren ariketa.–Ariketa teoriko bat izango da, gai hauei buruzkoa: igeltserotza, elektrizitatea, iturgintza, lorezaintza eta eraikin eta instalazioen mantentze lanak. Gehienez ere 10 puntu lortzen ahal dira.

Ariketa hau egiteko 60 minutu emango dira gehienez.

c) Hirugarren ariketa.–Buruz buruko elkarrizketa egingo da epaimahaikideekin, gai hauei buruz: Abartzuzako udal-mugarteko toponimia, kale izendegia, geografia eta historia, eta bete beharreko eginkizunak eta lanak. Gehienez ere 5 puntu lortzen ahal dira.

7.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 30 puntukoa izango da, jarraian azaltzen den moduan banaturik, eta ariketak baztertzaileak izango dira:

Lehen ariketa.–Gehienez 15 puntu emango dira, eta gutxienez 7 puntu beharko dira ariketa gainditzeko. Baztertu egingo dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak.

Bigarren ariketa.–Gehienez 10 puntu emango dira, eta gutxienez 5 puntu beharko dira ariketa gainditzeko. Baztertu egingo dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak.

Hirugarren ariketa.–Gehienez 5 puntu emango dira, eta gutxienez 2,5 puntu beharko dira ariketa gainditzeko.

7.3. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emango du. Kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izango da ariketako atal bakoitzaren puntuazioa.

7.4. Probak gutun-azal itxien sistemaren bidez egingo dira eta deialdi bakarra izango da. Agertzen ez diren izangaiak baztertu egingo dira.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda emango du argitara, izangai bakoitzak ateratako emaitzak batu ondoren eta erdietsi duten puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda hori alkateari igorriko dio, puntu gehien lortu dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamenarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

8.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Abartzuzako Udalaren bulegoetan:

a) Jaiotza-aktaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo kopia behar bezala konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo Abartzuzako Udalean emandako zerbitzu urteen ziurtagiria.

c) Interesdunak dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun psikiko edo fisikoa duela egiaztatzen duen medikuaren agiria edo txostena.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

8.3. Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ezin izango da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

8.4. Aurreko apartatuan jasotakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

9. oinarria.–Izendapena.

9.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko alkateak Abartzuzako Udaleko C mailako funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean. Epe horretan, eta ezinbestekoa izan ezik, izendatuak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, Abartzuzako Udaleko C mailako funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Abartzuzan, 2018ko apirilaren 27an.–Alkatea, Miguel Ros Ros.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1805944