105. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16an hartua, Caparroson bioerregaiak ekoizteko planta bat paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Energía Hidroeléctrica de Navarra SA enpresak sustatua, ofizioz aldatzeko eta iraungitzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematen diona.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuaren 2002ko abenduaren 4ko Erabakiaren bidez onetsi zen Caparroson bioerregaiak ekoizteko planta bat paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Energía Hidroeléctrica de Navarra SAk sustatua (2003ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 3koa).

UGPSaren xedea da Caparrosoko udal mugartean, bioerregaiak ekoizteko bi planta ezartzea batean bioetanola ekoizteko eta bertzean biodiesela. Planak ezartzeko eremu bat zehazten du lurzoru urbanizaezinean, eta bai etorkizunean bi planta eginez zabaltzeko tokia ere, errektangeluar itxura samarrekoa eta 425.025 metro karratuko azalera duena. Eremu horretan Iruña-Zaragoza N-121 errepidearekiko lotura egiteko beharrezkoak diren lurrak ere sartzen dira, baita ura, gasa eta argindarra, telefonoa hartzeko harguneen eta euri urak eta ur beltzak kanporatzeko hodien trazadurak ere.

2003an bioerregaiak ekoizteko planta eraiki zen lurzatiaren iparraldean, baita N-121tiko sarbidea ere, iparraldetik. Geroztik ez da onetsitako eremuan azalera gehiagorik okupatu.

Geroago, UGPSaren esparruko lurzati batzuk lurzati-berrantolamenduan sartu ziren Nafarroako Ubideko UGPSaren eraldaketaren ondorioz.

Hona zer ekarri duen horrek: lurzati batzuk maila berdintsuko bi tresnek ukitzen dituzte, baina horien araubideak bateraezinak dira elkarrekin; hortaz, egoera hori erregularizatu beharra dago.

Bertzalde, Caparrosoko Udal Plana gauzatuta zegoenera mugatu zen, UGPSaren determinazioak kontuan hartu gabe esparruaren mugapenari eta lurzoruaren sailkapenari dagokionez; industriarako hiri-lurzoru finkatuaren sailkapena eman zion UGPSean jadanik gauzatuta zegoen zatiari, eta natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoru urbanizaezinaren sailkapena (“Nafarroako ubideko eremu ureztagarriak”), berriz, esparruaren gainerakoari. Industriarako hiri-lurzoru finkatuak U.C.-7 unitatea osatzen du Planaren arauetan, UGPSaren arauen babespean jarrita.

Udalak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarekin eta Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoarekin kontsultak egin ondoan, 2017ko abuztuaren 17an aurkeztu du Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan Caparrosoko Udal Planean egiturazko aldaketa egiteko proposamena; haren xedea da, batetik, Udal Planean ezarritako UC-7aren mugapenera egokitzea industriarako hiri lurzoruaren eremua, eta bertzetik, UC-7tik kanpora gelditzen diren gainerako lurretan lurzoru urbanizaezinaren sailkapena ezartzea, dagozkion kategoria eta azpikategoriekin.

Hala ere, nahiz eta UGPSaren determinazioak hirigintzako udal planeamenduari nagusitu, gauzatutako eremura mugatzeko UGPSaren esparruan egin beharreko aldaketa ez da posible hirigintzako udal planeamenduan aldaketa eginez; aitzitik, lehenik UGPSan egin beharko da aldaketa, eta hura gero iraungi, udal planeamenduan sartu ahal izateko. Lan hori Nafarroako Gobernuari dagokio. Horregatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ofizioz abiatu ditu UGPSaren eremuaren aldaketa eta haren iraungipena. Iraungipena eraginkorra izateko udal planeamenduak, behar den aldaketaren bidez, ezarri beharko du UGPSak ukitutako esparruari dagokion erregulazioa, orain artekoa bertan behera geldituko baita.

II.–Xedea eta deskribapena.

Tramitatzeko bidean dagoen espediente honek bi xede ditu:

–Aldaketa egitea Bioerregaiak ekoizteko Caparrosoko plantaren UGPSan, UGPSaren hirigintzako determinazioak gauzatutako errealitatera egokituz.

–UGPSaren iraungipena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.2.c) artikuluaren ildotik, haren gauzapena bukatu baita eta xedea bete. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin bat etorriz, iraungipena eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da hango zehaztapenak udal planeamenduan sartzea, eta horretarako aldatu edo berrikusi beharko da planeamendua. Zehaztapen horiek sartzeak, ordea, ez du ekarri behar Plan Sektorialaren funtsezko aldaketarik.

Aldaketaren funtsa da UGPSaren esparrua egokitzea bertan garatu den esparrura, hau da, 3. poligonoko 495. lurzatiaren puska batera, sarbideetara eta hornidura sareetara.

Esparrua egokituta, egiaztatzen da ez dagoela hirigintzako bertze determinaziorik aldatu beharrik UGPSa gauzatutakora egokitzeko.

Biodiesel planta burututa eta 2003az geroztik jarduketa gehiagorik egin ez denez, UGPSaren betearazpena bukatutzat jotzen da, eta betetzat haren xedea; beraz, haren iraungipena proposatzen da.

III.–Kontuan hartu beharrekoak.

Esparrua aldaturik, egiturazko aldaketa dugu esku artean, eta haren tramitazioa lotu beharko zaio Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. artikuluan adierazten den prozedurari.

UGPStik kanpora utzi diren lurzoruak Caparroson indarrean dagoen Udal Planeko determinazioen mendean geldituko dira. Gainera, araudi sektorialen ondorioz eta lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako tresnen ondorioz aplikatzekoak diren determinazio guztiak gainjarriko dira, bereziki Nafarroako Ubideko eta haren eremu ureztagarrietako UGPSarenak.

UGPSaren esparruaren barrenean, instalazioak hornidura eta saneamendu sareekin eta errepideekin lotzeko behar ziren lurrak ere sartzen dira, plantek eta plantak handitzeko erabil zitezkeen lurrek okupatu beharreko eremuaz gain. Azpiegitura horiek lurpekoak izanik eta argibiderik ez dagoenez non barna egin diren jakiteko, lurzati horiek UGPSaren ukipen eremuan sartzeko edo ez sartzeko erabakia hartuko da, Udalari, sustatzaileari eta Mairagako Mankomunitateari eskatu zaizkion txostenak aztertu ondoan.

IV.–Txosten sektorialak.

2018ko otsailaren 8an txostena eskatu zaie Acciona Energíari, jatorrizko UGPSaren sustatzailearen ondorengoa den aldetik, Udalari, Mairagako Mankomunitateari eta Telekomunikazioetako Sare eta Operadoreen Zuzendariordetza Orokorrari. Txosten horien ondorioak kontuan hartuko dira espedientea ebazteko.

2018ko martxoaren 26an Caparrosoko Udalaren txostena jaso da, 524. lurzatia eremutik ez baztertzeko gomendioa egiten duena, okupazioagatik eta titulartasunagatik jarduerari lotua dagoelako.

V.–Ingurumen arloan kontuan hartu beharrekoak.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren 2018ko martxoaren 16ko txostenak dioenez, aldaketa txikia da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. artikuluan definitutakoaren arabera, eta ez du ukipenik eragiten ingurumenean, lurzatiak baztertzeko proposamena egungo nekazaritza-balioen araberakoa delako; beraz, bidezkoa da ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua egitea.

Horrenbertzez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko martxoaren 27ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Caparroson bioerregaiak ekoizteko planta paratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko eta iraungitzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ofizioz sustaturik.

2. Adieraztea espedientea ebazten denean erabaki honetan eta eskatutako txostenetan xedatutakoa bete beharko dela.

3. Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabetez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9-3. solairua, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi bezainbat alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaraztea Acciona Energíari, Caparrosko Udalari, Mairagako Mankomunitateari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1806525