105. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186E/2018 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erriberriko La Planan 577,12 ha ureztalur bihurtzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera atzera botatzen duena. Sustatzailea Valle de Odieta SCL da.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egiten zaio.

Espedientea 2017ko maiatzaren 23an sartu zen departamentuan, tramitazioa egiteko.

Espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2017ko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, irailaren 15ekoan. Dokumentazio hori formatu digitalean ere jarri zen ikusgai, Gobernu Irekian, hain zuzen.

Jendaurreko aldian SEO BirdLife erakundeak alegazio bat aurkeztu zuen. Alegazio hori proiektu berari buruz 2015eko apirilaren 29an erakunde horrek eginiko alegazioaren antzekoa da, alderdi hidrologikoak gehituta: proiektuari baimena ukatzeko eskatzen da, La Planak estepako hegazti faunarako duen garrantzian (Nafarroan desagertzeko arriskuan dauden hiru espezie daude) eta Erriberriko Udal Planean oinarrituta (La Planako ureztatzea baztertzen du). Gainera, erakundeak adierazi du proiektuari buruzko informazioa falta dela azalerako eta lurpeko hidrologiarekin lotuta eta, bereziki, ura ateratzeak Caparroson Aragoi ibaiak duen alubioi lurretan, eta “Aragoi eta Arga ibaien behe ibilguak” Kontserbazio Bereziko Eremuan izaten ahal dituen ondorioekin lotuta.

21/2013 Legearen 39.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, ingurumen ebaluazioa hasteko eskera eta dagokion dokumentazioa jaso ondoren, ez da onartuko, honako arrazoi honengatik:

c) Funtsean aurkeztutako proiektuaren oso antzekoa den beste proiektu bati buruz ingurumen inpaktuaren adierazpena kontrakoa izan bada.

Proiektu honi berari buruz, honako hau eman da: 165E/2016 Ebazpena, otsailaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiarena, kontrako ingurumen eraginaren adierazpena ematen diona Erriberrin 571 hektarea ureztalur bihurtzeko proiektuari, estepako hegaztientzat interesa duen eremu batean ukipen larriak sortuko lituzkeelako. Sustatzailea Valle de Odieta S Coop da (2016ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 30ekoan).

Ondorioz, eta azaldutakoarekin bat etorrita, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Atzera botatzea Erriberriko La Planan 577,12 ha ureztalur bihurtzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera. Sustatzailea Valle de Odieta SCL da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Erriberriko Udalari, Basozaintzari (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 21ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1805644