106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 30ean hartua, onesten duena ibilgailu astunendako deskontu osagarri bat Nafarroako Autobideko Saratsako bidesarien ordainlekuan, eta onesten duena Nafarroako Gobernuak eta sozietate emakidadunak sinatu beharreko hitzarmenaren testua.

Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 20an hartutako Erabakiaren bidez onetsi ziren Nafarroako Autobideko oinarrizko tarifak, oinarrizko bidesariak eta berariazko deskontuak dituzten bidesariak, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarterako, bi egun horiek barne. Horretarako, jarraiki zaio Nafarroako Gobernuak 1997ko abenduaren 15ean, 2007ko ekainaren 18an eta 2015eko abenduaren 23an hartutako erabakietan ezarritako prozedurari.

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuak obrak batzuk programatu ditu, aurtengo ekain-azaroetarako, N-121-A errepideko Belateko eta Almandozko tunelak egokitzeko, Europako 2004/54/EE Zuzentarauan eskatutako segurtasun neurrietara egokitzeko.

Obrak egiteko, ezinbertzekoa da zirkulazioa ixtea aipatutako tuneletan, obrak egiten diren bitartean. Bide horretan barna gaur egun doan trafikoak hautara izanen du errepide zaharra erabiltzea eta, beraz, Belateko mendatea gainditzea edo, bertzenaz, AP-15, A-15 autobidea erabiltzea, Iruñetik Frantziara joateko bertze aukera baita.

Modu osagarrian, Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 10ean eman 31/2018 Foru Aginduaren bidez, denbora mugak jarri zaizkie salgaiak garraiatzeko zenbait ibilgailuri eta ibilgailu-multzori Nafarroako Foru Komunitateko N-121-A, NA-1210 eta N-121-B errepideetan ibiltzeko. Neurri horiek trafiko astunaren parte bat behartuko dute AP-15, A-15a autobidean barnako aukera hori hartzera.

Horren ondorioz, eta aitzineko neurriek garraio enpresei ekartzen ahal dizkien kostu gehigarriak arindu nahirik, Nafarroako Gobernuak AUDENASAri proposatu dio ekainetik azarora doan tartean, aldi baterako deskontu gehigarria ezartzea ibilgailu astunendako, Iruñea-Irurtzun tartean, ibilgailu mota horri azkenean aplikatu beharreko prezioa hutsa izan dadin. Kontuan hartu beharko da ezen, Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an hartutako Erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak deskontu politika aplikatzeagatik AUDENASAri ordaindutako konpentsazio ekonomikoa, prezioari loturiko diru-laguntzatzat hartu behar dela eta, beraz, dagokion BEZa egozten zaie autobidearen erabiltzaileei.

Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren artean 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 28an, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an sinaturiko hitzarmenek ezartzen dute Nafarroako Gobernuak AUDENASAri ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoa, AP-15 autobidearen erabiltzaileei bidesarietan deskontuak aplikatzeagatik.

Audenasaren Administrazio Kontseiluan, non Nafarroako Gobernuak kapital sozialaren %50 baitauka, erabaki zen batzorde berezi bat sortzea, honako hauek osatua: Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkaria, Audenasako zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat eta Ena Infraestructuras SAren bi ordezkari. Batzorde horrek erabaki du beharrezkoa dela hitzarmen bat sinatzea Nafarroako Gobernuaren eta Audenasaren artean, AP-15 autobidearen emakidaren emaile eta hartzaile diren aldetik, deskontu gehigarri horiek eta emakidaduna konpentsatzeko modua ezartzeko. Horren testua Nafarroako Gobernuak onetsi behar du orain.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak eta Ogasuneko Finantza Politikako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hein batean aldatzea Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 20an hartutako Erabakia, Nafarroako Autobideko oinarrizko tarifak, oinarrizko bidesariak eta berariazko deskontuak dituzten bidesariak onesten dituena 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarterako, bi egun horiek barne, honako honi jarraikiz:

2018ko ekainaren 4tik azaroaren 30era bitartean, biak barne, hona zein diren Saratsako bidesarien ordainlekuan ibilgailu astunendako ezarritako deskontu berariazkoak aplikatu ondoko bidesariak:

BERARIAZKO DESKONTUA DUTEN BIDESARIAK
(BEZa GABE)

JASANARAZITAKO BEZA

BERARIAZKO DESKONTUA DUTEN BIDESARIAK
(BEZa BARNE)

ZERGA-OINARRIA

Astunak 1

0,00

0,39

0,39

1,86

Astunak 2

0,00

0,50

0,50

2,38

Deskontu osagarri honen onuradun izateko, ibilgailu astunen erabiltzaileek banku-txartelaren bidez edo Vía-T gailuaren bidez ordaindu beharko dute bidesaria. Eskudirutan ordainduz gero, bere horretan geldituko dira 2018rako izaera orokorrean ezarritako prezioak.

2. Nafarroako Gobernuak eta Autopistas de Navarra SAk, deskontu gehigarri hauek aplikatzeko, sinatu beharreko hitzarmenaren testua onestea, erabaki honen I. eranskin gisa agertzen dena.

Hitzarmen horren ondoriozko obligazioak 2018ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko dira: 10000 100000 4709 441100 “AUDENASA. Politika komertziala”, hitzarmenean jasotako aurreikuspenen arabera.

3. Garapen Ekonomikorako kontseilariari ahalmena ematea hitzarmen hori sinatzeko Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz.

4. Erabaki hau jakinaraztea Autopistas de Navarra SAri eta igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen Ordezkaritzara eta Ogasuneko eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita hitzarmena ere behin sinatuta, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1807193