106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

296E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkataritza sektorearen prestakuntza programarako diru-laguntzen 2018ko deialdia onesten duena.

Gobernuak 2018ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko Plana (2018-2020) onetsi zen. Plana txikizkako merkataritzako sektoreak behar dituen politika publikoak gauzatzeko tresna da, helburu harturik sektorearen behar eta interesei erantzutea eta Nafarroa osoan merkataritza jardueraren garapen orekatuagoa sustatzea.

Plan horren helburu estrategikoetako batean beharrezkotzat jotzen da merkataritzaren lehiarako eta berrikuntzarako gaitasuna areagotzea eremu eta sektore guztietan, ekintzak antolatuz negozioen irudia eta kudeaketa hobetzeko, eta nabarmendu beharreko ekintza horietako bat da merkataritzako azpisektoreen beharren araberako berariazko prestakuntza espezializatua, batez ere tresna eta ekipo digitalen erabilerari dagokionez.

Zehazki, 3.2 jarduera lerroak, “Prestakuntza eta gidaritzak” izenekoak, ezartzen ditu zenbait neurri gaur egun sektorearentzat dagoen prestakuntza eskaintza areagotzeko, nola prestakuntza arautuan hala ez-arautuan, prestakuntza jarduketak sustatuz, praktikoak zein teorikoak, sektorearen beharretara egokituta.

Horregatik, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jotzen du aurreko urteetan halako jarduketei emandako laguntza mantentzea, merkatarien elkarteek eta elkarte horien batasunek prestakuntza espezializatuko jarduerak diseinatu, antolatu eta gauzatu ditzaten, haien premiak asetzeko eskaintza egokirik ezean, azken finean txikizkako merkatarien lanbide gaitasunak handitzeko.

Txikizkako merkataritza sektoreak behar duen prestakuntza espezializatu hori sektoreko eragileek eskatzen dute, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eremuan eskainitako prestakuntzaren osagarria da. Funtsezkotzat jotzen da horri laguntza ematea, txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira. Jarduketa diruz lagungarrietan egindako gastuari oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako portzentajea aplikatuz zehaztuko dira. Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada irizpideak aplikatzearen ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino, deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diruz lagungarria den gastu bolumenaren artean.

Horrenbertzez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Txikizkako merkataritza sektorearen prestakuntza programarako diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 30.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura: 830001-83130-4819-431404 Prestakuntza jarduerak (TMBP).

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 11n.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA

Txikizkako merkataritza sektorearen prestakuntza programarako diru-laguntzen 2018ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da, prestakuntza espezializatuko eskaintza sustatzeko, txikizkako merkataritza sektoreko eragileei zuzendua, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eremuan ematen den etengabeko prestakuntzaren eta lanerako prestakuntzaren osagarri.

Diru-laguntza honen onura publikoa txikizkako merkataritza enpresa txiki eta ertainen elkarteei laguntza ekonomikoa ematea da, sektoreko lehiakortasuna eta profesionaltasuna handitzeko. Horretarako, txikizkako merkatarien lanbide gaitasunak hobetuko dira, sektoreko premietara egokitzen diren prestakuntza espezializatuko jardueretan parte hartuko baitute.

Deialdiaren helburua, funtsean, txikizkako merkataritza sektoreko langileen gaitasunak hobetzea da, prestakuntza jarduera zehatzen bidez, sektoreko eragile bakoitzaren profilaren arabera bereiziak, ulertzen baita prestakuntza tresna erabakigarria dela sektorearen profesionaltasuna eta haren lehiakortasuna sustatzeko.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 30.000 eurokoa da.

3. oinarria. Egiteko epea.

1. Diruz lagungarriak izanen dira 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra arte, biak barne, egiten diren gastuak, jarduketen justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio eguna izanen da gastua egin den eguna.

2. Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2017ko azaroaren 1etik 2018ko azaroaren 8ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria. Entitate onuradunak, betebeharrak eta haien izaeraren frogabidea.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak jasotzen ahal dituzte merkatarien elkarteek, merkatarien elkarte mistoek (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkataritzako enpresaburuen elkarteek eta merkatarien elkarteen batasunek.

2. Betekizunak.

Bete behar dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, bai eta berariazko baldintza hauek ere:

1. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteek, merkatarien elkarte mistoek, merkataritzako enpresaburuen elkarteek eta merkatarien elkarteen batasunen kasuan:

a) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo beste erregistro ofizial batean inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Informazio hori ofizioz kontsultatuko du deialdia kudeatzen duen organoak eta, ondorio horietarako, entitate eskatzaileak bere baimena emanen du, eskaera inprimakian, kontsulta hori egiteko edo, bestela, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du.

b) Gutxienez 20 saltoki elkartu izana, kasu hauetan izan ezik (entitate eskatzailearen jarduketa esparruaren arabera):

–5 saltoki elkartu izana, jarduketa esparrua udal merkatu bat bada.

–15 saltoki elkartu izana, jarduketa esparrua udalekoa eta hurbilekoa bada (II. eranskinekoak).

Ondorio hauetarako, hauek hartuko dira saltoki elkartutzat: txikizkako merkataritza jardueretan diharduten establezimenduak, titularrak merkatariak dituztenak, hau da, jarduera komertziala egiteko gaitasuna izanik txikizkako merkataritzan ari diren pertsona fisiko edo juridikoak, nork bere izenean eta ohiko lanbide gisa, betiere, gainera, diru-laguntza eskatzen duen merkatari elkarteko kide badira.

Saltoki elkartutzat hartzeko, elkartearen kide diren saltoki horien titularrek, eskaera aurkezteko datan, alta emanda agertu beharko dute merkataritza establezimendu batean, 641. taldetik 659.ra bitarteko (biak barne) eta 661. eta 662. taldeetako jarduera ekonomikoren bateko titular gisa (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz). Ondorio horietarako, bazterturik daude 654. eta 655. taldeak, salbu 6542., 6545. eta 6546. epigrafeak.

Establezimendu berean, aldi berean, txikizkako merkataritza jarduera bat baino gehiago egiten badira, saltoki elkartu bakartzat hartuko da ondorio hauetarako.

Establezimendu berean, aldi berean, jarduera bat baino gehiago egiten badira eta horietako bat aurreko paragrafoan ezarritako txikizkako merkataritzakoa bada, establezimendu hori saltoki elkartutzat hartuko da baldin eta jarduera nagusia, negozio bolumenari dagokionez (salmenten zifra), txikizkako merkataritza jarduera bada.

Ez dira inola ere saltoki elkartutzat hartuko ostalaritzako establezimenduak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta halakoak, ez eta zerbitzu pertsonaletarako establezimenduak ere (ile-apaindegiak, edergintzako aretoak, estetika zentroak, beltzarantzeko zentroak, tindategiak, garbitegiak, bidaia agentziak, aseguru agentziak...).

c) Merkatarien elkarte mistoetan, merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkartearen kideen %35 izan behar dute. Ondorio horietarako, aurreko atalean zehazten diren Jarduera Ekonomikoen Zergaren epigrafeetan alta emanda dauden bazkideak hartuko dira bazkide merkataritzat.

2. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteen batasunen kasuan:

a) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo beste erregistro ofizial batean inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Informazio hori ofizioz kontsultatuko du deialdia kudeatzen duen organoak eta, ondorio horietarako, entitate eskatzaileak bere baimena emanen du, eskaera inprimakian, kontsulta hori egiteko edo, bestela, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du.

b) Aurreko atalean aipatu eta hor ezarritako baldintzak betetzen dituzten merkatarien 4 elkartek, gutxienez, osatu behar dute.

Entitate onuradun dela frogatzeko, 7. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria. Jarduera motak, baldintzak eta gastu diruz lagungarriak.

1. Jarduera mota hauek diruz lagungarriak dira:

a) Prestakuntza jarduerak antolatzea.

a.1) Txikizkako merkataritza sektorerako interes berezia duten gaietan sakonduko duten edo merkataritzako banaketaren oinarrizko alderdiak landuko dituzten jardunaldi tekniko, biltzar edo mintegi monografikoak, sektoreko estamentu guztien arteko harremana izateko eta ezagutzak eta esperientziak bateratzeko aukera emanez. Jarduera hauek 4 orduko iraupena izan beharko dute gutxienez ere.

a.2) Prestakuntza espezializatuko ikastaroak, baldintza hauek bete beharko dituztenak:

–Haien edukia txikizkako merkataritza enpresen kudeaketari edo sektoreko profesionalen espezializazioari lotuta egonen da berariaz, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esparruan ematen den lanerako eta etengabeko prestakuntzaren osagarria den prestakuntza bultzatu behar du.

–Ez dira onartuko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza eskaintzaren parte diren edo izan diren ikastaroak, ezta enpresaburuen oinarrizko prestakuntzaren gai edo alderdiei buruzko ikastaroak ere, edozein enpresa jardueratan ematen baitira. Hori horrela dela ofizioz kontsultatuko du deialdia kudeatzen duen organoak.

–Jardunean dauden 8 langilek, gutxienez, parte hartu behar dute, eta txikizkako merkataritza sektoreko merkatari edo besteren konturako langileak izan.

–Ikastaroaren iraupena 10 ordukoa izanen da, gutxienez.

–Salbuespenez, parte-hartzaile gutxiagoko eta/edo iraupen laburragoko ikastaroak onartzen ahalko dira, gutxieneko kopuru horietara iristea galarazten duten arrazoi objektiboak daudenean. Arrazoi horiek eskaeran zehaztu eta azaldu beharko dira eta, betiere, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak onartu beharko ditu.

–Prestakuntza espezializatuko ikastaroek eta jardunaldi teknikoek irekiak izan behar dute, hau da, prestakuntza ekintzak sustatzen dituen entitate eskatzailearen bazkideez gain, txikizkako merkataritzako sektoreko langileek ere parte hartzen ahalko dute, betiere entitate eskatzailearen jarduketa esparruko saltokietan jardunean badaude eta gaietan interesa badute.

Nolanahi ere, prestakuntza jarduerak antolatzen dituen entitate eskatzaileak parte hartzeko baldintza ezberdinak jartzen ahalko ditu parte-hartzaile motaren arabera. Jarduera irekia dela frogatzeko, 10.2.a) oinarri arautzailean ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

b) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzea: banaketa komertzialari edo txikizkako merkataritza enpresen berariazko kudeaketaren alderdiei loturik, Nafarroatik kanpo antolatzen diren biltzar, jardunaldi tekniko, mintegi monografiko eta hitzaldietan parte hartzea.

Entitate eskatzaile bakoitzari pertsona eta jarduera bakar batengatik emanen zaio diru-laguntza.

Jardueretara joaten direnak entitate eskatzaileko kudeatzaileak, Zuzendaritza Batzordeko edo organo baliokideko kideak edo teknikari kualifikatuak izanen dira, eta Zuzendaritza Batzorde horren oniritzia izan beharko dute.

2. Hauek dira gastu diruz lagungarriak:

–Irakasleen, prestatzaileen eta hizlarien ordainsariak.

–Irakasleen joan-etorria, ostatua eta mantenua.

–Jardueraren sustapena, publizitatea eta kanpo hedapena.

–Prestakuntza ekintzetan erabiltzen diren ondasun suntsigarriak.

–Jardueretan erabiltzen diren ikasmateriala eta bestelako materialak editatu edo erostea.

–Prestakuntzan erabilitako ikasgela, lantegi eta gainerako eremuen alokairua edo amortizazioa. Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala xehakatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira. Orobat, amortizazio gastuak onartu ohi diren kontabilitate arauen arabera kalkulatuko dira. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren bidez onetsitako taulen araberako amortizazio metodoa erabiltzen ahalko da.

3. Hauek dira diruz lagungarriak ez diren gastuak:

–Entitate eskatzailearen funtzionamendurako gastu arruntak.

–Bulegoko materiala.

–Langileria gastuak.

–Higiezinen edo lokalen mantentze-lanen gastuak.

–Balio erantsiaren gaineko zergak jaso dezake diru-laguntza, baldin eta entitate eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu ezin badu eta berarentzat kostu erreala bada. Eskatzailea hainbanatze arauaren mende badago, diru-laguntza eman aurretik amaitutako azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketan oinarrituko da kostuaren kalkulua. Entitate eskatzaileak frogatu beharko du hainbanaketa hori.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntzak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, ondoren ezarritako portzentajeak aplikatuz zehazten dena, jarduera diruz lagungarri bakoitzaren gastu diruz lagungarriaren gainean.

2. Diru-laguntzaren portzentaje hauek aplikatuko dira, jarduera diruz lagungarri motaren arabera:

–Prestakuntza jarduerak antolatzea: gastu diruz lagungarriaren %70, jardunaldi tekniko edo ikastaro diruz lagungarri bakoitzeko.

–Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzea: inskripzio, joan-etorri, ostatu eta mantenu gastuen %50.

3. Honako hau izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, jarduera diruz lagungarri bakoitzeko:

–Jardunaldiak, biltzarrak edo mintegi monografikoak: 3.000 euro jardunaldi bakoitzeko.

–Prestakuntza espezializatuko ikastaroak: 4.000 euro ikastaro bakoitzeko.

–Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzea: 400 euro jarduera bakoitzeko (mantenu kontzeptua barne).

–Mantenua: 20 euro, pertsonako eta otorduko.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoak, bestelako diru-laguntzak eta laguntzak, entitate babesleen diru-ekarpenak, parte-hartzaileen inskripzio kuotak eta jarduera bakoitzaren berariazko diru-sarrerak gehituta, ezin du inola ere gainditu entitate onuradunak egin beharreko jarduera bakoitzaren kostua.

7. oinarria. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa) erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7580/Subvenciones-para-actividades-de-formacion-del-sector-comercial-minorista. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da eta ezin izanen da zuzendu, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak.

3. Eskatzen den dokumentazioa.

Eskabideari erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztu behar da. Hauxe da:

3.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Nortasuna frogatzen duen agiria:

Merkataritza sektorearen prestakuntza deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, beren nortasuna frogatu beharko dute, estatutu eguneratuen kopia aurkeztuz.

b) Bestelako dokumentazio berariazkoa.

–Akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo eginbidetua, non adieraziko baita batzarrak edo organo baliokideak honako dokumentu hauek onetsi dituela:

  • Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.
  • Aurtengo aurrekontua.
  • Diru-laguntzaren xede den prestakuntza jarduketen plana.

–Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.

–Aurtengo aurrekontua.

–Bazkide bakoitzeko kuota.

c) Agiriak, diru-laguntza eskatzen duen entitate motaren arabera.

–Merkatarien elkarteen, merkatarien elkarte mistoen eta merkataritzako enpresaburuen elkarteen kasuan: eskaera aurkezteko datan elkartean dauden enpresa txiki eta ertain guztien zerrenda gaurkotua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafearen arabera ordenatuak.

–Merkatarien elkarteen batasunen kasuan: batasuna osatzen duten elkarte guztien zerrenda gaurkotua (eskaera aurkezten den egunean), elkarte motaren arabera ordenatuak (gremiokoa edo zonakoa).

Aipatu zerrendak laguntzaren fitxan eskuratzen ahal diren ereduen arabera aurkeztuko dira.

c) Erantzukizunpeko adierazpenak, diru-laguntzaren eskaera-orrian datozenak.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren beste laguntzei buruzkoa, “de minimis” laguntzei buruzkoa barne. Betiere, entitate eskatzaileak diru-laguntzaren xedeko jarduerak egiteko lortzen dituen diru-sarrerak komunikatu beharko dizkio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari (Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atala), haien berri izan bezain laster.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartuta daude.

3.2. Jarduera diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Laguntzaren xedeko prestakuntza plana, honako hauek adierazita: gastu diruz lagungarrien aldian egin diren eta egitekoak diren prestakuntza jarduera guztien laburpena, jardueren gauzatze egoera, egutegia, jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarrerak, eta prestakuntza plan osoaren gastu eta diru-sarrerak.

b) Prestakuntza jardueren antolaketa. Jardunaldi teknikoak edo prestakuntza espezializatuko ikastaroak: egindako edo aurreikusitako prestakuntza jarduera bakoitzeko, memoria bat aurkeztu beharko da, eta, hartan, atalotako informazioa emanen da xehe-xehe:

–Prestakuntza ekintzaren izena.

–Programa, deskribapena, edukiak eta aurreikusitako helburuak.

–Iraupena.

–Bertaratutako kideen kopurua.

–Irakasleak edo hizlariak, eta haien lanbide-prestakuntza.

–Jarduera gauzatzeko behar diren baliabide materialak.

–Gastuen deskribapen xehakatua.

–Diru-sarreren deskribapen xehakatua.

2017ko azaroaren 1etik eskaera aurkezteko data arte egindako jarduketei dagokienez, 10.2 oinarrian adierazitako frogagiriak ere aurkeztuko dira.

c) Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzeko:

–2017ko azaroaren 1etik eskaera aurkezteko data arte egindako jarduerei dagokienez, 10.2 oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztuko dira.

–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2018ko urriaren 31ra bitarte aurreikusitako jardueren kasuan, txosten bat aurkeztuko da egin nahi den ekintza bakoitzeko, honako alderdi hauek zehaztuko dituena:

  • Prestakuntza ekintzaren izena.
  • Programa, deskribapena edo edukiaren laburpena.
  • Iraupena.
  • Non egin den.
  • Noiz egin den.
  • Aurreikusten diren gastuen deskribapen xehakatua.
  • Aurreikusten diren diru-sarreren deskribapen xehakatua.

Laguntza eskaera aurkezten den egunean jarduera egina nahiz aurreikusita dagoen, bertaratuaren izena eta entitate eskatzailearekin duen harreman profesionala adieraziko dira, diru-laguntza eskatzeko inprimakiaren atal egokia betez.

8. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak, tramitazioa eta ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

2. Diru-laguntza emateko, irizpide hauei jarraituko zaie, betiere onartutako eskaeren artean:

a) Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa 6. arauan ezarritako gehieneko zenbatekoen eta portzentajeen arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan dagoen dirua aurreko puntuko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa izatera, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diru-laguntza jasotzeko onartzen den gastu bolumenaren artean (entitate eskatzaileek aurkeztua).

3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak deialdia ebazteko proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, proposamenaren arabera onuradun diren entitateek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela adierazita.

4. Diruz lagungarri gisa onartutako ekintza multzorako eman eta ordainduko zaio diru-laguntza eskatzaile bakoitzari.

5. Diru-laguntza emateari buruz ebazteko eta, hala badagokio, eskaeran aurkeztu ziren eta frogatu diren ekintzei dagokiena pagatzeko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

Gehienezko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

6. Diru-laguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko inprimakian datorren adierazpenean aditzera ematen zaio entitate eskatzaileari horren bitartez baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da ETE onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Egindako gastuak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea. 10.1.b) oinarri arautzailean ezarritako aldian egindako jarduketen frogagiriak 2018ko azaroaren 8a baino beranduago aurkezten badira, jarduketa horietarako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean aditzera ematea, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, beheranzko aldaketarik gertatzen bada diru-laguntzan aurreikusitako zenbatekoetan. Nolanahi ere, entitate eskatzaileak edo, hala bada, onuradunak inguruabar horren berri emanen du jakin bezain laster, lehen aipatu gehieneko epearen zain egon gabe. Betebehar hori bete ezean, laguntza murriztuko da, 13.1 oinarri arautzailean aurreikusitako moduan.

4. Eskabidea aurkeztu eta biharamunetik 2018ko urriaren 31 arte diruz-lagundutako jarduketetan izandako funtsezko aldaketak gauzatu baino lehen, haiek aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari.

Diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, amaierako zenbatekoetan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira baldin eta dagozkien exekuzio memorietan arrazoituz frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.

5. Diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea; zehazki, Nafarroako Gobernuaren logo ofiziala jarri beharko da horretarako prestatutako edonolako publizitateko edo komunikazioko materialetan edo diru-laguntzaren xedeko ekintzei dagozkien iragarkietan.

6. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu behar dute enpresa onuradunek, diru-laguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoa itzuli beharko da, 13. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

10. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.

Egindako jardueren frogagiriak epe hauetan aurkeztuko dira:

a) 2017ko azaroaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, diru-laguntza eskaerarekin batera aurkeztuko dira frogagiriak.

b) Laguntza eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2018ko urriaren 31 arte egindako jardueretarako, 2018ko azaroaren 8a izanen da azken eguna frogagiriak aurkezteko.

Frogagiriak modu elektronikoan aurkeztu behar dira ezinbestean, dela eskaera inprimakiaren bidez (aurreko a ataleko jarduerak izanez gero) dela berariazko justifikazio inprimakiaren bidez (aurreko b ataleko jarduerak izanez gero). Laguntzen fitxan daude eskuragarri bi-biak.

2. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan eskaneatuta:

a) Egindako jarduera bakoitzeko:

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, dataren arabera ordenatu eta zenbakituak, datu hauek adierazita: fakturatutako gastuaren kontzeptua, hornitzailearen identifikazioa eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZa gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta ordaintzeko eguna eta modua, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduari jarraituz.

–Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, diru-laguntzaren entitate eskatzaile edo, hala bada, onuradunaren izenean jaulki beharko dira; ondorio horietarako, hartu-agiriak ez dira onartuko.

–Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

Ordainketa egiteko, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria, entitate eskatzailearen kreditu edo zordunketa txartela edo txeke izenduna erabiliko dira, eta diru-laguntzaren enpresa onuradunak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).

–Entitateak prestakuntza jarduerak hedatzeko eta horien berri emateko bidalitako iragarki, publizitate edo jakinarazpenak, jarduera horien izaera irekia egiaztatzeko, edo, hala bada, izaera hori frogatzen duen parte-hartzaileen zerrenda.

–Adierazpena, diru-laguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: diru-laguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, bestelako diru-laguntzak edo diruz lagundutako jarduketak sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

b) Horiez gain, prestakuntza jarduerak antolatzeagatik:

–Egindako prestakuntza jarduera bakoitzaren gauzatze- eta ebaluazio-memoria, informazio zehatza emanez 7.3.2.b oinarrian eskatutako alderdi guztiei buruz.

–Parte-hartzaileei emandako ikasmaterialaren kopia bat.

–Diruz lagundutako ekintza bakoitzarekin lotura duen sustapeneko, publizitateko eta komunikazioko material guztiaren ale bat, irrati iragarkiak, bestelako iragarkiak, webguneetan txertatuta dagoen informaziorako loturak, eta antzekoak.

–Jardunaldi tekniko, biltzar edo mintegi monografikoen kasuan: bertaratutakoen zerrenda, zein elkarte, enpresa edo entitateren ordezkari edo parte diren adierazita.

–Ikastaroen kasuan:

  • Eguneroko bertaratze-orriak, behar bezala sinatuak.
  • Parte-hartzaileen zerrenda, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

c) Horiez gain, Nafarroatik kanpo egiten diren prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik:

–Egindako prestakuntza jarduera bakoitzaren gauzatze- eta ebaluazio-memoria, informazio zehatza emanez 7.3.2.c oinarrian aurreikusitako ekintzen memorietarako eskatzen diren alderdi guztien gainean.

11. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta entitate onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituztela frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:

–2017ko azaroaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako ekintzen kasuan, diru-laguntza ematearekin batera eginen da ordainketa.

–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2018ko urriaren 31ra bitarte egiten diren ekintzen kasuan, aurreko oinarri arautzaileak aipatzen dituen agiriak aztertu ondoren eginen da ordainketa, diru-laguntza izan dezaketen jarduketak justifikatzen dituzten agiriak aztertuta alegia.

12. oinarria Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituztenak izan ezik, “de minimis” laguntzak dira, Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzko erregelamendua).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

13. oinarria. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1. Aurreikusitako eta eskatutako zenbatekoa ez bada betetzen, eta beheranzko aldaketak komunikatu ez badira 9.3 oinarri arautzailean ezarri bezala, laguntza murriztuko da, honela:

a) Diruz lagundutako jardueren frogagirien arabera %50 baino gutxiago egin bada, emandako diru-laguntzaren %30 murriztuko da azken ordainketatik.

b) Diruz lagundutako jardueren frogagirien arabera %30 baino gutxiago egin bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-laguntza itzultzeko eskatuko da.

2. 9.5 oinarri arautzailean ezarritako betebeharra bete ezean, ez da onartuko komunikazio euskarri horiei dagokien gastu osoa.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

II. ERANSKINA

Udal eremuko eta hurbileko zonako programak

–Antsoain.

–Agoitz.

–Azagra.

–Barañain.

–Iruñeko auzoak.

–Tuterako auzoak.

–Baztan.

–Beriain.

–Berriobeiti.

–Berriozar.

–Burlata.

–Bera.

–Caparroso.

–Zarrakaztelu.

–Cascante.

–Castejón.

–Cintruénigo.

–Zizur.

–Corella.

–Cortes.

–Doneztebe.

–Eguesibar.

–Etxarri Aranatz.

–Uharte.

–Irurtzun.

–Leitza.

–Lekunberri.

–Lesaka.

–Lodosa.

–Los Arcos.

–Irunberri.

–Mendabia.

–Milagro.

–Murchante.

–Noain (Elortzibar).

–Erriberri.

–Orkoien.

–Azkoien.

–Gares.

–Ribaforada.

–San Adrián.

–Viana.

–Atarrabia.

–Zizur Nagusia.

Iragarkiaren kodea: F1806627