101. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

651/2018 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez laguntzen deialdi bat onesten da, 2018. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan betiere.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak uztailaren 12an emandako 241/2017 Ebazpenaren bidez, arauak onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan betiere.

Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek (Nafarroako Foru Komunitatea) igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi zuen, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.48295 laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak diru-laguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa izanik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak laguntzen deialdi bat onetsi nahi du, 2018. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan betiere. Aipatutako erregelamenduaren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea, 2018. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan betiere.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 70.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoetarako, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “(E) Kalte-ordaina abereak epizootien ondorioz hil behar izateagatik, eta azienda mugitzeko debekuaren ondoriozko irabazi lortugabeagatik” izeneko 710004-71320-7700-412200 aurrekontuko partidaren kargura.

4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 12ko 241/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira deialdi honetan; izan ere, foru agindu horren bidez onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzen arauak, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan betiere.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Diru-laguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 15ean.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1806606