106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Ordenantza, 5.000,00 eurorainoko fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesteari buruzkoa. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2018ko otsailaren 22an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen 5.000,00 eurorainoko fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesteari buruzko udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurreko epearen iragarkia 2018ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an, baita Miranda Argako udaletxeko ediktuen taulan ere.

Argitaratu eta hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea iraganda, ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaeran xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, osorik, 5.000,00 eurorainoko fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesteari buruzko udal ordenantza, eragin juridikoa izan dezan.

Behin betiko onespenaren erabaki horren aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezke, hautara, aipatzen diren epeetan, ediktu hau argitaratu eta biharamunetik hasita: berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean; gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; eta/edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio-ordena bereko Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Miranda Argan, 2018ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Jesús Luis Andión Ripa.

UDAL ORDENANTZA, 5.000,00 EUROTIK BEHERAKO FAKTURETAN FAKTURA ELEKTRONIKOA AURKEZTU BEHARRETIK SALBUESTEARI BURUZKOA

Zioen azalpena

Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legeak, administrazio publiko guztien eremuan eta 2015eko urtarrilaren 15etik aurrerako ondorioekin, hornitzaileen betebeharra ezartzen du, emandako zerbitzu edo ondasunen faktura elektronikoa egin eta igortzeko eta, 4. artikuluan, arau orokor horren salbuespen bat jasotzen du: administrazio publikoek fakturazio elektronikoa egitetik salbuesten ahal dituztela 5.000,00 euro arteko zenbatekoa duten fakturak; horretarako, Legeak dioenez, arauen barrenean jokatu beharko da, hau da, ordenantza bat onetsita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan adierazten denari jarraituz.

25/2013 Legean ezarritakoa betetzeko eta Espainiako administrazio publikoen fakturazioari buruzko araudi berrira egokitzeko, Alkatetzaren 2015eko urriaren 21eko 102/2015 Ebazpenaren bitartez, erabaki zen Miranda Argako Udala atxikitzea “FACE-Faktura elektronikoen sargune orokorra” izeneko plataforma elektronikoari. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Administrazio Publikoetako Estatu Idazkaritzarena da aipatu plataforma. 25/2013 Legearen 4. artikuluan jasotzen den legezko gaikuntza erabiltzea egokia eta komenigarria dela iritzirik, Miranda Argako Udalak, bere erregelamenduak egiteko ahala erabiliz eta bere eskumenaren eremuan, xedapen orokor hau eman du:

Artikulu bakarra.–Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legearen 4. artikuluan ezarria erabiliz, Miranda Argako Udalak faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuetsi ditu 5.000,00 euro arteko fakturak dituzten hornitzaileak.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Miranda Argan, 2018ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Jesús Luis Andión Ripa.

Iragarkiaren kodea: L1806093