100. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 9an hartua, Euskararen Nafar Kontseiluko kideak izendatzen dituena.

Abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuak, zeina irailaren 6ko 78/2017 Foru Dekretuaren bidez aldatu baitzen, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi zituen. Haren III. tituluan Euskararen Nafar Kontseilua arautzen da, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartze organo gisa eta euskararen plangintzaren eta sustapenaren arloetan Nafarroako Gobernuari aholku emateko organo gisa.

Zehazki, aipaturiko dekretuaren 26. artikuluan, Kontseiluaren osaera eta kontseilukideen izendapena arautzean, ezartzen da kontseilukideak Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez izendatuko direla. Kargu bakoitzeko, pertsona titular bat eta ordezko bat izendatu behar dira. Azken hori, kargua bete gabe dagoenean arituko da, edo titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean.

Nafarroako Parlamentuak bost lagun proposatzen ahal ditu Euskararen Nafar Kontseiluko kide izan daitezen. Nafarroako Parlamentuak, 2018ko martxoaren 15eko osoko bilkuran, erabaki zuen lau kide hautatzea Euskararen Nafar Kontseilurako, baita horiek izendatu ere Nafarroako Gobernuak, 2018ko martxoaren 21eko erabakiaren bidez. Beraz, bosgarren ordezkaria gelditu zen izendatu gabe.

Geroago, apirilaren 26ko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak erabaki du kide hori izendatzea, araudian aurreikusitako bostak hornitzeko.

Ikusirik Nafarroako Parlamentuak egindako proposamena, bidezkoa da Euskararen Nafar Kontseiluko kideak izendatzea, aipatu foru dekretuan ezarritako baldintzetan.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Ana Luján Martínez Euskararen Nafar Kontseiluko kide titular izendatzea, eta Alicia Alemán Arrastio, berriz, ordezko kide, biak ala biak Nafarroako Parlamentuak proposatuak.

2. Erabaki honen ondorioz izendatutako kontseilukideen kargualdia lau urtekoa izanen da, eta beste horrenbeste urte luzatzen ahalko da.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomora bidaltzea eta interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 9an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1806296