10. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

515/2017 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Moldekatzea eta Argintza lanbide kualifikazioari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren berariazko deialdi bat irekitzen duena.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuak, pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatu zuenak, 10.5 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan aritzen diren ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresa erakundeek zilegi dute organo horri eskatzea deialdi berariazkoak egin daitezela enpresa, lanbide sektore edo produkzio sektore jakin batzuen beharrei erantzuteko, baita gizarteratzeko eta/edo laneratzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeen beharrei erantzuteko ere.

Ildo horretan, Fagor Ederlan Tafalla Sociedad Cooperativa enpresak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren bitartez, gaitasuna egiaztatzeko berariazko prozedura baten deialdia egin dadila eskatu du bere langileen kualifikazioari begira. Eskaera horrek Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan aritzen diren alderdi guztien adostasuna du.

Langide Heziketaren Zerbitzuak prozedura horren deialdia egitearen aldeko txostena aurkeztu du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “FME 185-Moldekatzea eta Argintza” lanbide kualifikazioari lotutako gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia onestea, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko deialdia arautzea, ebazpen honen 1. eranskinean ezarri diren jarraibideekin bat. Prozedura honetan, hain zuzen, gaitasun unitate hauek ebaluatuko dira:

UC0587–2: Galdaketako prozesu automatikoetarako makinak eta instalazioak prestatzea.

UC0588–2: Galdaketako prozesurako moldeak eta arrak egitea.

2. Prozedura honen ebaluazio fasea egiteko, lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko dute Fabor Ederlan Tafalla enpresak eta Hezkuntza Departamentuak, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

2. Hartzaileak.

Deialdi honek Fagor Ederlan Tafalla enpresako 65 langile ditu xede, enpresak eta Hezkuntza Departamentuak adostutakoarekin bat.

3. Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, parte-hartzaileek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko fitxategietan sartuko dira, prozedura honen ondorioz sor daitezkeen aitorpen agiriak kudeatzeko eta horien lanketa estatistikoa egiteko.

2. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, beren egoera pertsonal zehatz bati lotutako arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Lanbide Kualifikazioen Atalari eta Fabor Ederlan Sociedad Cooperativa enpresari.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko azaroaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Jarraibideak

1. Aurreinskripzioa eta onarpena.

Enpresa interesduna arduratuko da akordioan sartutako langileek prozeduran parte hartu ahal izateko behar den dokumentazioa biltzeaz, kontuan hartuta parte-hartzaileek baldintza hauek bete beharko dituztela:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria nahiz Europar Batasuneko herritar baten ahaide txartela lortu izana edo baimen indarduna izatea Espainian bizitzeko, edo Espainian bizi eta lan egiteko, atzerritarrei eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako moduan.

b) 20 urte beteak izatea izena emateko azken eguna baino lehen.

c) Egiaztatu beharreko lanbide gaitasunekin zerikusia duen lan esperientzia eta/edo prestakuntza izatea:

1.–Lan esperientziaren bidez sartzeko, frogatu behar da azken 10 urtean gutxienez 3 urte egin direla, eta guztira 2.000 lanordu, egiaztatu nahi den gaitasun unitateari lotuta dagoen kualifikazioan zehaztutako lanbide eta funtzio ingurunean. Gaitasun unitatea 1. mailakoa bada, 2 urteko lan esperientzia beharko da, eta gutxienez 1.200 lanordu, guztira.

2.–Prestakuntzaren bidez sartzeko, 400 orduko prestakuntza frogatu beharko da.

Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du ea enpresak proposatutako langileek betetzen ote dituzten egiaztapen prozeduran parte hartzeko baldintzak, lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortzeko uztailaren 17ko 122/2009 Errege Dekretuak eskatzen duenarekin bat.

2. Lan esperientziari eta prestakuntzari buruzko baldintzak nola frogatu.

Lan esperientziari buruzko baldintzak, aurreko puntuan aipatutakoak, agiri hauen bidez frogatuko dira:

a) Besteren konturako langileen kasuan:

1.–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo hautagaia afiliatuta dagoen lan mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso beharko dira. Behar izatera, Europar Batasuneko herrialderen bateko ziurtagiri baliokideak.

2.–Lantoki izandako enpresaren edo enpresen lan kontratua edo ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, 2a) eranskineko ereduari jarraikiz. Agiri horiek lortzerik ez badago, izangaiak, haien ordez, egindako lan motari buruzko zinpeko aitorpena aurkezten ahalko du, 2b) eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Langile autonomoen edo norberaren konturako langileen kasuan:

1.–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak edo Itsasoko Gizarte Institutuak emandako ziurtagiria, hautagaia Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian afiliatuta egondako aldiei buruzkoa.

2.–Egindako lanaren azalpena, eta zenbat denboran egin den, 2b) eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz.

Prestakuntzari buruz 1. jarraibidearen c) ataleko 2. puntuan aipatzen diren baldintzak frogatzeko, agiri bat aurkeztuko da. Bertan adieraziko da izangaiak baduela egiaztatu beharreko gaitasun unitateekin zerikusia duen prestakuntza, eta datu hauek jasoko dira gutxienez:

–Prestakuntzaz arduratuko den zentroaren, entitatearen edo administrazioaren datuak.

–Prestakuntza noiz jaso den.

–Ikaslearen datu pertsonalak.

–Ikastaroaren edukia.

–Prestakuntza orduen kopurua.

–Zentroko edo entitateko arduradunaren sinadura eta zigilua.

Prozeduran sartzeko dokumentazioa baloratzearen ondorioetarako, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna izanen da baloratu daitekeen azken eguna.

Nafarroako Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean luzatutako agirien itzulpen ofiziala edo zinpekoa eskatzen ahalko da.

3. Aholkularitza eta ebaluazio faseetarako izena ematea.

Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan onartutako izangaien izen-ematea bi fasetan eginen da:

–Aholkularitza faserako izen-ematea: izangaiek, aholkularitza faserako izen-emate formala egiteko, helaraziko zaien eredua erabili beharko dute. Izena ematearekin batera, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko dituzte.

–Ebaluazio faserako izen-ematea: izangai bakoitzak, behin bere aholkularitza faseko prozesu indibiduala bukatuta, ebaluazio faserako izen-ematea egin dezake, 2d) eranskinean dagoen eredua erabiliz. Ebaluazio fasean izena emateko, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko ditu.

Ebaluazio eta egiaztapen prozedura

4. Nondik norakoak.

Hezkuntza Departamentuak berariaz izendatu eta behar bezalako gaikuntza duten aholkulariek izanen dute aholkularitza fasearen ardura.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak berariaz izendatu eta kasuan kasuko ebaluazio batzordean aritzeko Hezkuntza Departamentuaren behar bezalako gaikuntza duten ebaluatzaileek izanen dute ebaluazio fasearen ardura.

Fase horiek abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eginen dira, horren bidez finkatu baitziren, batetik, pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak, eta bestetik, horretaz arduratuko den antolaketa egitura.

5. Emaitzak.

Prozeduraren emaitzak deialdian parte hartzen duten izangai guztiei jakinaraziko zaizkie banaka-banaka. Emaitzarekin batera, hala badagokio, egiaztagiriak luzatzeko prozeduraren berri emanen zaie.

6. Erreklamazioak.

a) Ebaluazio Batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, hasiera batez batzordeari berari zuzenduak, 2e) eranskineko ereduari jarraikiz. Erreklamazioa hiru egun balioduneko epean eginen da, izangaiari ebaluazioaren emaitza jakinarazten zaion egunetik hasita. Ebaluazio Batzordeak hiru egun balioduneko epean ebatziko du, erreklamazioa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

b) Ebaluazio Batzordearen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 391/2015 Legearen 16 artikuluan aurreikusitako baliabideetatik edozein erabiliz.

2 A) ERANSKINA

Enpresaren ziurtagiria.

2 B) ERANSKINA

Besteren konturako langileentzako edo langile autonomoentzako zinpeko aitorpena.

2 C) ERANSKINA

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aholkularitza fasean izena emateko inprimakia.

2 D) ERANSKINA

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren ebaluazio fasean izena emateko inprimakia.

2 E) ERANSKINA

Gaitasunaren balorazioa berrikusteko eskaera.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1712812