105. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

93E/2018 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Noain Elortzibarko udal-mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Productos OPPAC SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 11ko 352/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 13E/2018 Ebazpenaren bidez berritua.

2018ko otsailaren 2an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, autoklabe berri bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko otsailaren 12an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2018ko martxoaren 8an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua burutu ahal izateko; zehazki, honako hau: esterilizazio bidez hondakinak kudeatzeko prozesuan 151 kW-ko autoklabe berri bat sartzea, erregai gisa gasolioa erabiliko duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena sartu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, kapitulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsatzen ahal duten jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Noain Elortzibarko udal-mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmenerako baimena ematea, autoklabe berri bat sartu ahal izateko. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Productos OPPAC SA da.

Bigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Productos OPPAC SAri eta Noain Elortzibarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1805495