106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, elikagai eta/edo edariak prestatu, saldu eta zerbitzatzen dituzten establezimenduetan elikagaien segurtasunari buruzko baldintza tekniko eta higienikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2018ko urtarrilaren 29an egindako osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion Elikagai eta/edo edariak prestatu, saldu eta zerbitzatzen dituzten establezimenduetan elikagaien segurtasunari buruzko baldintza tekniko eta higienikoak arautzen dituen ordenantzari.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2018ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 19an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egun naturalez egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak betez, ordenantzaren testu osoa argitaratuko da ondotik.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2018ko apirilaren 27an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

ORDENANTZA, ELKIGAI ETA/EDO EDARIAK PRESTATU, SALDU ETA ZERBITZATZEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUETAN ELIKAGAIEN SEGURTASUNARI BURUZKO BALDINTZA TEKNIKO ETA HIGIENIKOAK ARAUTZEN DITUENA.

Zioen azalpena

Ordenantza honek honako hau du helburu: orain arte indarrean zegoen udal araudia eguneratzea, azken urteetan Elikagaien Segurtasunaren arloan gertatu diren lege aldaketei egokitzeko.

Zehazki, ordenantza honek beren osotasunean ordezkatzen ditu Elikagaien txikizkako merkataritza erregulatzeko ordenantza eta Janariak eta edariak kontsumitzen diren establezimenduetako baldintza higieniko eta sanitarioak erregulatzeko ordenantza.

Lehen Elikagaien txikizkako merkataritza erregulatzeko ordenantzan, batetik, eta Janariak eta edariak kontsumitzen diren establezimenduetako baldintza higieniko eta sanitarioak erregulatzeko ordenantzan, bestetik, ezartzen ziren baldintzak batu dira ordenantza honetan.

Azpimarratu beharra dago arau honetan elikagaien segurtasunarekin lotura duten betekizun tekniko eta higienikoak soilik ezarri direla. Establezimenduen gainerako betekizunak, elikagaien segurtasunean eraginik ez dutenak, ez dira arau honetan sartu.

Orobat, ordenantza honek elikagaien segurtasunean jarri du arreta, establezimenduetan egiten den jarduera kontuan hartu gabe. Helburua erantzun orekatu bat ematea da, jarduerak ezartzea errazteko eta, horrekin batera, gure hiriko establezimenduetako baldintza tekniko eta sanitarioak hobetzeko.

Azkenik, adieraztekoa da ordenantza honen bidez arau zaharkituak indargabetu direla eta haien edukiak indarrean dagoen araudira egokitu direla, jarduera ekonomikoa bultzatu dela (establezimenduetako eta erregulatutako jardueretako erabiltzaileen osasunaren eta segurtasunaren babesa alde batera utzi gabe) eta, bukatzeko, hiritarren arteko elkarbizitzari eragiten ahal dioten egoera eta zirkunstantziei aurre egin zaiela, betiere elikagaien segurtasuna eta jarduerek sortzen ahal dituzten arrisku potentzialen kontrola oinarri hartuta, arrisku horiek hiritarren osasunean ondorioak izaten ahal baitituzte.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Elikagaiak eta/edo edariak prestatu, saldu eta zerbitzatzen dituzten establezimenduek osatzen duten berariazko aplikazio esparrua.

1. Ordenantza honek honako hau du helburu: elikagaien segurtasunarekin lotura duten baldintza tekniko eta higienikoak erregulatzea elikagaiak eta/edo edariak prestatzen, manipulatzen, biltegiratzen eta/edo saltzen dituzten establezimendu iraunkor edo behin-behinekoetan, establezimenduan bertan zerbitzurik eman edo ez.

2. Aipatutako jarduerak Nafarroako merkataritza erregulatzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen aplikazio esparruan sartzen diren elikagaien txikizkako merkataritza establezimenduetan eta irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuan definitutako establezimenduetan egiten direnak dira. Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretu horren bidez, establezimenduen, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren katalogoa onesten da, eta katalogo horretan sartzen dira tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak, ikuskizunetarako kafetegiak, diskotekak bai eta, beren jarduera eta ezaugarriak direla-eta, aurreko establezimendu motetako baten barnean sartzen ahal direnak ere, hala nola edaritegiak, upategiak, txokolategiak, croissantegiak, krepe dendak, izozki dendak, dastalekuak, te aretoak eta antzekoak, eta orobat, kolektibitateen janlekuak (eskoletako eta enpresetako janlekuak eta antzekoak). Salmenta ibiltari edo ez-sedentarioa erregulatzen duen 199/2010 Errege Dekretuak eta salmenta ez-sedentarioari buruzko 13/1989 Foru Legeak jasotzen dituen salmenta ibiltariaren modalitateetan egiten diren jarduerak ere hartzen ditu ordenantzak.

3. Ordenantza honek erregulatzen dituen jarduera guztiak batera edo bateragarria den beste jarduera batekin batera egiten ahal dira, baldin eta jarduera horietako bakoitzaren baldintza orokor eta espezifikoak betetzen badira eta horrek ez badu elikagaien segurtasunarekin lotutako arriskurik sortzen.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:

a) Elikagaia (edo janari produktua): gizaki batek ahoratzea helburu duen edo behintzat horretarako aukera garbiak dituen edozein substantzia edo produktu. Osorik edo partzialki aldatuta egoten ahal dira, edo aldatu gabe. Elikagaitzat hartzen dira edariak, txikleak eta elikagaia ekoiztean, prestatzean edo tratatzean nahita gehitutako substantzia oro, ura barne.

b) Kolektibitatea: Ezaugarri bertsuak dituzten kontsumitzaileek osatutako taldea, prestatutako jatordu zerbitzu bat eskatzen duena, hala nola eskolan, enpresan, egoitzan eta ospitalean.

c) Elikagaien txikizkako merkataritza: Azken kontsumitzaileei edozein motatako elikagai eta/edo edariren salmenta eskaintzen dien irabazi asmoz egindako jarduera profesionala da.

d) Elikagaiak egitea: Elikagaiek manipulatuak izan baino lehen jasaten duten lanen multzoa da. Lan horiek produktu eraldatu bat sortzea dakarte. Tratamendu termikoak (frijitzea, labean erretzea eta laberatzea), keztaketa, ontzea eta marinatzea ere barne hartzen ditu.

e) Elikagaien manipulazioa: Gizakiek kontsumitu baino lehen elikagaiei egiten zaizkien lanen multzoa da. Multzo horretan sartzen dira zatitzea, moztea, zatikatzea, xerretan zatitzea, ogia xerratzea, hezurgabetzea, xehatzea, ontziratzea, hoztea, garbitzea, berotzea, gatzozpintzea eta maneatzea. Lan horiek ez dute produktua eraldatzen.

f) Produktu eraldatua: Hasierako produktua funtsean aldatzen duen prozesua jasan duen produktua. Hura egiteko eta ezaugarri bereziak emateko beharrezkoak diren osagaiak izaten ahal ditu.

g) Elikagaien manipulatzailea: Bere lan jardueragatik edo noizbehinka elikagaiekin kontaktuan dagoen pertsona oro, edozein fasetan: prestakuntza, ekoizpena, eraldaketa, egitea, ontziratzea, biltegiratzea, garraiatzea, banaketa, salmenta, horniketa edo zerbitzatzea.

h) Lokalak: Aldi baterako edo modu iraunkorrean ordenantza honetan jasotzen diren jardueretako eta helburuetako batzuk burutzeko erabiltzen diren faktoriak, industrigune eta merkataritzaguneak, industria unitate finko eta mugikorrak, nabeak, eraikinak, lonjak, biltegiak, siloak, gordailu finko eta mugikorrak, barrutiak, merkatuak, dendak, kioskoak, postu finko eta mugikorrak, itxiak edo aire zabalekoak.

i) Instalazioak: Elikagaien establezimenduetako edo industrietako jarduera baterako modu iraunkorrean edo egoerak eskatuta erabili behar den edozein elementu, finko edo mugikor.

j) Erabilera esklusiboa: Beste edozein erabilerarekin partekatzen ez dena.

k) Gune isolatua: Helburu jakin baterako erabiltzen den espazioa da, eta beste gune edo lekuetatik fisikoki bereizita dago produktuen segurtasuna bermatzeko eta kontaminazioak ekiditeko.

l) Gune berezitua: Helburu jakin baterako erabiltzen den espazioa da eta, nahiz eta ez duen zertan beste gune edo lekuetatik bereizita egon, leku horretan manipulatzen diren edo kontsumitzaileek eskuragarri izanen dituzten elikagaien kontaminazioa ekidin beharko da.

II. TITULUA

Lokalak

I. KAPITULUA

Aretoen, ekipamenduen, diseinuaren
eta eraikuntzen baldintza orokorrak

3. artikulua. Aretoak.

Kapitulu honetan erregulatutako establezimenduek areto hauek izan beharko dituzte:

a) Erabilera publikorako gune berezitua edo salmenta aretoa:

b) Bere zereginarekin zerikusirik ez duten beste instalazioetatik isolatuta dagoen eta horretarako bakarrik erabiltzen den elikagai biltegia. Ordenantza honen 13. artikuluan xedatutakoaren araberako hotz- eta izotz-ganberak, armairuak eta apalategiak ere biltegitzat hartzen dira.

c) Isolatutako zabor gela (komunitatearena edo establezimenduarena), bolumenak eta jarduerak hala eskatzen badu.

d) Aldagela isolatuak, langileek erabiltzen dituzten oinetakoak eta arropa gordetzeko armairu indibidualekin.

e) Langileek bakarrik erabiltzeko higiene zerbitzuak.

f) Erabilera publikorako higiene zerbitzuak, establezimenduari dagokion araudi sektorialak edo hirigintzako arauak hala ezartzen badu.

g) Manipulatze lanak egiteko gune bereizia, elikagaien manipulazioa egiten den establezimenduetan.

h) Sukalde, sukalondo edo lantegi isolatua eta erabilera esklusibokoa, baldin eta elikagaiak egiten badira.

4. artikulua. Elikagaiak egiteko, manipulatzeko, biltegiratzeko eta saltzeko instalazioen higiene diseinua.

Elikagaiak egiteko, manipulatzeko, biltegiratzeko eta saltzeko instalazioek baldintza hauek izanen dituzte:

a) Lokalen antolaketak, diseinuak, eraikuntzak, kokapenak eta tamainak egokiak izan beharko dute helburu duten erabilerarako, eta distantzia komenigarria izanen da lokal horien eta zikinkeria-, kontaminazio- edo osasungaiztasun-jatorri ororen artean. Lokal horiek isolatuta edo bereizita egon beharko dute beren zereginarekin zerikusirik ez duten areto eta lokaletatik. Etxebizitzekin komunikatuta egonez gero, hango instalazioak ezin izanen dira merkataritza jarduerarako erabili.

b) Higienean oinarrituta diseinatu beharko dira, zirkuitu zikinen eta garbien arteko gurutzaketak ekiditeko eta instalazioen garbiketa errazteko.

c) Elikagaiak egiteko, manipulatzeko eta biltegiratzeko guneen kokapenari dagokionez, ezin izanen dira egon erabilera publikorako higiene zerbitzuetara, zabor gelara edo kontaminazio arriskua eragiten ahal duten edo osasungaiztasungune izaten ahal diren espazioetara sartzeko ezinbesteko igarobideetan.

d) Elikagaiak egiteko eta manipulatzeko guneak ezin izanen dira aldagelekin eta higiene zerbitzuekin zuzenean komunikatuta egon.

Langileentzako higiene zerbitzuak eta aldagelak egoki kokatuta egonen dira gune isolatuetan, ez daitezen elikagaiak egiten eta manipulatzen ari diren espazioen kontaminaziogune izan. Komunak ez dira inola ere gune horiekin komunikatuta egonen.

5. artikulua. Materialak, aireztapena eta argiztapena.

1. Zoruko, hormetako eta sabaietako materialak, eta aireztapenaren eta klimatizazioaren baldintzak aplikagarria den araudi sektorialak ezartzen duenaren araberakoak izanen dira.

Materialek garbitzeko eta desinfektatzeko errazak izan beharko dute; hau da, irazgaitzak, ez xurgatzaileak, garbigarriak eta ez-toxikoak izanen dira.

Erabilitako materialei dagokienez, establezimenduak duen jardueraren arabera, salbuespenak aztertuko dira, adibidez, jantokietan edo erabilera publikorako guneetan, baldin eta elikagaien segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzen bada eta beste material horiek erabiltzearen egokitasuna eta behar teknikoa arrazoitzen bada.

2. Ontziratu gabeko produktuak manipulatzeko, egiteko, hotzean eta hotzik gabe biltegiratzeko, erakusteko eta saltzeko guneetan, argiztatze sistema babestuta egonen da (argiztatze aparailuek ez badute jada baldintza hori betetzen), apurketaren bat gertatuz gero, produktuak kutsatzea ekiditeko. Argiztatze elementuak sabaian edo hormetan finkatzean, garbiketa erraztea eta zikinkeria ez pilatzea izanen dira helburu.

6. artikulua. Ur horniketa eta hustuketa.

1. Beren beharrak betetzeko behar adina txorrotako ur hotz eta bero izanen dute, eta behar adina ur hargune, instalazio bakoitzaren beharren arabera.

2. Hondakin urak estolderia sare publikora isuriko dira.

3. Isurbideek behar dituzten baliabideak izanen dituzte eta berariaz diseinatuta egonen dira usainak sortzea eta karraskariak eta intsektuak sartzea ekiditeko. Garbitzeko eta desinfektatzeko errazak izan beharko dute.

7. artikulua. Makinak, ekipamenduak eta tresnak.

Ontziratu gabe dagoen edozein elikagairekin kontaktuan dagoen makina, ekipamendu, tresna edo material orok eskakizun hauek bete beharko ditu:

a) Material ez-kaltegarriz, lauz, garbigarriz, ez-xurgatzailez eta korrosiogaitzez eginak izanen dira; ez diete elikagaiei propietate kaltegarririk kutsatuko, eta ez dituzte haien ezaugarri organoleptikoak edo konposizioa aldatuko. Elikadura erabileretarako baimena izanen dute.

b) Haien kontserbazio egoera zainduko da eta baztertu egin beharko dira erabilera baldintzak betetzeari uzten diotenean.

8. artikulua. Elikagaiak kontserbatzeko ekipamenduak.

1. Tenperatura erregulatuta mantentzeko ekipamendu eta instalazioak izanen dituzte, eta hala egotea eskatzen duten elikagaiak gordetzeko adinako edukiera izanen dute.

2. Hozte-ekipamendu eta -instalazioen termometroak begi-bistan kokatu beharko dira.

9. artikulua. Langileen higiene zerbitzuak.

1. Ordenantza honetan erregulatutako establezimendu guztiek langileek bakarrik erabiltzeko higiene zerbitzuak izan beharko dituzte, taberna bereziek eta baldintza hauek betetzen dituzten tabernek izan ezik: establezimenduan bertan kontsumitzeko baimendutako industrietatik datozen edariak eta fruitu lehorrak, kontserbak, gosegarriak eta antzekoak soilik zerbitzatzen dituztenak, elikagai horiek inola ere landu edo eraldatu gabe. Establezimendu horietan, langileen higiene zerbitzuak erabilera publikorako ere erabiltzen ahalko dira.

2. Konketa bat izanen dute, honako baldintza hauek beteko dituena: txorrotako ur hotz eta beroa izanen ditu, eskuzkoa ez den eragingailudun txorrota (ez daude baimenduta palankadunak edo ukondo bidezkoak), xaboi likidoa, behin erabiltzeko eskuoihalak edo lehorgailu automatikoak, komuneko papera eta hondakin ontzia.

3. Taldekatutako merkataritzako langile manipulatzaileen higiene zerbitzuei eta aldagelei dagokienez, lokal bakoitzean bat instalatu beharko da, Udal Merkatuetan eta antzeko ezaugarriak dituzten taldekatutako establezimenduetan izan ezik; hau da, salmenta aretoa izan beharrean mostradorea soilik duten establezimenduetan izan ezik. Azken kasu horietan, taldea osatzen duten establezimenduek zerbitzu higienikoak eta aldagelak partekatzen ahalko dituzte.

Merkataritzaguneetan dauden eta elikagaiak eta/edo edariak egiten, saltzen eta zerbitzatzen dituzten establezimenduei dagokienez, establezimendu guztietako langile manipulatzaileek erabiltzeko higiene zerbitzu eta aldagelak jartzen ahal dira; hori bai, solairu berean egon beharko dute eta tamaina eta hornidura aldetik nahikoa izan beharko dute langile guztientzat.

10. artikulua. Erabilerako publikorako higiene zerbitzuak.

Horiek kokatzean ordenantza honetako 4.c eta 4.d artikuluak hartuko dira kontuan.

Zerbitzu horien mantenu- eta garbitasun-egoera ezin izanen da inola ere kontaminaziogune edo osasungaiztasungune izan establezimenduan dauden elikagaietarako edo horiek manipulatzen dituztenentzat.

II. KAPITULUA

Lokalen berariazko baldintzak

11. artikulua. Barragunea eta salmenta aretoa.

1. Barragunean edo erabilera publikoko gunean soilik jartzen ahalko dira elikagaiak bide publikora saltzeko edo ateratzeko leiho edo zulo ireki erabilgarriak. Ezin izanen da halakorik jarri elikagaiak egiten edo prestatzen diren guneetatik.

2. Establezimendu guztiek izanen dituzte barraguneko lanpostutik hurbil, edo salmenta aretoan edo salmenta aretorako sarbideetan, txorrotako ur hotzez eta beroz, tresnaz eta lanabesez hornitutako instalazio egokiak (lokalaren garbiketarako eta desinfekziorako tamaina egokikoak).

3. Ontziratu gabeko elikagaiak manipulatzen diren establezimenduetan, lanpostutik hurbil, barragunean edo salmenta aretoan konketak instalatuko dira, txorrotako ur hotz eta beroarekin, eta eskuzkoa ez den eragingailua izanen dute (ez daude baimenduta palankadunak edo ukondo bidezkoak). Horrez gain, xaboi dosifikagailua, behin erabiltzeko eskuoihalak edo lehorgailu automatikoak ere jarriko dira.

12. artikulua. Sukaldea, sukalondoa eta lantegiak instalatzeko baldintzak.

1. Sukaldean, sukalondoan eta lantegietan elikagaiak egiteko jarduerak egiten ahalko dira. Areto horiek isolatuta egonen dira eta haien erabilera esklusiboa izanen da.

2. Lanerako gainazala jardueraren ezaugarrien araberakoa izanen da, eta kontaminazioa ekiditea bermatu beharko du.

3. Eskuzkoa ez den eragingailudun konketak izanen dituzte lanpostutik hurbil (ez daude baimenduta palankadunak edo ukondo bidezkoak). Konketa kopuru egokia izanen dute, eta kopuru hori sukaldearen azaleraren eta bertan egiten den jardueraren arabera ezarriko da.

4. Konketa/harraska bat izanen dute laneko tresnak eta elementuak garbitzeko.

13. artikulua. Biltegia instalatzeko baldintzak.

1. Apalategien materiala laua, gogorra, irazgaitza eta garbitzeko eta desinfektatzeko erraza izanen da. Lur mailatik nahikoa espazio libre egonen da garbiketa egin ahal izateko.

2. Elikagaiak eta horiekin kontaktuan egoten ahal diren materialak gordetzeko biltegietan ezin izanen da honako hauek dakartzan motore edo makinarik instalatu: giro tenperatura igotzea, zikinkeria sortzea eta garbiketa lanak zailtzea. Horrez gain, ezin izanen da jarduerarekin zerikusirik ez duen objektu, elementu edo produkturik biltegiratu.

14. artikulua. Hondakinak.

1. Elikagaiak egiteko eta manipulatzeko guneetan behar adina higiene ontzi egonen dira, barnean hartuko dituzten hondakin moten arabera bereizita. Erraz garbitzeko eta desinfektatzeko materialez eginak izanen dira eta hondakinak gordetzeko soilik erabiliko dira. Barruan material irazgaitzeko poltsak jarriko zaizkie eta ongi egokitzen diren tapak izanen dituzte. Gomendagarria da ontziek zabaltzeko eta ixteko pedalezko eragingailua izatea.

2. Publikoa egoten den guneetan, hondakinak botatzeko paperontziak egonen dira, beharrezkoa den guztietan.

3. Jardueraren ondorioz sortutako hondakinak erregulartasunez aterako dira horiek biltegiratzeko lekuetara, eta ez da onartua egonen ontzi eta enbalaje hutsak botatzeko ontziak salmentagunean izatea, jarduera normaltasunez burutzeko salmenta aretoan izaten ahal diren hondakin ontzi baimenduak kenduta.

4. Haien jarduera eta bolumena dela-eta hala eskatzen duten establezimenduetan, hondakin ontzi normalizatuak gordetzeko instalazio bat egonen da, eta behar bezala isolatuta egonen da lurretik sabaira. Gainera, erabilera esklusiboa izanen du eta baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Hormen, zoruen, sabaien eta ateen materialek garbigarriak, irazgaitzak, talkak jasateko modukoak eta garbitzeko eta desinfektatzeko errazak izan beharko dute.

b) Aireztapena izanen dute.

c) Ur hargunea eta hustubidea izanen dituzte.

5. Taldekatutako establezimenduetan, zabor gela taldea osatzen duten establezimendu guztiek partekatzen ahalko dute, baldin eta artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

III. TITULUA

Higienearen inguruko jardunbide egokiak

I. KAPITULUA

Elikagaiak erakustea eta saltzea

15. artikulua. Elikagaiak erakusteko eta saltzeko baldintzak.

1. Janari produktuak, nahiz eta ontziratuta egon, ez dira inoiz ere lurrarekin kontaktuan jarriko, baizik eta apaletan, bitrinetan, plataformetan edo material egokiz eginiko beste elementu batzuetan, haiek kutsatzea ekidin eta garbitasun maila egokia lortzeko.

2. Erakutsi nahi diren ontziratu gabeko janari produktuak behar bezala babestuta egonen dira (bitrinen edo antzekoen bidez), haiek kontaminatzea eta lurra ukitzea ekiditeko. Salbuespen izanen dira txikizkako saltokien artetik arrantza produktu freskoak eta desizoztuak (egoera horretaz ohartarazi beharko da) saltzen dituztenak eta frutak, barazkiak eta ortuariak saltzen dituztenak.

3. Elikagaiak beti egonen dira beren motaren arabera banatuta eta sailkatuta, bereziki publikoarentzat ikusgai daudenean. Horrez bidez, bakoitzak bere dituen ezaugarriei eustea eta kanpoko usain eta zaporeak ez hartzea lortu nahi da.

4. Janari produktuek tenperatura erregulatua behar badute ongi mantentzeko, horiek kontserbatzeko elementu egokiak izanen dituzte eta elementu horien termometroak begi-bistan kokatu beharko dira. Salbuespen izanen dira izotzetan erakusten diren produktuak, hala nola arrantzako eta akuikulturako produktuak.

5. Eguzkiak elikagaiak zuzenean jotzea ekidinen da.

6. Autozerbitzuaren eta buffetaren bidez elikagaiak saltzen dituzten establezimenduek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Elikagaiak kontaminatzea ekiditen duten baliabidez babestuta erakutsiko dira.

b) Haiek zerbitzatzeko erabiliko diren baliabide eta tresnetako bakoitza produktu bakarra zerbitzatzeko bakarrik erabiliko dira.

7. Osasunerako arriskurik ez sortzeko moduko tenperaturetan gordeko dira elikagaiak; hala ere, esposizioak ala eskatzen badu, tenperatura kontrolik gabeko tarte mugatuak onartuko dira, baldin eta horrek ez badu osasunerako arriskurik sortzen.

II. KAPITULUA

Laneko lokalak, ekipamenduak eta tresnak

16. artikulua. Mantentze- eta higiene-baldintza orokorrak.

1. Areto, instalazio, tresna eta altzari oro mantentze-, kontserbazio-, garbitasun-, eta desinfekzio-baldintza egokitan mantendu beharko da.

2. Jarduerarekin zerikusirik ez duten pertsonei ez zaie elikagaiak egiteko eta manipulatzeko geletan sartzen utziko.

3. Txikizkako saltokietan ez dago onartua elikagaiak egiteko, manipulatzeko eta biltegiratzeko guneetan eta salmenta aretoetan animaliak sartzea.

4. Ez dago onartuta zerrautsa edo beste substantzia edo materialik (hala nola gatzik, kartoirik, paperik edo antzekorik) erabiltzea zoruak, gainazalak edo tresnak estaltzeko.

5. Ahozapiak, zotzak, azukrea eta bizigarriak gailu dosifikatzailetan edo banakako bilgarrietan egonen dira.

6. Harraska eta konketa guztiek izanen dute edateko ur hotza eta beroa. Konketek xaboi likidoa eta behin erabiltzeko eskuoihalak izanen dituzte.

17. artikulua. Higienea, desinfektatzea eta mantentze-lanak.

1. Lanaldi bakoitzaren ondoren eta beharrezkoa den guztietan, sistematikoki joko da elikagaiekin kontaktuan egon diren tresnak garbitu eta desinfektatzera; baita areto eta instalazio guztiak ere, hala eskatzen badute.

2. Gainazal bera elikagai bat baino gehiago egiteko edo manipulatzeko erabiltzen denean, batez ere gordinak eta landuak badaude tartean, lan horiek ezin izanen dira aldi berean egin, eta ekintza bakoitzaren ondoren behar bezala garbitu eta desinfektatu beharko dira erabilitako gainazalak, kontaminazio gurutzatuak ekiditeko.

3. Baxerak, mahai tresnak eta ontziteria makina ontzi garbigailuen bidez higienizatuko dira, eta tenperaturak eta urberritze denborak behar adinakoak izan beharko dute higienizazio egokia bermatzeko.

4. Tamaina handiko ontziteria txorrotako ur bero edangarriz higienizatzen ahalko da, baldin eta garbitasun eta desinfektatze egokia lortzen bada.

5. Ontziteria eta tresnak leku eta baldintza egokietan gordeko dira, eta ezin izanen dira inola ere lurrarekin edo garbiketarako produktu edo tresnekin kontaktuan egon.

6. Aireztapen- eta klimatizazio-sistemek iragazkietara eta garbitu beharreko beste ataletara erraz iristeko moduan instalatuta egon beharko dute.

7. Garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak beren ontzietan gordeko dira, etiketen bidez argi identifikatuta, eta elikagaietatik eta elikagaiekin kontaktuan dauden materialetatik bereizita. Produktu horiek ez dira inoiz elikagaiak dituzten edo izaten ahal dituzten ontzietan gordeko.

8. Onartuta egonen da karga jasogailuak, igogailuak eta elikagaiak banatzeko eta garraiatzeko eta hondakinak igarotzeko beste gune batzuk partekatzea, ekintza horiek une desberdinetan egiten badira eta ekintza baten eta bestearen artean haiek garbitzeko eta desinfektatzeko jardunbide egokiei jarraitzen bazaie.

18. artikulua. Izurrien prebentzioa eta kontrola.

1. Izurriak prebenitzeko eta kontrolatzeko plan dokumentatu bat ezarri beharko dute. Plan hori aldian-aldian berraztertu beharko da, eta behar denean, eguneratu. Plan horretan, prebentzio neurriak lehenetsiko dira tratamendu kimikoen aurretik.

2. Sukaldeetako edo elikagaiak manipulatzeko guneetako eta kanpora irekitzen diren biltegietako leihoetan, irekiduretan edo zulo erabilgarrietan, marko desmuntagarriak instalatuko dira. Marko horiek baimendutako sarez eginiko sareta babesgarriak izanen dituzte intsekturik sar ez dadin.

3. Gailu intsektu harrapatzaile ez-kimikoak instalatuko dira intsektu hegalarientzat, ontziratu gabeko elikagaiak egiten, manipulatzen, erakusten edo biltegiratzen diren guneetan, gune horiek kanpoaldearekin zuzenean kontaktuan badaude. Gailuak kanpoalderako irteeratik hurbil instalatuko dira, eta haien kokalekuek elikagaiak kontaminatzea ekidin beharko dute beti.

4. Sukaldeko leihoak eta sarrera ateak zabalik egoten ahalko dira lehengaiak jasotzeko beharrezkoa den denboran eta areto hori jardunean ez dagoenean.

III. KAPITULUA

Elikagaiak, edariak eta janari prestatuak

19. artikulua. Trazabilitatea eta etiketatzea.

1. Establezimenduek produktuen trazabilitatea ezagutu ahal izateko sistema bat izanen dute. Trazabilitateari buruzko informazioa eta produktuen banaketari eta salerosketari dagozkien dokumentuak gorde egin beharko dira eta osasun agintaritzak edozein unetan eskatzen ahalko ditu, haien jatorria jakiteko eta, bereziki, hornitzaileen nortasuna.

2. Establezimendu guztiek beteko dute kontsumitzaileei eman beharreko elikagaien informazioari buruzko araudia.

20. artikulua. Biltegiratzea eta kontserbazioa.

1. Elikagaiak beren motaren eta ezaugarrien arabera zuzen biltegiratzeko eta kontserbatzeko sistema bat izanen dute. Gainera, beharrezko neurriak hartuko dira biltegiratutako produktuak une oro ongi identifikatuta egon daitezen.

2. Biltegiratuta, gordeta edo salgai dauden bitartean, lehengaiak, bitarteko produktuak eta bukaerako produktuak behar bezala bereizita egonen dira, motaren eta prestaketaren arabera, haiek ez hondatzeko eta kontaminaziotik babesteko.

3. Elikagaiak jasotzen diren unetik baldintza egokitan biltegiratu arte, ahalik eta denbora gutxien igaro beharko da. Hoztutako eta izoztutako produktuak dagozkien ganberetara eraman beharko dira beti, hotz katea ez dadin apurtu.

4. Elikagaiak kontserbatzeko eta biltegiratzeko tenperaturak produktu bakoitzari dagokion berariazko araudian ezartzen direnak izanen dira edo, halakorik ezean, haien etiketan adierazten direnak.

5. Elikagaien eta janari produktuen zamaketa lanak biltegietan soilik eginen dira, apalategien edo beste edozein baliabideren bidez. Horrez gain, distantzia egokia mantenduko da hormetatik eta sabaietatik, identifikatze-, ikuskatze-, errotatze- eta garbiketa-lanak errazteko.

6. Elikagaiak (ontziratuta zein ontziratu gabe egon) haien kontserbatze-, biltegiratze-, kozinatze- edo salmenta-prozesuetako fase batean ere ezin izanen dira lurrarekin kontaktu zuzenean egon.

7. Baztertu edo itzuliko diren produktuek argi identifikatuta egon beharko dute, eta establezimenduan erabiliko diren produktuetatik banatuta. Bestela, produktu erabilgarritzat hartuko dira.

8. Ibilgailuak ezin izanen dira elikagaiak iraunkorki biltegiratzeko erabili.

9. Elikagaiak (ontziratuta egonik ere) eta elikagaiekin kontaktuan egotea helburu duten materialak ezin izanen dira inola ere aldageletan, komunaurrean edo komunetan gorde.

21. artikulua. Datak eta erabilera adieraztea.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten produktuak identifikatuta gordeko dira, beren bizitza baliagarria edo kontsumitzeko epea zein den jakiteko moduan, ez badira 24 orduko epean kontsumitu behar: alde batetik, azken kontsumitzailerentzat salgai jarriko ez diren ontziratu gabeko produktu fresko eta galkorrak eta hasierako ontzia banatzetik sortu direnak eta, bestetik, produktu landuak eta/edo ontzietan adierazitako erabilera baldintzak aldatzea eragin duen tratamenduren bat jasan dutenak.

2. Ontziak zabaldu eta gero, ekoizleak ezarritako jarraibideen arabera gordeko dira elikagaiak.

3. Janari prestatuen ontzietan edo bilgarrietan, noiz egin ziren adierazi beharko du.

4. Berehala kontsumitzeko elikagaiak kontsumo unea baino lehen ahalik eta epe laburrenean egin beharko dira.

5. Egunean bertan kontsumitzeko berotu diren janari prestatuak ezin izanen dira berriro berotu eta bota egin beharko dira.

6. Establezimenduek ez dutenean elikagaiak egiteko baimenik, ezin izanen dute elikagai gehigarririk izan, salbu eta azken kontsumitzaileari saltzeko.

22. artikulua. Desizoztea.

1. Prestatu baino lehen desizoztu behar diren produktuak eta azken kontsumitzailearentzat salgai jarritako produktu desizoztuak hozte tenperaturan, mikrouhin labean edo produktuen elikagaien segurtasuna bermatzen duen beste edozein metodoren bidez desizoztuko dira. Giro tenperaturan desizoztea ez dago onartuta.

2. Prestatu baino lehen desizoztu behar diren produktuak berehala prestatuko dira, edo bestela, hozkailuan gordeko dira.

3. Azken kontsumitzailearentzat salgai jarritako produktu desizoztuen kasuan, zirkunstantzia hori etiketetan adierazi beharko da, araudi aplikagarriari jarraituz.

4. Desizoztutako elikagaiak ezin izanen dira berriz izoztu.

23. artikulua. Barazkiak eta ortuariak.

Janari prestatuak egitean, gordinik kontsumituko diren barazki eta ortuariak higienizazio prozesu batetik igaro beharko dira, elikadura erabilerako baimendutako desinfektatzaileak baliatuz eta haien etiketan zehazten diren pausoei jarraituz, eta, bukatzeko, edateko uretan pasatuz.

24. artikulua. Izotza.

Elikagaiekin kontaktuan dagoen izotzak produktu horri aplikatu beharreko araudiak dioenari jarraituko dio, eta, bereziki, baldintza hauek beteko ditu:

a) Izotza manipulatzeko horretarako bakarrik erabiliko diren palatxoak edo tresnak baliatuko dira.

b) Horretarako bakarrik erabiliko diren makina izotz egileetan eta kutxa izozkailutan gordeko da, kontaminaziogune orotatik aldenduta.

25. artikulua. Jangarriak ez diren elementuak.

a) Elikagaiak aurkezteko erabiltzen diren elementu apaingarriak ezin dira zuzenean elikagaiekin kontaktuan egon, non eta ez badaude elikadura erabilerarako material batez eginda.

b) Produktuak, prezioak eta kalitateak adieraztean, txartelak ez dira zirien bidez zuzenean elikagaietan iltzatuko, eta orobat, ez da ontziak hondatuko edo lehengaiak edo landutako produktuak kontaminatuko dituen sistemarik erabiliko.

26. artikulua. Janari prestatuak eramatea.

Janari prestatuak sukaldetik edo manipulatzeko gunetik beste eraikin edo solairu batzuetan dauden kontsumo lekuetara eramatean, baimendutako ontzietan, ongi babestuta eta elikagai bakoitzari dagokion tenperaturan egonen dira elikagaiak.

IV. KAPITULUA

Elikagaien manipulatzaileak

27. artikulua. Langileen higienea.

1. Honako baldintza hauek beteko dituzte elikagaiak manipulatzen, egiten eta saltzen aritzen diren langileek:

a) Elikagaian manipulatzean, higienearen inguruko jardunbide egokiak beteko dituzte.

b) Lan baldintzek eskatzen duten adina aldiz garbitu beharko dituzte eskuak txorrotako ur edangarriz eta xaboi likidoz, eta kasu hauetan, beti: lanera sartu baino lehen, kanpoan izan ondoren eta beren berariazko eginbeharrez bestelakoak diren jarduerak egin eta gero.

c) Langile horien higiene pertsonala maila handikoa izanen da, eta lanerako bakarrik erabiliko dituzten arropak eta beren funtziorako egokiak diren oinetakoak jantziko dituzte.

d) Ebakiak eta zauriak aposituz estaliko dituzte, eta kanpotik bendatze irazgaitz bat edo erabilerako bakarreko eskularru bat jantziko dute.

e) Ezin izanen dute erre, txiklerik mastekatu, elikagaien gainean eztul egin, lanpostuan jan, edo elikagaiak kontaminatzea ekartzen ahal duen beste edozein ekintza egin.

2. Elikagaien bidez kutsatzen ahal den gaixotasun bat duten edo gaixotasun horren eramaile diren pertsonek establezimenduaren operadoreari edo arduradunari jakinarazi beharko diote, eta beren jardueretatik aldendu beharko dute klinikoki eta bakteriologikoki guztiz osatuta egon arte edo beren eramaile egoera bukatu arte.

28. artikulua. Manipulatzaileen trebakuntza.

1. Elikagaiak egiten, manipulatzen eta saltzen aritzen diren langileek beren jarduerarekin bat datorren trebakuntza izanen dute. Trebakuntza hori horretarako kualifikatuta dauden langileek emana izanen da.

2. Establezimendu guztiek izanen dute osasun agintaritzaren eskura beren establezimenduan elikagaien manipulatzaile gisa identifikatuta dituzten pertsonen erregistro eguneratu bat. Erregistro horretako datuen artean, gutxienez, trebakuntza jardueraren izena, trebakuntza egin zeneko data eta manipulatzailearen identifikazioa agertuko dira. Manipulatzaile batek establezimenduan zerbitzuak emateari uzten badu, gutxienez hilabetez gorde beharko dira beraren datuak.

V. KAPITULUA

Autokontrola

29. artikulua. Autokontrol sistemak.

1. Establezimenduek autokontrol sistemak ezarriko dituzte, Arriskuen Analisiaren eta Puntu Kritikoen Kontrolaren Sistemaren printzipioak oinarri hartuta. Horretarako Higiene Praktika Egokien Liburua erabiltzen ahal dute.

2. Autokontrol sistemak behar bezala dokumentatuta egonen dira. Sistema horien oinarri den dokumentazioa osasun agintaritzaren eskura egonen da, agintaritza horrek araudiak ezartzen dituen kontrol ofizialeko ekintzak gauzatu ahal izateko.

IV. TITULUA

Behin-behineko establezimenduak

30. artikulua. Berariazko baldintzak.

Azokak edo beste pertsona-mugimendu eta -kontzentrazio batzuk direla-eta noizbehinka bide publikoan edo titulartasun pribatua izan arren erabilera publikoa duten lurretan instalatzen diren establezimenduek, elikagaiak zerbitzatzea edo saltzea helburu badute, janari produktuen higiene arauak beteko dituzte eta, bereziki, honako hauek:

a) Instalazioaren kokalekuak eta tamainak kasu hauei aplikatu beharreko araudi sektoriala beteko dute kontaminazioa gutxitzeko, eta behar adina lanerako leku izanen dute ekintza guztiak modu higienikoan egin ahal izateko.

b) Elikagaiak manipulatzeko eta biltegiratzeko guneek kontaminazio oro ekiditeko diseinatuta egon beharko dute eta haien estalkiak garbi eta kontserbazio egoera onean egon beharko du. Elikagaiak egiten badira, horiek egiteko gunea bereizita egonen da eta horretarako bakarrik erabiliko da.

c) Haien taxutze-, osatze-, kontserbatze- zein mantentze-prozesuan janari produktuekin kontaktuan dagoen instalazio eta ekipamendu orok kontaminazio arriskua ekidin beharko du. Zoruek garbitzeko eta desinfektatzeko errazak izan beharko dute, eta ez da inola ere zolatu gabeko zorurik onartuko. Apainduren materiala irazgaitza eta garbigarria izanen da, eta horiek garbitzeko eta desinfektatzeko produktuek ezin izanen diote haien materialari kalterik egin.

d) Salduko diren produktuen arabera, produktu horiei eginen zaizkien manipulazioen arabera eta produktu horien itxarondako erabileraren arabera, establezimenduek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Konketa bat izanen dute edateko ur hotzarekin, beroarekin edo biekin.

2. Janari produktuek eskatzen duten tenperatura baldintzak kontrolatzeko eta mantentzeko instalazioak eta baliabideak izanen dituzte, eta kopuruz nahikoa izan beharko dute, lan bolumena kontuan hartuta. Erraz irakurtzeko moduko termometroa izan beharko dute.

e) Horretarako bakarrik erabiliko diren hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko ontziak izanen dituzte. Ontzi horiek ezin izanen dira eskuz zabaltzekoak izan eta material irazgaitzezko poltsa bat izanen dute barruan.

f) Instalazioak horretarako leku aproposetan kokatuta daudenean edo normalizatutako kabinetan, langileek bakarrik erabiltzeko higiene zerbitzu bat egonen da gutxienez.

g) Jarduerarengatik sortutako hondakin urak kanporatzean, zaindu beharko da kanporaketa hori elikagaietarako, horiek manipulatzen dituzten langileentzako eta ingurumenerako kontaminaziogune ez bihurtzea. Horretarako, indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

V. TITULUA

Ikuskaritza

31. artikulua. Ikuskapen lanak.

1. Horretarako eskumena duten udal zerbitzuek beteko dituzte ordenantza honetan erregulatzen diren jarduerak ikuskatzeko eta horien osasun kontrola egiteko funtzioak.

2. Funtzio horiek betetzen dituzten bitartean, langile ikuskatzaileak agintaritza agentetzat hartuko dira eta, hala direla frogatu ondoren, ikuskaritza funtzioa betetzeko beharrezkoak diren adina ekintza egiten ahalko dituzte, betiere legalki esleitu zaizkien eskuduntzen arabera.

32. artikulua. Ikuskaritza funtzioaren jardunean hartzen ahal diren kautela neurriak.

1. Higiene kontrola eta kontrol tekniko sanitarioa egitean eta larrialdi egoeretan, langile ikuskatzaileek produktuen, jardueren, instalazioen eta langileen inguruko kautela neurriak hartzen ahalko dituzte, maila handiko osasun babesa bermatzeko beharrezkoak badira, edo pertsonen osasunerako arriskua badago edo arrisku hori egoten ahal delako arrazoizko susmoa badago.

2. Kautela neurri horiek ebazpen bidez berretsi edo kendu beharko ditu eskumena duen organoak, ofizioz bideratutako eta indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera tramitatutako prozedura baten bidez.

3. Artikulu honetan azaldutako neurriek ez dute zigor kategoriarik eta neurri horiek hartzeak ez du ukitzen dituen subjektuen erantzukizun penala edo administratiboa aurrez epaitzen.

VI. TITULUA

Zehapen araubidea

33. artikulua. Zehapen prozeduraren arau esparrua.

Ordenantza honetan jasota dauden arau-hausteak zehatu aurretik, arau-hauste horiei dagokien zehapen espedientea izapidetu beharko da. Prozedura hori administrazio prozedura erkideari eta zehapen prozedurei buruzko araudi orokor aplikagarriak dioenari lotuko zaio.

34. artikulua. Subjektu erantzuleak.

1. Establezimenduek eta instalazioek betetzen dituzten jardueretan eta gainerako jarduera erregulatuetan, establezimenduko jarduera gaitzen duen titulu juridikoan azaltzen den pertsona fisiko edo juridikoa izanen da erantzulea administrazio zehapenen bat gertatuz gero.

2. Ordenantza honetan zehaztutako betebeharrak ez betetzeak sortzen dituen erantzukizunak subjektu arduradunei eskatuko zaizkie, ez bakarrik norbere ekintzengatik, baizik eta baita haien ardurapean dauden pertsonen ekintzengatik ere.

35. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan erregulatutako jardueretan aritzean ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-hauste administratibotzat hartuko da eta, behar denean, zehapena jarriko da, arau hauetan ezarritakoari jarraituz: Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legea; Nekazaritzako elikagaien produkzioaren arloko eta kontsumitzailea defendatzearen arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua; Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea eta Sanitateari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Baimendun establezimenduen gaineko ondorioak.

Jardueran aritzeko gaitzen dituen titulua duten eta ordenantza honi lotuta dauden establezimenduek titulu horretan zehazten den bezala mantentzen ahalko dituzte beren instalazioak, bereziki espazioen hornidurari eta banaketari dagokionez, baldin eta elikagaien segurtasunaren inguruko baldintzak bermatzen badira. Baldintza horiek bermatzen ez badira, eskumena duten udaleko zerbitzu teknikoek erabakiko dute zer neurri hartu beharko diren.

Bigarrena.–Tramitatze prozesuan dauden espedienteak.

Ordenantza hau indarrean sartu baino lehen tramitatzen hasiak ziren espedienteak horiek tramitatzen hasi zirenean indarrean zegoen udal araudiak zioenaren arabera tramitatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Honako ordenantza hauek indargabetu dira:

–Elikagaien txikizkako merkataritza erregulatzeko ordenantza.

–Janariak eta edariak kontsumitzen diren establezimenduetako baldintza higieniko-sanitarioak arautzen dituen ordenantza.

–2. ordenantzan (Ostalaritza establezimenduak eta antzekoak) eta 6. ordenantzan (Merkataritza lokalak eta askotariko jarduerak) jasotzen diren elikagaien segurtasunaren inguruko alderdi higieniko eta teknikoak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1805946