100. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

615/2018 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, laguntza eskaera batzuk egiaztatzeko ohiz kanpoko epe bat irekitzea onartzen duena, aplikazio informatikoaren mantentze lan operatiboetan izandako gorabeherek haietan eragina izan baitute. Eskaerak bi deialdi hauei dagozkie: Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategiei ureztatzeko ekipamenduetako inbertsioetarako laguntzak emateko deialdia, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 1418/2017 Ebazpenaren bidez onetsia, eta Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan ureztapenetarako ez diren inbertsioetarako laguntzak emateko deialdia, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 1417/2017 Ebazpenaren bidez onetsia.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 1418/2017 eta 1417/2017 ebazpenen bidez onetsi ziren, hurrenez hurren, 2017ko ekitaldirako bi deialdiak eta oinarri arautzaileak: Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategiei ureztatzeko ekipamenduetako inbertsioetarako laguntzak emateko deialdia, eta Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan ureztapenetarako ez diren inbertsioetarako laguntzak emateko deialdia; biak bat datoz Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barneko “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurriarekin.

Bi deialdietan ezartzen da laguntza eskaerak hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko direla. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko Tramiteen Katalogoan (www.navarra.es).

Aurkeztutako eskaerak aztertzean ikusi da gorabeheraren bat gertatu dela horiek atzemateko prozesuan, eta horren eraginez litekeena da espediente batzuetan eskabideko datu guztiak grabatu ez izana, bereziki eskatutako inbertsioei buruzko datuak.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ez du nahi gorabehera horiek, aplikazioaren mantentze-lan operatiboei dagozkienek, ondoriorik izatea laguntza hauen balizko onuradunengan.

Horrenbestez, laguntza eskaeren osotasuna eta zehaztasuna ziurtatzeko helburuz, bidezkoa da ohiz kanpoko epe bat irekitzea eskabide horiek zuzentzeko eta aukera emateko interesdunei erregistratutako datuak egiaztatu eta, beharrezkoa izanez gero, eskabideko datuak alda ditzaten, aipatutako gorabeherak eragin baldin die.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Kudeaketa Agintaritzak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laguntza eskaera batzuk egiaztatzeko ohiz kanpoko epe bat irekitzea, deialdi hauetarako: Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategiei ureztatzeko ekipamenduetako inbertsioetarako laguntzak emateko deialdia, eta Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan ureztapenetarako ez diren inbertsioetarako laguntzak emateko deialdia; hurrenez hurren, azaroaren 21eko 1418/2017 eta 1417/2017 ebazpenen bidez onetsi ziren. Epe horretan, laguntza eskaerak aurkeztu dituzten titularrek eskaera horiek aldatu beharko dituzte, betiere aplikazio informatikoaren mantentze-lan operatiboetan gertatutako gorabeherek eragina izan badute eskaera horietan.

2. Erregistratutako datuak kontsultatzeko, laguntzen eskatzaileek atzemate programa erabili beharko dute; haien eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan (www.navarra.es).

3. Eskabidean datu okerrak edo osatu gabeak identifikatzen badituzte, ukitutakoek datu zuzenak aurkeztu beharko dituzte eskabide orokor baten bidez, agiri bat erantsita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan dagoen ereduaren araberakoa (www.navarra.es). Atzemateko programan erregistratutako elementuei gehitu edo kendu behar zaizkienak identifikatu beharko dira banaka. Horiei buruz eman beharreko datuak eta kontzeptuak programan jasotako berberak izanen dira. Horrez gain, inbertsioen justifikazioa ere berrikusi eta, bidezkoa bada, aldatu beharko da, eta eskatzaileek oharrak gehitzen ahalko dituzte, nahi izanez gero, baita eskaera osatzen duen dokumentazioa osatu ere, oinarri arautzaileetan jasotako eskakizunekin bat.

4. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, edo modu telematikoan, Nafarroako Gobernuko Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.

5. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Diru-laguntzen Datu-basean erregistratzea.

8. Ebazpen honen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 8an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1806313