106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNTZITI

Ordenantza fiskalak. Behin betiko onespena

Untzitiko Udalak, 2017ko abenduaren 14an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zituen honako udal ordenantza hauek:

1.–Ordenantza Fiskal Orokorra.

2.–Ordenantza fiskala, jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena.

3.–Ordenantza fiskala, jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen aprobetxamendu berezia egiteko tasak, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresei kobratu beharrekoak, arautzen dituena.

4.–Ordenantza fiskala, lizentziak oro har eta zehazki hirigintzakoak emateko tasak arautzen dituena.

5.–Ordenantza fiskala, ezkontza zibilak egiteko tasak arautzen dituena.

6.–Ordenantza fiskala, kontribuzio bereziak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 29an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen dira argitara, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Untzitin, 2018ko martxoaren 26an.–Alkatea, Antonio San Miguel Jiménez.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

Xedea

1. artikulua. a) Ordenantza fiskal honen xedea da udalerriko zerga araubidea osatzen duten tributu bidezko baliabideen ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak ezartzea.

b) Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

c) Tributuen zein zuzenbide publikoko beste diru-sarreren diru-bilketa ordenantza honen VII. kapituluan ezarritakoarekin bat egingo da, gainerako ordenantza fiskaletan eta prezio publikoen gaineko arauetan ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.

d) Ordenantza honetan espresuki xedatua ez den orotan, edo, indarra duen araudian aldaketak egitearen poderioz, eduki batzuk indarrik gabe gelditzen badira, zuzenean aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aginduak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrarenak eta horiek garatzeko erregelamenduenak. Lege edo erregelamendu mailako aginduetara bidalita egindako oharrak arau horietan une bakoitzean indarra duten edukien gainekoak direla ulertuko da.

Zergaren orokortasuna

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek, eta bai toki ogasunei buruzko foru legeek ere –halakorik beharrezkoa ez izateagatik ordenantza partikularrik onetsi ez den kasuetan– agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztion betebeharra da, eta ukitzen ditu pertsona fisiko zein juridiko oro, eta bai eskubide eta betebehar fiskalak dituzten nortasun juridikorik gabeko subjektuak ere.

Ezin izango dira aplikatu foru lege batean espresuki ezartzen diren hobari fiskalak baizik, eta, era berean, ez da onartuko inolako analogiarik, zerga-egitatearen edo zerga salbuespen edo hobarien eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza fiskala udalerri osoan ezarriko da, indarra hartzen duen unetik beretik indargabetu edo aldatzen den arte.

II. KAPITULUA

Tributuen aplikazioa

Zergapekoen eskubideak

4. artikulua. 1) Honako hauek dira zergapekoaren eskubide orokorrak:

a) Eskubidea du, bere tributu betebeharrak betetzean, eta betebehar horien eduki eta irispideei buruz udal administrazioaren aldetik informazioa eta laguntza biltzeko.

b) Eskubidea du, tributuak aplikatzearen ondorioz behar bezala ordaindu edo jasandako zenbatekoak itzul dakizkion, kasuan kasuko tributuaren araudian ezarritakoarekin bat.

c) Eskubidea du, sarrera bidegabeen itzulketa egin dakion, eta berandutze-interesa paga dakion, hartarako errekerimendurik egin gabe ere.

d) Eskubidea du, tributu-zor baten betearaztea eteteko jarri dituen abal eta beste bermeen kostua paga dakion, epai edo administrazio ebazpen irmo batek zor hori bidegabe deklaratu bezain laster.

e) Eskubidea du, partaide den prozeduren izapideak zertan diren jakiteko.

f) Eskubidea du, bera interesduna den tributu kudeaketako prozedurak tramitatzeko ardura duten udal administrazioko agintari eta langileak nor diren jakiteko.

g) Eskubidea du, berak aurkezten dituen aitorpenen ziurtagiria eta kopia eskatzeko.

h) Eskubidea du, lehendik aurkezturik dituen eta udal administrazioak bere esku dituen dokumentuak berriz ez aurkezteko.

i) Eskubidea du, legeek agintzen duten moduan, udal administrazioak lortu dituen datuak, txostenak edo aurrekariak sekretuak izateko. Ez da zilegi izango horiek erabiltzea Administrazioak kudeatu behar dituen tributu edo baliabideak egitez aplikatzeko baizik, eta ezin izango zaizkie hirugarrenei laga edo jakinarazi, legeek ezarririko kasuetan salbu.

j) Eskubidea du, udal administrazioko langileek behar bezalako errespetuz eta begiramenez trata dezaten.

k) Eskubidea du, Udal administrazioaren egintza batek zergapekoak parte hartzea eskatzen badu, zergapekoak ahalik eta arinen izango zaion moduan egiteko.

l) Eskubidea du, alegazioak egin eta dokumentuak aurkezteko, eta erakunde eskudunak horiek kontuan hartzeko, kasuan kasuko ebazpena ematerakoan.

m) Eskubidea du, entzunaldiaren izapidean mintzatzeko, horri dagokion ebazpena eman baino lehen.

n) Eskubidea du, informazioa jasotzeko, erosi edo eskualdatuko diren ondasun higiezinek duten balioaren gainean.

o) Eskubidea du, Udaleko tributu-ikuskaritza egiaztatzen edo ikertzen hastean, informazioa jasotzeko egiaztatze eta ikertze horien izaera eta irispidearen gainean, eta bai ekintza horiek dirauteino dituen eskubide eta betebeharren gainean eta ekintza horiek agindutako epeetan egin daitezen ere.

2) Artikulu honetan jasotzen diren eskubideek ez dituzte galarazten ordenamenduaren gainontzekoak aitortzen dituen eskubideak.

3) Zergapekoak aipatzen direnean, ulertzen da bertan subjektu pasiboak, erantzuleak, tributu-zor bateko oinordekoak, legezko ordezkariak nahiz borondatezkoak, udal administrazioari laguntza edo informazioa emateko obligazioa dutenak eta tributu prozedura batean interesdun edo parte den beste edozein pertsona ere sartzen direla.

5. artikulua. Zergapekoen eskubideak gauzatze aldera, Udalak betebehar hauek bete behar ditu:

a) Zergadunei behar duten laguntza eta eskubideei buruzko informazioa emango die. Horretarako, besteak beste, jarduketa hauek erabiliko dituzte: tributu arloko arauei buruzko testu eguneratuak argitaratu, komunikazioak igorri, tributuen arloko kontsultei erantzun eta aldez aurretiko balorazio erabakiak hartu. Horri dagokionez, udal administrazioak tributuen araudia aplikatzeko dauden irizpide administratiboei buruzko informazioa emango die zergadunei, aipatu irizpideak biltzen dituzten informatika baseak haien esku jarriko ditu, kontsulta ditzaten, eta sektore edo jarduera jakin batzuen tributazioari buruzko informazioa emateko jakinarazpenak igorriko ditu.

Laguntza berezia emango zaie zergadunei, udal tributuak bildu eta kudeatzeko prozeduran galdagarri diren aitorpen eta autolikidazioak egiterakoan, eta, egoki den orotan, eredu normalizatuak jarriko dira haien eskura.

b) Itzulketak egitea, tributu bakoitzari dagozkion araudian oinarrituz. Kasuan kasuko tributuaren araudian ezarritakoarekin bat itzuli beharreko kopuruak itzuliko ditu, horiek tributua aplikatzearen ondorioz behar bezala ordaindu edo jasandakoak direnean.

c) Sarrera bidegabeen itzulketa egitea. Udalaren Diruzaintzan bidegabeki jasotako diru-sarrerak itzuliko dizkiei zergapekoei, arau-hausleei edo batzuen zein besteen oinordekoei, diru-sarrera horiek tributu-betebeharrak betetzearen edo zehapenak ordaintzearen ondorio direnean.

d) Bermeen kostuak itzultzea. Egintza baten betearazpena eteteko edo zerga zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko jarri dituen bermeen kostua itzuliko du, zenbatekoa frogatu ondoren, epai edo administrazio ebazpen irmo batek egintza edo zor hori bidegabea dela deklaratzen badu.

e) Berandutze-interesak ordaintzea, bidezkoa bada.

Gizartearen lankidetza

6. artikulua. Tributuen kudeaketan gizartearen lankidetza gauzatzeko, akordioak sinatuko dira gizarte-, lan-, enpresa- edo lanbide-sektoreen edo -interesen ordezkari diren entitate, instituzio eta erakundeekin.

Lankidetza hori gai hauetara bidera daiteke:

a) Informazio eta zabalkunde kanpainak.

b) Autolikidazio, aitorpen eta jakinarazpenak egiteko eta horiek zuzen betetzeko laguntza.

c) Tributu arloko betebeharrak eta betekizunak errazago betetzea.

7. artikulua. Udalak baimena ematen ahalko du, tributuak kudeatzeko zerbitzuak eman ohi dituzten entitate edo pertsonekin kanpoko lankidetza-hitzarmenak sinatuta, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aitorpen eta autolikidazioak aurkeztu eta beste hainbat izapide egiteko.

Dagokien hitzarmenari atxiki eta aitorpenak edo bestelako izapideak telematika bidez egin ahal izateko, hirugarrenen izenean aritzekoak diren pertsona edo entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Udalen aplikazioekin bateragarri diren sistema eta programa informatikoak erabiltzea, udal webguneetan ezartzen diren zehaztapenekin bat.

2. Zein zergapekoren izenean aritu eta horien ordezkaritza edukitzea, behar adina frogatua, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoarekin bat. Udalak noiznahi eskatu ahalko du ordezkaritza hori egiaztatzeko.

3. Indarra duten legeek datu pertsonalen tratamendu automatizaturako eskatzen dituzten baldintzak betetzea.

4. Tributu arloko betebeharrak eguneratuak izatea.

5. Baldin eta ordezkaria administrazio publiko bat ez bada, edo lan, enpresa edo lanbideetako sektore edo interesen ordezkari den entitate, instituzio eta erakunderen bat, izena emanda egon beharko du Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta Jarraibidea onetsi zituen maiatzaren 28ko 7/1996ko Foru Legearen I. eranskineko lehen ataleko 841. edo 842. multzoetan edo 849.7 epigrafean, edo, bestela, bigarren ataleko 722. multzoan edo 73. eta 74. taldeetan.

Artikulu honetan edo kasuan kasuko hitzarmenean ezarritako betebeharrak huts eginez gero, kudeaketan lagun den pertsona edo entitatea baztertuta geldituko da ordezkaritza sistematik, eta beste inoren zerga arloko aitorpen edo autolikidazioak telematika bidez aurkezteko aukera desagertuko da, bai eta beste izapide batzuk telematika bidez egitekoa ere, beste inoren izenean.

Baliabide elektronikoen erabilera

8. artikulua. Kudeaketa, diru-bilketa eta ikuskapeneko prozeduretako jarduketa eta tramiteak bide elektronikoaren bidez egiten direnean, ordenantzetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

III. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zerga-egitatea

9. artikulua. Zerga-egitatea izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak osatuko du zerga-egitatearen zehaztapena, lokabetasunerako arrazoiak zein diren eta zerga ordaindu beharra zer baldintzetan sortzen den aipatuz.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zerga-egitateak jarraitutasunez gertatzen badira.

Subjektu pasiboa

10. artikulua. 1) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, legearen arabera zerga-prestazioak betetzeko obligazioa duena, zergaduna edo haren ordezkoa izateagatik.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, legearen arabera zerga-egitatetik sortutako tributuaren zama bere gain hartzen duena.

Zergadunaren ordezkoa da, legearen aginduaren ondorioz, haren ordez zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera behartuta dagoen subjektu pasiboa.

2) Zerga-egitate bati titular bi edo gehiago batera egokitzeak berarekin ekarriko du horiek elkarrekin beharturik izango direla, udal ogasunari begira, salbu eta legeak, tributua erregulatzean, kontrakoa ezartzen badu.

11. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izango udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Egoitza fiskala

12. artikulua. Pertsona fisikoendako zerga ondorioetarako helbidea beren ohiko bizitegia izango da; pertsona juridikoendako, aldiz, beren egoitza soziala, bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza kokatzen den tokia izango da.

Udal administrazioak beren egoitza fiskala aitor dezaten eskatu ahal die subjektu pasiboei. Subjektu pasibo batek egoitza aldatzen duenean, tributu administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako berariazko adierazpena eginez. Administrazioari dagokionez, egoitza aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga aitorpen hori aurkezten ez deino. Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzen dezake subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Karga-oinarria

13. artikulua. Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak ezarriko dira.

14. artikulua. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian, hala egokituz gero, eginiko murrizketen emaitza, murrizketa horiek tributua arautzen duen legean edo dagokion ordenantza fiskalean xedaturik daudenean.

Kuotaren zehaztapena

15. artikulua. Tributu-kuota hauetako bat izango da, dagokion ordenantza fiskalaren arabera:

a) Horretarako ezarritako kopuru finkoa.

b) Tarifa bat aplikatzearen ondoriozko kopurua.

c) Bi prozedura horiek batera aplikatzearen ondoriozko kopurua.

d) Oinarriari karga-tasa bat aplikatzearen ondoriozko kopurua.

e) Kontribuzio berezietan, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren zati bat egotzi, hori arautzen duen ordenantzan jasotako banaketa irizpideei jarraituz, eta horren ondoriozko kopurua.

Tributu-zorra

16. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, kontzeptu hauek gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galda daitezkeen errekarguak.

b) Berandutze-interesa, sortzen den aldi horretan indarra duena.

c) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52. artikuluko 3. apartatuan ezarritako errekarguak.

d) Epe exekutiboko errekarguak.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean

17. artikulua. 1) Ordenantza honen 20. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoa izan ezik, zordunak borondatezko ordainketa egiteko aldian daukan tributu-zor osoa izango da erantzukizuna.

Borondatez ordaintzeko aldia iragan eta erantzuleak diru-sarrerarik egin ez badu, premiamendu aldia hasiko da, eta zorra, bidezkoak diren errekargu eta interesekin batera, premiamendu bidez eskatuko da.

Erantzukizuna ez da zehapenetara iritsiko, legeetan ezartzen diren salbuespenekin.

2) Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresurik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izango da.

18. artikulua. 1) Nolanahi dela ere, tributu-zorra ordaintzera behartzeko administrazio-egintza erantzuleei bideratu ahal izateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesdunari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna eta erantzukizun mota deklaratu eta haren zenbaterainokoa zehaztuko baita.

Egintza hori jakinarazi egingo zaie, likidazioaren elementu funtsezkoak adieraziz, erregelamendu bidez finkatzen den moduan, eta ordutik aurrera zordun nagusiaren eskubide guztiak izango dituzte.

Erantzukizuna adierazteko akordioaren kontrako errekurtsoaren bidez, gaitzen duen egitatezko baldintzaren kontra ez ezik, aurrekontu horretako likidazioen aurka ere egin daiteke. Errekurtso edo erreklamazio horien ondorioz, ezin izango dira berrikusi beste zergadunentzat irmo bilakatu diren likidazioak, ezpada errekurtsoa aurkeztu duen erantzulearen beharkizunaren zenbatekoa.

Dena dela, ordenantza honen 20. artikuluaren 4. apartatuan ezarritako kasuetan, ezin izango da aurrekontu horrek hartzen dituen likidazioen kontra egin, erantzukizunaren zenbateko osoaren kontra baizik.

2) Administrazio ekintza erantzule subsidiarioei bideratu ahal izateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

19. artikulua. 1) Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatu ahalko zaio horietako edonori.

2) Erantzuleak eskubidea izango du berak ordaindutako edo bere ondarearen kargura berdinduriko kuotak zordun nagusiari (dela zergaduna, ordezkoa edo tributu-zorraren oinordekoa) eskatzeko. Pertsona batzuek gradu bereko erantzukizuna, solidarioa edo subsidiarioa, daukatela deklaratu baldin bada, kuota ordaindu dutenek atzerabidezko akzioa erabili ahalko dute gainontzeko erantzuleen aurka.

20. artikulua. 1) Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko diete zerga-betebeharrei.

2) Aitorpena bateratua baldin bada, taldeko sozietateak tributu-zorraren erantzule solidario izango dira, zehapenen kasuan salbu.

3) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien zerga-betebeharretan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

4) Ondoren aipatzen diren pertsona edo entitate hauek ere tributu-zorraren eta, bidezkoa bada, tributu arloko zehapenen erantzule subsidiarioak izango dira, eta premiamendu aldiko errekargua eta berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, Udaleko tributu-administrazioak bahitu edo besterentzen dituen ondasunen edo eskubideen balioa berdindu arte:

a) Udaleko tributu-administrazioaren lana galarazteko asmoz, ordaintzera behartutakoaren ondasunak edo eskubideak eskualdatzen edo ezkutatzen dituztenak edo horretan laguntzen dutenak.

b) Beren erruz edo zabarkeriaz bahitzeko aginduak betetzen ez dituztenak.

c) Bahituraren edo beste aurreneurri edo berme baten jakitun izanda, bahitutako ondasun edo eskubideen ostentzea edo kautelazko neurri baten edo berme baten xede diren ondasun eta eskubideen ostentzea onartzen dutenak edo eginkizun horretan laguntzen dutenak.

d) Zordunaren ondasunak gordetzen dituzten pertsona edo entitateak, bahituraren jakinarazpena jaso ondoren, ondasunen ostentzea onartzen edo eginkizun horretan laguntzen dutenak.

21. artikulua. 1) Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu-zorrak eta tributu erantzukizunak, edo Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipatzen diren entitateenak, eskatu ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean edozein kontzeptu dela bide haien ondorengo direnei, legeria zibilak herentzia eskuratzeko xedatzen duenagatik ere.

Erantzukizun mota hau ez zaie aplikatuko zordun konkurtsatu batenak ziren ustiapen edo jarduera ekonomikoen titulartasunaren eskuratzaileei, eskurapena konkurtso prozedura baten bidez egin baldin bada.

2) Erantzukizuna ustiapen eta jardueretan aritzeagatik sortzen diren zorretara hedatuko da, likidatuetara zein likidatu gabeetara, are horietatik ateratako errentetara ere. Zor diren konturako diru-sarrerak eta egindako edo egin beharreko atxikipenak ez ordaintzetik datozen betebehar guztietara ere hedatuko da, bai eta ezarritako edo ezartzekoak diren zehapenetara ere.

3) Eskuratzailearen erantzukizuna solidarioa da, eta ez du transmititzailea bere tributu-betebeharretatik askatzen.

4) Ustiategi edo jarduera ekonomikoaren titulartasuna eskuratu nahi duenak zilegi izango du, oraingo titularra ados badago, Administrazioari eskatzea ustiategi edo jardueran aritzeak sortu dituen tributu arloko zor nahiz erantzukizunen ziurtagiri xehakatua. Ziurtagiri horren edukia negatiboa bada, edo bi hilabeteko epean luzatzen ez bada, artikulu honetan ezartzen den erantzukizunetik libre egongo da hura.

22. artikulua. 1) Tributu arloko arau-hauste bakunen eta, pertsona juridikoek egindako arau-hauste larrien kasuan, tributu-zor osoaren erantzule subsidiario izango dira horien izatezko edo eskubidezko administratzaileak, hautsitako tributu obligazioak betetzeko haiei dagozkien ekintza beharrezkoak egin ez badituzte, haien menpekoek obligazioak ez betetzea onartu badute edo arau-hauste horiek ahalbidetu dituzten erabakiak hartu badituzte.

Halaber, eta edozein kasutan, beren jarduerari utzi dioten pertsona juridikoek betetzeko dituzten tributu obligazioen erantzule subsidiarioak haien izatezko edo eskubidezko administratzaileak izango dira.

Agindu honetan ezartzen denak ez die deusetan eragiten tributuei buruz indarra duen legeriak ezartzen dituen beste erantzukizun kasuei.

2) Kasuan kasuko konkurtso-administrazioaren partaideak –eta, oro har, sozietate eta entitateen likidatzaileak ere– erantzule subsidiario izango dira, egoera horien aurretik sortutako tributu-betebeharrak oso-osorik betetzeko behar ziren gestioak zabarkeriagatik edo asmo txarrez egin ez bazituzten. Egoera horien ondotik exigitzekoak diren tributu betebeharrei eta ezartzen diren zehapenei dagokienez, administratzaile gisa erantzungo dute administrazio-eginkizunak esleituak dituztenean.

23. artikulua. Hauek ere erantzule subsidiarioak izango dira:

a) Pertsona juridikoen benetako kontrola, erabatekoa edo partziala, zuzenean edo zeharka duten pertsona edo entitateak, edo haiekin batera aritzeko asmoa dutenak, frogatzen baldin bada pertsona juridikoak gehiegikeriaz edo iruzurrez sortu edo erabili direla, Ogasun publikoaren aurrean dagoen ondare-erantzukizun unibertsala saihesteko, eta pertsonen edo esparru ekonomikoen bakartasuna badago, edo ondare-nahasketa edo desbideraketa. Erantzukizuna hedatuko da eska daitezkeen tributu-zorretara eta pertsona juridiko horiei ezarri ahal zaizkien zehapenetara.

b) Tributudunek osorik edo parte batean kontrolatzen dituzten pertsona edo entitateak edo tributudun horiekin batera aritzeko asmoa erakutsi dutenak, tributudun horien tributu arloko betebeharrengatik, frogatzen baldin bada pertsona edo entitate horiek gehiegikeriaz edo iruzurrez sortu edo erabili direla Ogasun Publikoaren aurrean dagoen ondare-erantzukizun unibertsala saihesteko, eta pertsonen edo esparru ekonomikoen bakartasuna edo ondare-nahasketa edo desbideraketa badago. Horrelako kasuetan, erantzukizuna zehapenetara ere hedatuko da.

Tributu-zorraren iraungipena

24. artikulua. Zerga-zorra arrazoi hauengatik iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Kaudimengabezia frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

25. artikulua. 1) Edonola ere, lau urteko epean preskribatuko dira eskubide eta ekintza hauek:

a) Tributu-zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik hasita.

b) Likidaturiko tributu-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.

2) Orobat, lau urteko epean preskribatuko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean.

3) Preskripzioa eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea.

26. artikulua. 1) Aurreko artikuluaren 1. apartatuan jasotzen den preskripzio epea honako hauetan eteten da:

a) Edozein administrazio-ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortu, erregularizatu, ikuskatu, segurtatu, egiaztatu, likidatu edo jasotzeko asmoz.

b) Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

c) Subjektu pasiboak tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

2) Aurreko artikuluaren 2. apartatuaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea itzultzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fede-emailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

27. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

28. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua delako ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

Gerora etorritako kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez badago, prozedura exekutiboa irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko titulu exekutiboak luza daitezen kobraezintasuna deklaratu zen momentuan zeuden kobrantza egoera berean.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

29. artikulua. 1) Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren egiteak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

2) Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egiteak eta ez-egiteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

3) Legez arau-haustetzat hartzen diren egiteek edo ez-egiteek honako kasu hauetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasua delarik.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, botoa gorde zutenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.

4) Aurreko zenbakian jasotzen diren kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutze-interesa eskatuko da.

5) Toki administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emango agintari judizialek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Fiskaltzak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Agintaritza judizialak zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izango.

6) Deliturik antzematen ez bada, toki entitateak segida emango dio zehapen espedienteari epaitegiek frogatutzat jo dituzten gertaerak oinarritzat harturik.

30. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

31. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu obligazio edo betekizunak ez betetzea, arau-hauste larriak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

32. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Tributu-zor osoa edo horren parte bat ez ordaintzea legeek edo kasuan kasuko ordenantzek ezarritako epeetan, salbu hori ordenantza honen 76.2 artikuluarekin bat arautzen bada edo ordenantza honen 75. artikuluan ezarritako interes eta errekarguen aplikazioa bidezkoa bada.

b) Bidegabe baliatu edo erdiestea salbuespenak, zerga-onurak edo itzulketak.

c) Ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea toki entitateak autolikidazio bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak.

Zehapenak

33. artikulua. 1) Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onuren edo itzulketen zenbatekoaren gainean.

2) Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izango du.

3) Ikuskatzaileen jardunari, haien eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, udal administrazioak eskatutako frogak eta kontabilitate-agiriak ez aurkeztea edo horiek erakusteari uko egitea barne, 300,51 eta 6.010,12 euro bitarteko isuna ezarriko da.

4) Arau-hauste larriei diru bidezko isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik 150era bitartekoa, apartatu honetan xedatua salbu, eta 35. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako gutxitzea deusetan galarazi gabe.

Tributuak epearen barruan ez ordaintzeagatik diru bidezko isun proportzionala jarriko da, ordaindu gabeko zenbatekoen %40koa, baldin eta zergapekoak geroago egindako autolikidazio batean sartzen edo erregularizatzen baditu tributuak, 76. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako baldintzak bete gabe; horrek ez du deusetan galaraziko 35. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoa. Paragrafo honetan jasotakoa ez da aplikatuko baldin eta aldez aurretik errekerimendua egiteko kausa izan diren kontzeptuetako eta zergaldietako diru-sarrerak barnean baditu aurkezten den autolikidazioak.

Era berean, zilegi izango da berandutze-interesak eskatzea ordainketarako borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

Zehapenen graduazioa

34. artikulua. Arau-hauste soilei dagozkien zehapenen mailakatzea.

1) Tributu zehapenak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontutan:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren. Hori horrela ulertuko da subjektu arau-hauslea tributuzko arau-hauste soila egiteagatik zehatu dutenean, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, espedientearen xedea den arau-haustea noizkoa izan eta bost urte lehenagoko aldian. Inguruabar hori gertatuz gero, gutxieneko zehapenaren portzentajea handituko da, zenbat eta aurreko bost urteetan egindako arau-hauste soilengatik irmoki ezarritako zehapen bakoitzari dagokion gehieneko zehapenaren portzentaje jakin batek jotzen duen kopurua, irizpide hauekin bat:

–Aurretik arau-hauste bat izanez gero: %25.

–Aurretik bi arau-hauste izanez gero: %35.

–Aurretik hiru arau-hauste izanez gero: %45.

–Aurretik lau arau-hauste edo gehiago izanez gero: %50.

–Zehapen irmoa bestelako tributu arau-hauste bat egiteagatik bada baina zehatzen denaren izaera berekoa, zehapenari %15 gehituko zaio, eta %10, mota bereko arau-hauste bakoitzeko bi edo gehiago badira, %50 gehienez ere.

b) Toki entitatearen ikerketa lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien. Hori horrela ulertuko da zergapekoek, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez badiete erantzuten udal administrazioak tributuez bezainbatean garrantzia duten datu, txosten edo aurrekariak eskatzeko egindako errekerimenduei. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenari gehieneko zehapenak zenbat jo eta horren %20tik %40ra bitartean gehituko zaio.

c) Arau-hausterako iruzurrezko baliabideak erabili diren edo hura beste pertsona baten bitartez egin den. Honi dagokionez, nagusiki honako hauek hartuko dira iruzurrezko bidetzat: kontabilitatean funtsezko irregulartasunak izatea eta faktura, frogagiri edo beste agiri faltsu edo faltsutuak erabiltzea. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenari gehieneko zehapenak zenbat jo eta horren %25 gehituko zaio.

d) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenari gehieneko zehapenak zenbat jo eta horren %5 gehituko zaio betebeharra betetzean hiru hilabetetik gora berandutu ez bada, %10 berandutzea hiru hilabetetik seira bitartekoa bada, eta %15 berandutzeak sei hilabetetik gora jotzen badu.

e) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, ez-betetzeak eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak.

2) Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke. Ezarri beharreko zehapenak zenbat jotzen duen zehazteko, gutxieneko zehapenari aurreko apartatuetan aplikatzetik sortzen diren zenbatekoak gehituko zaizkio, hortik ateratako zenbatekoak ezin izango dituelarik gainditu legeek ezarritako gehieneko zenbatekoak.

35. artikulua. Arau-hauste larriei dagozkien zehapenen mailakatzea.

1) Tributu arloko arau-hauste larriek eragindako zehapenak kasuan-kasuan mailakatuko dira, honako irizpide hauekin bat:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren. Hori horrela ulertuko da subjektu arau-hauslea tributuzko arau-hauste larria egiteagatik zehatu dutenean, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, espedientearen xedea den arau-haustea noizkoa izan eta bost urte lehenagoko aldian.

Inguruabar hori gertatuz gero, zehapenaren portzentajeari 10 puntu gehituko zaizkio tributu berari dagokion tributu arloko arau-hauste larria egiteagatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko, eta 5 puntu, beste tributuei dagokien tributu arloko arau-hauste larria egiteagatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko. Zehapenaren portzentajearen gehikuntza ezin izango da 10 puntu baino gutxiagokoa izan, ezta 50 baino gehiagokoa ere.

b) Toki entitatearen ikerketa lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien. Horrelakotzat joko da zergapekoek, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez erantzutea udal administrazioak egindako errekerimenduei, haien tributu-egoera erregularizatzeko abiatutako egiaztapen- eta ikerketa-jarduketetan, baldin eta horietan agerian gelditzen bada arau-hauste larriak egin dituztela. Halako inguruabarrak gertatuz gero, zehapenaren portzentajea 10etik 50 puntura bitarte gehituko da, irizpide hauekin bat:

–Subjektu pasiboak behin eta berriz uko egiten badio prozeduran zehar eskatu dizkioten eta tributuez bezainbatean garrantzia duten datu, txosten edo aurrekariak aurkezteari, eta, horren ondorioz, udal administrazioak ezin badu eskatutako informazioaren berri izan, zehapenaren portzentajea 30etik 40 puntura gehituko da.

–Subjektu pasiboa ez bada dena delako organoaren aurrean agertzen, gutxienez horretara hiru aldiz deitua izan eta gero, zehapenaren portzentajea 20tik 30 puntura gehituko da. Baldin eta behin eta berriz ez agertzeagatik, egoera zergapekoa bertan egon gabe erregulatu behar bada, zehapenaren portzentajea 40tik 50 puntura gehituko da.

–Kontra, uko edo traba egiteari dagokionez aurrekoez besteko kasuetan, zehapenaren portzentajea 10etik 30 puntura gehituko da.

c) Arau-hausterako iruzurrezko baliabideak erabili diren edo hura beste pertsona baten bitartez egin den. Honi dagokionez, nagusiki honako hauek hartuko dira iruzurrezko bidetzat: kontabilitatean funtsezko irregulartasunak izatea eta faktura, frogagiri edo beste agiri faltsu edo faltsutuak erabiltzea. Halako inguruabarrak gertatuz gero, zehapenaren portzentajea irizpide hauekin bat gehituko da:

–20tik 45 puntu bitartean, kontabilitatean funtsezko irregulartasunik izanez gero.

–25etik 40 puntu bitartean, faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri edo euskarri faltsurik edo faltsuturik erabiliz gero. Hori ez da horrela interpretatuko, faltsututako agiriek edo euskarriek batera hartuta, horien eraginak atzemandako tributu-zorraren %10 baino gutxiago jotzen badu.

–35etik 50 puntu bitartean, arau-haustea beste norbait tarteko dela egin bada.

Irizpide horiek zein bere aldetik hartuko dira kontuan, eta zein bere kabuz aplikatuko dira zehapenaren portzentajean zenbat gehitu behar den zehazteko. Zehapenaren portzentajean gehitu beharreko zenbatekoa gehikuntza guztiak batuta zehaztuko da, hori, gehienez ere, 75 puntu izaten ahalko delarik.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osagabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek tributu-zorra gutxitzea badakar berarekin. Horrelakotzat joko da horregatik udal administrazioari tributu-zorra zehazteko beharrezkoak diren datuak ezkutatzea, eta horrek zorra gutxitzea badakar berarekin, eta horrela ulertuko da, nahiz eta Administrazioak datu horien berri izaten ahal duen, dela hirugarrenen adierazpenen bitartez dela zehapenari dagokionaz besteko tributu-kontzeptuen gainean subjektu arau-hausleak egindako adierazpenen bidez, eta datuak kontabilitatean jasota egonda ere. Inguruabar hori gertatuz gero, arau-hauste larri baten kasuan, zehapenaren portzentajea 10 eta 25 puntu artean gehituko da, eta ezkutatutako datuek zenbatean gutxitu duten tributu-zorra, horren arabera zehaztuko da, irizpide hauekin bat:

–%10 edo gutxiago gutxituz gero: igoerarik ez.

–%10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago gutxituz gero: 10 puntu gehiago.

–%25 baino gehiago eta %50 baino gutxiago gutxituz gero: 15 puntu gehiago.

–%50 baino gehiago eta %75 baino gutxiago gutxituz gero: 20 puntu gehiago.

–%75 baino gehiago gutxituz gero: 25 puntu gehiago.

Ez da halakorik kontuan hartuko subjektu arau-hausleak bere aitorpenean tributu-zorra zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak adierazi eta tributu-arauak oker aplikatu dituelako gutxitu bada zorraren zenbatekoa. Inguruabarra ez da, ezta ere, kontuan hartuko jokamoldea ordenantza honen 32. artikuluaren c) letran arau-hauste larritzat tipifikatutakoa denean.

2) Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke. Ezarri beharreko zehapenak zenbat jotzen duen zehazteko, gutxieneko zehapenaren portzentajeari aurreko apartatuetan xedatutakoa aplikatzetik sortzen diren portzentaje-puntuak gehituko zaizkio. Mailakatzeko irizpideak gutxieneko diru-zehapenei aplikatuko zaizkie, hortik ateratako zenbatekoek ezin izango dituztelarik gainditu legeek ezarritako gehieneko zenbatekoak.

3) Tributu arloko arau-hauste larrien zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da, subjektu arau-hausleak edo, bestela, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin ados dagoela. Murrizketak %40 joko du, bat etortzen badira hala erregularizatze- nola zehapen-proposamenarekin.

Zehapen prozedura

36. artikulua. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izango subjektu arau-hauslearen tributu-egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta beste bat, eta hartan interesdunari entzunaldia emango zaio.

Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berberek.

Erantzukizunaren iraungipena

37. artikulua. 1) Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo preskripzioz.

2) Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legatu-hartzaileei transmitituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe.

Inoiz ez zaio zehapenik beste bati transmitituko.

3) Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

V. KAPITULUA

Kudeatzeko arauak

Tributu kudeaketa hasteko moduak

38. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Aitorpena, aitorpen-likidazioa edo autolikidazioa egitean, edo zergapekoaren ekimenez.

b) Ofizioz.

c) Ikerketa bidez.

Tributu-aitorpena

39. artikulua. a) Tributu-aitorpentzat hartuko da zerga-egitate baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emango zaio zerga-egitatea biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren egiaztagiria emango zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Probarako agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra

40. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zerga-egitatea gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aurkezpenaren ondorioak

41. artikulua. a) Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du esan nahi zerga bidezkoa dela ontzat ematen edo aitortzen denik.

b) Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

c) Aurreko lerroaldean aipatzen diren betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da, eta horren arabera zehatuko.

Tributuen likidazioa

42. artikulua. a) Zerga-oinarriak zehaztu ondoren, kudeaketak jarraituko du: likidazioa egingo da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izango dira.

b) Behin betikotzat hartuko dira:

–Zerga-egitatearen ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

c) Aurreko apartatuan adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izango dira, konturakoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

43. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

44. artikulua. a) Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

–Haien funtsezko elementuak.

–Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

–Tributu zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

b) Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu-zorra ordaintzera.

c) Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

d) Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izango dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza saihestu badute, salbu eta Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatuz epe horretan arau bidezko protesta egin bada.

45. artikulua. Subjektu pasibo batek eta berak ordaindu beharreko tributuen likidazioak egintza batean bateratu ahalko dira; kasu horretan, kontzeptu guztien oinarriak eta tasak edo kuotak adierazi beharko dira likidazioan, halako eran non metatzen diren likidazioak oro zehazturik eta banakaturik geldituko baitira.

Autolikidazioa

46. artikulua. 1) Autolikidazioa aitorpen mota bat da non zergapekoak, administrazioari tributua likidatzeko behar diren datuak eta beste datu informatibo batzuk jakinarazteaz gain, tributu-zorra zehaztu eta ordaintzeko egin behar diren eragiketak –zorra nondik sortzen den nahiz zenbat egiten duen zehaztekoak– bere kabuz egiten baititu, edo, honela badagokio, itzuli edo konpentsatu behar zaion kopurua zehazten baitu.

2) Zergapekoek, baldin eta tributuen ordenantza partikularrek autolikidazio-sistema onartzen badute, tributu-zorraren aitorpen-likidazioa aurkeztu beharko dute, eta zenbatekoa ordaindu, entitate laguntzaile baimenduen bidez, dagokien ordenantzak zehazten duen epearen barnean.

3) Zergapekoek aurkeztutako autolikidazioak behin-behinekoak izango dira, eta egiaztatu eta ikuskatu ahalko dira. Udal administrazioak, beharrezkoa izatera, behar den likidazioa egingo du, aitorpenean adierazitako datuekin, horri erantsitako agiriekin eta administrazioak berak dituen aurrekariekin bat. Baldin eta subjektu pasiboak tributuzko arau-haustea egin badu, kasuan kasuko zehapen espedientea irekiko da.

4) Baldin zergapeko batek uste badu autolikidazio batek bere interes bidezkoak nolabait kaltetu dituela, autolikidazio hori zuzentzeko eskatu ahalko du. Subjektu pasiboa likidatu behar zen kuota baino handiago bat ordaintzera bultzatu duen autolikidazioa zuzendu behar izanez gero, Udalak bidegabeko diru-sarrerak itzuliko ditu, bai eta berandutze-interesa ere.

47. artikulua. 1) Zergapekoek autolikidazio osagarriak edo aitorpen edo jakinarazpen osagarri edo ordezkoak aurkeztu ahalko dituzte, horretarako ezarritako epean edo epe hori gainditu eta gero. Azken kasu horretan, garaiz kanpokotzat hartuko dira.

2) Zergapekoek aitorpen edo jakinarazpen osagarri edo ordezkoak aurkeztu ahalko dituzte, lehenago aurkeztutakoak osatu edo ordezkatzeko, mota batekoak edo bestekoak diren adierazita.

Tramitatzeko epeak

48. artikulua. a) Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein diren bete beharreko epeak adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izango administrazio prozedura hasten denetik prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren egunera arteko denbora, hori galarazteko behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira.

b) Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du esan nahi administrazio ekintza iraungi egiten dela, baina, hala ere, interesdunei kexa-erreklamazioa aurkezteko baimena ematen die.

c) Tramitazio akatsen kontrako kexa-erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, akats horiengatik prozedura gerarazten bada, jarritako epeak hausten badira edo arazoa behin betiko ebatzi aurretik konpon daitezkeen tramiteak egiten ez badira. Kexa baiesten bada, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekiko da, horretarako arrazoirik izanez gero.

Zergadunen erroldak

49. artikulua. Ordenantza partikularrean berean zehazten diren kasuetan, udal administrazioak, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenaren ondotik, dagozkion zergadunen erroldak prestatuko ditu.

Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

50. artikulua. a) Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, erreklama daitekeen administrazio-egintza bat egin beharko da, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

b) Erroldan gerora zernahi alta, baja edo moldaketarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

51. artikulua. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izango dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Tributuen arloko ikerketa eta ikuskapena

Ikerketa

52. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zerga-egitatea osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

53. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren beste aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

54. artikulua. Subjektu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasuan-kasuan ezar daitezkeen gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzeko betebeharra dute.

Tributu ikuskatzaritzaren eginkizunak eta antolaketa

55. artikulua. a) Udaleko Tributu Ikuskaritzari dagokio subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera ikuskatzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten ala ez egiaztatzeko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

b) Manu hori betetzeko, eginkizun hauek gauzatu beharko ditu:

Zerga-egitateak ikertzea, udal administrazioak kontuan hartu ez dituenak aurkitzeko eta haiek subjektu pasiboari edo zergapekoari egozteko.

Aitorpenak egiaztatzea, egiazkoak direla eta arauak zuzen aplikatu direla ziurtatzeko.

Proposatzea, hala egokituz gero, egiaztatze- eta ikertze-jarduketen ondoriozko tributu-likidazioak.

Norberaren ekimenez edo udal administrazioaren gainerako organoek eskatuta, partikularren edo beste erakundeen gaineko informazio lanak egitea, baldin eta zuzenean nahiz zeharka tributuen aplikazioa eragiten ahal badute.

Errenten, produktuen, ondasunen eta zerga-egitateak dituen gainerako elementuen balioa egiaztatzea.

Zerga-onurak eman edo jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

Subjektu pasiboei eta gainerako zergapekoei arau fiskalen edukia eta horien ondoriozko betebeharren nahiz eskubideen ezaugarriak jakinaraztea.

Beste edozein jarduketa, baldin eta arauek kasuan-kasuan ezarritako egiaztapen prozedura bereziek sortuak badira, bereziki zainduta erroldetan egon behar duten subjektu pasiboak haietan behar bezala sarturik egon daitezen.

Udal administrazioko organo eskudunek ematen dizkioten gainerako guztiak.

56. artikulua. a) Ikuskapen-jarduketak Udaleko Tributu Ikuskaritzari atxikitako funtzionarioek egingo dituzte, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuak tributuen ikuskaritzari esleitzen dizkioten eskumenekin bat. Aurrekoa gorabehera, prestatzeko bakarrik diren jarduketak, edo tributuen arloan garrantzitsu diren egitate edo inguruabarrak egiaztatzekoak edo frogatzekoak, funtzionario ez diren beste langile publikoei ere eman ahal zaizkie.

b) Tributu Ikuskaritzako funtzionarioak, ikuskatze-eginkizunak betetzen ari direnean, agintaritzaren agente gisara joko dira, haiei, zerbitzu-egintzetan edo horiek medio, dela hitzez dela egitatez gogor, eraso edo desmen egiten dietenen administrazio- zein zigor-erantzukizuna zedarritzerakoan.

Agintariek, euren izaera edozein izanik ere, eta, oro har, eginkizun publikoak betetzen dituztenek laguntza eta babesa emango diete Tributu Ikuskaritzako funtzionarioei eta gainerako langileei, horiek halakorik eskatzen dutenean. Hori egin ezean, kasuan kasuko erantzukizunei egin beharko zaie aurre.

c) Ikuskariek agiria edo beste identifikazioren bat edukiko dute, beren eginkizunetan aritu daitezkeela egiaztatzeko.

Ikuskapen jarduketak

57. artikulua. 1) Udaleko Tributu Ikuskaritzak objektibotasunez egingo die zerbitzu interesdunei, eta legeei eta zuzenbideari erabat men eginik ariko da, Konstituzioan ezarritako honako printzipio hauekin bat: eraginkortasuna, hierarkia, deszentralizazioa, deskontzentrazioa eta koordinazioa.

2) Bere eginkizunak gauzatzean, bere agintea eta betebeharrak murriztu gabe, Udaleko Tributu Ikuskaritzak behar den kortesia agertuko du, eta interesdunei nahiz, orokorrean, jendeari ahalik eta begirune handiena gordeko die; gainera, ikuskapen jarduketei dagokienez, informazio guztia emango die, bai haien eskubideei bai tributu-obligazioei zein administrazioarekiko harremanetan izan beharreko jokabideari buruz ere, haien tributu-betebeharrak errazago bete ditzaten.

Udaleko Tributu Ikuskaritzako funtzionarioek erabateko sekretua gorde beharko dute, karguaren eraginez ezagutzen dituzten gaiei dagokienez, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 105.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3) Ikuskapen arloko eskumenak dituzten organoetako edo egoitzetako langile guztiek ere sekretua gordetzeko betebehar horri heldu beharko diote, beren lanpostuak direla medio ezagutzen dituzten egitateen gainean, eta aurreko apartatuan ezarritakoa haiei ere aplikatzekoa da.

58. artikulua. 1) Ikuskapen jarduketak honako hauek izan ahal dira:

Egiaztatu eta ikertzea.

Tributuen arlorako garrantzia duen informazioa eskuratzea.

Txostenak egin eta aholku ematea.

Jarduketa horien irismena eta edukia Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan daude zedarriturik.

Udaleko Tributu Ikuskaritza, berezko dituen eginkizunak gauzatzean, kasuan-kasuko organo eskudunak onetsitako ikuskapen jarduketei buruzko planei egokituko zaie, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta aukera printzipioekin bat.

2) Beste tributu administrazioekin lankidetzan ari behar duenean, Udaleko Tributu Ikuskaritzak haiekin koordinatuko ditu planak eta jarduketa programak, halako eran non jarduketa horiek kasuan kasuko lankidetza-erregimenaren arauetan ezarritako irismena izango baitute.

Ikuskaritza Zerbitzuak balorazio-jarduketak egiten ahalko ditu, tributuen edo diru-bilketaren kudeaketaren ardura duten beste organoek eskatuta.

59. artikulua. 1) Ikuskaritza jarduketak toki hauetan egin ahalko dira, Ikuskaritzak zehazten duenaren arabera: zergapekoaren zerga-egoitzean edo ordezkariaren egoitzan nahiz bulegoan, baldin eta azken hori Nafarroako lurraldean badago.

Zergapeko jarduketa guztiak edo batzuk egiten diren tokian.

Zerga ordaindu beharra dakarren zerga-egitatearen edo aurrekontuaren frogaren bat (gutxienez ere froga partzialen bat) dagoen tokian.

Udalaren bulegoetan, egin beharreko jarduketen gaiak diren elementuak bertan aztertu ahal badira.

Ikuskaritza agertu ahalko da, aldez aurretik jakinarazi gabe, zergapekoaren enpresa, bulego, lokal, instalazio edo biltegietan, eta harekin edo lokalen buruarekin edo arduradunarekin egingo dira jarduketak.

Zergapekoak ezgaitasuna edo mugikortasun murriztua duenean, atal honetan deskribaturiko lekuen artean harentzat egokiena denean egingo da ikuskaritza.

Zergapekoaren liburuak eta dokumentazioa aztertu behar direnean, zerga-egitatearekin zerikusia duten programa informatikoak eta euskarri magnetikoko artxiboak barne, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan jarduketa hauen tokiari buruz ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

2) Jarduketen denbora Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan horri buruz ezarritakoarekin bat zehaztuko da.

3) Zergapekoak ordezkari baten bitartez aritu ahalko dira, halako eran non hark ordezkari dela egiaztatu beharko baitu; halako kasuetan ulertuko da zergapekoekin egin direla kasuan kasuko jarduketak.

4) Zergapekoek harerra egin behar diote ikuskatzaileei eta behar duen laguntza emango diete beren eginkizunak bete ahal izateko.

Ikuskaritzaren errekerimendua jasotzen duen zergapekoak (bera edo haren ordezkari batek) jarduketak egiteko ezarritako leku, egun eta orduetan agertu beharko du, eta eskatutako agiriak eta gainerako elementuak ekarri edo Ikuskaritzak erabiltzeko eran izan beharko ditu.

5) Ikuskatzeko prozeduran kautelazko neurriak hartu ahalko dira, behar bezala arrazoituta, zerga betebeharrak daudela edo bete behar direla erakusten duten froga erabakigarriak desagertzea, suntsitzea edo aldatzea eragozteko, edota gero halakorik dagoela edo erakustea ez ukatzeko.

60. artikulua. 1) Udalaren Tributu Ikuskaritzaren jarduketak hasteko moduak honako hauek dira:

Tributu Ikuskaritzaren ekimenez, horretarako ezarritako plan berezien ondorioz.

Organo eskudunak idatziz eta arrazoituta emandako aginduaren ondorioz, aurrez ikuskapen plana aldatuta.

Zergapekoak eskatuta, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 138. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Salaketa baten ondorioz. Kasu honetan, salatzailea ez da interesduntzat joko, salaketaren ondorioz hasiko den ikerketa-jarduketan, ezta halako gisara errekurtsorik aurkeztu edo erreklamaziorik egiteko legitimatutzat ere, eta nabarmen funsgabeak diren salaketak beste izapiderik egin gabe artxibatu ahalko dira.

2) Udaleko Tributu Ikuskaritzaren jarduketak jakinarazpena eginda has daitezke, edo aurrez jakinarazpenik egin gabe, interesdunaren bulego zein instalazioetan edo zerga-egitatearen froga partzialen bat non egon eta toki horretan agertuta. Jarduketok Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan ezarritako irismenak, eskumenak eta ondorioak izango ditu.

3) Ikuskatzeko prozeduraren jarduketak 2 urteko epean bukatu beharko dira, zergapekoari prozedura hasiko dela jakinarazten zaionetik aurrera. Ulertuko da jarduketak bukatzen direla haietatik datorren administrazio-egintza jakinarazten denean edo jakinarazitzat jotzen denean. Jakinarazi beharra egintzat jotzeari eta ebazpenaren epea zenbatzeari dagokienez, nahikoa izango da frogatzea ebazpenaren testu osoak dakarren jakinazpena egiten saiatu izana. Erregelamenduz zehazturiko etenaldi justifikatuak eta Zerga Ikuskaritzak sortu ez dituen prozedura luzamenduak ez dira sartuko ebazpen epearen kalkuluan.

4) Jarduketak eginbideetan, jakinarazpenetan, txostenetan eta aktetan jasoko dira. Agiriok Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan ezarritako eginkizun, helburu eta ondorioak izango dituzte.

Ikuskapen jarduketen agiriak

61. artikulua. 1) Eginbideak dira Tributu Ikuskaritzak ikuskapen prozedura bitartean ematen dituen agiriak, prozeduraren instrukzioan komenigarritzat jotzen diren egitateak edo gertaerak edota tributu arloko ikuskapenaren jasotzailearen edo jasotzaileen adierazpenak jasotzekoak.

2) Eginbideetan ez dago tributu-likidazioei buruzko proposamenik.

3) Eginbideetan horiek emateko tokia eta data jasoko dira, baita zein egoitza, bulego edo etxebizitzetan egiten diren ere; halaber, eginbidea sinatzen duten Tributu Ikuskaritzako funtzionarioen identifikazioa jasoko da, eta jarduketetan parte hartzen duen pertsonaren izen-deiturak, NAN zenbakia eta sinadura nahiz esku hartzeko duen izaera edo ordezkapena ere; era berean, jarduketak ukitzen dituen zergapekoaren nortasuna ere jasoko da, eta, azkenik, eginbidearen edukia osatzen duten egitateak edo gertaerak.

4) Egingo diren eginbideen ale bat emango zaio, beti, jarduketetan parte hartzen duen pertsonari. Ale hori jaso nahi ez badu, zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz bidaliko zaio. Pertsona horrek eginbidea sinatu nahi ez badu, edo sinatu ezin badu, edo nola egin ez badaki, hori eginbidean jasoko da, kasuan kasuko kopia ematea ezertan galarazi gabe, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

62. artikulua. 1) Komunikazioak Tributu Ikuskaritzak bere eginkizunak betetzean edozein pertsonarekin harremanak edukitzeko erabiltzen dituen agiriak dira.

2) Komunikazioetan, Tributu Ikuskaritzak egitateak edo gertaerak jakinarazi eta behar diren errekerimenduak egin ahalko dizkie interesdunei. Komunikazioak gauzatzen diren eginbideen edukian txertatu ahal izango dira.

3) Komunikazioak, Ikuskaritzak sinatu ondoren, interesdunei jakinaraziko zaizkie, legeek agindutako eran, eta zein aktuariok igorriak diren, horrek berak sinatuko ditu.

4) Komunikazioetan hauek adieraziko dira: non eta noiz egin diren, pertsonaren edo erakundearen identitatea, nora zuzentzen diren, bidaltzailearen identifikazioa eta sinadura, jakinarazten diren egitateak edo gertaerak eta komunikazioaren bitartez egiten den eskaeraren edukia.

Komunikazioek interesdunei ikuskapen jarduerak hasi direla jakinarazteko balio badute, bertan komunikazioak eragiten duen preskripzioaren etetea adierazi beharko da.

5) Komunikazioen bina kopia egingo dira, eta Ikuskaritzak kopia bat gordeko du.

63. artikulua. 1) Tributu Ikuskaritzak, ofizioz edo hirugarrenek eskatuta, honako txosten hauek bidaliko ditu:

Antolamendu juridikoaren arabera nahitaezkoak diren txostenak.

Administrazioko beste organo nahiz zerbitzu batzuek edo botere legegileak zein judizialak eskatzen dizkioten txostenak, legeetan ezarritakoaren arabera.

Tributuak aplikatzeko behar diren txostenak, eta halakoetan, txostenak bidaltzeko egokitasuna arrazoitu beharko da.

2) Bereziki, Tributu Ikuskaritzak txostena eman beharko du, kasu hauetan:

Abiarazitako desadostasun- edo aurretiazko froga-aktak osatzeko.

Zergen oinarriak zeharka kalkulatzeari buruzko araubidea aplikagarria denean edo zantzu-metodoak erabiltzea bidezkoa denean.

Lege iruzurra adierazteko prozedura berezia abiarazten denean, tributu aferetan.

Adostasunez sinaturiko ikuskapen akten ondoriozko likidazioen gainean ezartzen diren errekurtsoak edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak egiten direnean.

Ogasun Publikoaren kontrako delituaren aztarnarik atzematen bada, organo judizial eskudunari edo Ministerio Fiskalari igorri beharreko espedienteari eransteko.

3) Aktuarioak, tributuak aplikatzeko beharrezkotzat jotzen badu, txostena eman ahal izango du, hori egiteko egokitasuna arrazoituz. Orobat, Tributu Ikuskaritzak txostena eman dezake, subjektu pasiboaren edo erantzulearen ondasunen nahiz eskubideen egoera deskribatzeko eta, horrela, likidaturiko tributu-zorren kobrantzari dagokion bilketaren kudeaketa errazteko.

4) Tributu Ikuskaritzaren txostenek, akta batean jasotako likidazio proposamenaren osagarri direnean, proposamen horrek euskarri dituen egitateak eta zuzenbideko oinarriak jasoko ditu.

64. artikulua. 1) Aktak Tributu Ikuskaritzak egiaztapen eta ikerketa arloko jarduketen emaitzak jasotzeko egiten dituen agiri publikoak dira, zergapekoaren tributu egoera egoki jotzen duen moduan erregularizatzeko proposaturik edo egoera hori zuzena dela aldarrikatuta.

2) Tributu Ikuskaritzak egindako aktak agiri publikoak dira, eta haien formalizazioa eragin duten egitateen frogagarri, kontrakoa egiaztatu ezean.

3) Ikuskapen aktetan tributudunek onartutako egitateak egiazkotzat jotzen dira, eta ezin izango dira zuzendu, egitezko errakuntza egin dela frogatzen ez bada.

65. artikulua. 1) Ikuskapen jarduketen emaitza dokumentatzeko, aktek aipu hauek jaso behar dituzte, gutxienez:

Formalizazioaren tokia eta eguna.

Akta sinatzen duten aktuarioen identifikazio pertsonala.

Zergapekoaren izen-deiturak edo sozietate izena, osorik, identifikazio fiskalaren zenbakia eta haren zerga egoitza, bai eta jarduketetan parte hartzen duen pertsonaren izen-deiturak eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere, jarduketetan parte hartzeko duen izaera edo ordezkapena adierazita.

Jarduketak hasteko eguna.

Zerga-egitatearen edo tributu arloko betebeharraren egitezko baldintzaren oinarrizko elementuak nahiz hura zergapekoari egoztekoak, bai eta erregularizaziorako zuzenbideko oinarriak ere.

Era berean, interesdunak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 85. artikuluaren babesean alegaziorik aurkeztu duen ala ez jasoko da, eta alegaziorik aurkeztu badu, horien balorazioa egin beharko da.

Interesdunaren tributu egoeraren erregularizazioa, aktuarioek bidezkotzat joa; halakoetan, zergapekoari kuota, errekargu, eta berandutze-interes gisara galdaturiko tributu-zorra adierazi beharko da.

Zergapekoaren adostasuna edo desadostasuna.

Aktaren ondoko prozeduraren tramiteen adierazpena; eta, akta adostasunekoa denean, horren ondoriozko likidazio egintzaren aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak, zein organoren aurrean aurkeztu behar diren eta haiek aurkezteko epea.

2) Zergapekoa enpresaburu edo profesionala denean, eta zer tribututarako garrantzizko jo eta horien kasuan, interesdunaren derrigorrezko liburuen edo erregistroen egoera jaso beharko da aktan, ikusitako akatsak edo hutsak adieraziz; bestela, adierazi beharko da ondoriozta daitekeela horiek aztertu eta gero ez dagoela akatsik, kasuan kasuko zergaren ordainarazpenari begira funtsezkoa denik.

3) Egiaztatu beharreko aldi osorako akta bat eta bakarra egin ahal izango da, tributu edo zerga-kontzeptu bakoitzeko. Hala eta guztiz ere, likidazioak banan-banan egin beharko dira, zergaldi bakoitzerako.

4) Udaleko Tributu Ikuskaritzak horretarako onetsitako eredu ofizialetan egingo ditu bere aktak.

66. artikulua. 1) Aurretiko aktek behin-behineko likidazioak eragingo dituzte, organo eskudunek egingo dituztenak.

2) Bidezko izango da aurretiko akta bat abiaraztea, honako kasu hauetan:

a) Subjektu pasiboak Tributu Ikuskaritzak zerga egoera erregularizatzeko egin dion proposamenaren alderdi batzuk baino onartzen ez dituenean. Kasu honetan, subjektu pasiboak adostasuna zein kontzeptu eta elementurekin espresuki adierazi eta horiek aurretiko aktan jasoko dira, eta desadostasun akta egingo da, gainerako kontzeptuei buruzkoa. Akta horietako bakoitzean bestearen formalizazioari buruzko aipua jasoko da. Aurretiazko aktaren ondorioz egindako likidazioa konturakoa izango da, aldi berean abiarazitako desadostasun aktaren ondorioz dela behin-behineko dela behin betiko gisara egingo den aktaren konturakoa, alegia.

b) Ikuskaritzak zerga-egitate edo zerga-oinarrien egiaztapena eta ikerketa burutu ezin izan dituenean, baldin eta jarduketak eten beharra badago, behin-behineko likidazioa egiten ahal delarik.

c) Beste edozein egitezko baldintzatan, baldin eta aurrekoen antzekotzat jotzen bada.

3) Tributu Ikuskaritzak aurretiko akta bat ematen duenean, espresuki adierazi beharko du hori, halako eran non azaldu beharko baititu akta hori horrela egitera behartu duten inguruabarrak eta zerga-egitatearen edo horren balorazioaren elementuak, Ikuskaritzak zein elementu egiaztatu eta horiek berak kontuan hartuta.

67. artikulua. 1) Zorpekorik gabeko aktak dira zergapekoak zorrik ordaindu beharrik gabeko likidazioa ekartzen dutenak. Zorpekorik gabeko aktak egiaztatuak eta adostuak izan daitezke, edo zergapekoaren egoeraren erregularizazioa ekar dezakete. Tributu Ikuskaritzak tributudunaren tributu egoera zuzena dela uste badu, aktan jasoko du, eta akta horretan berean zehaztuko ditu adostasunak barne hartzen dituen kontzeptuak eta aldiak. Akta horri “akta egiaztatu eta adostua” esango zaio.

2) Era berean, akta egingo da Ikuskaritzak subjektu pasibo baten tributu egoeraren erregularizazioa bidezkotzat jo eta horrek Udalarekiko tributu zorrik eragiten ez badu. Nolanahi ere, subjektu pasiboa ados dagoen ala ez adieraziko da.

68. artikulua. 1) Haien tramitazioari dagokienez, Ikuskaritzaren aktak adostasunezkoak edo desadostasunezkoak izan daitezke, interesdunak egindako likidazioaren proposamena, ikuskapen aktan jasoa, osorik onartzen duen edo ez.

2) Nolanahi ere, tributu ikuskapenaren aktak bi alderdiek sinatuko dituzte, eta interesdunari ale bat emango zaio. Interesduna azaltzen ez denean, akta sinatu nahi ez duenean edo horren ale bat jaso nahi ez duenean, akta desadostasuneko gisara tramitatuko da. Interesdunak akta sinatzen ez badaki edo sinatu ezin badu, aktuarioak egoera hori jaso beharko du.

3) Akta hauek tramitatzerakoan, men egingo zaio ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 55. eta 56. artikuluetan xedatutakoari, dekretu horrek onetsi baitzuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua.

69. artikulua. 1) Zerga-egitatearen aurretiko froga badago, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 136.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, zergapekoa edo bere ordezkaria bertan egon beharrik gabe egin ahal izango da akta. Zerga-egitatearen aurretiko froga existituko da, baldin eta egitatea frogatzat jo badaiteke, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 106. artikulutik 111.era bitarteko artikuluetan frogak baloratzeko jasotako arauen arabera. Aktan, frogatzeko erabilitako egitate eta baliabideak adieraziko dira, behar den bezain zehatz adierazi ere, eta hari aktuarioaren txostena ere erantsiko zaio.

2) Akta formalizatu baino lehen, zergapekoari kasuan kasuko prozedura abiarazi dela jakinaraziko zaio, eta hamabost eguneko epea irekiko da, eta hartan espedientearen berri emango zaio, interesdunak bere eskubideen aldeko alegazioak egin eta bidezko agiri nahiz ziurtagiri guztiak aurkez ditzan.

Beste arauetara igortzea

70. artikulua. Tributu Ikuskaritzaren eskumen eta jarduketekin, aktak zein tributu-likidazioak tramitatzearekin eta zehapen prozedurarekin ikusteko duten afera guztietarako eta, oro har, ordenantza honetan xedatu ez den orotarako, men egingo zaio Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan xedatutakoari.

VII. KAPITULUA

Diru-bilketa

Ordainketa aldiak

71. artikulua. a) Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko epean.

–Epe exekutiboan.

b) Borondatezko epean ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Epe exekutiboan, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko epean bere eginbeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez egingo da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

c) Borondatezko epean ordainketa geroratu, zatikatu edo konpentsatzeko eskaera aurkeztuz gero, espediente horiek tramitatu bitartean ezin izango da epe exekutiboa hasi.

Isun baten kontra errekurtso edo erreklamazioa behar den moduan eta epean aurkeztuz gero, epe exekutiboa ezin izango da hasi harik eta zehapena administrazio-bidean irmo bilakatu eta borondatez ordaintzeko epea bukatu arte.

Zorren sailkapena diru-bilketari dagokionez

72. artikulua. a) Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

b) Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izango da eskatu.

c) Jakinarazpenik gabeko zorrak dira bana-banako jakinarazpenik behar ez dutenak, subjektu pasiboek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuetan, behin zentsu, errolda edo matrikula hartan alta hartu izanaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izango da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez horren berri emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

d) Norberak likidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

Ordainketa tokia

73. artikulua. 1) Udalaren aldeko zorrak honela ordaindu ahalko dira, kasuen arabera:

a) Udaleko Diruzaintzan.

b) Diru-bilketan laguntzen duten kreditu-entitateetan, baldin eta zorrak ordainagiri edo ordainketa gutunen bidezko kobrantzei badagozkie.

c) Udalaren alor eta zerbitzuetan gaitutako eskudiruko kutxetan, delako tributu edo diru-sarreraren ordenantza edo arau partikularrean berariaz ezartzen denean hori. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/195 Foru Legearen 231.5 artikuluan ezarritako ondorietarako, ordenantza honetan arauturikoaren arabera erabiliko dira kutxa horiek.

d) Udalaren web-orriaren bidez, interesdunak zorra ordaintzeko sistema elektronikoak gaituta daudenean. Dagokion ordainagiria emango dute sistema gaitu horiek.

2) Diru-bilketan laguntze aldera kreditu-entitateei emandako baimenek edo haiekin formalizatutako hitzarmenek ez dituzte inolaz ere haiek diru-bilketarako organo bilakatuko.

3) 1. apartatuko a), b) eta c) letretan adierazitako tokietan eginez gero ordainketa, diru-sarrera hartzen duen pertsonak dagokion ordainagiria emango du; hona hemen kasu bakoitzean zer izango den ordainagiri hori:

a) Balidazio mekanikoa, edo entitatearen zigilua eta kutxazainaren sinadura, ordaintzen duenak aurkezten duen ordainagiriaren edo ordainketa gutunaren gainean; dirua zer egunetan sartu den adieraziko da han.

b) Kutxazainak emandako agiria, informatikoki emana edo eskuz liburu-taloitegi batetik, behar bezala zenbakitua egongo baita; dirua zer egunetan sartu den adieraziko da.

4) Udalaren alor eta zerbitzuetan gaitutako eskudiruko kutxetan egindako ordainketetan, honako arau hauei jarraituko zaie:

a) Eskudiruko kutxa horiek zer zerbitzu edo bulegotan dauden, zerbitzu edo bulego horren ardura duen alorreko Idazkaritza Teknikoaren mendean daude organikoki, eta idazkaritza horrek izendatuko du kutxazaina. Udalak adjudikatuta delako zerbitzuaren kudeaketa bere esku duen enpresa batek egiten badu kutxazain lana, artikulu honetako arauak beteko ditu.

b) Diru-sarrera bakoitzaren kopia edo gordekina gordeko da, jatorrizko egiaztagiriaren zenbaki bera duena.

c) Kutxazainak informatikoki edo eskuz eguneroko liburu bat osatuko du, eta hartan idatziko ditu kobrantzak, deskobrantzak, Udal Diruzaintzan funtsak sartzearen ondoriozko ordainketak eta saldoa; gainera, idazpen bakoitzaren kontzeptua adierazi beharko du.

d) Dauden funtsen kontaketa egingo da egunero.

e) Saldoa egunero sartuko da Udal Diruzaintzan, salbu eta saldo hori 600 eurokoa baino txikiagoa bada. Eskudiruaren funts bat atxiki ahalko da, gehienez ere 60 eurokoa, diru xehea itzultzeko.

Udal Diruzaintzaren Kutxan sartuko da dirua edo Udalaren izenean dagoen kontu korronte batean, horretarako ezarrita badago.

f) Txeke-liburuxken matrizeak (liburuxka horiek bukatu ondoren), diru-sarrera agirien kopiak edo gordekinak, Udal Diruzaintzan funtsak sartu izana frogatzen duten agiriak eta eguneroko liburua, ardura duen alorreko Idazkaritza Teknikoari igorriko dizkio kutxazainak, gutxienez ere hilabetean behin, kontrolatzeko. Halaber, ardura duen alorreko Idazkaritza Teknikoak, Udal Diruzaintzara igorriko du delako alorrean gaituta dauden eskudiruko kutxetako bakoitzaren eguneroko liburuaren kopia bat, kontabilitateko formalizaziorako.

Ordainketa epeak

74. artikulua. Zerga-zorrak honela ordainduko dira:

1) Jakinaraziak, jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

2) Epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, bana-banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, gutxienez ere aurreko zenbakian adierazitako epean; ebazpen baten bidez zehaztuko dira borondatezko ordainketarako epearen azken eguna eta, halaber, dagokionean, kuotaren zatiketa.

Kobratzeko epea zein den multzoka komunikatuko da, eta horretarako beharrezko ediktuak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean.

Lur-ondasunaren gaineko kontribuzioa ordaintzeko epea hura arautzen duen ordenantzan ezarritakoarekin bat xedatuko da.

3) Subjektu pasiboak berak autolikidatutako zorrak, dagozkien aitorpenak aurkezterakoan ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak seinalatzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zerga-egitatea sortzen den egunetik aurrera.

Interesak eta errekarguak

75. artikulua. 1) Epe exekutiboaren hasierak berandutze-interesak eta epeari dagozkion errekarguak sortuko ditu, borondatezko aldian ordaindu gabe gelditu den zorraren gainean.

2) Tartean eten, geroratze edo zatiketarik izan ez delarik ordaindu gabeko tributu-zorra ordaintzen baldin bada, betiere premiamenduzko probidentzia jakinarazi baino lehen, errekargua %5 izango da.

3) Behin premiamendu-prozedura hasita, zorra ordaintzeko ezarritako epea bukatu baino lehen ordainduz gero, premiamendu-errekargu murritza aplikatuko da, hau da, %10.

4) Premiamendu-errekargu arrunta %20 izango da eta aurreko apartatuetan aipatu inguruabarretako bat ere ez denean aplikatuko da.

5) Berandutze-interesak eta premiamendu-errekargu arrunta bateragarriak izango dira.

6) Halaber, zordunak premiamendu-prozeduraren kostuak ordaindu beharko ditu.

76. artikulua. 1) Ordainketarako jarritako epea iraganik, hura egin ez bada, berandutze-interesa hasiko da sortzen.

Halaber, berandutze-interesa eskatuko da egintzaren betearazpena eteten den kasuetan eta edonolako gerorapen, zatikatze edo luzapenetan.

Nolanahi ere, zorraren zenbateko osoa bermatzen bada, dela kreditu entitate batek edo elkarren bermerako sozietate batek emandako abal solidario bidez dela kauzio aseguruaren egiaztagiriaren bidez, galda daitekeen berandutze-interesa diruaren legezko interesa izango da, diru-sarrera egiten den egunera artekoa.

2) Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien diru-sarrerei, epetik at baina aurretiazko errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurretiazko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, honako errekargu hauek egingo zaizkie:

a) Diru-sarrera egiteko edo aitorpena aurkezteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru hilabeteetan gauzatzen badira horiek, %5eko errekargua aplikatuko da, eta ez dira galdatuko beste zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze-interesa eta zehapenak.

b) Behin 3 hilabete horiek igarota, baina diru-sarrera egiteko edo aitorpena aurkezteko borondatezko epearen ondoko hamabi hilabeteak igaro gabe, %10eko errekargua aplikatuko da, eta ez dira galdatuko beste zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze-interesa eta zehapenak.

c) Behin diru-sarrera egiteko eta aitorpena aurkezteko borondatezko epearen ostean 12 hilabete igaro eta gero, errekargua %20 izango da, eta ez dira galdatuko beste zenbait kasutan galda zitezkeen zehapenak.

Halako kasuetan, beranduntze-interesak galdatuko dira, halako eran non halakotzat joko baitira 12 hilabeteko epe hori amaitu eta kasuan kasuko ordainketa egin bitarte sortutakoak.

Errekargu horiek premiamendu-errekarguarekin batera galdatu ahalko dira, baldin eta tributua ordaintzera beharturik daudenek ez badute dirua sartzen aitorpen-likidazioa edo epetik kanpoko autolikidazioa aurkeztearekin batera.

Atal honetan ezarritako errekarguak aplikagarriak izan ahal izateko, aitorpen-likidazioek edo epetik kanpoko autolikidazioek berariaz agertu beharko dute likidazioaren zergaldia eta bakarrik epe horri dagozkion datuak eduki beharko dituzte.

Ordaintzeko modua

77. artikulua. 1) Tributu zorrak ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua.

b) Banku txekea.

c) Legeek onartutako beste hainbat bitarteko.

2) Ordainketa banku-txekearen bidez egiten bada, merkataritzako legeriak eskatzen dituen baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko ditu:

a) Izenduna izatea, Udalaren aldekoa.

b) Entrega egiten den egun bereko data izatea edo aurreko bi egunetakoa.

c) Entitate libratuak adostua edo ziurtatua egotea.

d) Libratzailearen izena edo sozietate izena, sinaduraren azpian argi-argiro adierazia.

Txekea entregatzeak txekea pagatzen denean libratuko du zorduna bertan ageri den zenbatekoan. Hala bada, entregatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Txeke bat partez nahiz osorik kobratzen ez bada, borondatezko aldia iraganda, administrazioaren premiamendu prozeduraren bidea erabiliz galdatuko da haren zenbatekoa; txekea egoki adostua edo ziurtatua bazegoen, bera adostu edo ziurtatu zuen entitateari galdatuko zaio; bestela, zordunari.

78. artikulua. 1) Diru-bilketan laguntzen duten kreditu entitateetan ordaintzeko, ordaindu behar duenari emango zaion ordainagiria edo ordainketa-gutuna aurkeztu beharko da aurretik. Baldin eta ordaindu behar duenak ordainagiria galtzen badu, edo hori ez badu eskura, aldizka kobratzekoak izaki banakako jakinarazpena nahitaezko ez duten tributu-zorrak ordaintzeko, kopia bat eskatu beharko dio udal administrazioari, ordainketa egin baino lehen.

Ordainagiria, gordailu entitate laguntzaileak behar bezala zigilatuta, haren bidez ordaindutako zorrak ordaindu izanaren egiaztagiri bilakatzen da.

Zordunak kreditu entitateari ordaintzeko emandako aginduek ez dute eraginik izango, berez eta haiek bakarrik, Udalaren aurrean, deusetan ukatu gabe agindua eman duenak kreditu-entitatearen kontra agindua ez betetzeagatik gauzatu ditzakeen ekintzak.

2) Tributu zorrak ordainagiri bidez aldizka kobratzekoak badira, haien ordainketa kreditu entitateetan irekitako kontuetara helbideratu ahalko da, halako eran non horiek subjektu pasiboaren administratzaile modura jokatu eta horrek baimendutako zorrak ordainduko baitituzte.

Helbideratzeak baldintza bakarra du: idatziz ohartaraztea Udaleko Zerbitzu Orokorren eta Ogasunaren alorrari eta dagokion kreditu entitateari helbideratze hori zein zerga kontzepturi buruzkoa den; hori zorra ordaintzeko borondatezko aldia hasi eta, gutxienez, bi hilabete lehenago egin behar da.

Helbideratzeko erabakia aldizkako ordainagiri bat ordaintzerakoan ere jakinarazi ahal zaio diru-bilketan laguntzen duen kreditu entitate bati. Helbideratze horrek hurrengo aldiari dagokion ordainagiritik aurrera hartuko du indarra.

Helbideratzearen balioa epemugarik gabea izango da, baldin eta interesdunak ez badu baliogabetzen, edo kreditu entitateak atzera egiten, edo, bestela, udal administrazioak, justifikatutako arrazoiak direla medio, haren baliogabetasuna aitortzen ez duen bitartean.

3) Geroko mugaeguna duen ordainagiri baten kobrantzak ez du lehenagokoak ordaindu direla esan nahi, eta ez du zorpekoak direnak eskuratzeko Udalak duen eskubidea iraungitzen ere.

Ordainketa geroratzea eta zatikatzea

79. artikulua. Geroratzea edo zatikatzea eskatzeko zer baldintza behar diren, haiek erdiesteko zer jardunbide segitu behar den, zer berme eta bestelako baldintzari iritzi zaien beharrezko, hori dena, udal aurrekontua exekutatzeko oinarrietan jasoko da.

Kautelazko neurriak

80. artikulua. 1) Tributu zorra kobratuko dela bermatzeko, udal administrazioak behin-behineko neurriak hartu ahalko ditu susmorik badu, bestela egitera, kobrantza ez dela egingo edo oso zaila izango dela.

2) Neurriak saihestu nahi den kaltearen heinekoak izango dira. Konpontzea zaila edo ezinezkoa den kaltea eragingo luketenak ez dira inoiz hartuko.

Kautelazko neurria honelakoa izan daiteke:

a) Tributu itzulketen ordainketa atxikitzea, zorren kobrantza segurtatzeko bezainbat, ez gutxiago ez gehiago.

b) Ondasunen eta eskubideen prebentziozko enbargoa.

c) Legez ezarritako beste edozein.

Prebentziozko enbargoa bermatze aldera, dagozkion erregistro publikoetan jasoko da horren oharra. Bestela, enbargatutako ondasunak gordailuan utziko dira.

Diru-bilketarako arau bereziak

81. artikulua. 1) Egintza batean bateratu ahalko da subjektu pasibo berari dagozkion tributuen bilketa; horrelakoetan, banaka jasoko dira kontzeptu bakoitzari dagozkion zorrak, eta horien baturak zehaztuko du ordainarazi beharreko zor metatua.

2) Subjektu pasibo baten zorren diru-bilketa gauzatzeko egintzak jakinaraziko badira, zor horiek metaturik egiten duten zenbatekoak gutxieneko kostu estimatua –6,00 euro, alegia– gainditu behar du.

82. artikulua. 1) Ondasun enbargatuak gauzatzean bi printzipio erabiltzen dira, kostuaren proportzionaltasuna eta estaldura; horiekin bat, Udalak hurrenkera honi jarraikiz egingo ditu enbargoak, 600 euro arteko zorretan:

a) 300 euro bitarteko zorrak:

–Eskudirutan edo gordailu entitateetan irekitako kontuetan.

b) 300,01etik 600 euro bitarteko zorrak:

–Eskudirutan edo gordailu entitateetan irekitako kontuetan.

–Soldata, ordainsari eta pentsioak.

Enbargoa gauzatzeko jarduketek huts eginez gero –eta, hainbat irizpide kontuan harturik, kasu baterako, zorren jatorria, izaera edo antzinatasuna–, kreditua kobratu ezinezkoa deklaratu ahalko da, deusetan ukatu gabe haren birgaitzea, tartean preskripziorik ez bada.

2) Gordailu entitateetan irekitako kontuak enbargatuz gero, traba altxatzeko agindua eman ahalko da, baldin eta atxikitako kopurua 6 euro baino txikiagoa bada eta hori eginik kreditua gauzatzea kaltetzen ez bada.

VIII. KAPITULUA

Errekurtsoak

83. artikulua. Behin ordenantza fiskalak eta horien aldaketak behin betiko onetsirik, onespen horren kontra egin ahalko da, bai eta kudeaketa, ikuskapen eta tributu bilketarako egintzen kontra ere, Nafarroako toki entitateen egintzen eta erabakien kontra jotzeko indarrean dagoen errekurtsoen araubide orokorrari jarraikiz.

84. artikulua. 1) Bidezko errekursoak paratzeko ez da beharrezkoa izango galdatutako diru kopurua aurretik ordaintzea.

2) Errekurtsoa paratzeak ez du geldiaraziko inpugnatu den egintzaren betarazpena, horrek dakartzan legezko ondorioekin, likidatutako kuota edo eskubideen, interesen, errekarguen eta kostuen bilketa barne.

Nolanahi ere, interesdunak hala eskatzen badu, inpugnatutako egintzaren betearazpena eten egingo da, kasu hauetan:

a) Berme hauetako bat udal diruzaintzaren eskutan jartzen bada:

–Eskudirua gordailatzea.

–Abal edo fidantza solidarioa, kreditu entitate edo elkarren bermerako sozietate batek emana.

b) Salbuespenez, bermerik gabe etetea bidezkoa bada, indarra duten arauekin bat.

3) Emandako bermea nahikoa izan beharko da honako kopuru hauek berdintzeko, adostutako etetetik sortutako berandutze-interesez gain:

a) Zorra borondatezko diru-bilketa epean badago: tributu zor horren zenbatekoa, errekarguak, interesak eta zehazpenak barne, halakorik badago.

b) Epe hori bukatu bada, aurreko zenbateko hori bera, %25 gehituta exekuzio errekarguagatik, eta prozeduraren balizko kostuak.

Adostutako etetetik sor daitezkeen berandutze-interesengatik bermatu beharreko zenbatekoa, bidezko den behin betiko likidazioa deusetan ukatu gabe, bi hilabeteri dagokiona izango da, berraztertzeko errekurtsoa denean, edo urtebetekoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian gora jotzeko errekurtsoaren bidez errekurritutako egintza denean.

Emaniko bermea balioduna izango da bide administratiboan etendura mantentzen den bitartean, eta bere ondorioak administrazioarekiko auzien bidera hedatu ahalko dira. Bermeak bere indarra galdu badu edota bermatu beharreko kopurua handiagoa bada, errekarguak, interesak edo gehitutako beste erantzukizun batzuk direla eta, berme berri bat aurkeztu beharko da edota aurrekoa osatu.

4) Zergapekoak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen badu, bide administratiboan erabakitako etenaldiak segituko du, aski bermerik badago, harik eta organo judizial eskudunak aipatu etenaldiari buruz dagokion erabakia hartzen duen arte.

5) Paratutako errekurtsoa ezetsi eta tributu zorraren diru-sarrera egiten denean, tributuaren berandutze-interesa ere ordaindu beharko da, etenaldiak zenbat iraun, eta hori bitartekoa.

6) Bermea askatu edo itzuli egingo da zorra eta errekarguak, interesak eta kostuak eta etenaldian sortu interesak ere pagatu direnean. Egintzaren baliogabetzea erabakitzen bada, orduan ere itzuliko da bermea.

Likidazio batean errekarguak, interesak edo kuotaz besteko osagaiak baliogabetzen direnean, bermea oraindik ere geratzen den zorra pagatzeko atxikita geldituko da, baina zilegi izango da haren ordez azken hori soilik estaltzeko moduko beste bat jartzea.

7) Tributu arloko zehapenen betearazpena berehala etengo da, inolako bermerik aurkeztu behar gabe, baldin eta haien kontra bidezko den errekursoa aurkezten bada, behar den era eta epeetan; hala bada, ezin betearaziko dira bide administratiboan irmoak izan arte.

Azken xedapena

85. artikulua. Ordenantza honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak beteta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, LURGAINAREN ETA LURPEAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitateak dira toki entitateko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

a) Erabilera publikoko lurpea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak okupatzea, salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, eskora, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez.

c) Pisuetako burdinsareak, lukanak, arnasbideak, ateak, karga-ahoak edo gisako elementuak instalatzea, herriko edozein eremu publikotako lurzorua edo lurpea okupatzen dutenak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko; halaber, argi-sare publikotik egindako hargunea.

d) Herriko edozein eremu publikotako lurgaina okupatzea, eraikuntza elementu itxiak, terrazak, behatokiak, balkoiak, markesinak, eguzki-oihalak, haize-babesak edo gisakoak jarriz; orobat, eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren hegalak, eta balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

e) Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien lurgainean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak (lineetarako zutoinak barne), argindarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

f) Irabazi-asmoarekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

g) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun, atrakzio eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

i) Portada, erakusleiho eta beira-arasak.

j) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako edozein artikulu edo salgai.

k) Toki entitateko jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten edo herriko errepide edo eremu publikoetatik ikusgarri diren iragarkiak jartzea.

l) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, herriko eremu publikoetan.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentzia izan gabe hasten bada erabilera edo aprobetxamendua, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez du izandako erabilera edo aprobetxamendua legeztatuko, eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu ahalko da.

Ordenantza honen xede diren erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena agintzen duten kasuetan, tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturala izango da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko, hiruhileko naturaletan, barne delarik hasiera edo bukaerakoa, zer behar duen.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Eremu publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrez edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabilera edo aprobetxamenduen tasak horien gaineko ordenantza fiskalen edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egongo dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Lizitazio publikoko prozedurak erabiltzen direnean, emakida, baimena edo adjudikazioa zein proposamenentzat egiten den, haren balio ekonomikoaren arabera finkatuko da tasaren zenbatekoa.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta ezartzen den fidantza aurretik gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aurretik eginda.

Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, eremu publikoan edukiontziak paratzeari buruzko ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

9. artikulua. Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emango dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko dira kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo 20 urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

10. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako erabilerek edo aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izango dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2. Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero, txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3. Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoan egingo da. Tasa lizentzia edo emakida eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan egingo da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke mugaeguneratutako hiruhilekoka. Ez da egingo hiruhilekoaren likidazioa, baldin eta erabilerari edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino hilabete lehenago gutxienez.

4. “Mahai, aulki eta mahai hankabakarrak” izeneko 1. epigrafeari dagokionez, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake, arrazoi bidezko, obra, konponketa eta abarren bat badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

Azken xedapena

11. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.

a) Mahaiak, aulkiak, mahai hankabakarrak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko, urtean: 10 euro eskaerako.

b) Garabiak, edukiontziak, aldamioak, hesiturak eta jarduera ekonomikoa ez den beste edozer paratzeagatik, 10 metro karratu edo horren zatikiko:

–Egunekoa: 2 euro.

c) Eremu publikoan ibilgailuak igarotzea oztopatzen duen beste edozein elementu jartzeagatik:

–Egunekoa: 4 euro.

II. epigrafea.–Lurgaineko aprobetxamendu bereziak.

–10 metro karratu edo zatiki bakoitzeko, egunean: 10 metro karratu edo zatiki bakoitzeko, 2 euro.

III. epigrafea.–Aprobetxamendu bereziak.

–Jarritako biltontzi bakoitzeko, urtean: 1.250,00 euro.

IV. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko kopuruak ez badira 40 eurora iristen, gutxienez ere 40 euro ordainduko dira.

ORDENANTZA FISKALA, HORNIDURAKO ZERBITZU PUBLIKOAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESENDAKO HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea dira toki entitateko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argindarra, ura, gasa edo beste edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izango da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko lurzoru, lurpe eta lurgainaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, hornidura zerbitzu publikoak ustiatzeko.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Kuota emango digun tasa aplikatzeko oinarria, enpresek udal mugartearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

6. artikulua. Aplikatuko den tasa izango da hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lortutako diru-sarrera gordinen %1,5.

Tasa hauek bateragarri izango dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Kudeatzeko arauak

7. artikulua. Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aurretik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraitutasun eta periodikotasun batez egiten badituzte, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhiletik behin aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsitako diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izango dira.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa sartu beharko dute Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean.

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena

13. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

ORDENANTZA, LIZENTZIAK ORO HAR ETA ZEHAZKI HIRIGINTZAKOAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da zerbitzu teknikoak edo administratiboak ematea gainbegiratzeko ea eraikuntza egintzak, lurzoruaren erabilera, eraikinen lehen okupazioa, etab. egokitzen zaizkion oro har antolamendu juridikoari eta, bereziki, hirigintzakoari.

3. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, udal jarduera hirigintzako edo bestelako jarduera hauetan gauzatzen da, besteak beste:

–Partikularrek aurkeztu antolamendurako plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun-azterketak, partikularrek aurkeztutako antolamendurako birzatiketak tramitatzea.

–Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan jasotako lizentzia eskaerak.

–Jarduera lizentzia, irekitzekoa, lehen okupaziokoa, etab.

–Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, hondamen egoera deklaratzeko espedienteak tramitatzeko eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko.

Tramitazioak ez badira bukatzen lizentzia ematearekin edo beste ebazpen batekin, uko egiteagatik edo beste arrazoiren batengatik, edo bukatzen badira lizentzia ukatuta, dagokion tasa kobratuko da txosten teknikoak egin badira.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Zergak ordaindu beharra lizentzia ematen den unean hasten da. Ez da tasarik sortuko interesdunak eskabideari uko egiten badio lizentzia emateko udal erabakia hartu baino lehen.

Behin betiko onestean sortuko da ordaindu beharra hasierako eta behin betiko onespena behar duten hirigintzako espedienteen kasuan: plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun-azterketak, birzatiketak eta urbanizazio proiektuak, besteak beste.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin hirigintzako lizentzia edo bestelakoa eskatzen badute.

Eraikuntzako lizentzietan, zergadunaren ordezkotzat joko dira lizentziaren xede diren obren kontratistak eta etxegileak.

Ofizioz abiatutako udal espedienteak tramitatzean, higiezinaren jabeak.

Tarifak eta karga-tasak

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Izapideak

7. artikulua. Hirigintzako lizentzien eskabide guztiak Udalaren hirigintzako ordenantzan ezartzen den bezalaxe bete beharko dira.

Gainerako jardueretarako lizentzien eskaerak berariazko araudiari lotuko zaizkio.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Lizentzia baten eskaera tramitatu ondoren, lizentzia emateko agiriak ordainduko den tasaren zenbatekoa ekarriko du.

Udalak zehazten duen banku entitatean ordainduko da tasa hori, lizentzia ematen dela jakinarazi ondoko hilabetean.

Arau-hauste eta zehapenak

9. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena

10. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

TARIFAK

1.–Lizentziaren gutxieneko tasa: 10 euro. Obra-espedientearen tasa erantzukizunpeko adierazpenarekin: 10 euro.

2.–Kanpoko txostenak eta hirigintzako kontsulta txostendunak behar dituzten lizentzien espedienteak:

–Obra txikien lizentzien espedienteak: 50 euro txosten bakoitzeko.

–Obra handien lizentzien espedienteak: 100 euro txosten bakoitzeko.

3.–Egunkarietan iragartzea behar duten lizentzien espedienteak: 300 euro iragarki bakoitzeko.

4.–Tasak, jarduera sailkatuen espedienteengatik, irekitzeko lizentziengatik edo jarduera kaltegabearen gaineko espedienteengatik: txostenaren kostua kobratuko da.

Tarifa horiek pilatu egingo dira, baldin eta lizentzia ematean tarifetan zehaztutako kasuetako bat baino gehiago elkartzen bada.

Kasu bakoitzeko txosten teknikoaren kostua epigrafean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa bada, zenbateko berean gehituko da tasa.

ORDENANTZA FISKALA, EZKONTZA ZIBILAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea ezkontza zibilak egiteko zerbitzu publikoa ematea da, Kode Zibilaren babesean, Untzitiko udalerrian.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sortzapena

3. artikulua. Ezkontza zibila egiten den unean berean sortuko da ordaindu beharra.

Tasa ordaindu ondoren emango du Udalak agiri bat, ezkontza zibilaren zeremonia Udalaren aretoetan egiteko eguna eta ordua zehaztuko dituena.

Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan ezarritako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Tasa ordaindu behar dute, zergadunak diren aldetik, ordenantza honen xede den zerbitzua eskatzen duten edo haren onuradunak diren pertsonek.

Salbuespenak

5. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Arau-hauste eta zehapenak

6. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagokien guztian, indarra duen legeriari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean eta TAFLen ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorraraziko dituela.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Tarifak.

Ezkontza bakoitza: 60 euro.

ORDENANTZA FISKALA,
KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen IV. kapituluaren 8. atalean (109. artikulua eta hurrengoak) xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Honako hau da kontribuzio berezien zerga-egitatea: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udalak herri lanak egitearen ondorioz edo zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. 1. Honako hauek hartuko dira Udalaren obra eta zerbitzutzat:

a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Udalak beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartuta egiten dituenak.

c) Udalak diru-laguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien emakidadunek egiten dituztenak.

2. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak Udalaren esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira, nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalak diru-laguntza emandako emakidadunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

4. artikulua. Zein obra edo zerbitzutarako biltzen diren kontribuzio bereziak, haien gastuak ordaintzeko bakarrik erabil daitezke.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. 1. Pertsona fisikoak zein juridikoak eta unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen duten nortasun juridikorik gabeko entitateak dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak, haiek ordaintzera behartuak, obrak egiteagatik edo Udalaren zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik onura berezia jasotzen badute.

2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo entitateak.

c) Kontribuzio berezia delarik su-itzaltze zerbitzuak handitu edo hobetzeagatik, ukitutako ondasunen jabeak eta, gainera, arlo horretan udalerrian diharduten aseguru konpainiak.

d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

3. Jabetza horizontalaren araubideko kasuetan, jabeen erkidegoko ordezkaritzak udal administrazioari emango dizkio jabekideen izenak eta erkidego horretan bakoitzak duen parte-hartzearen koefizientea, banakako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta erkidegoak berak egingo duela banaketa.

Zerga-oinarria

6. artikulua. 1. Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak pairatzen duen kostuaren %90 osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria. Udalak, antolatzeko erabakia hartzean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea finkatuko du.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lanen, proiektu prestatzeen, eta obra, plan eta programa teknikoak zuzentzearen benetako kostua.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.

d) Eraikinak eraitsi eta landaketak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita eraitsi edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren interesa, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

3. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izango da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

4. Obra edo zerbitzuak direlarik 3. artikuluko 1 c) letran jasotzen direnetakoak, edo artikulu bereko 2) zenbakian jasotzen direnetakoak, Udalak diru-laguntza emanda emakidadunek egindakoak alegia, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, diru-laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; beste administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak ukatu gabe. Nolanahi ere, artikulu honen lehen zenbakian aipatzen den muga begiratuko da, %90 alegia.

5. Zerga-oinarria finkatzeko, hau izango da udal administrazioak bere gain hartutako kostua: kostu osoaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen diru-laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

6. Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izango du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuota

7. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikuluan bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko kopurua da kuota.

8. artikulua. 1. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz, banaketa modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten katastroko balioa.

b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetu beharra delarik, udalerrian dauden ondasunengatik arriskua estaltzen duten entitate edo sozietateen artean egiten ahalko da banaketa, aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan egin ere. Subjektu pasibo bakoitzari eskatuko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino handiagoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) apartatuan aipatzen diren obren kasuan, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.

9. artikulua. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei egokitzen zaizkien kuotak ez dira banatuko beste zergadunen artean.

10. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalbatzak zilegi izango du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo geroratu dadin agintzea gehienez lau urtez.

Tributuaren sortzapena

11. artikulua. 1. Obrak gauzatzen diren unean berean gertatzen da kontribuzio berezien sortzapena, edo zerbitzua ematen hasten denean. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izango da sortzapena subjektu pasibo bakoitzarentzat.

2. Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izango du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak, hurrengo urterako ezartzen den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izango beste urte batekoa aurreratzeko eskatzea.

3. Kontribuzio berezien sortzapen unea kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta antolatzeko erabaki zehatzean beste subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakian xedatzen denarekin bat. Antolatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sortzapena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izango du espedientean subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea kobratzeko ekintza.

4. Obrak osorik nahiz partez burutu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi delarik, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, bidezko likidazioak igorriko eta aurreratuta egon litezkeen ordainketak konturako entrega gisa konpentsatuko. Udalak egingo du behin betiko zehaztapen hori, obra edo zerbitzuari dagokion tributua antolatzeko erabaki zehatzaren arauei jarraituz.

5. Ordainketa aurreratuak tributuaren sortzapen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz gora egiten badute, udal administrazioak bere kabuz egingo du behar den itzulketa.

Ezarpena eta antolamendua

12. artikulua. 1. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasu bakoitzean hura ezartzeko erabakia hartu beharko da aldez aurretik.

2. Ez da zilegi izango kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia betetzea, harik eta kontribuzio berezien antolamendu zehatza onesten ez den arte.

3. Antolatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izango da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, baita onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Antolatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi egingo dio aipua.

4. Behin kontribuzio bereziak antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emango zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo bere helbidea ezagunak badira, eta, bestela, ediktu bidez. Interesdunek zilegi izango dute errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak ezartzen duen moduan.

13. artikulua. 1. Udalaren eskumeneko obrak eta zerbitzuak Udalak beste toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta antolatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek onesten ez badu antolatzeko erabaki zehatza, jarduketa unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

14. artikulua. 1. Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sor dezakete, Udalak lanak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, lana edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, hari dagokion zatia ere ordaintzeko, Udalaren finantza egoera larria denean.

2. Era berean, Udalak sustatutako lanak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sor ditzakete, kontribuzioak antolatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita egingo den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

3. Zergadunen elkarteen funtzionamendu eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izango dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak gehiengo osoz hartzen dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izango dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izango dira interesdun guztientzat.

15. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia; ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak.

Azken xedapena

16. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1805602