Iragarkia
100. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZARAITZUKO ETA NABASKOZEKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Estatutuen 4. artikuluaren aldaketa, “Xedeak eta eginkizunak” buruzkoa. Hasierako onespena
Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak, 2016ko abenduaren 19an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen bere estatutuen 4. artikulua aldatzea, “Xedeak eta eginkizunak” buruzkoa.
Hasierako onespen hori hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldeko txostena eman zuen Estatutuen aldaketa horri buruz.
Gero, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Toki Entitateetako Udal bakoitzeko osoko bilkuretan aurkeztu zen aldaketa onets zezaten, eta horietan, legez eskatutako bi herenek baino gehiagok alde bozkatu zuten. Beraz, testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa betez.
Ezkarozen, 2018ko apirilaren 5ean.–Mankomunitateko burua, Juan Manuel Tohane Contín.
MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK
ZIOEN AZALPENA
Zaraitzu Ibarreko eta Nabaskozeko Udalek, beren ezaugarriek hartaraturik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoaren babesean, erabaki dute mankomunitatea dela oinarrizko gizarte zerbitzua emateko konponbide zuzen eta teknikoki egokiena.
I. KAPITULUA
Eraketa, izena eta helbidea
1. artikulua. Zaraitzu Ibarreko eta Nabaskozeko Udalek, estatutu hauen eranskineko zerrendan agertzen direnek, borondatezko Mankomunitatea eratu dute, estatutu hauen II. kapituluan agertzen diren bere eskumeneko zerbitzuak elkarrekin antolatu eta egiteko.
Kideak onartu edo kanporatzeko, estatutu hauen arauei jarraikiz eginen da.
Mankomunitate honen antolakuntza eta funtzionamendua estatutu hauetan xedatuari jarraikiz eginen dira, Nafarroako toki entitateei aplikatzekoa zaien legeria horren osagarria izanik.
2. artikulua. Nortasun juridikoa. Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko administrazio entitatea den aldetik, eta une bakoitzean kide dituen toki entitateen mugarteetan erabiliko ditu bere eskumenak.
Mankomunitatea, bere eskumenen barnean, berak egiten dituen zerbitzuekin zerikusia duten gertaerak sortzen diren esparruetan arituko da.
3. artikulua. Izena eta helbidea. Entitate honek Zaraitzu eta Nabaskoze du izena eta haren egoitza Ezkarozen egonen da.
II. KAPITULUA
Xedeak eta eginkizunak
4. artikulua. Mankomunitateak xede hauek izanen ditu: oinarrizko gizarte zerbitzua ematea, baita kide diren udalek etorkizunean erabakitzen ahal dituztenak ere.
Era berean, Mankomunitateak bere esparruan beharrezkoak iruditzen zaizkion gizarte zerbitzu espezializatuak sortu, mantendu eta kudeatzen ahal izanen ditu. Horrela bada, parte hartzen duten udalek berretsi beharko dituzte Batzarrean hartutako erabakiak.
Aipatu helbururako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egin ahal izanen ditu Mankomunitateak, eta indarrean dagoen legeriak ematen dizkion eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eginkizunak:
a) Pertsonei, familiei eta talde sozialei argibideak, aholkuak eta jarraibideak ematea, gizarte zerbitzuen arloko eskubide, betebehar eta baliabideei buruz.
b) Sortzen diren arazo edo gatazkak konpontzen parte hartzea, bere eginkizunen eta ahalmenen esparruan baldin badaude.
c) Jarraibideak ematea, eta, beharrezkoa den kasuetan, maila espezializatuarengana bideratzea.
d) Bere eginkizunak betetzeko elkarlanean aritzea gainerako mailetako gizarte, osasun eta kultur zerbitzuekin.
e) Lurraldeko Gizarte Ongizateko Zerbitzuak eman beharreko laguntza guztien tramitazioa baloratu eta txostenak egitea, bai eta haien jarraipena egitea ere.
f) Erakundeen menpetik ateratzeko prozesua bultzatzen ari diren Administrazio Publikoekin elkarlanean aritzea, pertsonak beren ingurunean gizarteratu daitezen lortzeko.
g) Gizartean zer behar eta baliabide dauden atzematea, eta haien erabilpen egokiena koordinatzea.
h) Elkartegintza sustatzea, hiritarren arteko elkartasuna eta elkarbizitza indartzeko.
i) Gizarte-laneko boluntariotza sustatzea.
Berariazko eginkizunak dira, aipatutakoen osagarri, oinarrizko gizarte zerbitzuek berariazko programen bidez egiten dituztenak Mankomunitateko udalerrietako biztanleen gizarte arazoei aurre egiteko. Horiek Batzarrak definituko ditu eta oinarrizko mailako baliabideak erabiliko dira.
III. KAPITULUA
Indarraldia
5. artikulua. Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea izanen da, eta funtzionatzen hasiko da Estatutuak behin betikoz onesten direnetik aitzina.
IV. KAPITULUA
Zuzendaritza eta kudeaketa organoak
6. artikulua. Mankomunitatearen zuzendaritza organoak dira:
–Mankomunitateko burua eta buruordea.
–Batzorde Iraunkorra.
–Batzarra.
Batzarra da Mankomunitatearen organo nagusia. Estatutu hauetan aipatzen diren eskumenak eta eskudantziak izanen ditu, bai eta ordenamendu juridikoan aitortzen zaizkion beste guztiak ere.
7. artikulua. Mankomunitatea eta bere kide diren toki entitateak lankidetzan ariko dira beren buru eta alkateen bitartez, zerbitzuak ahalik eta hobekien ematearren, behar diren argibideak, laguntza eta zaintza elkarri eskainita.
8. artikulua. Mankomunitateko Batzarrak buru bat izendatuko du eta haren ordezkaritza izanen du beste pertsona fisiko nahiz juridikoekiko harremanetan; gainera, Batzarrak berak eta estatutu hauek ematen dizkioten eginkizunak beteko ditu.
Lehen bozketan, Batzarra legez osatzen duten ordezkarien botoen gehiengo osoa eskuratzen duen batzarkidea izanen da Mankomunitateko buru.
Aurreko paragrafoan aipaturiko gehiengoa batzarkide bakar batek ere lortzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, eta gehiengo soila lortzen duena izanen da Mankomunitateko buru.
Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen ordezkaria hautatuko da.
Mankomunitateko burua hautatzeko ezarritako prozesu bera erabiliko da buruordea hautatzeko.
9. artikulua. Mankomunitateetarako indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraikiz eginen dira idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintza lanak.
V. KAPITULUA
Batzarra
1. ATALA
Osaera
10. artikulua. Toki entitate guztien ordezkaritza honen araberakoa izanen da:
Ordezkari bat Mankomunitatean sarturik dagoen toki entitate bakoitzeko.
Ordezkari bakoitzak ordezkatzen duen udalerriko biztanleriaren araberako boto haztatua izanen du, estatutu hauen 17. artikuluan ezartzen den gisan.
Biztanle kopurua zehaztuko da udal bakoitzeko biztanle eskubidedunen erroldetan egiten diren eguneratzeei jarraikiz.
Udalerriek nahi bezala izendatu eta kenduko dituzte ordezkariak, eta udal hauteskunde bakoitzaren ondotik hilabeteko epea izanen dute izendapena berritzeko.
11. artikulua. Mankomunitateko batzarkide guztiek ordezkatzen duten toki entitateko hautetsiak izan behar dute.
Hortaz, udaletako alkate edo zinegotzi behar dute izan.
12. artikulua. Mankomunitateko batzarkideek ondoko kasuetan utziko diote batzarkide izateari:
a) Izendatu dituzten entitateek kargutik kentzen dituztenean.
b) Hautetsi izateari uzten diotenean.
c) Korporazio berriak eratzen direnean.
Mankomunitatea osatzen duten toki entitateetako batzarkide ordezkariek, c) ataleko kasuan, beren karguetan iraunen dute, jardunean, harik eta udal hauteskundeak egin ondoren Batzar berria eratu arte.
Toki korporazio berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da Batzarra eratzeko bilkura. Bitarteko aldi horretan, kargua uzten duten organoek ezin izanen dute gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartu.
2. ATALA
Bilkuren araubidea eta erabakiak hartzea
13. artikulua. Batzarrak gutxienez ere sei hilabetean behin eginen du bilkura, eta hura Udalen bilkuren funtzionamenduaren araudiari jarraikiz gauzatuko da, ondoko artikuluan xedatzen dena salbu.
Halaber, egokitzat jotzen diren bilkurak eginen dira, bai Batzarreko buruak deituta, bai batzarkideen laurdenak eskatuta.
Quoruma egonen da Batzarrera legezko batzarkideen erdia bertaratzen denean, hartan Batzarreko burua eta idazkaria ere badira.
14. artikulua. Udalen bilkuretarako araudiari jarraikiz eginen da bilkura bakoitzerako deialdia, salbu eta bilkura arrunterako epea, 7 egun naturalekoa baita.
15. artikulua. Deiarekin batean gai-zerrenda eta dokumentazioa igorriko dira, ordezkariek ebatzi beharreko aferak aztertu ahal izan ditzaten.
16. artikulua. Batzar Orokorraren erabakiak Udalen osoko bilkurei aplikatzen zaien araudiari jarraikiz hartuko dira, ondoko artikuluetan biltzen diren berezitasunekin.
17. artikulua. Ordezkari bakoitzaren botoa haztatua izanen da, ordezkatzen duen udalerriko biztanleriaren araberakoa.
Botoen haztapena honela eginen da:
a) Boto bat 100 biztanle bakoitzeko.
b) Ehuneko osoaren gaineko kopuruak ez dira kontatuko.
c) 100 biztanletara ailegatzen ez diren udalerriek boto baterako eskubidea izanen dute.
Udal errolden eguneratze bakoitzaren berri emanen zaio Mankomunitateko idazkariari, boto haztatuan izan daitezkeen goiti-beheitiak egiaztatzeko. Horrelakorik bada, Batzarrari jakinaraziko zaio egiten duen lehenengo bilkuran.
18. artikulua. Estatutu hauek aldatzeko, gai honetan indarra duen legeriak ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.
VI. KAPITULUA
Batzorde Iraunkorra
19. artikulua. Mankomunitate buruak eta Udalek Batzarrean dituzten ordezkarien artean hautaturiko hiru kidek osatuko dute Batzorde Iraunkorra.
20. artikulua. Batzorde Iraunkorrari ondoko eskudantzia hauen erabilera dagokio:
a) Azterketa eta erabaki proposamenak egitea Batzarraren eskumeneko aferetan.
b) Zerbitzuaren koordinazioa, jarraipena eta kudeaketa, Batzarrak onetsitako erabakiei jarraikiz. Batzorde Iraunkorrak hiruhilero txostena igorriko dio Batzarrari, zerbitzuaren garapenari eta emateari buruzkoa.
c) Batzarrak eskuordetzen dituenak.
21. artikulua. Batzorde Iraunkorrak sei hilabetean behin eginen du bilkura arrunta. Bilkura bereziak, berriz, Mankomunitate buruak deituta eginen dira, bai bere ekimenez, bai Batzorde Iraunkorreko bi kidek eskatuta.
22. artikulua. Batzorde Iraunkorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horren eraketa balioa izateko, gutxienez hiru kide bertaratu beharko dira. Kide bakoitzari boto bat dagokio.
23. artikulua. Batzorde Iraunkorraren funtzionamenduaren inguruan kapitulu honetan xedatzen ez den orotan, Batzarrerako ezarritakoari jarraituko zaio.
VII. KAPITULUA
Organoen eskumenak eta eskudantziak
24. artikulua. Batzarrak hartzen dituen erabakiak betearazteko organo arduraduna Mankomunitateko burua izanen da. Hark alkateek dituzten eskudantzia berberak izanen ditu Batzarreko bilkuretako burutza eta deialdiei dagokienez.
Mankomunitatearen legezko ordezkaria eta eleduna izanen da Mankomunitatetik kanpoko harremanetan, eta egiteko hauek izanen ditu:
1.–Bera erantzule izanik eta Batzarrak emandako jarraibideei lotuta, Mankomunitatearen gaiek eskatzen duten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea egiten duen lehen bilkuran, eta, kasuaren garrantziak hala eskatzen badu, bilkura berezirako deia egitea.
2.–Idazkari kontu-hartzailearekin batera Mankomunitatearen aurrekontu proiektuak prestatzea, onetsitakoak behar behar bezala garatu daitezen xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea, aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenei jarraikiz.
3.–Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea, aurrekontuko izendapenen barnean.
4.–Mankomunitatearen funts eta ondasunak administratzea, eta kontuen berri ematea urte natural bakoitzeko lehen seihilekoan.
5.–Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.
6.–Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak bere sinadurarekin ikus-onestea.
7.–Legeek alkateei espresuki ematen dizkioten gainerakoak, bai eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legeriak Udalari eman baina beste udal organoen eskuetan uzten ez dituztenak ere.
25. artikulua. Mankomunitateko burua ez dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, buruordea arituko da, haren eskudantzia berberekin.
26. artikulua. Batzarrak izendatuko ditu Mankomunitateko burua eta buruordea eraketa bilkuran, eta toki entitateetako kideak berritzen direnean berrituko dira hauek ere, salbu eta kargutik kentzen badituzte; horrelakoetan, ahalik eta azkarren hautatuko dira, kargu hutsa lehenbailehen betetzeko.
Mankomunitateko burua eta buruordea kargutik kendu nahi badira, horretarako egiten den bilkuran eztabaidatu beharko da. Batzarra legez osatzen duten ordezkarien gehiengo osoak hartuko du erabaki hori.
27. artikulua. Batzarra. Mankomunitateko Batzarrari dagokio:
1.–Bere eraketa, berritze eta handitzeari dagozkion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagozkionak ere, Estatutuei eta aplikatzekoak diren legezko edo erregelamenduzko arauei jarraikiz.
2.–Oinarrizko plan eta proiektuak onestea, Mankomunitatearen helburuetarako aurreikusi zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko behar direnak.
3.–Eskumenak dituen zerbitzu bakoitzeko aurrekontuak eta urteko kontuak onetsi eta aldatzea, estatutu hauetan xedatutako moduan eta erabakiak hartzeko araubideari jarraikiz.
4.–Edozein ondasun eskuratu eta besterentzea, haren balioa aurrekontu arruntaren %50 baino handiagoa denean.
5.–Obrak eta zerbitzuak kontratatzea, haien balioa aurrekontuaren baliabide arrunten %5 baino handiagoa denean edo zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion muga orokorraren %50 baino handiagoa denean, legez ezarritako prozedurarekin bat.
6.–Ordenantza fiskalak eta Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuen funtzionamenduari buruzkoak onestea.
7.–Mankomunitateko burua eta buruordea izendatu eta kargutik kentzea.
8.–Mankomunitateak beste administrazio publikoekin, bai eta Mankomunitateko entitate berekin ere, kudeaketa eta eskumenak eskuordetzeko egin beharreko hitzarmenak onestea.
9.–Mankomunitateko entitateek berarekin sinatu beharreko koordinazio hitzarmenak onetsi edo berrestea.
10.–Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzaren finantzabide zehatzak onestea.
11.–Zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.
12.–Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.
28. artikulua. Batzarretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, udalen osoko bilkuren egintzak arautzen dituen bera izanen da.
VIII. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa
29. artikulua. Honako hauek dira Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak:
a) Ondarea, hau da, Mankomunitatearen xedeak betetzeko orain eta gero beharrezkoak diren eskubide eta ondasun materialak.
Ondare horrek bi osagai ditu: batetik, Mankomunitateko entitateek eta beste administrazio publiko batzuek transferitu edo atxikitako ondasun eta eskubide materialak, hots, beren gain edo eskuordetuta dituzten zerbitzuak ematekoak, eta bestetik, Mankomunitatearenak diren edo eskuratzen dituen gainerako ondasunak.
b) Estatuarengandik, Nafarroako Gobernuarengandik edo beste edozein pertsona fisiko edo juridikoarengandik, publiko nahiz pribatu izan, eskuratzen dituen diru-laguntza, sari, dohaintza edo finantza-ekarpenak.
c) Bere ondasun eta zerbitzuen errenta, etekin eta prezioak.
d) Beste entitate batzuei egokitu arren, mankomunitateak barne, eskuordetze hitzarmenen bitartez bere esku utziak dituen ordainarazpenen etekina.
e) Mankomunitateak berak indarrean dagoen legeari jarraikiz ezarri edo legez dagozkion ordainarazpenen etekina.
f) Mankomunitateko toki entitateei ezar daitezkeen ekarpen ekonomikoak. Toki entitate bakoitzak dituen biztanle kopuruaren arabera finkatuko dira ekarpen horiek.
g) Bere xedeak lortzeko hitzartzen diren mailegu eta kredituak.
h) Beste edozein, indarra duen araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu Mankomunitateak hura ordainaraztea.
30. artikulua. Mankomunitatearen administrazio antolakuntzarako funtzionamendu gastuak ordaintzeko, aurreko artikuluan aipatutako diru-sarreretatik edozein erabiliko da.
31. artikulua. Mankomunitateak hartzen dituen betebehar eta zorren erantzule izanen dira Mankomunitateko udalak, bakoitzaren legezko biztanle kopuruaren araberako proportzio zuzenean, eta beren ondasun eta baliabideekin bermatuko dituzte, Mankomunitatearenak aski ez badira.
Kide diren udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari-Foru Diputazioari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko.
32. artikulua. Ez da inoiz mozkinik banatuko Mankomunitateko entitateen artean. Mozkinak tarifak jaisteko edo gutxiago igotzeko erabiliko dira, bai eta erreserba funtsak eratzeko ere.
IX. KAPITULUA
Kide berrien onarpena
33. artikulua. Mankomunitatean Udal berriak onartzeko, Batzarrean bildutako ordezkarien hirutik biren botoa beharko da haien alde, betiere, ordezkatuta dauden botoen legezko gehiengo osoa izanik. Ondoren, onarpen erabakia jendaurrean jarriko da hamabost egunean, bidezko alegazioak aurkez daitezen. Epe berean Nafarroako Gobernuari-Foru Diputazioari entzunaldia emanen zaio, proposaturiko onarpenei buruzko iritzia eman dezan, egokitzat jotzen badu. Epe hori erreklamaziorik aurkeztu gabe amaitzen bada, onarpena behin betikoa izanen da.
X. KAPITULUA
Desegitea
34. artikulua. Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak izanen dira Mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubideari buruzko legerian ezarritakoak. Mankomunitatean dagoen entitate bati Mankomunitatetik bereizteko eskaera onartu ahal izateko, bermatu egin beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala ematen ahalko dituela, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik eginen eta azken horrek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela. Mankomunitateko Batzarrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakian zehaztuko ditu horrek dakartzan ondorioak, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Estatutu hauen 10. eta 17. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, hauek dira Mankomunitateko entitate bakoitzaren ordezkaritza eta boto haztatuen balioa:
–Itzaltzu.
Biztanleria: 48. Ordezkariak: 1; %2,50. Boto haztatua: 1.
–Otsagabia.
Biztanleria: 687. Ordezkariak: 1; %31,54. Boto haztatua: 6.
–Jaurrieta.
Biztanleria: 303. Ordezkariak: 1; %14,45. Boto haztatua: 3.
–Ezkaroze.
Biztanleria: 359. Ordezkariak: 1; %16,54. Boto haztatua: 3.
–Orontz.
Biztanleria: 51. Ordezkariak: 1; %2,55. Boto haztatua: 1.
–Espartza Zaraitzu.
Biztanleria: 129. Ordezkariak: 1; %5,79. Boto haztatua: 1.
–Sartze.
Biztanleria: 97. Ordezkariak: 1; %4,91. Boto haztatua: 1.
–Gorza.
Biztanleria: 82. Ordezkariak: 1; %3,98. Boto haztatua: 1.
–Galoze.
Biztanleria: 121. Ordezkariak: 1; %5,88. Boto haztatua: 1.
–Nabaskoze.
Biztanleria: 244. Ordezkariak: 1; %11,86. Boto haztatua: 2.
–Osotara: Biztanleria: 2.121. Ordezkariak: 10; %100. Boto haztatuak: 20.
AZKEN XEDAPENA
Nafarroako Mankomunitate eta Udalen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen toki araubidea aplikatuko zaio Mankomunitateari, baldin eta estatutu hauei kontra egiten ez badie.
Iragarkiaren kodea: L1804878
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
