Iragarkia
100. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Oinarriak, Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren maiatzaren 8ko eta 14ko 569/2018 eta 608/2018 Ebazpenen bitartez, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia arautzen duten oinarrien aldaketa onetsi zen.
Oposizio hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea, eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean, hori aldatzen duen apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legean, Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz gauzatuko da.
Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituz, haren 39.5 artikuluan aurreikusitako Erregelamendua onesten ez den bitartean, Nafarroako Polizia Kidegoetako lanpostuetarako sarbidea arautuko dute hark indarra hartu baino lehen aplikatzekoak ziren xedapenek; hau da: Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua, abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuak onetsia, Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuak onetsia, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
1.2. Lanpostu hutsa barne igoerako txandakoa da, eta bete gabe gelditzen bada hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe deklaratuko da.
1.3. Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, afiliaturik badago, aukeran izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.
1.4. Tuterako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.
1.5. Izendatzen den izangaiak martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako B mailaren barnean geldituko da sailkaturik.
1.6. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Tuterako Udaltzaingoko kabo lanpostuan 3 urteko antzinatasuna izatea gutxienez, edo zazpi urtekoa, gutxienez, Tuterako Udaltzaingoko agente moduan.
b) Eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean Unibertsitateko Diplomadun titulua, Ingeniari Teknikoarena, Arkitekto Teknikoarena, hirugarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
c) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.
3. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.
3.1. Eskaerak.
a) Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio (II. eranskina) eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratu ahalko da, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean, “Enplegu publikoa” atalean, edo baita ere Nafarroako Aldizkarian, deialdiaren iragarkian.
b) Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.
c) Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi zuzendu ere.
d) Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Plaza Zaharra, 1 edo El Frontón kalea, 1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.
3.2. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
a) Nortasun Agiri Nazionalaren aurrealdearen eta atzealdearen fotokopia behar bezala konpultsatua.
b) Tuterako udaltzain kabo lanpostuaren jabetza hartuz geroztik 3 urteko antzinatasuna, gutxienez ere, baduela frogatzen duen dokumentazioa, edo agente lanpostuan zazpi urteko antzinatasuna frogatzen duena, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako zerbitzu aitortuei buruzkoa ere.
c) Deialdi honetako 2. oinarrian bildutako titulu akademiko bakoitzaren kopia konpultsatua.
d) Izangaiak alegatzen dituen merezimenduen frogagiriak, deialdiaren III. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratzeko.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ezean, oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.4. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan izangai bakoitzaren plaka zenbakia agertuko da soilik.
5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizio-lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.
5.2. Lehiaketaldia. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 77,5 puntu emanen dira:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.
c) Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana, 15 puntu gehienez.
d) Eskupekoak: 2,5 puntu gehienez.
Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko III. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte beren merezimenduak.
Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.
5.3. Oposizioaldia.
5.3.1. Oposizioaldian honako proba hauek sartuko dira:
a) Ezagutza probak.
b) Proba psikoteknikoak.
c) Trebakuntza ikastaroa.
Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.
5.3.2. Ezagupenen probetan gehienez ere 150 puntu lor daitezke. Proba horiek honako hauek izanen dira:
a) Lehen ariketa: bi zati izanen ditu:
1. zatia: proba objektiboan, IV. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko galdera teoriko-praktikoak erantzutea. Gehienez ere 50 puntu lor daitezke eta baztertuak izanen dira, gutxienez ere, 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
2. zatia: proba objektiboan, V. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko galdera teoriko-praktikoak erantzutea. Gehienez ere 50 puntu emanen dira eta baztertuta geldituko dira 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
b) Bigarren ariketa: proba praktikoak.
Gehienez ere 50 puntu lor daitezke. Ariketa bat edo gehiago egin beharko dira, eskatutako maila akademikora eta inspektoreordearen eginkizunetara egokituak. Baztergarriak izanen dira, eta kanpoan geldituko dira proba bakoitzean puntuen erdiak baino gehiago ateratzen ez dituztenak.
5.3.4. Izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.
Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Alkatetzari berari. Alkatetzak onetsi eginen du profil hori eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.
Proba psikoteknikoak ez dira baztertzaileak izanen.
5.3.5. Ebaluaziorako parametroak: Proba teoriko-praktikoetan zein praktikoetan, test gisako galderak eta/edo galdera laburrak erantzuteko eska daiteke. Epaimahaiak horren berri emanen du hautaproba bakoitza egin baino lehenago.
5.3.6. Igoerarako trebakuntza ikastaroa:
Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udalaren iragarki oholean, azken probaren tokian eta Udalaren web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, baita trebakuntza ikastaroan onartutako izangaien zerrenda ere (2 ikasle gehienez).
Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du trebakuntza ikastaroa; hautatzekoa izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.
Epaimahaiak trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.
Trebakuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko ditu Tuterako Udalak deialdi honetako trebakuntza ikastaroa egiteko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.
Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.
Zerbitzu berezien egoeran deklaratutako izangaiek, trebakuntza ikastaroan onartuak badaude, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde lanpostuko lansariak hartuko dituzte Tuterako Udaletik, baita beren kabo lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere.
Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko apartatuan aipatu lansariak jasotzeko.
Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean, aurreko apartatuan aipatutako lansarien sistema izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.
Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.
Izangaiek hamabost egun naturaleko epea dute, trebakuntza ikastaroan onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, ikastaroak dirauen bitartean zerbitzu berezietan daudela frogatzeko.
Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.
6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Eneko Larrarte Huguet, Tuterako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: José Ángel Andrés Gutiérrez, Tuterako Udaleko Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzia.
Mahaikidea: José Angel Santamaría Suso, Tuterako Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Martín Senosiain Nausia, Iruñeko Udaltzaingoko Burutzako Idazkaritzako inspektoreordea.
Mahaikidea: Guillermo Rodríguez Notivoli, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
Ordezkoa: Juan Cruz Ruiz Gómara, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
Mahaikidea: José Francisco Ataun Roldán, Iruñeko Udaltzaingoko komisarioa.
Ordezkoa: Luis Galilea Barron, Iruñeko Udaltzaingoko Atestatuetako inspektoreordea.
Mahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Langileen Batzordeko ordezkaria.
Ordezkoa: Mikel Ciordia Osta, Langileen Batzordeko ordezkaria.
Idazkaria: Elena Zubieta Mozaz, Tuterako Udaleko lan-harremanetako graduduna.
Ordezkoa: Ana Cristina Martínez Cisneros, Tuterako Udaleko Langileen erdi mailako teknikaria.
6.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.
6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, modu baliozkoan eratua izateko eta jarduteko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
Trebakuntza ikastaroa burututakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du probak gainditu dituzten izangaien alde eta guztira puntu gehien lortu duenetik hasita ordenatuko ditu.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Alkatetzak Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izendatuko du aitzineko apartatuan aipatu proposamenean sartutako izangaia, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
8.2. Izangaiak izendapenean erabakitzen den egunean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Izangaietako bat adierazitako epearen barruan karguaz jabetzen ez bada, mailaz igotzeko eskubidea galduko du, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.
9. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.
Izangaiek, lanpostua eskuratu dutenek izan ezik, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.
Aitzineko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.
Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Tuteran, 2018ko maiatzaren 14an.–Tuterako Udaleko alkate udalburua.
II. ERANSKINA
Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).
III. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.
–Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu, kaboaren lanpostuan; 1,25 puntu, polizia lanpostuan.
–Nafarroako Polizia Kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
–Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, kaboaren lanpostuan; 1,25 puntu, polizia lanpostuan.
–Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidego batekoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,25 puntu.
Oharrak a) atal osorako:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.
2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.
3. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.
4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.
5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: gehienez ere 2 puntu.
6. Beste batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: hizkuntzak, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.
Oharrak b) atal osorako:
1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira atal honetan aipatutako merezimenduak. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.
2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntukoa izanen da gehienez.
c) Hizkuntzak jakiteagatik: gehienez ere 15 puntu.
1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.
2. Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik, aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa eskuratuko da. Halako titulaziorik ez dutenei, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren bostena emanen zaie.
d) Eskupekoak: gehienez ere 2,5 puntu.
1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.
2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.
3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.
4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.
IV. ERANSKINA
1.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa, eta 10/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 aldatzen duena.
2.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.
3.–718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena.
4.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
5.–Zigor Kodea: III. titulua. Lesioak. IX. titulua. Sorospen-eginbeharra ez betetzea. XIII. titulua. Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak: Ebasketak, Lapurretak, Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa, Usurpazioa, Iruzur egitea. XVII. titulua. Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak. IV. kapitulua. Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak.
6.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.
7.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.
8.–Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea. Toki Administrazioari buruzko Foru Legea. Tuterako Udalaren antolaketa politiko eta administratiboa.
9.–10/1991 Foru Legea, adingabeei edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa. 6/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzkoa. Abenduaren 30eko 42/2010 Legearen testu bategina eta 28/2005 Legea, abenduaren 26koa, Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena.
10.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Nafarroako ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena. 201/2002 Foru Dekretua, 202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koak, eta 95/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 5ekoa, 2/1989 Foru Legea garatzen dutenak.
V. ERANSKINA
1.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.
2.–Tuterako Udaltzaingoaren 1997ko Erregelamendua.
3.–Tuterako Udalaren Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorra.
4.–Tuterako ordenantza fiskalak:
- 4. zenbakikoa. Ibilgailuak espaloietan barna sartu-ateratzeko eta eremu publikoa ibilgailuak gelditzeko nahiz edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzeko tasak arautzen dituena.
- 5. zenbakikoa. Eremu publikoa eta herri-lurrak okupatzeko tasak arautzen dituena.
- 6. zenbakikoa. Eremu publikoa, tokiko erabilera publikoko ondasunak eta erabilera publikoari atxikitako jabetza pribatuko lurrak terrazaz, beladorez eta barra-mostradore eramangarriez okupatzeko tasa arautzen duena.
- 11. zenbakikoa. Merkatu txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituena.
- 12. zenbakikoa. Trakzio mekanikoko ibilgailuak egonaldi mugatuko eremu publikoetan aparkatzeko tasak arautzen dituena.
5.–“Kuadrilla gelatako” lokalak arautzen dituen ordenantza.
6.–Asots eta dardarien kontra hiriko ingurumena babesteko udal ordenantza. 135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, Zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak arautzen dituena.
7.–Bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza.
8.–50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko behar den araubide juridikoaren gainekoa. Animaliak eduki eta babestea arautzen duen osasun ordenantza.
9.–Tuterako Udalaren hirigintza lizentzien eta jarduketa adierazien tramitazioa arautzen duen ordenantza.
10.–Tuterako autotaxien hiriko zerbitzu publikoaren gaineko ordenantza.
Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoan onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Iragarkiaren kodea: L1806315
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
