101. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

121/2018 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko laguntzen 2018ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 16.08.01 azpineurria).

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.

2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.

3. Mendien aprobetxamendu ordenatua arautzea eta sustazea, lehengai berriztagarrien iturri diren aldetik, bateragarri eginez ingurumenaren babesarekin eta mendiak dauden eremu geografikoetan errentak sortzearekin.

Zehazki, 50. artikuluak ezartzen du mendi publikoek eta pribatuek mendi antolakuntzako proiektua edo baso kudeaketarako plan teknikoa eduki beharko dutela, oihan administrazioak onetsia. Administrazio honek emanen ditu antolakuntzako proiektuak eta plan teknikoak egiteko jarraibide orokorrak. Mendi publikoetan, babesleetan eta araututakoetan, oihan administrazioak eginen ditu antolakuntzako tresnak. Mendiaren titularrak ere parte hartuko du horien prestaketan. Gainerako mendi pribatuetan titularrak eginen du.

Oihan antolamenduaren helburua Nafarroako Foru Komunitateko baso sistemek irautea eta horiek hobetzea da, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatzearekin eta buka baso suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, gai berriztagarrien erabilerarekin (egurra, konparazio batera) eta menpekotasun energetikoa gutxitzearekin. Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 35. artikuluan “Lankidetza” izeneko neurria ezarri zuen, eta aipatu artikuluaren j) puntuan baso kudeaketako planak egiteko laguntzak edo tresna baliokideak finkatu zituen.

Nafarroako Landa Garapenerako Programak (Europako Batzordearen azaroaren 18ko azken 8143 (2015) Erabakiaren bidez onetsia) “Lankidetza” neurrian 16.08.01 azpineurria (Baso kudeaketako planak egitea) ezarri zuen. Haren definizioan kontuan hartu zen, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zenetik, titulartasun publikoko mendietan kudeaketa planak edo plangintzako tresna baliokideak egiteko laguntzak aktibatu dira. Laguntzaren onuraduna oihan administrazioa da, arlo honetako oinarrizko foru legeekin bat.

Halere, beharrezkoa da jarduera hauen sustapena osatzea. Horregatik, laguntzen deialdi hau proposatzen da, titulartasun pribatuko mendietan baso kudeaketako planak edo tresna baliokideak egiteko eta daudenak errebisatzeko.

Neurriak jabe pribatuen arteko kudeaketa planak idazteko lankidetza bultzatzen du, laguntza publikoa baliatuz. Horrek jabeei planifikaziorako gastuei aurre egiteko aukera emanen die eta jabe bakoitzak proiektuari ekartzen dizkion oihanetan baso-jarduketa bateratu eta jasangarria egitea erraztuko du.

Oinarri hauetan espedienteak baloratzeko baremo bat ezartzen da, hainbat alderdi kontuan hartzen dituena: mendiaren azalera, inolako planifikaziorik ez duten mendien antolaketa lehenestea, basoetako ziurtapena bultzatzea (mundu mailan onartutako sistema ezagun batek egiaztatutako kudeaketa jasangarriaren bermatzaile den aldetik) eta elkartegintza eta baso elkarteak sortzea.

Gainera, plan horiek izan behar dute gutxieneko edukia ematen da, bai eta haiek idazteko eskema bat ere. Horrek planifikazio tresnen homogeneitatea bermatzen du oro har.

Eginen diren kontrolak zehazten ditu deialdiak, baita eskatzaileen konpromisoak eta Europako araudiak kostuen moderazioari buruz ezarri dituen baldintzak ere.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboak.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Azkenik, ebazpen honek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzaren adostasuna du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko 2018ko kanpainako laguntzen oinarri arautzaileak onestea, I. eranskinean jasotzen den moduan. Orobat, ebazpen honen II. eta III. eranskinak onestea.

2. Deialdia onestea.

Eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko 2018ko kanpainako laguntzen deialdia onestea.

3. Aurrekontuko kredituak.

Guztira, 20.000 euroko gastua baimentzea eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko 2018ko kanpainako laguntzetarako, 2018ko Gastuen Aurrekontuko 740002/74200/7709/456704 partidaren kargura (“Eragile pribatuentzako diru-laguntzak kudeaketa planak egin ditzaten. 2014-2020 LGP”).

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 16.08.01 neurriari buruz (“Lankidetza: baso kudeaketako planak egitea”) xedatutakoa betetzea. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Baseari (NGDDB) komunikatzea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 3an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Eragile pribatuek baso kudeaketako planak egiteko 2018ko kanpainako laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Lankidetza” neurrirako laguntzak arautzea. Aipatu neurria bilduta dago Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruz 2013ko abenduaren 17an emandako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 35. artikuluan.

2. Neurri honen esparruko laguntza gutxienez ere bi entitate pribaturen arteko lankidetza moduak sustatzeko emanen da. Lankidetzak lotura izanen du baso kudeaketako planak edo tresna baliokideak egitearekin.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, 16.08.01 neurriaren xedea da titulartasun pribatuko bi mendiri edo gehiagori dagozkion plangintza-dokumentuak idaztea, hau guztia lortze aldera:

1. Baso eremuak modu jasangarrian kudeatzea eta hainbat jabe pribaturen arteko elkartzea eta lankidetza kudeatzea. Nafarroako Oihan Planean aurreikusten da, basogintzaren sektorerako helburu berariazkoak aipatzen direlarik, basoetako ekosistemen egokitzapen gaitasuna eta haien ingurumen balioa handitzea, bai eta baso plangintza sustatzea ere. Europar Batasunak finantzatzen ditu jarduketa gehienak; guztira, gastu publikoaren %61. Planifikazioa funtsezkoa da mendien baso-kudeaketa jasangarrirako, bai eta haren kontserbaziorako eta biodibertsitatea hobetzeko ere, Europan Basoak Babesteari buruzko Ministerioen arteko 1993ko Biltzarrak baso-kudeaketa jasangarriari buruz egindako definizioaren arabera.

2. Basoberritzeak eta basolanak egiteko erraztasunak ematea, baso aprobetxamenduetarako basoko bideak eraikiz eta haien mantentze-lanak eginez, eta bestelako balioak ere sustatuko dira, hala nola KBEetako habitaten kontserbazioa eta aisiarako erabilera.

3. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren Europar Batasunaren lehentasunak lortzen laguntzen dute zalantzarik gabe, eta lagungarriak dira, orobat, basogintzaren sektorean behar bezala prestatutako langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko. Gainera, teknologia berritzaileen ezarpena eta basoen kudeaketa jasangarria sustatzen dute.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurri hauen onuradun izan daiteke baso lurretan ondorengo epigrafeetan zehaztuko diren lanak egiteko laguntza eskatzen duen Nafarroako edozein baso eragile pribatu (pertsona fisiko edo juridiko), betiere oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eusteko hitza ematen badu.

4. oinarria.–Eragile pribatu onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke aurreko oinarrian aipatutako eragile pribatuak, baso kudeaketako plan bat egitea eskatzen badute. Planaren edukiak helbide honetan ezarritakoari jarraituko dio:

http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados

2. Aurreko puntuan adierazitako lanek diru-laguntza jasotzeko, gainera, onartua izateko honako irizpide hauek bete beharko dira laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Eskatzaileak planifikazio lanaren kostua zehaztu, justifikatu eta baloratzeko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du.

b) Laguntza eskaera bi baso jabek aurkeztu beharko dute gutxienez, eta beren izenak oinarri hauen 2. inprimakian agertu beharko dira. Laguntza eskaeraren xede diren lurrak mugakideak izanen dira, edo gutxienez haiek elkarrekin kudeatzeko aukera egonen da.

5. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak diren kostuak izanen dira baso kudeaketako plan bat egitearekin zerikusia dutenak, eta betiere www.nafarroa.eus web-orrian ezarritako edukia betetzen badute.

2. Kostuen moderazioa obra proiektuei eta memoriei aplikatuko zaie Nafarroako basolanen prezio ofizialen tarifak kontuan hartuta.

3. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

6. oinarria.–Laguntza mota eta zenbatekoa modalitateen eta ekintzen arabera.

1. Baso kudeaketako planak idazteko laguntzak aurrekontu onargarriaren gainean kalkulatuko dira, 6 oinarriaren arabera. Honela izanen da:

a) Antolatu beharreko azalera osotara 50 hektarea baino gutxiagokoa duten eskaerei %40ko laguntza emanen zaie. Portzentaje hori 5 puntu handiagoa izanen da formalki eratutako jabeen elkarteak direnean, hau da, eskaera 11. oinarriaren f atalean azaltzen den moduan egiten bada.

b) Antolatu beharreko azalera osotara 50 hektarea baino gehiagokoa duten eskaerei %50ko laguntza emanen zaie. Portzentaje hori %70ekoa izanen da formalki eratutako jabeen elkarteak direnean, aurreko kasuan azaltzen den moduan.

2. Laguntzen ahal den inbertsioaren gehieneko muga 7.000 (zazpi mila) eurokoa da eskaera bakoitzeko, eta gutxieneko muga, 2.000 (bi mila) eurokoa.

Eskaerak inbertsioaren gehieneko eta gutxieneko mugak errespetatzen dituela zehazteko, kontuan hartuko da kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak baliozkotzen duena, hala laguntza onartzean nola ordaintzean. Aipatutako Zerbitzuak Nafarroako Oihan Jardueraren Prezioen Tarifak erabiliko ditu erreferentziatzat, aurrekontu hori baliozkotzeko. Aurkeztutako memorian edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horien araberakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia 5. oinarriko 2. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz.

Tarifak ikusteko esteka:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

7. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren Jarraipen Batzordeak 2016ko abuztuaren 29an onetsitako hautapen irizpideen arabera, eskaerak lehenesteko hurrenkera eginen da balorazio irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuak batuta.

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Bere ezaugarri ekologikoak direla-eta Natura 2000 sarearen barnean dagoen antolatu beharreko mendien azalerak lehentasuna finkatzen du planifikazio tresnak idazteko orduan (1)

10

2

Mendiek baso kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria dute (2)

10

3

Baso jabeen elkarteak sortzea. Mendi berrien antolamendua sustatzea (3)

30

4

Basoko produktuen tipologia (4)

20

5

Mendiaren katalogazioa (5)

15

Graduazioa honako hau da, Natura 2000 sarearen barnean dagoen antolatu beharreko azaleraren arabera:

• Natura 2000 sarean azaleraren %0: 0 puntu.

• Natura 2000 sarean azaleraren > %0 eta < %25: 3 puntu.

• Natura 2000 sarean azaleraren ≥ %25 eta < %50: 5 puntu.

• Natura 2000 sarean azaleraren ≥ %50: 10 puntu.

(2) Baso kudeaketako planak haiei dagozkien plan berezietan ezarritakoari jarraituz errebisatu behar dira, eta baso ziurtapenaren eskakizunen arabera eguneratuko dira. Ziurtagiria izateak berekin dakar mendia aurretik antolatua izan dela eta errebisioa beharrezkoa dela.

(3)

–Mendi batasunak, beren ezaugarriak ondoren aipatzen diren irizpideetako bakar batekin ere bat ez badatoz: 0 puntu.

–10 eta 50 hektarea bitarteko azalera batua eta jabe bakoitzeko 10 hektarea baino gutxiagoko azalera duten mendiak: 5 puntu.

–50 hektarea baino gehiagoko eta 100 hektarea baino gutxiagoko azalera batua eta jabe bakoitzeko bataz beste 10 hektarea baino gutxiagoko azalera duten mendiak: 10 puntu.

–50 hektarea baino gehiagoko eta 100 hektarea baino gutxiagoko azalera batua eta jabe bakoitzeko bataz beste 10 hektarea baino gutxiagoko azalera duten Kantaurialdeko edo Pirinioaldeko mendiak: 15 puntu.

–100 hektarea baino gehiagoko azalera batua eta jabe bakoitzeko bataz beste 10 hektarea baino gutxiagoko azalera duten mendiak: 25 puntu.

–100 hektarea baino gehiagoko azalera batua eta jabe bakoitzeko bataz beste 10 hektarea baino gutxiagoko azalera duten Kantaurialdeko edo Pirinioaldeko mendiak: 30 puntu.

4) Aprobetxamendu planaren epearen arabera, graduazioa honako hau da:

–Bi urte baino gehiagorako plana: 5 puntu.

–Bi urterako plana: 10 puntu.

–Urteko Plana: 20 puntu.

(5) Mendi babesleak dituzten jabe pribatuen kasuan, haien plan berezia iraungi bada.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 7. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe, betiere Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Jarraipen Batzordeak 2016ko abuztuaren 29an onetsitako gutxieneko puntuazioa lortzen bada.

2. Espediente bakoitzeko gehieneko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 1., 5., 3., 4. eta 2. ataletan puntuazio altuena lortzen dutenak lehenetsiko dira, ordena horrexetan.

Aurreko irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, diruz lagungarria ez den inbertsioaren arabera (handienetik txikienera) ordenatuko dira espedienteak. Halakotzat hartuko da onartutako kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren eta emandako diru-laguntza osoaren arteko aldea.

3. Laguntza eskatua duten ekintza gauzatzen ez den kasuan, onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan haren berri emanik, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuko diru-izendapen eskasagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

4. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 25 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

5. Oinarri honen 3. puntua aplikatzearen ondorioz, deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Plana deialdi honetan ezartzen den epearen barrenean aurkeztea, eta planifikazioarekin batera hartan zehazten diren jarduketak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz egitea.

b) Konpromisoa hartzea ziurtagiriari eusteko behar diren agiriak prestatzeko, Nafarroako Basoen Ziurtapenaren eskualdeko entitate eskatzaileak erabakitzen dituen epeetan eta moduan (laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko eskabide-orrian eta dokumentazioan zehaztua dagoen bezala).

c) Ordainketa ebatzi arte, 4. oinarrian ezarritako betebeharrei eustea, baita 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

d) Lanen alderdi teknikoei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

e) Laguntza ongi eman dela, baso kudeaketako plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

f) Laguntzaren xede den baso kudeaketako plana gauzatzeko konpromisoa hartzea. Eskaera bakarra eginen da baso kudeaketako planak ukituriko mendi guztiendako.

g) Helburu bererako beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kargura ematen direnekin edo Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ematen dituenekin.

h) Diru-laguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

i) Ingurune Naturalaren Zerbitzuko langileei baso kudeaketako planean dauden lurzatietan sartzen uztea, lanak gainbegiratzeko, baso kudeaketako plana eta mendiaren errealitatea kontrastatzeko eta, kasua bada, indarrean dagoen bitartean aipatu kudeaketa planaren jarraipena egitea.

j) Kasua bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 10 eguneko epean Ingurune Naturalaren Zerbitzuari adieraztea hari uko egiten diola, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izateko eta, aurrekontuetako kontuek horretarako aukera duten neurrian, puntuazio txikiagoko espedienteak kontuan hartzeko, 7. oinarriko irizpideak aplikatu ondoren.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

l) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak. Zehazki, hauek: baso ziurtapen jasangarrian zigilu bat lortzea eta mantentzea (behin baso kudeaketarako plan teknikoa onetsirik), eta planean aurreikusitako jarduerak ezartzea, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

11. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Laguntza eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuak tramitutako ditu, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira; kasu horretan ziurtagiri digitala beharko da identifikatzeko (www.nafarroa.es).

2. Eskabidearekin batera II. eranskinean (“Laguntza-eskabideari gehitu beharreko inprimakiak”) zehazten diren agiriak aurkeztuko dira, baita honako hauek ere:

a) Eskabide-orri ofiziala, betea, zigilatua eta sinatua (1. inprimakia) 2. inprimakiaren batera (2. Basoa kudeatzeko planaren xedeko lurzatiak).

b) IFK/IFZren fotokopia.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku batean helbideratuta kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu. Agiri hori web-orri honetan eskuratu daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

d) Memoriaren kopia bat, hautatzeko irizpideekin lotutako alderdiez gain, honako hauek bilduko dituena:

–Plano kartografiko bat 1:5.000 eskalan, baso kudeaketako planean bildutako esparruak eta lurzatiak zehaztuko dituena, jabetza motaren arabera identifikatuta.

–Plana egiteko aurrekontua.

e) Eskatzaileek nahi badute diru-laguntzen eskabideen tramitazioan beste batzuek ordezkatu ditzatela, ordezkariendako baimena aurkeztu beharko dute (3. inprimakia), eredu normalizatuaren araberakoa, ordezkariaren NANaren fotokopiarekin batera; fotokopia hori ez da beharrezkoa izanen laguntza hauen kudeaketan departamentuari laguntzen dion kabineteko bateko teknikari bat baldin bada.

f) Diru-laguntzen deialdian lehenbiziko aldiz parte hartzen duten Mendi Batasunen kasuan, eskabidea batasunaren alde izanen da, eta honako dokumentazio osagarri hau erantsiko da:

–Batasunaren estatutuak; Batasunaren IFK.

–Ordezkariaren izendapena (3. inprimakia), baldin bera ez bada Estatutuek zehaztutako Batasuneko lehendakaria.

g) Lursailak erabil daitezkeela frogatzen duen dokumentazioa (4. inprimakia).

Katastroaren arabera eskatzailea baso kudeaketako plana egin nahi den lurzatiaren titularra bada, ez da beharrezkoa lurrak baliatzen ahal direla frogatzea. Bestela, frogatu egin beharko du, modu hauetakoren batean:

a.–Jabea dela justifikatuz, lurren jabetza eta erabilgarritasuna bermatzen duten beste agiri ofizial batzuen bidez, esaterako: Jabetza Erregistroaren ziurtagiria, eskritura publikoa, erregistroaren ohar bakuna, katastroaren ziurtagiria edo erroldatze-agiria, udaleko idazkariak emana.

b.–”Lurzatiaren titularraren baimen-ematea eskatzailearen alde” izeneko inprimakia aurkeztuz, lurraren titular bakoitzaren NANaren/IFZren/IFKren fotokopiarekin batera.

c.–Errentamendu kontratuak, herrilurretarako udalen baimenak edo erabili edo edukitzeko eskubidea frogatzen duen beste edozein agiri, zuzenbidearen araberakoak betiere.

h) Toki entitateen eta partikularren artean titulartasunari buruz gatazka dagoen lurretarako ez da laguntzarik emanen.

3. Eskabidearekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

4. Errekerimenduei elektronikoki erantzutea onartuko da, betiere erregistro elektronikoa erabiliz tramitatzen badira.

5. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

12. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Plangintza Estrategikorako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari atxikita dago.

13. oinarria.–Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako balorazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Lehendakaria: Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lehen batzordekidea: Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

–Bigarren batzordekidea: Pirinioaldea Kudeatzeko Ataleko burua.

–Hirugarren batzordekidea: Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko burua.

–Laugarren batzordekidea: Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Ataleko burua.

–Idazkaria: Plan eta Programen Bulegoko burua.

3. Batzordeko kide bakoitzak Ingurune Naturalaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko langileek aurreko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskaeran aipatutako mendien planifikazioaren beharra finkatzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik beharrezkoak ez diren baso kudeaketako planen proposamenetarako diru-laguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa, kontrolak eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari igorriko.

2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal dira onuradunentzako laguntzei buruzko dokumentazioa gordetzen den tokietara, lanak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

3. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

4. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak. Orobat, “Diru-laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak” izeneko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da. Horrela, onuradunen batek diru-laguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen eskatzaileari ematea, betiere onuradunaren ukoarekin batera kreditu aski liberatu baldin bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aukera horren berri emanen die interesdunei, komunikazioa jaso eta biharamunetik hamar egun balioduneko epe luzaezinean adieraz dezaten diru-laguntza jasotzeko proposamena onartzen duten. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak emateko behar den ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, diru-laguntza kanpainaren prozesuko emaitzarekin batera.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, betiere diru-laguntzen foru legean ezarritako epea bukatu baino lehen, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz daiteke, laguntzak eskatzeko inprimakian emandako eskatzailearen helbide elektronikoen bitartez.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

16. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Aurkeztutako eskaeren aldaketak onartuko dira, betiere ebazpen honen 4. puntuan aurreikusita dagoen epean (“Eskaerak aurkezteko epea”) egiten badira. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da laguntza eskaeran aldaketak onestea. Horiez gain:

–Eskaeretan funtsezko aldaketarik egitea ez da onartuko, hala nola, aldaketak basoa kudeatzeko plana egiten den eremu geografikoan, salbu eta behar bezala justifikatuta badaude.

–Hautatzeko irizpideen aplikazioa aldatzea eragiten duten aldaketak ez dira onartuko.

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako basoa kudeatzeko planaren helburuari eta izaerari kalte egiten ez dietenak.

2. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio eta, edozein kasutan, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.

17. oinarria.–Kudeatzeko plana gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Basoa kudeatzeko planak egiteko azken eguna 2018ko urriaren 31 izanen da 2018ko kanpainako laguntza-eskaerentzat.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2018ko azaroaren 2a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia. Laguntzen onuradunak beteko du ordaintzeko eskaera, eskatutako kudeaketa planak ukituriko gainontzeko baso jabeen ordezkari jardunez. (5. inprimakia).

b) Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza-eskaeraren ondotik datatuak.

c) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan edo norberaren baliabideak erabiliz egindako ordainketak ez dira onartuko.

Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta 2018ko azaroaren 2a baino lehenagokoak izanen dira.

d) Kudeatzeko plana, hark ukituriko lurraldeen baso jabe guztiak ados daudela eta plana idatzi duen teknikariak sinatua. Hemen zehazten dena bete beharko du: http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados.

3. Aurreko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, emandako diru-laguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, diru-laguntza galdutzat emanen da.

4. Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin plana aurkeztuta eta Ingurumen Naturalaren Zerbitzuko teknikariek ebaluatuta. Ondorio horietarako, ez da ulertuko kudeatzeko planaren balioa frogatu denik harik eta haren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

5. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta basoa kudeatzeko plana basogintzaren ardura duen administrazioak egindako edukiekin eta mendiaren errealitatearekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

6. Laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira. Laguntzaren ordainketak berekin ekarriko du aurkeztutako basoa kudeatzeko plana onestea. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz dakieke interesdunei, laguntzak eskatzeko inprimakian emandako eskatzailearen helbide elektronikoen bitartez.

7. Ez da onartuko hasiera batean baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

18. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa 17. oinarriko 1. puntuan adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Bederatzigarren oinarriaren c) letran bildutako konpromisoa azkeneko ordainketa baino lehen betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

3. Inbertsioa gauzatu ondoren, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (6. oinarriko 2. puntuan adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

4. Onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta laguntza osoa kentzetik haratago ez da joanen.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko aitorpen bat egin duela nahita, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

19. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerora bete beharreko konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek bete ezean jasotako laguntzaren portzentaje bat itzuli beharko da, baita legez ezarritako berandutze-interesak ordaindu ere. Halakoetan, mailaketa bat eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat:

a) Laguntza ordaindu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean atzematen bada baso ziurtagiriari eusteko jarduera guztiak ez direla egin, bidezkoa izanen da baso kudeaketarako plan teknikoa egiteko jasotako laguntzaren %25 itzultzea.

b) Basoa kudeatzeko planaren plan berezian onetsitako jarduerak egiten ez badira, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, egoera hori detektatu arte jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

3. Konpromiso horiek bete gabe utzi direla ez da ondorioztatuko baldin eta basoa kudeatzeko planaren bidez planifikatutako mendiak asko ukitzen dituen hondamendi natural larria gertatzen bada.

20. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1. Onuradunei emandako diru-laguntzak argitaratu eginen dira Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluari jarraikiz. Batzordeko eta Estatuetako auditoretza eta ikerketa organismoek tratatu ditzakete horien datuak, Batasunaren finantza interesak babestearren.

2. 95/46/EE Zuzentarauaren betebeharrekin bat, datu pertsonalak direnean, estatu kideek beren eskubideak jakinaraziko dizkiete onuradunei, datuen babeserako arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko aplikagarriak diren prozedurekin bat, edo hala ez bada, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduarekin bat. Aipatu erregelamenduaren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez (Datuen babeserako erregelamendu orokorra).

II. ERANSKINA

Laguntzaren eskaeran aurkeztu beharreko inprimakiak

1. inprimakia.

Laguntza eskaera, basoak kudeatzeko planak egiteko - 2018ko kanpaina.

2. inprimakia:

Basoa kudeatzeko planaren xedeko lurzatiak.

3. inprimakia:

Ordezkaritza baimentzeko idazkia.

4. inprimakia:

Lurzatiaren titularraren baimen-ematea eskatzailearen alde.

III. ERANSKINA

Ordainketaren eskaeran aurkeztu beharreko inprimakiak

5. inprimakia:

Ordainketa eskatzeko inprimakia. Gastuen eta ordainketen justifikazioa.

6. inprimakia:

Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakiari buruz.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1806146