105. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

558/2018 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena araudiak nekazaritza arloan Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari ematen dizkion administrazio eskumen batzuk.

Abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen. Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen du lege horren aurretiko araudiak kontseilariei esleitzen zizkien ebazteko eskumenak zuzendari nagusiei dagozkiela, salbuespen batzuk gorabehera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1 artikuluak xedatzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahalko direla.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko jarduerak arintasunez eta eraginkortasunez egiteko, bidezkotzat jo da Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea indarreko araudiak Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea araudiak nekazaritza arloan Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari esleitzen dizkion eskumen administratibo hauek:

–Ekoizpen ekologikoko ziurtagiriei aplikatu beharreko araubide juridikoari lotuak, diru-laguntzei eta tasei dagozkienak izan ezik.

2. Eskuordetze honen bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori berariaz aipatu behar dela ezartzea. Ebazpen horiek Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 23an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1805588